Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:2:2

Erreferentzia-adjektiboak

Erreferentzia adjektiboek ere izena kalifikatzen dute, nolakoa den esaten dute, baina, adjektibo kalifikatzaileak ez bezala, ez dira adjektibo arruntak, izenari ematen dioten kalifikazioa ez da berezkoa, kanpoko beste zerbaitekin erlazionatuz ematen zaio izenari kalifikazio hori. Kanpoan dagoen beste errealitate batekin (nazioa, hiria, filosofia…) lotzen dute izena erreferentzia-adjektiboek:

  • azpeitiar, bibotedun, sozial, nazional, ekonomiko…

Bestalde, erreferentzia-adjektiboek ez dute hartzen ez graduatzailerik, ez konparazio atzizkirik: Munduko hiri ederrenetakoa da Donostia

  • ? nire liburua nahiko frantsesa da
  • ? Mikel oso donostiarra da
  • ? nire liburua zurea baino frantsesagoa da
  • ? oso arazo soziala da
  • ? hiztegi hori bestea baino frantsesagoa da1)

Erreferentzia-adjektiboetan bi aspizail bereiziko ditugu:

  • Adjektibo sailkatzaileak: irakasle frantses, arazo ekonomiko
  • Adjektibo tematikoak: festa kubatarra (‘kubatarrek egiten duten festa’)…

Hala ere, testuinguruaren arabera, adjektibo berbera sailkatzailea (emakume kubatarra) nahiz tematikoa (festa kubatarra) izan daiteke.

-dun/-(t)ar atzizkiekin osatutako hitzak

–dun eta –(t)ar atzizkiekin osatutako hitzak ere adjektibotzat hartzen dira:

  • gonadun neska
  • elgoibartar mutila

Bi adibideotan izen bat kalifikatzen dute -dun eta -(t)ar atzizkiez osatutako osagaiek eta horregatik esaten da adjektiboak direla. Ikus ditzagun banaka.

-dun adjektiboak

–dun atzizkiaz bukatutako hitz horiek perpaus erlatiboetan dute oinarria:

  • gona duen neska → gonadun neska
  • maitalea daukan mutila → maitaledun mutila
  • bibotea daukan gizona → bibotedun gizona
  • saria daukan haurra → saridun haurra

Adibide horiek ikusita, esan genezake erlatibozko perpausetatik abiatuta sortzen direla -dun atzizkidun sintagmak, eta halaber, perpaus erlatiboak ezkerrean joaten direnez -dun hitz horiek ere izenaren ezkerrean joaten direla. Hala ere, egungo euskaran batez ere, eskuinean ere jartzen dira –dun hitz horiek, perpaus erlatiboekin gertatzen den gisan:

  • neska gona duena → neska gonaduna
  • mutila maitalea daukana → mutil maitaleduna
  • gizona bibotea daukana → gizon biboteduna
  • haurra saria daukana → haur sariduna

Nolanahi ere, euskarazko gainerako hitzekin alderatuta, -dun atzizkia hartzen duten hitzak ez dira asko. Gaurko euskaran, euskaldun da -dun hitzen artean gehien erabiltzen dena. Euskal Hiztegiaren Maiztasun Egitura (EHME) datu basean (Landa, Salaburu, Sarasola 2011) ikus daitekeenez, 22.704.373 hitzeko multzoan 1.923 aldiz ageri da euskaldun.

Hala ere, datu base horretan 1.472 hitz daude euskaldun hitza baino gehiagotan erabiltzen direnak:

  • beste → 79.872 aldiz
  • joan → 32.573 aldiz
  • ondoren → 20.254 aldiz
  • nahiz → 12.112 aldiz

Hitza bera hartu ordez euskaldun lexema hartzen bada, kopuru horiek aldatu egiten dira, lexemak aldaera asko dituelako, baina gauza bera gertatzen da ondoren eta nahiz kenduta (adberbioak direlako) gainerako hitzekin ere, kopurua asko aldatzen dela. Euskaldun hitzaren ondoren, hauek dira gehien erabiltzen diren -dun hitzak: arduradun, zaldun, txapeldun, haurdun, errudun, eledun, ahaldun, bizidun eta fededun. Gainerako –dun guztiak 500 aldiz baino gutxiago ageri dira: gorridun, kuadrodun, loredun, zergadun, koloredun, lizentziadun edo esperantzadun, esaterako, oso gutxitan ageri dira, 11 eta 20 artean.

