Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:2:2:1

Jentilizioak

Bigarren multzoan Jentilizioak daude, –(t)ar atzizkia daramaten adjektiboak, alegia. Pertsonak nongoak diren esaten dute adjektibo horiek eta leku izenari –(t)ar atzizkia gehituz sortzen dira: elgoibartar, gasteiztar…

Euskaltzaindiak hainbat ohar eta gomendio eman ditu jentilizioen inguruan. Ikus horiek guztiak Euskaltzaindiak honetaz atalean. Gaian sakonduz atalean ere gaiaren inguruko informazio gehiago aurkituko duzu.
kakotxa
kakotxa
Pertsonak nongoak diren esaten diguten adjektiboak dira jentilizioak

Perpausean duten kokapena

-tar atzizkidun adjektibo hauen kokapena zehaztea ez da erraza. Egungo idazleek sarri erabiltzen dituzte bai izenaren ezkerrean bai eskuinean:

  • musikari bilbotar, korrikalari gasteiztar, izaera bilbotar…
  • bilbotar musikari, gasteiztar korrikalari, bilbotar izaera…

Erabilera

Hainbat euskal idazlek aztertu dute atzizki honekin osatutako hitzen izaera, Xabier Artiagoitiak (2002b), esaterako. Oro har Jentilizio esaten diegu hitz horiei, eta esan dugun bezala, pertsonak nongoak diren esaten dute halako adjektibo askok, baina beste kontestu batzuetan ere erabiltzen dira -tar atzizkidun adjektiboak:

  • herria edo sorterria adierazten duten adjektiboak: eibartar, zarauztar…
  • izen berezi edo deitura batetik sortutakoak: agirretar, goenagatar, azkaratetar, garziatar, kingtar, muxikatar…, eta horrekin izendatzen da familia horietako kide dena
  • izen arruntetik sortutako adjektiboak: baserritar, herritar, eskuindar, menditar, kaletar…
  • izen berezietatik sortzen diren adjektiboak: domingotar, erasmotar, freudiar, kafkar/kafkatar/kafkiar (denak erabiltzen dira gaur egun), orwelldar, euklidiar, eta abar. (Azken hauek ez dute zerikusirik familiakoekin, eta jarraitzaileen izaerari egiten diote erreferentzia (oinaztarrak eta ganboatarrak bezala).

-dun atzizkiarekin osatutako hitzak bezala, -tar atzizkiaz osatutako hitzak ere izen gisa erabiltzen dira askotan, bakarrik, baina baita adjektibo gisa ere (auzo herritar):

  • zerutiar
    • Gauez, ordea, uhin zerutiarrak ionosferan errefraktatu eta Lurrera itzultzen dira, egunez uhin lurtarrek baino transmisio-luzera handiagoak lortuz. (Ikus-entzunezko informazioaren teknologia, Zabaleta, I.)
    • Esaldikapenak ez ziren gozatu, soinu distiratsurik azaldu gabe, oro ilun eta laiotz helaraziz, batez ere horretarako espreski idatzia dagoen Adagio zerutiarrean. («Nora ezean, oro kale», Berria, Arkaitz Mendoza)
    • Bera da hori egin dezakeen eta “bai norbanakoengan bai hirian bere ikuspen zerutiarra gauzatzeko” bulkada duen bakarra. (Gizarte irekia, Karl R. Popper / Josu Zabaleta)
    • Larru-hutsik zetozen ia, eta hizkera ezezagun batean, umiltasunezko keinuz, fruitu urtsuak eskaini zizkiguten, likore zerutiarrak, musurik ederrenak, eskuz egindako bitxiak. ( Otorduak, Erasmo / Ezkiaga, P.)
    • Eta hala eta guziz ere, abiatu eginen gara ikustera; Etxakin zerendako, baina Pastoralak baditu beti ere Disneyk dauzkan fantesia muzitu eta pipiatu hori, pedagogia erreakzionarioa, azalkeria, koro zerutiarrak, hizkuntzaren itxura, infantilismo katolikoa eta jandarmak poteoan. (Egunkaria, Urmeneta, A.)
    • Agian idiki erregosi plater bana dauka bidazti gaixoontzat gordea, airea lurrintzen duten indi-belarrez, ez koipetsuegi, samur, arrosa orriak baizen guri, eta iltze-belar, muskatu, oilar gangar, txahal-muin eta halako gutizia zerutiarren artean igerian, eguen zuriko arrainak legez. (Ulenspiegelen elezaharra, Charles de Coster / Izagirre, K.)
    • CDa itzali zuen eta Su Ta Gar-en garrasiei harmonia zerutiarra iritzi zien, bat-batean aditu zituen ulu eta alarauen aldean. (Vikingoen sorterrira, Mendiguren Elizegi, X.)

Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko zuzendaria

  • goiztiar
    • Eiakulazio goiztiarra nahiko zabaldurik dago; askorentzat arazo edo disfuntzio bat dena beste askorentzat erabat normala da. ( Berria, Agurtzane Ormatza)
    • Hori guztia detekzio goiztiarrarekin saihestuko litzateke ( Berria, Jabier Agirre)
    • Bi gauza gerta daitezke halakoetan: menopausia goiztiarra izatea edo antzutzea. ( Berria, Erredakzioa)
    • Ikerketaren emaitzak ez dira edonolakoak: bost eritasun eta heriotza goiztiarretako bat gaitz horien ondorioz gertatzen da. ( Berria, Erredakzioa)
    • Izen jakina duen gaitza agertzen da kasu horietan: pubertaro goiztiarra. (Egunkaria, Arantxa Iraola)
    • Ikusgarri zeuden bazterrak, lore goiztiarrenek harro erakusten zuten euren distira berde biziz jantziriko landetan. (Surf, Aitor Zuberogoitia)
    • Kanpoan, abuztuko eguzki goiztiarrak itsumen bilakatu zuen nire begietako lausoa. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
    • Ez zuten batere gogoko gure zaharrek Pazko goiztiarra (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
    • Harixe begiratu zion, leihoa k berde eta urdin hostoen isladagatik, eguzkiargi goiztarrean lo. (Farorantz, Virginia Woolf / Anton Garikano)
    • Beharrik asteguna izaki eta halako ordu goiztiarretan ez nuen zertan Kristinarekin topatzeko beldurrez egon. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
    • Beste zenbait aldiz, berriz, Ulia aldetik egunsentia sumatzen zelarik, goizeko lehenengo mezara zihoazen neskame goiztarrei begiratzen nien gelatik. (Putzu, "Txillardegi")
    • Betetasun zantzu hunkigarria beti enara goiztarrena. (Putzu, "Txillardegi")
    • Nolanahi ere, hemen garrantzi handiena duena ez da zer agertzen den, baizik-eta zer ez den agertzen sasoi goiztar horietan, hau da, ez dela Jainkoa izeneko zera horren arrastorik inondik ageri. (Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Segurola, I.)
    • Aita batek, bere haurraren heriotza goiztiarragatik atsekabeturik, garaia baino lehen galdutako haurraren irudia eginarazten du; hildako bat besterik ez zena jainko bezala ohoratzen du, eta haren ohorezko errito eta zeremoniak bere menpekoei ezartzen. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
    • Denda goiztarrak, hetsita. (Labartzari agur, "Txillardegi")
    • Halako adore patxadatsu, temati bat bazuen, bere etorkizuna sumatzeko eta etorkizun horri pisu eta irudi emateko gaitasun goiztar bat. (Sistema periodikoa, Levi, P. / Garzia, Juan)
  • atzerritar
    • Horrez gain, 1778ko dekretuek foru-herrialdeetan ekoitziriko edozein produktu atzerritartzat hartzea agintzen zuten, behin Ebroko muga igarotzen zuenean. (Debarroko Oasi Liberala. Aitzindarien bila, Gotzon Iparragirre)
    • Neobabiloniar Inperioa - estatu unibertsal babilonikoa zena - eta haren ondorengo hainbat estatu atzerritar - Akemenestar (Pertsiar). ( Historiaren azterketa II, A. J. Toynbee / Mendiguren I.)
    • Herri atzerritar batek sultanak berorien metropolitik botako ditu; Orkhanen tronua irauliko da, bere arrazaren azken ondorengoa suntsitua izanen da, eta oguziarren horda, buruzagirik gabe, nogaisdarrena bezala sakabanatuko da. ( Pentsamendu ilustratua: Idazlan hautatuak II, Kant, Burke, Volney, Cordoncet / Haritz Monreal)
    • Inork ez zuen sekula jakin zer esan zion erregeak dantzaldiaren erdian negarrez hasi zen emakume atzerritar hari. (Azken hitzordua, Sandor Marai / Olarra, X.)
    • Orobat bere emazte atzerritar guztien jainkoei ere, emazte haiek beren jainkoei intsentsua eta sakrifizioak eskain ziezazkieten. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
