Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:2:3:3:1

Adjektibo adberbial intentsibo motak

Euskarak dauzkan adjektibo adberbial intentsiboak landuko dira atal honetan:

  • Osokoak
  • Zatikakoak
  • Eratorriak
    • Zenbatzaileetatik eratorritakoak
    • Zenbatzaile zehaztuetatik eratorritakoak
    • Zenbatzaile zehaztugabeetatik eratorritakoak
    • Zenbatzaile orokorretatik eratorritakoak
  • Mugatzaileak

Osokoak

  • Ereduzko intentsiboei dagozkien esparru honetan, euskarak baditu adjektibo soil ugari. Honelakoek, agerian uzten dute izenak adierazten duen izaki jakin bat noraino egotz dakiokeen erreferente bati: (ihes / lo) betea, (gezur) hutsa, (ardi-txakur / euskaldun) petoa, (langile) soila. Ondo konbinatzen dira ekintza/ondorio izenekin eta egile-izenekin.
  • (Alfer / harro /nagi) hutsa adjektiboa izen edo adjektibo psikologikoekin batera ere azaltzen da. Ikus bedi honelakoetan izen bera neurtzen dela, (gizon zintzo) hutsa bezalakoetan adjektiboa neurtzen bada ere. Ekintza/ondorio izenek esparru psikologikoetan duten txokoan ere badu tokia huts honek: alferkeria / asmakizun / gezur,… Honelako izen-sintagmak oso maiz azaltzen dira aditza edo perpausa modifikatzen duten postposizio-sintagmen barruan: (jaiotza / ukitze) hutsez, (uda) betezko (beroan).
  • Soil adjektiboak ere antzerako tokia hartzen du esparru honetan besteak beste lanbide-izenekin batera: (bertsolari / langile / morroi) soila. Hala egiten du izen psikologikoekin ere, huts bezala postposizio-sintagmen barruan agertuta: aditze hutsarekin, (irudimen) soilez.
  • Erabateko (lehentasuna) postposizio-sintagma ihartua behintzat badugu sail honetan.

Zatikakoak

(Leungarri) ona edo (sukaldari) handia bezalakoetan, ‘leungarri-ahalmena’ eta ‘sukaldaritasuna’ neurtzen dira. Lan honetara ekarri nahi dugun parafrasiak behintzat, argiro erakusten du hori:

  • Sukaldari handia izan zen
  • Handia izan zen sukaldari modura

Karlos Argiñano oso sukaldari ezaguna da

Izan ere, bibliografian1 ondo bereizi izan dira (txakur) zuria bezalako adjektibo kalifikatzaile absolutuak adjektibo kalifikatzaile erlatiboetatik: ‘txakur zuria dena’ bada era berean ‘ugaztun zuria’. ‘Txakur handia dena’ aldiz ez da halabeharrez ‘ugaztun handia’.

Parafrasiak, ondo bereiziko ditu sukaldari handia bezalako adberbial erlatiboak, kalifikatzaile erlatiboetatik:

  • *Handia da txakur modura / √ txakurra izateko
  • *Handia izan zen sukaldaria izateko

Horretaz gain, adjektibo kalifikatzaile erlatiboak ondo bereizten dira adjektibo kalifikatzaile absolutuetatik:

  • *Zuria da txakur modura/*txakurra izateko
  • Handia da *txakur modura/√ txakurra izateko

Adberbial modura erabiltzen direlakoan hona ekarri ditugun hauek, gainontzeko intentsiboen antzera ezin dira koordinatu ereduzko adjektibo adberbial intentsiboekin: *Sukaldari handi hutsa. Gogoan izan bedi adberbialak erraz konbinatzen direla kalifikatzaileekin: berritzaile hutsa.

Edonola, aurreko sortetan sumatzen diren semantika- eta sintaxi-ereduak oso lotuta daude izenen azpikategoria jakin batzuekin edota izen kategoriaren barruko klase lexiko batzuekin.

