Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:2:3:2

Adjektibo adberbial modalak

  • Adjektibo adberbial modalek aditzera ematen dute hiztunak edo perpausaren subjektuak esaten denari buruz duen uste bat. Horrela, gezur ageria bezalakoetan hiztunak aditzera ematen du ez duela inongo zalantzarik dena delako horren ‘gezurkeriaz’. Izan ere erraz aurkitzen dira aditz edo perpaus maila nonbait modifikatua duten parafrasiak: benetan, egiaz, agerian, garbiki, ziur, dudarik gabe, ustez, itxuraz, ezinbestez, ezustean, (hala)beharrez, ustekabean…
    • Bera da ustezko hiltzailea
    • Ustez, bera da hiltzailea

Agatha Christiek polizia eleberri asko idatzi zituen

  • (Benetako) maitasuna bezalako adjektibo modalek izenari ezartzen dizkioten aurresuposizioak ere aztergai izango ditugu (ez da benetako maitasuna ‘ez da maitasuna’).
  • Predikatu modura jokatzen dute zalantza eza adierazten duten postposizio-sintagma guztiek (maitasun hori benetakoa zen) eta zalantza eza adierazten duten adjektibo soil guztiek (gezur hori ageria da). Zalantza adierazten duten adjektibo soilek ere hala jokatzen dute (konponbide hori zalantzagarria da). Zalantza adierazten duten postposizio-sintagma batzuek aldiz, bat egiten dute predikaziorako ezintasunean (*hiltzaile hori ustezkoa da); hala ere bada horrela jokatzen ez duenik (konponbide hori badaezpadakoa da). Bestelako modaltasunetako bat adierazten duten postposizio-sintagmek bat egiten dute beren predikaziorako ahalmenean (baldintza hori ezinbestekoa da).
  • Zalantza eza adierazten duten postposizio-sintagma guztiek graduatzaile sintaktikoak dituzte (Bene-benetakoa zen, oso benetakoa zen) eta hainbatetan behintzat graduatzaile morfologikoak ere bai (Bene-benetakoa zen). Zalantza eza adierazten duten adjektibo soil guztiek denetariko graduatzaileak onartzen dituzte (Oso ageria da / ageri-ageria da). Zalantza adierazten duten adjektibo soilek ondo onartzen dituzte graduatzaile sintaktikoak (oso zalantzagarria). Zalantza adierazten duten postposizio-sintagma batzuek, aldiz, ez dute inongo graduatzailerik onartzen (*Oso ustezkoa da); hala ere, bada horrela jokatzen ez duenik (Oso badaezpadakoa da). Bestelako modaltasunetako bat adierazten duten postposizio-sintagmek bat egiten dute graduatzaile sintaktikoak eta morfologikoak onartzean (oso beharrezkoa / behar-beharrezkoa).

Zalantza eza

  • Postposizio-sintagma batzuek zalantza eza aldarrikatzen dute giza izen konkretu edo abstraktuekin batera. Haien artean, hala gertatzen da nabarmen egile-izenekin: egiazko (jarraitzaileak / maitaria). Bestelako giza harremanetako izenak ere baditugu: benetako (adiskidea / adiskidetasuna, askatasuna, jabea), egiazko (kaltedunak)… Ekintza/ondorioa adierazten duten izenekin batera ere modaltasuna adierazten dute hainbat osagai adberbialek: benetako (ezkontza / galera / miraria / negarra), zinezko (aitorra)… Izen psikologikoak ederki konbinatzen dira modal modura jokatzen duten osagai adberbialekin: benetako (damua / maitasuna / patxada), egiazko (beldurra / fedea), ,…(Bestelako) izen abstraktuak ere baditugu: ageriko (gezurra), benetako (Jainkoa), bistako (kontua), (duda gabeko) gauza, egiazko (erlijioa),…
  • Baditugu era berean adjektibo soilak: (gezur) ageria, (ispilu) argia, (seinale) dudagabea, (alarma) faltsua, (froga) garbia, (froga) ziurra… Dudagabe eta faltsu alde batera utzita, beste guztiek kalifikatzaile gisa ere joka dezakete: (zeru) argia, (toki) ageria, (babes) ziurra, (kontzientzia) garbia. Gutxi dira adjektibo hauek euskaraz, eta gutxi dira beraiekin batera azaltzen diren izenak. Edonola, [+konkretu] tasuna izan lezaketen froga, seinale edo zantzu bezalako izenak hartzeko aukera daukate. Egile-izenekin, ekintza/ondorio izenekin, izen psikologikoekin, eta bestelako izen abstraktu batzuekin, bitxiak gertatzen dira adjektibo soilak: egiazko maitaria / #maitari ziurra, zinezko aitorra /#aitor ziurra, benetako bakea /#bake ziurra, egiazko erlijioa /#erlijio ziurra.
  • Bestetik, giza harremanetako izenekin batera eta izen psikologikoekin batera postposizio-sintagmek ezeztatu/baieztatu egiten dute izenak adierazten duen izakiaren existentzia bera, ezezko edo baiezko perpausetan.
    • Ez da benetako jarraitzailea/maitasuna ‘ez da jarraitzailea/maitasuna’
    • Gezurrezko jarraitzailea/adiskidea da ‘ez da jarraitzailea/maitasuna’
  • Izan ere, esan liteke honelako izen-sintagmek nolabaiteko erredundantzia fraseologikoa daramatela, behintzat ezeztatuak gerta daitezkeen izen hauekin guztiekin batera. Alegia, ‘jarraitzaileak’ egiazkoak baizik ezin dira izan. Hala ere, are nabariagoa azaltzen da kontu hau egiazko errealitatea bezalakoen kasuan.
  • Ekintza/ondorio izenekin elkartzen direnean, ordea, egiazko zein gezurrezko tankerakoak ez dira hain erraz ez/bai eredu horretara moldatzen.

