Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:2:3:1:3

Adjektibo adberbialen sintaxia

Semantika mailako irizpideak dira eraginkorrenak, baina hala ere, adjektibo adberbialek, bibliografiaren arabera, hainbat sintaxi-joera adierazten dituzte.

Ez dira zenbatzaileak

Determinatzaile, zenbatzaile eta adjektiboen arteko mugak ez dira gardenak munduko giza hizkuntzetan zehar.

  • Euskaraz eta beste hainbat hizkuntzatan1 determinatzaileak edo zenbatzaileak ez bezala, adjektiboa ez da nahiko izen-sintagma gramatikala lortzeko:
  • *Gizon zintzo joan zait
  • Gizoan zintzoa joan zait
  • *Behin egia huts esan zuen
  • Behin egia hutsa esan nuen
  • Badira euskal zenbatzaileak determinatzaileekin batera aztertu dituzten lanak2, baina oro har asko bezalako zenbatzaile zehaztugabeak, hiru bezalako zenbatzaile zehaztuak eta oso bezalako zenbatzaile orokorrak bereiz daitezke3. Hirurotako bakoitzak banaketa desberdina erakusten du mugatzailearekiko, eta banaketa horiekin batera, [+/-espezifiko ] diren irakurketak ere kontuan hartu beharrekoak dira:
  • Urre asko(rik) oparitzen badizute ‘ez dakit zenbat urre oparitu diezazuketen’ [+esp.]
  • Hiru urre aurkitzen badituzu ‘ez dakit zenbat urre mota dauden’ [-esp.]
  • Hiru urreak aurkitzen badituzu ‘badakit hiru urre mota daudela’[+esp.]
  • Urre guztia oparitzen badizute ‘badakit zenbat urre dagoen’ [+esp.]
  • Urre hutsa oparitzen badizute ‘ez dakit zenbat urre dagoen’ edo ‘badakit zenbat urre dagoen’ [+/-esp.]

Ez dira txokolateak, urrea da

  • Bibliografiak4, mugatzailea hartu behar (ez) izate horrekin uztartu ditu zenbatzaile mota desberdinen arteko desberdintasunak: Zehaztugabeek ez dute urre moten kopuru bat jakintzat ematen, zenbatzaile zehaztuek bi aukerak dituzte eskuragarri, eta azkenik zenbatzaile orokorrek jakintzat ematen dute urre kantitate jakin bat. Guk geuk, esan behar dugu adjektibo adberbialek ez dutela halabeharrez kantitate bat jakintzat ematen, mugatzailea halabeharrez hartu behar badute ere.
  • Oinarrizko gramatiketan5 zenbatzaileak osagai funtzionaltzat hartu izan dira eta adjektiboak osagai lexikotzat. Zenbatzaileak, esangura edota lexiko eduki txikikoak dira eta zehazkiago balio funtzionala dute: adibidez aditzarekiko zenbaki-komunztadura eragiten dute. Adjektiboak aldiz, esangura garbiagokoak dira. Hala ere, esan beharrekoa da adjektibo adberbialak bestelako adjektibo guztiak baino hurbilago daudela kategoria funtzionaletatik.
  • Zenbatzaile zehaztugabeak, balio funtzionaleko osagaien antzera, zerrenda itxiko osagaiak dira, baina zenbatzaile zehaztuak aldiz, zerrenda irekikoak. Zenbatzaile orokorrak azkenik, zerrenda itxikoak dira. Adjektibo kalifikatzaile eta erreferentzialek, zerrenda irekia osatzen dute, balio lexikoko osagai orok bezala. Adberbialen kasuan zerrenda ez da inola ere hain handia, baina ezin esan daiteke itxia denik, besteak beste adjektiboen azpiklaseen artean nabari diren aldaketa etengabeengatik.
  • Bestetik, hainbeste hizkuntzatan gutxienez hurrenkera-zenbatzaileak oso urrun bide daude huts bezalako adjektibo intentsiboetatik edo oso bezalako zenbatzaileetatik. Hurbil daude tokia/denbora adierazten duten adjektibo adberbialetatik, batzuek zein besteek kokapenaren berri ematen baitute funtsean. Hala ere, tokizko adberbialek ez dute zenbatzaileen antzera hurrenkera edo antolaketa jakin bat ezartzen kide anitzeko multzo batean6.