Zein da hitz horien kategoria?

Gramatika batzordeak (EGLU-I: 159) adjektibo gisa sailkatu ditu -dun hitzak, eta haien hurrenkera salbuespentzat hartu du, ezkerrean ageri direlako, eta berez, euskal adjektiboen kokaleku naturala izenen eskuinean dagoelako. Baina hurrenkeraz gain, badira beste ezberdintasun batzuk ere -dun hitzen eta ohiko euskal adjektiboen artean: -dun hitzak izenik gabe agertzen dira askotan, eta horietako batzuk, gainera, ia beti bakarrik doaz:

  • bi gizon aukeratu dituzte
  • bi euskaldun aukeratu dituzte
  • bi txakur aukeratu dituzte
  • *bi zuri aukeratu dituzte
  • *bi gizen aukeratu dituzte

Perpaus horiek ikusita, euskaldun hitza izena dela esan daiteke, ez adjektiboa. Azkeneko bi perpausak ez dira zuzenak euskaraz, testuinguru markatu batean ez bada, eta horrek erakusten du euskaldun hitzak adjektiboek baino askatasun handiagoa daukala.

Bestalde, izenek zenbatzaileak har ditzakete, adjektiboek ez, elipsia egiten ez bada behintzat:

  • gelan bost neska dauzkagu
  • gelan bost euskaldun dauzkagu
  • hamar lore oparitu dizkit Anderrek; zuriak bost eta gorriak beste bost.

Azken adibide horretan lore hitza isildu egin dugu eta testuinguruari esker dakigu zuri eta gorri adjektiboek lore hitzari egiten diotela erreferentzia, bestela adjektiboak hutsean ezin dira zenbatzaileekin erabili izenik gabe. Euskaldun hitzak, ordea, izenek bezala har ditzake zenbatzaileak.

Bestalde, izenek ez bezala, adjektiboek gradu maila (-ago, -egi, -en…) har dezakete:

  • denda hau bestea baino handiagoa da
  • *behi hori bestea baino adardunagoa da
  • *osaba da gizon guztietan bibotedunena

Adibide horiek erakusten dute –dun hitz horiek izenak direla. Hala ere, euskaldun hitzak gradu ezberdinetako esanahiak har ditzake:

  • uste baino euskaldunagoa zara
  • Markel Miren baino oiloagoa da

Izen horiek adjektibo gisa erabil daitezkeelako onartzen dute gradu maila.

"euskaldun"

Euskaldun hitza bakarrik erabiltzen dugu askotan, beste edozein izen bezala; baina izenek bezala adjektiboak ere har ditzake lagungarri:

  • euskaldun bat gerturatu zitzaion eta hizketan hasi ziren. ⇒ euskaldun = izena
  • euskaldunez beteta dago Azpeitia. ⇒ euskaldun = izena
  • euskaldun alai horiek atera behar ditugu dantzara. ⇒ euskaldun = izena
  • euskaldun herria ⇒ euskaldun = adjektiboa