    • Lehenago juduak nagusitu zitzaizkion arren, Timoteo, atzerritar gudari-talde izugarria eta Asiatik ekarritako zaldi ugari bildu ondoren, Judea armen indarrez hartzeko asmotan agertu zen. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
    • Bere Seleuzia bertan behera utzi eta Antiokia hartzean, Seleuko, atzerritar inperiogilea Hego-mendebaldeko Asian, bere sorkuntza berri bat baztertzen ari zen, nazio-sentimendu indartsurik atxikita ez zeukana, Mediterraneotik egun labur bateko bidaialdira zegoen leku baten alde, mundu helenikoaren bihotzetik askoz hurbilago, alegia. ( Historiaren azterketa II, A. J. Toynbee / Mendiguren I.)
    • Inspirazio atzerritar eta indigenak. ( Historiaren azterketa II, A. J. Toynbee / Mendiguren I.)
    • K.o. 1839 eta 1861 bitartean Txinako itsas ateak Mendebaldeko merkataritzari indarrez irekitzeak Mendebaldearen aurkako “Boxer” altxamenduaren erantzuna eragin zuen K.o. 1900ean; eta mantxu-dinastia eraitsi egin zuten K.o. 1911n krimen bikoitzagatik: era aldaezinean bera atzerritar izateagatik eta aldi berean orain askoz ere handiagoa zen Mendebaldearen indar atzerritarrari atzera eusteko gai ez izateagatik. ( Historiaren azterketa II, A. J. Toynbee / Mendiguren I.)
    • Ondorioz, gutxiengo menderatzaileak bere barne-harremanetan bilatu nahi duen adostasuna hedatu egin behar da gutxiengo menderatzaileak barne - eta kanpo-proletalgoekin eta - desintegratzen ari den zibilizazioa kontaktuan dagoen - edozein atzerritar zibilizaziorekin dituen harremanetara.
    • Neobabiloniar Inperioa - estatu unibertsal babilonikoa zena - eta haren ondorengo hainbat estatu atzerritar - Akemenestar (Pertsiar) ( Historiaren azterketa II, A. J. Toynbee / Mendiguren I.)
    • […] Mendebaldeko ideal politikoetan izandako aldaketari, Indiako Britainiar Inperioa Mendebaldeko nazio-estatu demokratiko bihurtzeko askoz lan zailagoari ekinez. 1947ko abuztuaren 15ean Indiako gobernua britainiar eskuetatik indiarretara aldatzea burutu eta bost urte igaro baino lehen, artean goizegi zen enpresa horren emaitza aurresateko; baina jadanik esan zitekeen hinduen gobernugintza atzerritar adiskideek, batasun politikoa ahalik eta gehien salbatzeko ahaleginetan, espero izatera ausartutakoa baino arrakastatsuagoa izan zela, batasun horixe izanik agian britainiar oparirik baliotsuena indiar azpikontinentearentzat. ( Historiaren azterketa II, A. J. Toynbee / Mendiguren I.)
    • Kultur elementuek, beren markotik erauzi eta gizarte-ingurune atzerritar batean sartzen direnean, erakutsi ohi dituzten ahalmen suntsigarriak ekonomi mailako adibideek ere argitzen dituzte. ( Historiaren azterketa II, A. J. Toynbee / Mendiguren I.)
  • gautar
    • Hasieran beldur zen bisitari gautarrak ez ote zion kalte egingo, ez ote zizkion deabruzko xerloak edo zaldarrak emango, ez ote zion zakur batek bezala zaunka eginaraziko edo pixa edanaraziko, eta zoritxarra ekarriko. (Zortzi kontakizun, Isaac B. Singer / Navarro, K.)
    • Horregatik guztiagatik, denboraren hobaria da agian Mikel Lasa eta bion paseo gautar haren eszena aberastua. (Mentura dugun artean, Lertxundi, A.)
    • Piztia guztiak, igelak, apoak, zingiretako kantari gautar horiek guztiak, isilik zeuden denak. (Fantasiazko ipuinak, Guy de Maupassant / Josu Zabaleta)
    • Erretinaren atzealdeko geruza islatzaile horregatik ikusten dira katuen nahiz beste animalia gautar batzuen begiak argi egingo balute bezala, automobilaren argien parean edo gertatuz gero. (Giza gorputza lanean, John Lenihan / Irene Aldasoro)
    • “Ohean lo gaudela, erle gautar batek eztia egiten du guretzat, bihotza urratzen diguten oteak eurak baliatuz”. (Harrizko pareta erdiurratuak, Perurena, P.)
    • Katuen begirada elektriko gautar hori galtzen ari da. (Piano gainean gosaltzen, Cano, H.)