Askotan ezin dute predikatu modura jokatu

LASTERKA JANARIA PRESTATZENIzen-sintagmatik kanpo azaltzen diren adjektibo-sintagmek, bi funtzio bete ditzakete: modifikatzailea edo izenki-predikatua.

  • Azkar prestatzen zuen janaria
  • #Azkarra izaten zen (janaria prestatzen zuenean
  • Nik ilun agurtu nuen martxoko eguerdi hartan
  • Ni ilun nengoen (martxoko eguerdi hartan agurtu nuenean)

Alegia, azkar horrek ez dio eragiten gizon subjektuari, eta aditza modifikatzen du. Ilun horrek ostera, eragiten dio ni subjektuari.

Aipaturiko bibliografia guztian egiazta daiteke giza hizkuntzetako adjektibo kalifikatzaile guztiek bete dezaketela predikatu funtzioa. Ikuspegi lexikografikoko lanetan behintzat7), ozenki aldarrikatzen da adjektibo sarrerak deskribatzeko unean [+/-predikatua] tasun hori azaldu beharra, baina hasteko esan beharrekoa da izena modifikatzeko ahalmena bera ere murriztua dagoela hainbat kalifikatzailetan (*emakume haurduna). Bestetik erreferentzialek kalifikatzaileek baino murriztapen gehiago dituzte funtzio hori gauzatzeko. Hala ere, hainbatetan predikazioa gauzatu dezakete, edo agian kalifikatzaile gisa birkategoriza daitezke.

  • Mutila (oso) boluetarra zen
  • *Losada Margolaria kalea, boluetarra da
  • Aparailu hori elektronikoa da

Adberbialek ere, antzerako murriztapenak erakutsiko dituzte, baina postposizio-sintagma ihartuek funtzio hori betetzeko askatasun handi samarra erakusten dute:

  • *Egia hura hutsa izan zen
  • Lehentasuna erabatekoa da

Sarri ez dute graduatzailerik onartzen

TXAKUR ZURIA DA?Ondo ulertzen da oso (txakur) zuria bezalako adjektibo kalifikatzaileak graduatua izateko aukera, bai eta (*oso) aparatu elektronikoa bezalako adjektibo erreferentzialak graduatzeko ezintasuna. Hala ere, (oso) mutil boluetarra zilegi bide da, eta kasu honetan boluetarra adjektiboak tokia adierazi gabe tokiari dagozkien ezaugarri (kalifikatzaile) batzuk adierazten dituelako, edo agian besterik gabe hainbat erreferentzial graduagarriak direlako. Ez dugu bibliografian ezer aurkitu adjektibo adberbialen graduatzaileei buruz, baina erraz aurreikus daiteke hainbat adjektibo adberbialetan baizik ez dugula aurkituko graduatuak izateko ezintasun hori: bene-benetako (maitasuna), (gezur) ageriegia baina *(hiltzaile) ustezkoagoa, * gezur (oso) hutsa.

Atal honetan honelako graduatzaile edo zenbatzaile motak aztertuko ditgu: bikoiztapenak (bene-benetakoa), –ago, -egi eta –ena atzizkiak eta oso zenbatzaile orokorra.

Joskera propioa erakusten dute bestelako adjektiboekin batera azaltzean

Adjektibo segidak eta juntagailuen bidezko koordinazioak jorratuko ditugu hemen segidan.

Adjektibo segidak

Bibliografiak agerian utzi du giza oharmenak izenetik urrunago kokatzen dituela prozesatzeko zailagoak diren adjektiboak. Euskal hizkuntzarako ere badira hainbeste deskripzio8, baina ohi bezala, kalifikatzaileak eta erreferentzialak baizik ez dira bereizten. Hala ere adibideetan ikus daiteke benetako bezalako postposizio-sintagma ihartuek urrunago behar dutela boluetar bezalakoek baino: benetako boluetar mutila bezalakoak erabil ditzakegu, baina *boluetar benetako mutila zailago egiten zaigu eta ez dirudi gramatikala denik. Garbi dago gainera, benetako bezalakoak izenen eskuinera koka daitezkeen neurrian simetria erabatekoa izango litzatekeela: konparatu mutil boluetar benetakoa eta *mutil benetako boluetarra. Bestetik, gure deskripzioan ikusteko daukagu egiazko kalifikatzaileak erreferentzialen eta adberbialen artean kokatzen direla: mutil boluetar zintzo hutsa baina *mutil boluetar huts zintzoa eta *mutil huts boluetar zintzoa.