Lehenengo adibideetan euskaldun hitza izena da, izen arrunta, eta edozein izenek bezala adjektiboa ere har dezake euskaldun alai. Azken adibidean, ordea, adjektiboa izan daiteke, herria bera txikia, handia, polita edo zatarra izan daitekeen bezala euskalduna dela ere esan baitaiteke. Hurrenkerari dagokionez, herri euskalduna izango litzateke arruntena herri ederra, zatarra bezala. Hala ere, elkarketa gisa ere har daiteke: sagardo herria (herri hori sagardoaren herria da) esaten den moduan esan dezakegu euskaldun herria, euskaldunen herri dela, alegia. Gaurko euskaran neska euskaldun eredua da idazleek gehien erabiltzen dutena: kazetari euskaldun, irakasle euskaldun, lagun-talde euskaldun…. Aldiz, euskaldun neska bezalakoak ere badira, baina gutxiago. Literatura klasikoan, ordea, gehiagotan jartzen ziren -dun atzizkia duten hitzak izenaren ezkerrean. Hala erabiltzen zuten D. Agirre, Arrese Beitia, Kirikiño, Mirande, Larzabal, Iztueta, Lizardi, Zamarripa, Iratzeder, Eizagirre, Otaño, J. A. Mogel, Orixe, Azkue, Mendiburu, Kardaberaz, Etxeita, Labaien, Lhande, P. Iraizoz, Lafitte, Zerbitzari, eta beste idazle askok:

Agustin Kardaberaz Hernanin jaio zen

  • gisagaixoa zarra zan, lan asko egiña, neke eta zaparrada asko artua eta bere garaian gizon sendo zoli, indartsu eta gogorra izan arren, aspaldietan, eta urteen astuntasunak amaituteko zorian eukan euskaldun aitona zindoa. (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)
  • Euskaldunen herri izan dadin aski izan bekigu, othoi. (Artikuluak, Mirande)
  • Neskatilla baten eriotzako agurrak Neure adiskide On Ezekiel Etxebarria euskaldun jakintsu andiari Agur o! zemendiko aurrenengo eguna, Eguzki motelagaz zareana gorde; Agur, zuk egitean jaubetu jat illuna, Geiago goix gozoak poztuko enabe. (Asti-orduetako bertsozko lanak, Arrese Beitia)
  • Huna euskaldun gizon gaztea: ederra da kantarben seme guziak bezala […] Euskaldun emazte adinekoak, apaintzen denean, ematen du buruko xuria, pertal bat dilindan buru gibelerat. […] (Atheka gaitzeko oihartzunak, Dasconaguerre, J. B.)
  • Euskaldun gerlari2 zar batzuk ezagututeko aukerea ez galtzeagatik, Ozinbeltzera ioan nintzan ni, mendiz mendi. (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)
  • Baita euskaldun agintariak gizon itzean erantzun zion: “ Bai milla bider! -bere pozean -. (Au poza senti det, Iraola, B.)
  • A, zenbat aldiz, jai egunetako illunabarrean, eguzkia azkenengo errañu bigun indargabeakiñ lurrari agurka dagoan orduetan, zenbat aldiz aditu izan det urruti aldetik, lotara dijoan izakiaren ixiltasuna urratzen duan oiua, euskaldun eztarriak bakarrik egiten dakian oiu luze, alai, zoroa, ta nere artean esan det: euskaldun oiek lurrean al deitekean bezela zorionekoak ezpadira, eztago lurrean zorionaren izpirik! Ta iñoiz edo berriz illetaren batzuk joagatik, erbeste onetan gauden guztiak jotzen ditugun bezela, edo euri geiegi dalako, edo legorte luzeak lur guztiak ondatu bear […] (Sermoiak, Aguirre, D.)
  • euskaldun arima
  • euskaldun baserritar
  • euskaldun mendi-mutila
  • euskaldun prestu
  • euskaldun gazteria
  • euskaldun dantzari
  • euskaldun garaia
  • euskaldun herri
  • euskaldun birjina
  • Izanik euskaldunak, urruntasunean,
  • Solasa eben euskaldun lurraren ganean.
  • Ta ikusirik egola au leku urrunean,
  • Ai, ze samiña eukien biotz-barrenean!…(Gora begira, Zamarripa, P.)
  • euskaldun etxe
  • euskaldun anaia
  • euskaldun zintzur
  • euskaldun nekazari
  • euskaldun abertzale
  • euskaldun seme
  • euskaldun jendea
  • euskaldun modu
  • euskaldun neskatila
  • Urrun Auñemendiak… ta euskaldun basoak,
  • Urrun aitona-amonak,… urrun gurasoak,…
  • Urrun anayak, urrun atsegin osoak,
  • Urrun egozan euron pozkida gozoak. (Gora begira, Zamarripa, P.)
  • euskaldun baso
  • euskaldun literatura
  • euskaldun biziera
  • euskaldun Fueroa
  • euskaldun jauna
  • euskaldun bidea…

