Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:2:3:1:1

Adjektibo eta postposizio-sintagma ihartuak

Boluetako geltokia Badira izenaren modifikatzaile funtzioa betetzen duten bi osagai mota gutxienez: “gizon zintzoa”, “mutil boluetarra”, eta “zentzugabekeria hutsa” bezalakoak, alde batetik. Eta, bestetik, “zentzuzko gizona”, “Boluetako mutila” eta “erabateko lehentasuna” bezalakoak. Euskal bibliografian ez dago inola ere adostasunik hauen inguruko terminologiaz1.

Atal honetan, honelako deizioak eta adigaiak erabiliko ditugu:

  • Gramatika- edo sintagma-kategoriei begira, determinatzailedun izen-sintagmak ditugu lehenengo multzoko zein bigarren multzoko hitzak.
  • Izena osagai batek modifikatuta dago bietan.
  • Lehenengo multzokoak adjektibo gramatika-kategoriako hiztegi-sarrerak dira, eta jakina, hitz soilak dira metalinguistikoki zintzo, boluetar edo huts gisa aipatzen ditugunean.
  • Boluetako ez da hiztegi-sarrera edo hitz soila: behin “Bolueta” zer den jakinik, auzo hori ezagutzen ez dutenek ere sintaxi-arauei jarraiki osatuko dute hizketan bertan -ko postposiziotik abiatuta; zentzuzko edo erabateko bezalakoak ordea, batetik postposizio-sintagma izaera berekoak dira jatorriz, baina bestetik, hiztegian azaltzen dira, hau da, hiztegi-sarrera edota hitz soil bilakatu dira, lexikalizazio prozesu baten ondorioz, eta bere osotasunean ikasiak ditugu euskaldunok2. Izan ere, erabat bezalakoek zuten jatorrizko esangura neurri batean behintzat lausotu edo galdu egin da hiztunen oharmenean, eta egun esangura desberdineko adjektibo berria dugu bertan; zentzuzko bezalakoen kasuan ezin esan daiteke jatorrizko esangura lausotu egin denik, baina edonola, hiztegietan agertzeko bezainbesteko egonkortasuna lortu du, nonbait sintaxitik kanpo.

Atal honetan, oinarrian semantika-irizpide jakin batzuei jarraituko diegu, gure aztergaia mugatzeko; irizpide horien arabera, berdin aztertu beharko ditugu huts eta erabateko: bibliografiako terminologiari jarraiki, semantika-funtzio adberbialekoak dira hiztegi-sarrera biak, eta biek izena modifikatzen dute izen-sintagmaren barruan. Horrela ba, huts bezalakoak adjektibo adberbialak ditugula esango dugu. Erabateko bezalako postposizio-sintagmez zehazki mintzatzeko unean, edota huts eta erabateko elkarrekin aipatzeko unean ‘osagai adberbiala’ deizio orokorra erabiliko dugu, edota denak ere erabilera adberbialekoak direla esango dugu beste batzuetan.

— Egilea: Juan Karlos Odriozola

1 Goenaga, P. 1980: § 1; Euskaltzaindia 1991: § 4; Zabala 1999: § 1; Odriozola 1999; Artiagoitia 2000: 55-86
2 Zabala & Odriozola 2004

lanaren aipamena nola egin...

Juan Karlos Odriozola, "Adjektibo eta postposizio-sintagma ihartuak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3