Juntagailuen bidezko koordinazioa

Kalifikatzaileak ezin dira koordinatu erreferentzialekin, baina bai haien artean: *mutil boluetar eta zintzoa ez da zuzena baina mutil zintzo eta sentibera, ordea, bai. Pentsa daiteke bada adberbialek ere eragozpenak izango dituztela kalifikatzaileekin edo erreferentzialekin koordinatzeko: gezur maltzur (*eta) hutsa. Era berean, ikusi beharrekoa da adberbialen artean koordinatzeko ezintasunik badagoen ala ez: *gezur ageri hutsa (adberbial modala + adberbial intentsiboa) baina auzo hurbil ziurra (tokizko adberbiala + modala).

Erraz uler daitezke segidak egiteko aukera eta koordinazioa egiteko ezintasuna lotuta daudela bi adjektibo horiek azpikategoria desberdina izatearekin. Segidak egiteko ezintasuna bestetik, azpikategoria berekoak izatearekin uztar daiteke.

Murriztapenak elkartzeko orduan

  • Fraseologiari eman ohi zaizkion ikuspegi zorrotz batzuetan, gainditu egin nahi izan da sintaxia/fraseologia hesia9: Batetik, sintaxian kategoriak eta azpikategoriak hartzen dira irizpide: gizon zintzoa bezalako baten aldean, erraz ikus dezakegu oso amantal zintzoa bezalako baten bitxitasuna izenaren [-biziduna] azpikategoria-ezaugarrian datzala, gramatika formalaren ikuspegitik behintzat. Definizio-hiztegietan bestetik, ‘sukaldean aritzeko erabiltzen den jantzia, gorputzaren aurreko aldea babesten duena” izan genezake batetik, eta ‘hitza betetzen duen gizakia, leialtasuna duen gizakia edo animalia’ bestetik.
  • Lehenengo begiratu bat egiten badiegu zentzugabekeria hutsa / *sorginkeria hutsa direlakoei, pentsa daiteke biak ere [+ekintza/ondorioa] tasuna dutela10, baina bien arteko aldea benetan antzemateko, azpikategoriak baino zorrotzagoa den zerbait erabili beharko genuke: jo dezagun zentzugabekeria izenak badaramala ñabardura psikologiko bat, sorginkeria izenak ez daukana. Zer esanik ez, ‘nabardura psikologikoa’ ez da jorratzen ez sintaxi formaleko lanetan, ez eta definizio-hiztegietan ere. Onar dezagun, bada, fraseologiaren ikuspegi zabal batetik jorra daitekeela kontua.
  • Horrela, bada, huts edo erabateko osagaiak zein izen klase lexikorekin konbinatzen den finkatzen da fraseologia-korronte nagusi batean, eta ikuspegi horretara joko dugu guk, ahaleginak egingo baititugu adjektibo adberbial bakoitzarekin konbinatzen diren izen klaseak finkatzeko. Hala ere, ikuspegi formaletik gogoan izan behar da izen-sintagma horietan izena dela buru, eta adjektiboak adjuntu modura erantsita modifikatzaile lana egiten duten osagaiak baizik ez direla.

SORGINKERIAK EGITEN OMEN ZIREN ZUGARRAMURDIKO LEIZE HONETAN

  • Beste fraseologia-korronte nagusiaz ere baliatuko gara11: adibidez, huts edo erabateko ‘handigarri’ delako funtzio semantiko bat ezartzen bide diote izenari, eta guk geuk, adjektibo adberbialek izenari nola eragiten dioten finkatuko dugu, adjektiboen arteko multzoak eta azpimultzoak zedarriztatzen ditugunean.
  • Adjektiboak izango liratekeela izango litzateke ‘kolokazio’ deitu izan den horren gune semantikoa edota ‘kolokagilea’. Bibliografian12, honela argudiatu da, kognizioaren ikuspegiari eutsita: edozein hiztunek, galdetzen bazaio zerekin konbinatzen den huts adjektiboa, berehala emango du zentzugabekeria bezalakoen berri. Hiztun horrek, zentzugabekeria zerekin konbinatzen den galdetzen bazaio aldiz, askoz ere zabalagoa den esparru bat emanda erantzungo du, esan baitaiteke hiru adjektibo klase nagusietako kideak onartuko dituztela honelako izenek. Horrela ba, sintaxi formalean izen-sintagman adjuntu modura erantsita modifikatzaile modura jokatzen duena da benetan kognizio-prominentzia hori daramana.
  • Bibliografiaren arabera, honelako adjektibo adberbialek mendekotasun edo harreman handiagoa dute izenekin, beste adjektiboek baino. Ikuspegia finduz, jo dezagun kolokazioak ulertzeko era bat dela mendekotasun delako hori. Alegia, zuri kalifikatzaileek [+objektua] baizik ez luke eskatuko baino huts adberbialak askoz ere betekizun zorrotzagoak azalduko ditu.