Literatura klasikoan ere adibide asko daude:

  • Markexko! Eztirudi ba, amaren aldetik ere, jatorri goitar bikañekoa. ( Garoa, Aguirre, D.)
  • Bego geldirik arrano goitarren abia, arpegiko narrua bere erpe gogorraren artean itxi gura ez badabe ikutzailleak (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)
  • Goikoaren borondatea bedi. Iltzeko gertu dagona aunditasun goitarrenera igotzen bait da. (Lurrikara, Labaien, A. M.)
  • Molierek ere, il baño bi urtez aurretik bere antzerki goitarrenak sortuz geroz, «Les Fourberies de Scapin» (Eskapinoren maltzurkeriak), itxuraz kirtenkeri utsa dan komeria moldatu zuan. (Gizon bizarpeituti eta emazte bizartsuti..., Labaien, A. M.)
  • OXER: Beotibarko eresia ando ateratzen zaizu, baiñan Aita jaunak «Laud» ereskiña ekarri bazizun musika goitarragoa ikasteko izan da. Alonso Amargarren «Kantigak» edo… Auek jotzen leia bear dezu, beatzak bere lekuan ipiñiaz. (Domenjon de Andia, Labaien, A. M.)
  • ENEKO: Beñere ez da berandu. (Barrena azalduz) Egi-egitan «Orre»; matematika goitarra ez da neretzako egin. (Iruñxeme, Labaien, A. M.)
  • Bera ikaskuntza goitarren zale da, ta orrekin batera euskeltzaletasun-eragillerik bizkorrenetakotzat bere burua agertu izan du beti. (Itz-lauz, Lizardi)
  • Bañan, izkera berdiña bear ere al dute eguneroko gora-beera utsak eta egiazko olerkariaren amets eta ikuskizun goitarrak?… (Euskera aundiki-soñekoz, Lizardi)
  • Gizalur-ezaugarri,
  • Kea dugun mutil alai!
  • Etxetik-etxe dabil,
  • gain gorriez garai.
  • Beti goranai,
  • Kide goitar bearrez
  • duzu biurtzen ortzigai. (Umezurtz olerkiak, Lizardi)
  • Baiña, buruz, adimen-argitasunaz jokatuaz eta… paperak erabilliaz, ez al da arazorik goitarrena egiten? (Batetik bestera, Erkiaga, E.)
  • Heien gaizkieginak Goitar Ahalmen zuzenen mendekioa heitatzen zuen!! Joko ez ahal zituen Jaunaren ezpatak??? (Narrazioak, Mirande)
  • Alabañan, Europa batu bat izan da leenago, Erromako kaisar-erriaren ondakiñetatik eraikia erdi-mende goitarrean. (Artikuluak, Mirande)
  • Irakur dezadan jardun goitar ori. (Olerkiak, "Orixe")
  • Ekazuz, Aita, egoak! Betor indarra!
  • Ixuri zeure eskutik aize goitarra,
  • Aizetxu orregaz
  • Goraturik, goyazan gora ta gora,
  • Osasunaren billa, orra bertora
  • Egaz eta egaz! (Gora begira, Zamarripa, P.)
  • Maitasunaren indar goitarra. (Biozkadak, "Jautarkol")
  • URLO: Egon bein. Eder oskarbiko ilargi, eresi gozozko iturria, izar ibiltaun goitarren jostagailutxo txuria. (Urlo, Azkue, R. M.)
  • —Emen eta alde guzitan beartuta gaude jaupariak bertako izketa erabiltzeko geron zeregin goitar ontan, donokirako gogoak irabazten. Ez al dute orla egiten emengo jaupariak? (Edo geuk edo iñok ez, "Kirikiño")
  • Ostrellakak, odei goitargietan argi egiten duena bezela; eta arrosaren lorea udaberriko denboran bezela; eta azuzenak beerontz iragotzen diraden uren aldean bezela; eta inzensoaren zuaitza bezela, zeñak usai gozoa botatzen duen udako denboran. (Itun zaharra, Uriarte)
  • Erran nahi du: Giristino herrian, arimako eritasunaren sendatzeko, hain erremedio handia, eta midizina eskuarra den lekhuan, zein baita kofesionea (Guero, "Axular")
  • Artzai menditar ezjakiñari zegokionez, itz giarrez eta laburrez azaldu ziezten bidari jakinmindunai gaztaigitearen lanak (Uztaro, "Barrensoro")
  • Gau erdia zan… Ezeren txintik
  • etzan entzuten; noizka bakarrik
  • pizti gautarren ulua…
  • Ito zituzten baztar guziak
  • illunpe lodi, nazkagarriak. (Olerkiak, Loramendi)
  • Betoz izartxu gautarrak. (Bein da betiko, Azkue, R. M.)
  • Eta dringili drangulu, albo alboka atera dira hoteleko jardiñeraiño, bai neskatxa gautar aiek eta baita aien adiskide zaldunak ere. ( Araibar zalduna, Erkiaga, E.)
  • Or zijuala begiraturik Eskuira ta ezkerrera, Bere eskuetan eramateko Zerbait Jaunaren aurrera, Utzirik bere lagun gautarrak Juan daitezen aurrera, Ezin agertu lezaken pozez Bertan gelditu da bera! (Olerki galduak, Arruti, A.)
  • Zer nai lukete bada hereje itxu gautarrak? (Euskal testuak, Larramendi, M.)
  • Nekazari Basotarren sabela beteago dago arto, kastaña, sagar, ta tupin azadunekin, andiki bat eper, ollagor, ta ollanda samurrekin baño, onek osasunik, edo pakerik ez du, ta ark bai. (Ipui onak, Moguel, B.)
  • Iñok ezekijan artzain basotar aren egizko ixena; orok Basurde gora ta bera ereisten eutsaen. Baña Txikik, uste-bage, olan eretxi eutsalako, bere buruba il-zorijan ikusi eban. (Ipuin aberkoyak, "Aizkibel")…

