Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:2:3:1

Adjektibo adberbialen ezaugarri nagusiak

Gure euskal doinu ezagunen artean bi pasarte hartuta, (ihes) betea edo (negu) hurbila bezalako adjektibo adberbialak aztertuko ditugu atal honetan. Izan ere, euskararako zein beste hizkuntza askotarako, ondo deskribatuta daude (gizon) zintzoa bezalako adjektibo kalifikatzaileak eta (mutil) boluetarra bezalako adjektibo erreferentzialak ere. Euskaraz, ordea, ezer gutxi esan da beste hizkuntzetan ondo deskribatuta dauden adjektibo adberbialei buruz:

  • adjektibo adberbial modalak: (gezur) ageria
  • adjektibo adberbial intentsiboak: (zentzugabekeria) hutsa, (ihes) betea
  • adjektibo adberbial toki/denborazkoak: (herri / negu) hurbila
  • adjektibo adberbial denbora/aspektuzkoak: (euskaldun) berria
kakotxa IHES betea zilegi balitz, nunbait balego bakea, ni ez nintzake etxe ertzeko loredien maitalea. NI ez nintzake oinazearen menpeko mixerablea, oihu zekenen destinatzaile etsipenaren semea. NI ez nintzake inorentzako eskandaluzko kaltea, lur hotz batetan aldatutako landare sustrai gabea. IHES ederra zilegi balitz, urra ahal baledi katea, ni ez nintzake ontzi gabeko itsasgizon ahalgea. (XABIER LETE)kakotxa

Lau multzo horien barrura eramango ditugu sintaxi- eta semantika-funtzio berberak dituzten postposizio-sintagma ihartuak eta ihartu gabeak ere:

  1. benetako (maitasuna)
  2. erabateko (lehentasuna)
  3. aurreko ohiturak
  4. etengabeko hizketa Xabier Lete euskal poeta

Aipaturiko lau multzo hauek, kalifikatzaile eta erreferentzialetatik urrun dauden semantika- eta sintaxi-ezaugarriak dituzte eta funtsean, horixe jarriko dugu atal honetan.

Sail honetako gainontzeko azpisailetan, huts bezalako adjektibo soilak eta erabateko bezalako izen-sintagma ihartuak nahiz ihartu gabeak elkarrekin aztertzeko arrazoiak emango ditugu. Halaber, beste hizkuntza batzuei buruz bibliografian esandakoa bilduko dugu, betiere euskal adibide bakunak erabiliz, semantika kontuetan oinarrituz, edo sintaxi kontuetan. Bigarren sail nagusi batean, euskararen lau multzoen deskripzioari ekingo diogu, adibide ugari emanez.

— Egilea: Juan Karlos Odriozola

lanaren aipamena nola egin...

Juan Karlos Odriozola, "Adjektibo adberbialen ezaugarri nagusiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3