Ikusten denez, literatura klasikoan euskaldun hitza izenaren ezkerrean joan ohi da gehienetan. Hala ere, arau hori hautsi egiten da batzuetan, salbuespena izan arren, honela erabiltzen zuen "Larreko"k:

  • Andre euskaldun bati —letraduna bera— bein galdetu nion: Zertako ez duzue zuen irakur gaiak euskaraz egiten? Eztakigulakotz. (Lekukotasuna, "Larreko")
  • Nik baditut adiskide euskaldun ikasiak eta gauza bera diote mendiz araindiko irakurgaiaz mintzo direnean.(Lekukotasuna, "Larreko")
  • Gaixo euskaldun utsak! (Lekukotasuna, "Larreko")

Adibide horiek guztiak ikusita, tradizioan erabiltzen zen eredua aldatuz doala ikus daiteke:

  • euskaldun mutil –> mutil euskaldun
  • perpaus erlatiboa + izena –> -dun adjektiboa + izena –> izena + -dun adjektiboa.

Badirudi izaera erlatiboa galduta -dun hori toki naturalera eramaten dugula: izenaren eskuinera. Hurrenkera horretan -dun adjektiboa dagokion tokian egongo litzateke eta horregatik diogu adjektiboa dela. Izenaren ezkerrean doanean, aldiz, -dun atzizkidun hitza izena izan daiteke (euskaldun herri) edo adjektiboa, batez ere erabilera klasikoan (euskaldun neska).

-dun hitzak

-dun atzizkia daramaten hitzen hurrenkeran gertatzen ari den aldaketa hori argiago ikusten da euskaldun ez beste hitzetan.

- Gehienak bakarrik erabiltzen dira:

  • arduradun, zaldun, txapeldun, haurdun, errudun, eledun, ahaldun, bizidun, fededun, akziodun, elebidun, kargudun, hobendun, zordun, erdaldun, ahalguztidun, zentzudun, bizardun, katedradun, dirudun, harpidedun, marradun, gurpildun, onuradun, saredun, bibotedun, zenbakidun, betaurrekodun, euskaradun, bekadun, joaldun, gorridun, kuadrodun, adardun, hegaldun, kapeladun, loredun, zergadun, adimendun, kaputxadun, koloredun, lizentziadun, takoidun, txanodun, tirantedun, motordun, alkoholdun, arrazoidun, esperientziadun, bihozdun, eskarmentudun, puntadun, deabrudun, milioidun, arimadun, pentsiodun eta abar.

  Kataluniako Pirinioetan, Baqueira paradisua da eskiatzaileentzat

- Edozein izen bezala, -dun atzizkia dutenak izenak dira honelakoetan:

  • joaldunek zarata handia egiten dute.
  • pentsiodunak kexatu egin dira.
  • Pyrenaica aldizkariak harpidedun asko ditu.

- Izen elkarketan ere ager daitezke:

  • zentzudun jokaera
  • pilota txapeldun

- Edo adjektibo gisa:

  • gazte dirudun asko ibiltzen da Baqueiran.
  • ikasle elebidun bat baino gehiago izan dugu aurtengo ikasturtean.