  • Lehenik, bibliografian ez dira oso maiz aipatzen, baina euskararako behintzat aldarrikatu behar dugu (azido) ahula, (garbigarri) aparta, (sendagai) bizkorra edo (leungarri) ona bezalakoek adberbial gisa joka dezaketela, gai-izenekin batera. Berez ‘azidoagoak’ eta ‘hain azidoak ez diren gaiak bereizten dira Kimikako esparru berezituan eta euskara orokorrean, eragingarri diren gaien izenekin batera behintzat. Adberbialen ezaugarritzat jotzen dugu guk hori, eragingarritasuna bera baita neurgai hartzen dena.
  • Gai-izenen esparru handiago batekin batera azaltzen da (kafe / pozoi) hutsa adjektiboa, hain zuzen ere fisikoa den adiera baten berri emateko, baina esparru adberbialetik urrundu gabe. Gogoan har daiteke honetan (gezur) hutsa / (Fisika hutsa) / (kafe, azido, urre) hutsa hirukotea, izen abstraktuenetatik izen konkretuenetara doana. Gogoratu behar dugu hirugarren mailako kideek predikazioa onar dezaketela. Purua ere aipatu beharrekoa da hirugarren mailako izenek erabilera berezituetan hartzen duten erabilerari begira.
  • Giza izenekin batera ere ereduzko erabilera erlatiboa hartzen dute adjektibo adberbial batzuek. Lehenengo eta behin, lanbide-izenak aipatu behar dira bibliografiarekin bat eginez: (kirolari) aparta, (historialari) bizkorra, (hizkuntzalari) eskasa, (euskaltzale) gartsua, (iraultzaile / langile) handia, (filosofo) kaskarra, (artzain) ona, (langile) porrokatua, (arraunlari / irakurle) trebea, (errementari) txarra, (pentsalari) zorrotza, (sukaldari) handia… Esparrua zabaldu eta giza harremanetako izenak aipatu behar ditugu euskarari begira behintzat: lagun aparta, (saindu / ero / lagun) handia, (alproja ) galanta, (etsai) amorratua, (etsai) handia, (adiskide) mamia, (adiskide / lagun / etsai) mina, (langile) motela, (ama / seme / irakasle) ona, (euskaltzale / jarraitzaile) sutsua, (lagun) txarra.
  • Euskal ekintza/ondorio izenek ondo onartzen dituzte zatikako intentsibo modura jokatzen duten adjektibo zein postposizio-sintagma adberbialak: berealdiko (barreak /iskanbila), berebiziko (negarra), (astindu / hitz-aspertu) ederra, (debeku / ezetz / harreman / lotura) estua, (hanka-sartze / tontakeria) galanta, (harreman / lotura) hertsia, (zerga) larriak, (galera) ikaragarriak, (gaiztakeria / gehiegikeria) izugarria, (hiztegi) oparoa, (sortze) pobrea, (kritika) zorrotza.
  • Ekintza/ondorio izenek ez dute onartzen adberbialen parafrasia, ez eta kalifikatzaileen parafrasia ere:
    • *Tontakeria modura/*tontakeria izateko, galanta da
  • Areago, sarreran aurreratu bezala, batzuek ez dute graduatzailerik onartzen, erabilera kalifikatzaileetan ez bezala:
    • (*Oso) tontakeria galanta da
    • Oso andre galanta
  • Erabilera adberbial hauen irudizko adiera ondo bereizten da erabilera kalifikatzaileen adiera fisikotik: hurrenez hurren, (debeku) estua, (tontakeria) galanta, (kritika) zorrotza… batetik, eta bestetik (korridore) estua, (andre) galanta, (aizto) zorrotza…

Eratorriak

Adjektibo adberbial intentsiboak zenbatzaileetatik ere erator litezke. Hauek ikusiko ditugu atal honetan:

  • Zenbatzaileetatik eratorritakoak
    • Zenbatzaile zehaztuetatik
    • Zenbatzaile zehaztugabeetatik
    • Zenbatzaile orokorretatik

Zenbatzaileetatik eratorritakoak

Orain, morfologia lexikoko irizpide garbi bati eutsiko diogu, zenbatzaile zehaztuak edo zehaztugabeak oinarri hartu eta eratorpen baten bidez lortzen diren sarrerak aztertzeko. Hauek guztiek, lan honetan aztergai hartu ditugun guztien antzera, mugatzailea behar dute, zenbatzaile askok ez bezala; hala ere, berdin gogoratu beharko dugu mugatzailearen agerpenak badakartzala hainbat irakurketa, eta hori dela-bide, bere horretan utziko dugu adjektibo adberbiala / zenbatzaile orokorra bereizketa.

Honelakoetan ez dira bideragarriak irizpide nagusi gisa erabili ditugun bi parafrasiak.