SORGINKERIA HUTSA?

  • Beraiekin konbinatzen den izenaren arabera hartzen dute adjektiboek irakurketa adberbiala (sukaldari / txistulari handia) edo kalifikatzailea (txakur / gizon handia). Hemen, berdin esan genezake handi adjektiboak adberbial modura jokatzen duela (sukaldari) handia bezalako lanbide-izenekin, eta kalifikatzaile gisa azaltzen dela (txakur) handia bezalako izen konkretuekin. Ikuspegi horretatik adjektibo adberbialen esparruari egin lekiokeen ekarpena zeharka baizik ez dugu ikusi aipatuta bibliografian13).
  • Fraseologiaren ikuspegiarekin uztartu nahi dugu izen/adjektibo segida hauetan gerta daitezkeen egia-aurresuposizioen auzia. Izan ere, bibliografiak14 iradokia du honelako adjektiboek eragin (pragmatiko ala ezpragmatiko) handia dutela izen mota desberdinen inguruko aurresuposizioetan. ‘Aurresuposizio’ delako terminoa esparru askotan erabili izan da, eta adigai askori erantsi zaio, baina gure lan honetan euskararako15 zirriborratu egin den egia-aurresuposizio eredu bati eutsiko diogu. Euskal bibliografia horretan gure hemengo honetatik urrun dauden esparruetan aritu da, baina horko formalizazio hori baliagarri gertatuko zaigu: gezurrezko gertaera da ‘ez da gertaera’, baina gezurrezko baieztapena ‘baieztapena da’.
  • Bibliografia luze-sakon mintzatzen da metaforez, metonimiez edota irudizko adierez16, eta bai meronimiaz17, berauek baitira nolabait sintaxi-egiturei nolabaiteko finkotasuna ematen dieten eragileetako batzuk. Atal honetako gogoeta gehienetan, alde batera utziko ditugu adjektiboek hartzen duten lehenengo adiera fisikoa, adjektiboen bestelako adieretatik abiatuta lortuko baita adjektiboen erabilera adberbiala. Horrela, onartuko dugu “adiera fisikoaren osteko bigarren mailako adiera’ horietako bat hartzen dutela (gezur) ageria, (zentzugabekeria) hutsa edo (sukaldari) handia bezalako erabilera adberbialek, (toki) ageria, (edalontzi) hutsa edo (txakur) handia bezalako erabilera kalifikatzaileen aldean.

— Egilea: Juan Karlos Odriozola

1 Demonte 1999: § 3.2.1
2 Trask, L. 2003: § 3.1.2
3 Euskaltzaindia (1991: § 3.2, EGLU-I
4 Etxeberria 2005
5 Artiagoitia 2000: 52-54
6 Eguren 2006
7 Sauri 1997, Peters & Peters (esk.
8 Artiagoitia 2008: § 3.1, Zabala 1999: § 5
9 Bosque 2002, Bosque 2006, Bosque & Reixach 2009, Odriozola 2010
10 Azkarate 1991, Odrriozola 2006
11 Mel’cuk 1998
12 Odriozola 2010: §0.2
13 Demonte (1999), Iwanska (1997), Peters & Peters (esk.
14 Iwenska 1997
15 Odriozola & Ondarra 2010
16 Buenafuente 2007, Cowie 1996b, Fontenelle 1996, Koike 2001, Odriozola & Pérez Gaztelu 2002, Odriozola 2008a, Odriozola 2010: § 0.4
17 Odriozola 2007, Odriozola 2008b, Solé 2002

lanaren aipamena nola egin...

Juan Karlos Odriozola, "Adjektibo adberbialen sintaxia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3