Horietan guztietan adjektibo arruntak dira eta izenaren eskuinean joaten dira.

espainiar politikaria, baserritar esnea

Baina hurrenkera natural horretatik aparte, jentilizioak izenaren ezkerrean ageri dira batzuetan. Herri izenetik sortzen diren –(t)ar hitzekin ohikoa da hori, eta politikari hitzarekin doazenean:

  • amerikar politikaria, irlandar politikaria, costarricar politikaria, panamar politikaria, espainiar politikaria, frantses politikaria, luxenburgotar politikaria…

Ordea, alderantzizko eredukorik ez da aurkitu:

  • ? politikari espainiar, politikari amerikar…
  • Egungo adibideak:
    • Hitz hauk erranez ez ditut nahi gure herritar gerlari ohiak apaldu, ttipitu, mendratu: ez segur, ez: zeren egin duten gutaz bertzerik! (Euskaldunak Aljerian, Arbelbide, X.)
    • Munduko baserritar esne ekoizle askok ez dakiten arren, Kolonbian egosi da gudu handietako bat. («Laborari txikien esnea txarra da multinazionalentzat», Pello Zubiria, Argia)
    • Ondorioz, erosle horiek (edo hobe, kontzesionario horiek) bilduko dituzten errentekin ordainduko dute (Estatuak ere onartuko baititu errenta horiek); are gehiago, eraikinen arpilatzetik, basoen suntsipenetik eta lukurreriara ohitutako eskuez baserritar behartsuari lapurtutakotik ateratako errentekin. (Frantziako Iraultzari buruzko gogoetak, Burke / Ezkiaga, P.)
    • Baserritar jantzia gure kulturaren ordezkaria, adierazlea izan zen urte askoan. («Jantziek kontatutako historia», Ainara Arratibel, Berria)
    • Nik ez dakit, eta jakiteko azterketa antropologiko sakon bat beharko litzateke, sentimendu eta jarrera diferenteak izaten ote dituzten baserritar etxejabeak eta maizterrak bere lur-sail eta bizitokiarentzat. (Errekarteko koadernoa, Mendiguren Elizegi, X.)
    • Baserritar talde bakar batzuk besterik ez dira bizi lur honetan, ez dago konkistatzeko herri handirik, ez garaitzeko gudarosterik. (Gerlari zuria, Joanes Urkixo)
    • Orduan, bere gizonak bildu - guztira, sei mila - eta etsaiaren aurrean ez kikiltzeko esaten zien Makabearrak, eta inolako eskubiderik gabe kontra zetorkien atzerritar-multzoari beldurrik ez izateko; baizik eta borroka zitezela gogotsu. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
    • […] gertakari hauek: Judas Makabearraren eta anaien historia, tenplu handiaren garbikuntza eta aldarearen sagaratzea, Antioko Epifanes eta beronen seme Eupatorren kontrako guduak, judaismoaren alde ausarki borrokatu ziren gizon adoretsuen alde izandako zerutiko agerpenak. Gizon hauek, hain gutxi izanik ere, lurralde osoa hondatu eta atzerritar-talde handiei ihes eragin zieten, mundu osoan ospetsua den tenplua berreskuratu zuten, Jerusalem askatu eta baztertzeko zorian zeuden legeak berrezarri zituzten. Izan ere, Jauna, erruki handiz, beraien alde egon zen. Jasonek bost liburutan jaso zuen hau guztia liburu bakarrean laburbiltzen ahaleginduko gara. (Elizen arteko Biblia, Askoren aretan)
    • Jaunari eskatu behar zioten, berriro arnasa hartzen hasia zen herria ez uzteko atzerritar biraolari haien esku. (Elizen arteko Biblia, Askoren aretan)
    • Bere erregealdiko hirugarren urtean otordu handia eman zien bere adiskideei, atzerritar herrialdeetako eta Pertsia eta Mediako handikiei eta eskualdeetako gobernariei. ( Historiaren azterketa II, A. J. Toynbee / Mendiguren I.)