Gauza bera gertatzen da –dun formako gainerako hitzekin ere: talde arduradun, txapeldun maillota, labeldun gazta lehiaketa… Horietan genitibo marka ere jar liteke eta horrek are argiago erakusten du -dun atzizkidun horiek izenak direla: taldearen arduraduna, txapeldunaren maillota, labeldun gazten lehiaketa

Halako izen elkarketek antzeko itxura dute baina sintaxi egitura ezberdina:

  • txapeldun jokalaria → “jokalaria den txapelduna” → izena + izena
  • futbol txapelduna → “futbolean txapelduna dena” → izena + izena
  • gizon txapelduna → izena + adjektiboa
  • txapeldun garaikurrak → “txapeldunak daraman garaikurra” → izena + izena
  • txapeldun lasterketa → “txapeldunek agiten duten lasterketa” → izena + izena (baina izenen arteko rol tematikoak ez dira berdinak)…

Txapeldun jokalaria izena + izena dela esan dugu (“jokalaria den txapelduna”), txapeldun astoa bezala (“astoa den txapelduna”), baina azkeneko hori anbiguoa da, “txapelduna den astoa” ere izan daiteke, testuinguruaren arabera. Bestetik, euskaldun gizona bezalakoak ezberdinak dira: adjektiboa + izena dela pentsa daiteke, tradizioan indarra izan duen eredukoa. Nolanahi ere den, eta interpretazioa gorabehera, egungo testuetan hurrenkera hau da nagusi:

  • futbol txapeldun, futbolari txapeldun, aurreskulari txapeldun, talde txapeldun, bertsolari txapeldun, aurresku txapeldun, pilota txapeldun, pilotari txapeldun, surf txapeldun, talde txapeldun, jokalari txapeldun, xare txapeldun…

Adibide horietan txapeldun adjektiboa da beti, eta izenaren ondoren ageri da. Gauza bera gertatzen da errudun hitzarekin, bakarrik edo izenaren ondoren jarrita:

  • haur errudun, buruzagi errundun…

Alderantzizko hurrenkeran ez da adibiderik aurkitu. Gauza bera gertatzen da emakume / neska / emazte haurdun bezalakoekin, hurrenkera hori baino ez dela erabiltzen. Tradizioan ere lankide haurdun (Mirande) ageri da, adibide bakarra:

  • Gogoan zerabilen ez zela hain gaizki bizi; lankide haurdun asko baino hobekiago. (Narrazioak, Mirande)

Bakarrik ere erabiltzen da, baina ez gehiegi.

eledun

Eledun hitza izen bezala erabiltzen da:

  • Jaurlaritzako eledun denak etorri dira…

adjektiboaren aurretik ere ageri da batzuetan:

  • Podemoseko eledun berriak ongi ari dira lanean…

ahaldun

Ahaldun izen edo adjektibo gisa izenaren ostean erabili da tradizioan:

  • gizon ahaldun (Mendiburu)
  • Eta lau abereek bazituzten seira hegal, eta inguruan eta barneko aldean betheak ziren begiz. Eta ez gabaz, ez egunaz, atsik hartu gabe, erraiten zuten: Saindu, Saindu, Saindua Jainko Jauna, guziz ahalduna, zeina baitzen, eta zeina baita, eta zeina ethorriko baita. (Biblia, Duvoisin)
  • Bere buruari eta bertze guzier uko egiten dakienak, bai eta bethi azken mailean egoiten, nehor ez du bera baino aberatsagorik hak, nehor ahaldunagorik, nehor libroagorik. (Jesu-Kristoren imitazionea, Leon, L.)
  • Ditaken jende ahaldunenak behar nahi-t-ez itzalak (Lan orhoitgarri zonbait, "Oxobi")
  • Eta digula lehenbailehen Aita Saindu ahaldun kartsu bat! (Mintzaira, aurpegia, gizon, Hiriart-Urruty, J.)
  • ERRETORA: Ba, arrazoin duzu. Nere aldetik ere ekarriko dautzut zerbait. Bainan, gure moltsak guti dira hor eginen den ziloaren tapatzeko. Behar ginituzke laguntzale ahaldun batzu harrapatu. (Lana eri, Larzabal, P.)