Zenbatzaile zehaztuetatik eratorritakoak

  • Bikoitz, hirukoitz eta abarrekoak zenbatzaileekin batera ere aztertu izan dira hizkuntzalaritza aplikatuko lanetan2. Izan ere, esangura berezitua dute Matematikako arloan:
    • 2ren bikoitza 4 da (hau da, bi bider bi berdin lau)
  • Hizkuntzaren erabilera orokorrean, beste esangura bat dute honelakoek:
    • Opari bikoitza egin zidan ‘bi opari, bi eratara uler daitekeen oparia, edo bi atalez osatutako oparia’
  • Gainera, izaera funtzionalen bila jartzekotan, aurkituko dugu ereduzko zenbatzaileek plurala eragiten dutela aditzean baina bikoitz bezalakoek ez dutela horrelakorik egiten.
    • Izugarri eskertu nizkion bi opariak ‘bi opari diferente’
    • *Izugarri eskertu nizkion opari bikoitza
  • Areago, zenbatzaile zehaztuak ez bezala, bikoitz bezalakoen taldekoak ez dira gai zenbakaitzei zenbakitze irakurketa ezartzeko:Gazpatxoa oso jaki ohikoa da Andaluzian
    • #Gazpatxo bikoitza erosten zuen
    • Bi gazpatxo erosten zituen ‘bi gazpatxo mota’
  • Badira bestetik egonkortasun fraseologikoa dutenak: (izar / kontsonante / leiho) bikoitza.
  • Zenbatzaileak kategoria funtzionaltzat jo badira ere, hemengo hauek eduki lexiko nabarmenagoa dute, eta edonola izenaren modifikatzaile edo predikatu gisa joka dezakete.
  • Bikoitz, hirukoitz eta abarreko eratorpen kideak ez bezala, bakoitz teoria-lanetan zenbatzaile orokorren esparruan sartu izan da bete-betean3, ingelesaren every4 edo gaztelaniaren5 cada direlakoen antzera jokatzen baitu. Singularra behar dute aditzean:
    • *Oroitzapen bakoitzak bere unea dute
    • Oroitzapen bakoitzak bere unea du
  • Bikoitz eta abarrekoak ez bezala, bakoitz ez da gai ohiko predikazioa eratzeko, ez eta izen-adjektibo segidetan ere:
    • *Oroitzapen hori bakoitza da.
    • *Hori oroitzapen bakoitza da.
  • Zenbatzaile orokorren irakurketa eredura makurtzen da eta ez adjektibo adberbialen irakurketa eredura:
    • Oroitzapen bakoitza berraztartzen badut ‘badira berraztertzeko hainbat oroitzapen’
  • Bakar (bat) osagaia, zenbatzaile zehaztugabeen antzerakoa da. Bakarra anbiguoa iruditzen zaigu hainbatetan, baina zenbatzaile orokorren antzerako irakurketa suma daiteke, sintaxia dela-bide. Beraz, ez dago oso urrun zenbatzaile zehaztuen aukera sortatik.
    • Oroitzapen bakar bat berreskuratzen badut ‘agian ez dago berreskuratzeko oroitzapenik’
    • Oroitzapen bakarra berrekuratzen badut ‘agian ez dago berreskuratzeko oroitzapenik edo agian bai’
    • (Dagoen) oroitzapen bakarra berreskuratzen badut… ‘bada oroitzapen bat’
  • Bakarkako (abeslaria) bezalakoek ez dute predikatu modura jokatzen (*Abeslari hori bakarkakoa da), baina banakako(txapelketa) bezalakoek aldiz bai.
  • Bakun eta bakan, duten etimologia dutela ere, predikatu zein modifikatzaile modura azaltzen dira, eta maila-zenbatzaileak onartzen dituzte. Oso aparailu bakuna bezalakoetan bat egiten dute tasunezko izenondoekin ezaugarri askotan. Hala ere, hizkuntzalaritzaren esparru berezituan behintzat, zenbakizko erabilera garbia eman zaio perpaus bakuna izen-sintagma (ihartua)ri, eta oro har egia da egitura bakuna bezalako izen-sintagma batek erraz adieraz dezakeela “ez bikoitza”. Honelakoan, maila-zenbatzaileak ez dira zilegi.