    • Berehala nire adiskide min bihurtua, atzerritar jendearekin askotan itzultzaile gisa nik lan egin behar izaten nuenez, nire ordezko gisa hartu zuten bera, hain zuzen, “El Cuartel Real”eko lantegian; eta askotan neronek egin behar nuen telegrafista lana betetzen zuen. (Putzu, "Txillardegi")
    • Bestalde, eta ikuspegi honetatik, Lieja erromanikoa izango da Waloniako lurraldean dagoelako; toki horretan, frantsesa da atzerritar hizkuntza bat, enbor bereko dialekto baten gainean ezarria dagoena. (Hizkuntzalaritza orokorreko ikastaroa, Saussure, F. / Isabel Arrigain)
    • Gobernari musulmanen zerbitzura zeuden ministro brahman eta beheragoko funtzionarioek atzerritar gobernu hura hinduentzat bestela izango zen bezain gorrotagarri ez izatea lortu zuten, eta Britainiar Inperioak, bere aldetik, Mogolen Inperioaren jarraibideari segitu zion, britainiar ekonomi ekimenak pareko aukerak irekitzen zituen bitartean banyentzat. ( Historiaren azterketa II, A. J. Toynbee / Mendiguren I.)
  • Adibide klasikoak:
    • Esan nion: “Ulertzen dut Nekez zure mintzoa, Hain delakotz jori, landu, Sakon eta jasoa, Bainan eder duzu botza, Goitar eusko-zozoa! Txoritxoa, gaua da ta Illuna da basoa, Ez al duzu beldurrikan? Oi! baletor otsoa?” — “Jaunaz beste, deusen beldur Ez da eusko-zozoa”. (Poemak, Mirande)
    • Onetan egozan Ostranbentora baturiko euskaldun eztegulariak, ia etxerako bideak artzeko asmoetan, eurak egozan mandiotaraiño eldu zanean, atz eta putz eta bero eta lurruntsua, gorputz guztitik izerdia eriola, bero andirik ez egoan baiña, menditar gizakote narras baldan bat. (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)
    • Euskaldun bat! Euskaldun bat euskal etsaien artean! Au gendukan ikusteko, gure Aita Jaungoikoa! Menditar gizon iaioa Galtza-Gorri-ren aldeko! Sorterriko lur maitean erdal-izkerak erausi; bide-guruzeak ausi, kanpaiak zearo urtu, eliz doneak lapurtu dituztenakiñ batean! Borterenbat izango da Euskal-Errian asia. (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)
    • Zoin zautzu lanean jakinago: menditar laborari bethi bere gain ibili den bat, ala zelhaiko laborari-etxe handi batean mutil egonik dagona? Hau?. (Buruchkak, Etchepare, J.)
    • Menditar txiro bat naizela ta basati kaiku loloa?. (Olerki berrizte, Arrese, E.)
    • “Hotel Basaburu”: menditar etxe-eder aundia ikuslearen ezkerretara. (Iruñxeme, Labaien, A. M.)
    • Menditar boza: idorra, ortziaren ikararekin. (Mendekoste gereziak, Etchepare, J. B.)
    • Bizkitartean, bidea ganago eta gehiago tzar bilakatzen ari zen; etzitaken gehiago zaldiz ibili; abereak utzi zituzten menditar gizon, Manuelek Ganixen manuz harat zeletatzerat igorri bati. (Atheka gaitzeko oihartzunak, Dasconaguerre, J. B.)
    • Etorrera oetako batean, gertatu zan Sancho Abarkak ezagutzea menditar neskatxa gazte eta guztiz polita, eta ordutanik Justizko etxejaunak dute errege-odola euren zañetan, edozeñek bertako paper zarretan ekusi dezakean bezela. (Gabon zar bat eta beste ipui asko, Zabala, A. M.)
  • Gautar poeta batek, urkhamendi bilha,
    neurthotsetan kantatzen dio gauari;
    hordi bat dela uste izaiteko da. (Poemak, Mirande)
  • Basotar saguak dirautsa: - “Gozuak zure janarijak, koipe ta eztijak! O adiskidia! Lagun saltzallia! Au da zure jana? Ai mendi laztana! Zein zarian obia! O baso neuria! Ez dago an katurik, ez giltzen soñurik. Zagoz zu koipetan, ta ni basuetan”. (Ipuinak , Moguel, J. A.)

