Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:2:3:3

Adjektibo adberbial intentsiboak

Adjektibo adberbial intentsiboen semantika, hurbil dago nolabaiteko zenbakitze lan semantikoa egiten duten adberbioen edo zenbatzaileen semantika-balioetatik. Horrela, (zentzugabekeria) hutsa egin du bezalakoetan, delako ekintza-erreferente bat ‘zentzugabekeria’ noraino den adieraziko da, ereduzkotzat joko dugun huts adjektibo horren bidez.

kakotxa
kakotxa
Gezurra esan nuen Getarian
eta ni baino lehenago zen atarian

Hemen ere erraz aurkitzen dira parafrasiak: huts-hutsean, soil-soilik, garbiki…

  • Gezur hutsa esan zuen
  • Gezurra esan zuen huts-hutsean

Gezur hutsa bezalako adjektibo adberbial intentsiboek, hizkuntzaren bidez behintzat, ez dute aditzera ematen hiztunaren zalantza: ‘erabateko gezurkeria’ egozten da bigarren kasu honetan, tartean zalantza izpirik ere azaleratzen ez delarik. (Gezur) ageria adjektibo adberbial modalaren kasuan ostera, hiztunak hizkuntz baliabide bat (adjektibo adberbiala) erabilita adierazten du ez duela inongo zalantzarik dena delako baten ‘’gezurkeriaz’.

  • Gezur ageria esan zuen ‘niretzat gezurra zen zalantzarik gabe’
  • Gezur hutsa esan zuen ‘esan zuenak ez zuen egia izpirik’
kakotxa
kakotxa
Gezurtiak zer duen merezi?
Egia esatean ez sinetsi

Bereizketa horri begira argigarria gerta daiteke Gezurra esango zuen eta Gezurra esan zuen perpausen erkaketa: Lehenengoan aditzaren morfologiari dagokion hizkuntz baliabide bat azaleratzen da, baina bigarrenean ez da inongo modaltasunik azaleratzen. Bietan ere, jakina, intentsiboa den osagai bat ezar daiteke: Gezur hutsa esango zuen / Gezur hutsa esan zuen.

Badakigu era berean (urre) hutsa eta (urre) guztia erkatzerakoan nahiko ondo ikusten dela adberbialek ez dutela zenbatzaile orokorrek bezala jokatzen eta beraz ez dutela halabeharrez esparru bat jakintzat ematen.

  • (Gezur) hutsa bezalako adjektibo intentsibo osokoek ezin dute predikatu modura jokatu. (Sukaldari) handia bezalako adjektibo intentsibo zatikakoek aldiz, gauzatu dezakete predikazioa.
  • (Gezur) hutsa bezalakoek ez dute graduatzaile sintatikorik onartzen baina ondo moldatzen dira bikoiztapenetan: *oso gezur hutsa / gezur huts-hutsa. Bestetik, (Sukaldari) handia bezalakoek denetariko graduatzaileak onartzen dituzte.
  • Oso deigarria da adberbial modalekin batera agertzeko dituzten zailtasunak. Koordinazioa ere ez da zilegi: *Gezur ageri (eta) hutsa

Modalen antzera, intentsiboak izenetik urrunago azaltzen dira erreferentzialak eta kalifikatzaileak baino. Areago, hainbatetan behintzat, adjektibo kalifikatzaileari edota izen-multzoari eragiten diotela dirudi: gizon zintzo hutsa baina #gizon hutsa.