Zenbatzaile zehaztugabeetatik eratorritakoak

  • Anizkoitz osagaia multiplo delakoaren parean erabiltzen da Matematikako esparru berezituan.
    • 100, 20ren anizkoitza/multiploa da
  • Baina anizkoitz, aniztun bezala, adjektibo kalifikatzaileetatik hurbil dagoela dirudi.
    • Oso gizarte anizkoitza/anizkuna da.
  • Gutxieneko eta gehienezko, izenak adierazten duenari erreferentzia gisa erabiltzen den maila bat egoztekoak dira: gutxieneko zerbitzuak diogunean, zerbitzu kantitateen artean txikiena adierazi nahi dugu. Honelakoak argumentu funtzioko sintagmen artean azaltzen dira eta bai izendun predikatuetan ere. Ez dute maila-zenbatzailerik onartzen.
    • Gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte.
    • Horiek gutxieneko zerbitzuak izan dira bakar-bakarrik.
    • *oso gutxieneko (zerbitzu)ak.
  • Ugari soila mugatzailearekin batera zein mugatzailerik gabe ager daiteke, eta semantika-irakurketan zein sintaxian zenbatzaile orokorrek eta zenbatzaile zehaztugabeek bezala jokatzen du hurrenez hurren:
  • Oroitzapen ugari berreskuratzen baditut ‘agian ez dago berreskuratzeko oroitzapenik’
  • Oroitzapen ugariak berreskuratzen baditut ‘badira berreskuratzeko oroitzapenak’

Zenbatzaile orokorretatik eratorritakoak

Aztergai hartu ditugun adjektibo intentsiboak ondo bereizi ditugu zenbatzaile orrokorretatik: (egia) guztia gure lanetik kanpo utzi dugu eta (egia) hutsa aldiz, geureganatu egin dugu aztergai gisa. (Bilkura) guztia / osoa ere baztertu beharko litzateke gure lan honetatik, baina osoko (bilkura) bezalakoak hurbil bide daude erabilera adberbialetatik edo besterik gabe erabilera adberbiala dutela esan genezake. Guztizko ere aipatu beharko litzateke hemen. Era berean, (arau / greba / hizkuntzalaritza) orokorra ekar genezake hona.

Mugatzaileak

  • Beste hizkuntzetarako ez dira aipatu esparru politikoko (gehiengo / monarkia) absolutua edo (gehiengo) erlatiboa bezalakoak eta esparru berezituetako (balio) erlatiboa, (balio) diskretuak, balio ertaina bezalakoak, baina badirudi hona ekartzekoak direla edonola.
  • Bestetik, (gezur) garbia bezalakoetan, adjektibo adberbial modala dugula esan dugu, baina (etekin / irabazi / soldata) garbia bezalako segida fraseologikoetan adjektibo adberbial intentsiboek osatutako unitate fraseologikoak ditugu. Bestetik, esana dugu (oinaze) gordina bezalakoetan erabilera adberbiala izan genezakeela. (Soldata) gordina adjektiboak eratutako unitate fraseologikoak aldiz, erabilera adberbial intentsiboa dauka. Gogoan izan bedi garbi zein gordin adjektiboek ondo onartzen dituztela graduatzaileak eta predikazio-guneak beren erabilera kalifikatzailean. Ez da hori gertatzen hemengo erabilera honetan:
    • *Soldata hori garbia/gordina da
  • Bere morfologia-jatorriari begira behintzat, hemen koka litezke halaber (artzain / edertasun / ondasun) paregabea (eta pare gabeko) bezalakoak: bistan da paregabe bezalakoek badaramatela bere baitan nolabaiteko erkaketa, baina badute halaber erkaketa ilundu egiten duen erabilera adberbiala, (txistulari) handia bezalakoen antzera. Pareko eta antzeko / antzerako ere hemen kokatzekoak dira.
  • Gure ustez, hemen sartzekoak dira (gauza) jakin(a) eta (arazo) nagusia bezalakoak. Azken hau, zenbatentzat onargarria da graduatzaile morfologikoekin batera: (arazo) nagusiena.
  • Bukatzeko, saihestezinezkoa da berdin adjektiboaren aipu soila behintzat. Berarekin batera, peto delakoaren erabilera ezestandarra: Bere aita peto petoa duzu ‘aita bezalakoa da’
1 Alexidou et al (2007: III), Amoia & Gardent (esk.), Demonte 1999: § 3.2.3.2, Peters & Peters (esk.
2 Ensunza et al 2002: § 8.4.4
3 Etxeberria 2005
4 Kroch, 1979, Ladusaw 1979
5 Sánchez 1999

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adjektibo adberbial intentsibo motak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3