Adibide horietako -tar atzizkidun hitzetako batzuk izentzat har daitezke. Hori abiapuntu hartuta, zer alde dago espainiar politikaria eta politikari espainiarra sintagmen artean? Zein kategoriatako hitzak dira -tar atzizkidun horiek? Espainieraren Errege Akademiaren ( RAE) hiztegiak adjektibotzat jotzen ditu gaztelaniaz dauden horien pareko hitzak, baina frantseseko Robert hiztegiak adjektibo eta izentzat.

Ingelesez eta frantsesez, esaterako, -(t)ar atzizkidun horiei adjektibo berezi esaten zaie eta letra larriz idazten dira horregatik: Spanish/Espanol, Basque/Basque, French/Français…

Ibon Sarasolaren Egungo Euskararen Hiztegian izenlagunak (frantziar idazle), izenondoak (soldadu frantziar) eta izenak (frantziarrek ez dute nahi) bereizten dira. Horrenbestez, sailkapen horren arabera, -en eta -ko atzizkidunekin batera –dun eta –(t)ar atzizkidunak ere sartu beharko lirateke izenlagunen artean.

Oro har, -dun eta –(t)ar atzizkidun hitzak nagusiki izenaren ezkerrean erabili badira ere tradizioan, izenaren ostean ere erabiltzen dira orain, edozein adjektibo arrunt bezala. Horrenbestez, biak ala biak izen nahiz adjektibo izan daitezke. Adjektiboak direnean, gero eta joera handiagoa dago eskuinean jartzeko baina izenaren ezkerrean ere ageri dira batzuetan.