Eliza asko daude Euskal Herrian, Hondarribikoa da hau, Santa Barbara Musu, zin edo negar bezalako ekintza-izen soilekin batera, baiezko osagaiek egiaztatu egiten dute izena bere osotasunean. Ezezko osagaiek aldiz, ukatu egiten dute ekintzari egozten ohi zaion benetako asmoa edo eragilea, ‘barneko funtsa’ dei litekeena. Ikus bedi gezurrezko zina bezalakoetan, nolabaiteko lege balioa ukatzen zaiola izenari. Eredu honetara makurtzen dira deitura bezalako ondorio-izen batzuekin azaltzen direnak ere. Antzerako zerbait esan daiteke [+objektua] tasuna duten hainbat izeni buruz: gezurrezko (ilea).

  • Gezurrezko (baieztapena / esanak / istorioak / lekukotasuna / kontakizuna) bezalakoetan, izenaren beste dimentsio bat ukatzen da: errealitatearekiko egokitzapena oso-osorik. Itxurazko hemen ez da bideragarria, nonbait hizketa-izenak ditugularik tartean. [+Objektua] diren izenak, oso lotuta daude egoera pragmatiko jakin bati. Alegia, era bat baino gehiago daude hainbat hizkuntz esparrutan gezurrezko ziurtagiria bezalakoak ulertzeko: lege-balioa izateko ziurtagiriak behar dituen baldintza guztien araberako erak izango dira horiek. Era berean, gogoan izatekoak dira (ile / txanpon) faltsua bezalako objektuek aukera emango liguketela antzerako gogoetak egiteko: ‘Ilea’ ote da ‘ile faltsua dena’?
  • Gezurrezko Jainkoa bezalako izen abstraktuekin batera, izenaren existentzia bera baieztatzen/ukatzen da.
  • Euskal harrobiko adjektibo intentsibo soilek ez dute ezezko aurresuposiziorik eragiten [+konkretua] tasuna duten izenekin batera.
    • Ez da froga ziurra ‘baina froga izan daiteke’

Zalantza

Baditugu alegiazko edo ustezko (delitugilea / egilea / erruduna / hiltzailea / lapurra), badaezpadako (aholkuak) bezalakoak eta posible, zalantzagarri bezalakoak. Ustez edo badaezpada daramatenen parafrasiak asmatzen errazak badira ere, ezin esan daiteke horrelakorik posible eta zalantzagarri direlakoei buruz.

  • Oso maiz azaltzen dira egile-izenekin batera eta ekintza/ondorio-izenekin batera.
  • Alegiazko eta ustezko osagaiak, izenaren egia-aurresuposizioa gauzatzen dute, testuinguru neutro bati lotuta ezezko perpausetan behintzat:
  • Ez da ustezko hiltzailea ‘hiltzailea da’

Antzera jokatzen du baiezkoetan zein ezezkoetan (konponbide) zalantzagarria adjektiboak beste tankera bateko izenekin bada ere. Posible adjektiboak aldiz izenaren existentzia bera ukatzen duela dirudi

  • Ez da konponbide posiblea ‘ez da konponbidea’

Bestelako modaltasunak

Ez dirudi honelakoak erraz konbina daitezkeenik giza izenekin, edo izen psikologikoekin baina bereziki ohikoak dira ekintza/ondorio izenekin: derrigorrezko (ezkontza), ezinbesteko (baldintza / neurria / tresna), ezusteko (aurkikuntza / berria), (hala)beharrezko (zerbitzuak), edo ustekabeko (gertakaria / ekaitza / erasoa).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adjektibo adberbial modalak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3