Adjektibo kalifikatzaileen eta adjektibo adberbial intentsiboen arteko muga

  • Izen psikologikoak, eta izen fisiologiko edo antzerako izenak tartean daudenean ere, hainbat adjektiboren bidez neurtzen da zerbait. Ahalik eta aztergai gehien hartu nahi izanez gero, onar liteke dena delako neurtze hori dela-bide era intentsiboan jokatzea dela, hain zuzen ere izen hauen tasun abstraktuei esker, gure ustez. Honelakoetan, erraz onar daiteke (hitz) larriak, (gaixo) ahula edo (jende) eskasa bezalakoetan erabilera kalifikatzailea dugula eta (kezka) larria, (fede) ahula edo (soldata) eskasa bezalakoetan nolabaiteko erabilera adberbiala intentsiboa. Besteak beste abstraktu izate horretan datza adberbialtasuna ikusteko nolabaiteko aukera: izen abstraktuak dira honelako adberbialen bidez neur daitezkeen bakarrak.
  • Honelakoak ditugu beraz:
    • (borondate / fede) ahula, (jakituria) altua, (grina) apala, abilidade aparta, (oinaze) arina, (amorru / hazkura / itxaropen/ zaletasun) bizia, (nahi) bortitza, (lasaitu) ederra, (eragabeko) gutizia, (fede) eskasa, (behar / ideia / kezka / kidetasun / premia) estua, (sineste / zaletasun) gartsua, (oinaze) gorria, (premia) gogorra, (etsipen /nahi) gordina, (behar) gorria, (grina) handia, (beldur) ikaragarria, (adimen / itxaropen) laburra, (arrisku / kezka) larria, (neke) latza, (damu) luzea, (ardura) makala, neurrigabeko (harrokeria /maitasuna), buru murritza, (fede / uste) onargarria, (arrazoi) pisutsua, (maitasun /min) sakona, (sineste) tinkoa, (neke) txikia, (adimen) zorrotza…
  • Edonola, adberbialtzat jotzen ditugun hauek ezin bide dira ereduzko adberbialekin batera azaldu: *etsipen gordin (eta) hutsa baina etsipen mingarri (*eta) hutsa.
  • Adiera fisikokoak kalifikatzailetzat jo behar dira, garbi baitago izen konrektuen berezko ezaugarri bat egozten dela:
    • (jende / gaixo) ahula, (egun) argia, (mendi) altua, (hizketa / ziztu) bizia, (gizon) bizkorra, (etsai / haize) bortitza, (espaloi / heste / ohe) estua, (eguraldi / zeru ) garbia, (etxe / mutil) galanta, (adin / alde / izen / ur) handiak, (toki) hutsa, (letra) larria, (edari / soinu / borroka / une) latza, (kate) pisutsua, (lurralde) pobrea, (leize) sakona, (ezpata) soila, (usain) txarra, (herri) txikia, (aizkora) zorrotza, (babes) ziurra…
  • Tartean metafora, metonimia edo oro har irudizko adiera bat dagoelarik, erabakia ez da hain erraza, bai baitirudi izen konkretua zein abstraktua neurtzen ari garela:
    • berealdiko (zuloa), berebiziko (tresna), (eguzki / bihotz) gartsua, (arraza) garbia, (bihotz) handia, (erantzun) gogorra, (gazte) gordina edo (ardo / negu) gorria, (hiriburu) paregabea, (gogoeta) sakona, (hitzaldi) sutsua,… Kontuan har bitez era berean adin txikia, ordu txikiak ur txikia, ume txikia edo zortziko txikia bezalako unitate fraseologikoak.
  • Ikaragarri(zko) eta izugarri(zko) bere aldetik, metafora batean zehar heldu zaizkigu egungo euskaldunoi, erabilera kalifikatzailean: (idazle / mesede / hotz ) izugarria. Esan beharra dago ordea jatorrizko adiera (psikologikoa eta kalifikatzailea) bizi-bizirik antzematen dugula askotan: (amildegi / heriotza) izugarria.
  • Gabe sarrerak, izenondo elkartu ugari sortu ditu, nonbait zenbatzaile zehaztugabeen edo orokorren parean. Itxuragabe, eragabe edo kontugabe bezalakoek nolabaiteko metaforizazioa jasan dute, baina badira gardenak direnak, neurrigabe edo mugagabe kasu. Itxuragabe eta eragabe bezalakoek aditza modifika dezakete (itxuragabe ugaldu dira web-orriak). –Ko postposizioaren aurrean, bereiz idatzi beharko lirateke ziur aski, baina edonola, postposizio-sintagmek zein adjektibo elkartuek bete dezakete izena modifikatzeko funtzio hori berori: (jendetza) itxuragabea / itxuragabeko (jendetza), (grina) eragabea /eragabeko (grina)1.
  • Aurreratu bezala, (Jende) eskasa, (mutil) kaskarra, (bertso) txarra,… bezalakoetan, erabilera kalifikatzaile garbia dago, tartean inongo irudizko adierarik edo adiera fisikorik sumatzen ez delarik.
  • Bukatzeko, kolore-izenekin batera bizi adjektiboak parte hartzen du muga betean dauden sintagmetan: (berde / gorri) bizia.
1 Odriozola 2004a

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adjektibo adberbial intentsiboak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3