Badaezpadako erabilerak

Egungo euskaran badaezpadako egitura asko ere sortzen dira, -ar atzizkidun horiek gehiegi erabiltzearen ondorioz: Urasandi auzo elgoibartarra; Aia herri gipuzkoarra; mozorroek kale donostiarrak alaitu dituzte… Horien ordez naturalagoak dira hauek: Urasandi, Elgoibarko auzoa; Aia, Gipuzkoako herria, mozorroek Donostiako kaleak alaitu dituzte…1

Mailegatutako jentilizioak

Kanpoko hizkuntzetatik zuzenean mailegatzen diren adjektiboekin ere sortzen dira jentilizioak, leku izena kanpotarra denean: ingeles, frantses, aleman, italiano, erruso… Horiek erabiltzen dira baina baita ingeles, frantziar, alemaniar, errusiar… ere. Mailegatutako jentilizio horien hurrenkerari dagokionez joera ezberdinak daude: Iparraldean ohikoa da izenaren ezkerrean jartzea: erruso presidente, erruso talde… Hegoaldean, ordea, adjektibo gisa, izenaren eskuinean jartzen da askotan: jai erruso, jatetxe erruso… Hala ere, adieran ere eragiten du hurrenkerak, egitura hauek ez baitute esanahi berbera:

  • frantses idazle / idazle frantses ⇒ frantsesez idazten duena ≠ Frantziako idazlea (beste hizkuntza batean idatz dezake)
  • ingeles eskola / eskola ingeles ⇒ ingelesa irakasten den eskola ≠ Ingalaterrako eskola

Kontuan hartu bestalde, idazle ingelesa (Ingalaterrako idazlea) ingeles idazlea (ingelesez idazten duena ere izan litekeela. Baina setter ingelesa / ingeles setterra biak erabiltzen dira eta ez dago adieran alderik. Adibide ugari daude halakoak:

  • frantses musikagile / musikagile frantses
  • estatu ingeles / ingeles estatu
  • telebista frantses / frantses telebista

Bestalde, zenbait jentilizio adjektibotzat hartu ordez egokiagoa da izentzat hartzea, eta horiekin osatzen diren egiturak izen elkartuak direla esatea, bi izenek osatua:

  • ingeles filologia, frantses estatu, errusiar akademia…
  • giristino legea, giristino herria… (= giristinoen legea, giristinoen herria…)

De Rijkk ere (2008: 18) Euskal Herria, giristino legea eta frantses gizona izen elkartutzat hartzen ditu 2. Horrenbestez, lege giristino (giristinoa den legea) eta giristino lege (giristinoek duten legea) bereizi badaitezke ere, ezin da halakorik egin gai ekonomiko, diru-laguntza sozial, eskola nazional, gatazka laboral eta antzekoekin. Horien pareko izen elkartuak bi izenez osatutako hauek dira: ekonomia gai, gizarte diru-laguntza, nazio eskola eta lan gatazka. Baita euskal gizartea eredukoak ere. Ikus honi lotuta Euskaltzaindiaren Hitz elkartuen osaera eta idazkera araua.

Horrenbestez, -dun hitzak bezala, jentilizio hauek ere izenak (bakarrik edo hitz elkarketan) edo adjektiboak (izenaren eskuinean) izan daitezke.

Izenlagunak eta izenondoak atalean aipatu dugu adjektibo kalifikatzaileak izenaren eskuinean ageri direla eta ondorioz, honelakoak ez direla zuzenak hurrenkerari dagokionez:

  • *ekonomiko gatazka ⇒ gatazka ekonomiko
  • *politiko alderdiak ⇒ alderdi politikoak
  • *sozial diru-laguntzak ⇒ diru-laguntza sozialak
  • *nazional eskola ⇒ eskola nazionala

Hori horrela izanik, zer gertatzen da euskal hitzarekin? Ez al da adjektiboa?

  • euskal ikasleak
  • euskal eskola
  • euskal gizona

Euskal hitzaren azpian euskara dago, eta beste izen batekin elkartzen denean euskal ematen du, horrenbestez ez, euskal ez da adjektiboa, izena da. Hitz elkarketako lege baten arabera bi silaba baino gehiago dituzten hitzetan trukaketa hori gertatzen da:

  • eus-ka-ra › euskal

Merkatal gune (merkatari-gune), merkatal ganbera (merkatari ganbera) eta antzekoetan ere ezartzen den arren lege hori ez da lehen bezainbeste errespetatzen. Unibertsital legeak eta antzekoak ez dira horrenbeste erabiltzen.

1 Honi buruzko informazio gehiago eskuratzeko, ikus Zalantzen txokoa.
2 Gaixo gizona ere bai, baina gaixo izena den ez dago argi.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Jentilizioak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3