Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:2:3:1:2

Adjektibo adberbialen semantika

Semantika mailakoak dira adjektibo adberbialen esparrua mugatzeko irizpide garrantzitsuenak. Zehazkiago, semantikan aurkituko ditugu hemen jorratuko ditugun adjektibo guzti-guztiak adjektibo kalifikatzaileetatik eta adjektibo erreferentzialetatik zalantza izpirik gabe ondo zedarriztatu ahal izateko irizpideak.

Adberbioen pareko semantika

Bibliografiak1 parafrasi baten bidez zuritzen du ‘adberbial’ deitura. Parafrasiak, semantika jakin bat jartzen du agerian, adberbioek bere klase sintaktikoetan betetzen dituzten semantika-funtzio berberak betetzen baitituzte adjektibo adberbialek eta hainbat postposizio-sintagmak2: Adibidez, adjektibo adberbial modalen artean garbi badugu ere, badugu era berean beste perpaus maila batean modifikatzaile modura jokatzen duen garbiki adberbioa ere.

  • Froga garbia da
  • Froga bat da garbiki

BATZUEK DIRUAREKIN BAKARRIK DIRA ZINTZOAKHonelako erkaketan oinarrituta, bibliografiak agerian jartzen du metaforikoki “adberbioa izen-sintagmaren barruan txertatuko balitz bezala” dela3, baina hemen, garbiki bezalako adberbioen eta garbi bezalako adjektiboen semantikak parekatzen ari gara bakar-bakarrik. Izan ere, adberbioek eta adjektiboek gramatika-funtzio sorta desberdinak dituzte eskura: Hain zuzen, adberbioek ez dute izenaren modifikatzaile gisan jokatzen:

  • *Froga garbiki bat da

ASKO ALDATU DA BOLUETABestetik, adjektibo erreferentzialek eta kalifikatzaileek ez dute semantika-funtzio bera betetzen eta hori agerian gelditzen da beren parafrasien egokitasun ezean:

  • Gizon zintzoa joan zait
  • #Gizona zintzo(ki) joan zait
  • Mutil boluetar bat ezagutu nuen
  • Mutil bat ezagutu nuen *boluetarki, #boluetar erara

Euskarazko adjektibo adberbialak zehatz deskribatzeari ekiten diogunean, baliagarri gertatuko zaigu parafrasi hau aztergaia ondo mugatzeko. Bestelako parafrasi batzuk ere asmatuko ditugu, propio lan honetarako. Hala eta guzti, parafrasiak ez dira semantika-irizpideak bezain eraginkorrak izango.

Ez diote izenari berezko ezaugarririk egozten

(Gizon) zintzoa bezalako adjektibo kalifikatzaileek ezaugarri bakar bat esleitzen diote izenari. Horren aldean, (mutil) boluetarra bezalako adjektibo erreferentzialek ezaugarri multzo bat egozten diote izenari, edo beste ikuspegi batetik, harremanetan jartzen dute mutil hori, boluetar izenondoa sortu duen izen oinarriarekin, hau da, Bolueta auzo izenarekin4.

Benetako maitasuna ote da? Euskal adibide bakun batzuetara aldatuko dugu beste hizkuntzei buruz esandakoa5.

  • (Gezur) ageria edo (benetako) maitasuna bezalako adjektibo modaletan, hiztunaren edo subjektuaren ustea adierazten da.
  • (Zentzugabekeria) hutsa edo erabateko (lehentasuna) bezalako adjektibo intentsiboetan, neurtu egiten da ‘egindakoa noraino den zentzugabekeria’ edo ‘norainoko lehentasuna’ dagoen. (Zentzugabekeria) mingarria bezalako kalifikatzaileak eta boluetar (mutila) bezalako adjektibo erreferentzialak era estentsiboan erabiltzen direlarik, izenaren adiera murrizten dute: ‘zentzugabekerien artean mingarriak direnak eta ‘mutilen artean boluetarrak direnak’.
    Era berean, adjektibo “mugatzaileak” aipatzen du hemen ingelesezko bibliografiak6, euskararen berdina bezalakoen parean.
  • (Herri / negu) hurbila edo aurreko (ohiturak / hankak) bezalakoetan, izenaren toki/denbora kokapenaren berri ematen da, batzuetan izenarekin nolabaiteko harremanetan dagoen gertaera bati begira.
  • (Euskaldun) berria edo etengabeko (hizketa) bezalakoetan, denbora/aspektu zehaztapen bat ematen da, betiere izenarekin nolabaiteko harremanetan dagoen gertaera bati begira.

Badirudi beraz adberbialek EZ diotela izenari BEREZKO ezaugarririk egozten, eta horretan ondo zedarriztatzen direla bai adjektibo kalifikatzaileetatik (berezko ezaugarri bakarra egozten dute) eta adjektibo erreferentzialetatik (berezko ezaugarri multzo bat egozten dute).

— Egilea: Juan Karlos Odriozola

Glosategia

  • Parafrasi: Testu bat azaltzea edo interpretatzea, anplifikatuz, ilustratzeko edo ulergarriago egiteko asmoz. Ikus hemen Literatura Terminoen Hiztegian jasotako definizioa.
1 Demonte 1999: § 3.6.1
2 Demonte 1999: § 3.2.2.3
3 Gehrke & McNally 2009
4 Demonte 1999: § 3.2.2.1, § 3.2.2.2, § 3.4, Zabala 1999: § 4
5 Alexidou et al 2007: § III), Amoia & Gardent (esk.), Bertoldi et al 2007, Demonte 1999: § 3.6.1, Gehrke & McNally 2009, Iwanska 1997, Murillo 2001, Peters & Peters (esk.), Quirk & Greenbaum 1973
6 Quirk & Greenbaum 1973

lanaren aipamena nola egin...

Juan Karlos Odriozola, "Adjektibo adberbialen semantika", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3