Egungo testuetan “nagusi” hitzarekin (ikus Ereduzko Prosako adibideak hemen ageri da, edo bakarrik, adjektibo batek lagunduta: ahaldun politiko, ahaldun laguntzaile.

bizidun

Bizidun ere izen gisa, bakarrik (bizidun) edo adjektibo batekin (bizidun nimiño) erabiltzen da; eskuineko aldean adjektibo bezala ere bai:

Gainerako adibideak:

Gaurko literaturan bakarrik, hau da, izen gisa, edo adjektibo gisa (izaki bizidun) erabiltzen da.

fededun

Fededun ere izen edo adjektibo gisa erabiltzen da:

  • fededun ona, fededun gaizto, judatar fededun, fededun gazte…
  • fededun epel, fededun katoliko, fededun berri, obispo fededun, fededun behartsu, fededun gaixo…
  • jende fededun (Larzabal)
  • familia fededun, fededun handi…
  • fededunago (Zaldubi)
  • gizon fededun (Duvoisin)
  • fededun on, senar fededun…
  • Irakastun Santander juriskonsulto ospatsua, Errege Fededun Don Fernando eta Doña Isabelen aditzallea (Iztueta)
  • kristau fededun, probintzia fededun, seme fededun…

Gaurko testuetan: bakarrik (izen gisa), edo adjektibo batekin ageri da:

  • fededun laiko, fededun katoliko, oinarrizko fededun, fededun euskaldun, fededun itsu, hiritar zintzo fededun, fededun maite, fededun abertzale, euskaldun fededun, emakume fededun itsu, kristau fededun…

Adibide guztietan –dun hitza izena da, bakarrik (fededun asko dagoela badakigu) edo adjektibo baten aurrean (fededun gaizto, fededun laiko, fededun epel, fededun berri…). Izen baten ondoren ageri denean adjektiboa da: hiritar fededun, herri fededun, obispo fededun, pertsona fededun… Egitura anbiguoak ere badira: fededun itsu, fededun langile, fededun herabe, fededun elkarte…, baina oso gutxi dira holakoak.

Hauxe da egungo euskaran erabiltzen den egitura:

  • [–dun izena] (adjektibo baten aurrean edo bakarrik)
  • [izena + -dun adjektiboa]

Bestalde, [–dun adjektiboa + izena] eredua ezohikoa da eta horrek erakusten du –dun hitz horiek ez direla adjektiboak ezinbestean, eta adjektiboak direnean adjektibo arruntak bezala izenaren eskuinean agertzen direla. Beraz, laburtuz, esan daiteke egungo euskaran, ia salbuespenik gabe, -dun hitzak izenak direla, eta adjektiboak direnean izenaren eskuinean ageri direla, adjektibo arruntak bezala.

Euskaltzaindiak honetaz

  • Ikus hemen Exotoponimoen jentilizioak osatzeko arauak.
  • -tar, -dar, -ar galdera, Jagonet-eko datu-basean.
  • 51. araua, Kontinenteak, geografia izen nagusi batzuk eta herritarren izenak.
  • 38. araua, Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak.
  • 57. araua, Euskal herrialdeen, herritarren eta euskalkien izenak.
  • 99. araua, Zuberoako herri eta herritarren izenak.
  • 178. araua, Kanpoko leku-izenei dagozkien herritar-izenak eta jatorri-adjektiboak sortzeko irizpideak.

Gaian sakonduz

Adjektibo erreferentzialak gaztelaniaz eta euskaraz

Hona hemen gai honen gainean egindako lan interesgarri bat.

1 Erreferentziakoak izanik kalifikatzaile izatera pasatu direnean erabil litezke horiek (izenak adjektibo gisa erabiltzen direnean bezala: gizon astoa da gero!; edo adjektiboak adberbio gisa erabiltzen direnean: Ane dotore etorri da. Ez da gauza bera baina batzuetan gertatzen dira horrelako aldaketak, Xabi oso profesionala da esaterakoan, adibidez
2 jatorrizkoan gerralari

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Erreferentzia-adjektiboak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3