Denbora/tokizko adjektibo adberbialak eta beranduago ikusiko ditugun denbora/aspektuzko adjektibo adberbialak, oso desberdinak dira aurrean ikusiak ditugun modaletatik eta intentsiboetatik. Biek ere, izenarekin nolabaiteko zerikusia duen gertaera baten ‘zirkunstantzia’ adierazten dute, eta aurreko adberbial guztiek bezala, ez dute zehazki izenaren berezko ezaugarririk adierazten. Zehazkiago, hemengo hauek toki/denbora kokapena adierazten dute.
Izenetik urrunago azaltzen dira modalak baino. Hona hemen bortxatu samarrak baina argigarriak diren segida hauek: auzo hurbil ziurra baina *auzo ziur hurbila eta benetako gertuko auzoa baina */#gertuko benetako auzoa. Ohi bezala, azken hau testuinguru pragmatiko jakin batek bihur lezake bideragarri: ‘gertukoak diren auzoen artean, benetako bat (ez itxuraz bakarrik herria dena eta herri-bizitzarik ez duena).
Izenetik hurbilago azaltzen dira intentsiboak baino. Hona hemen hainbat adibide, bortxatu samarrak hauek ere: negu hurbil soila baina *negu soil hurbila. Bestetik, toki/denborazko hauek ere izenetik urrunago kokatzen dira kalifikatzaileak baino: herrialde kataluniar handi hurbilak baina *herrialde kataluniar hurbil handiak eta *herrialde hurbil kataluniar handiak.
Euskal izen erlazionalek denbora zein tokia adierazten dute oro har. Bestetik, muga kontu bitxiak dituzte kalearteko (bizitza) bezalakoen eta kale arteko distantzia bezalakoen artean, hizkuntza honen lexikalizazio eta gramatikalizio bilakeren ondorio gisa. Oso maiz, -ko postposizioarekin batera ihartuak daude eta hiztegian azaltzen dira hitz modura2.
Besteak beste, erabilera berezituetan aurki daitezkeen atomo1 azpiko2 partikula3 edo transkripzio1 osteko2 epea3 bezalakoek erdal partícula3 sub2atómica1 (cif. gazt. átomo) edo periodo3 post2-transcripcional1 (cif. gazt. transcripción) erdal egituren semantika-balio berbera dute. Bestela, honelako 1 + 2 batura guztiak osagai erreferentzial sailkatzailetzat jo izan dira orokorki3. Alegia, azpiko edo inferior adberbialak dira, baina atomo azpiko eta subatómico, erreferentzialak.
Horrekin batera, euskal bibliografiak ‘erlazional’ deizioa erantsi die azpi edo oste bezalako izenei4. Agian egokiagoa izan liteke azpi bezalakoetarako ‘izen erreferentziala’ delako deizioa: berez izenak dira, eta bestetik atomo azpiko bezalako segida erreferentzialetan hartzen dute parte. Zer esanik ez, atomo bezalako izenak ez dira erreferentzialak.
Hauek dira ohikoenak: aitzinako (lanabesak / ohiturak), aurreko (hankak / ohiturak / belaunaldia / danbolina), atzeko (hankak), alboko (aretoa), barneko (bozkarioa / gatazka / kezka), barruko (gona), bitarteko (zubia), …
Bukatzeko badakigu bibliografiaren arabera5 denbora/toki kokapena adierazi duten hauek oso hurbil daudela bigarren bezalako hurrenkera-zenbatzaileetatik, baina aurrean esan bezala, beste ohiko atal batzuetarako utziko dugu bere azterketa, ereduzko zenbatzaileekin batera egin beharko dena. Antzerako zerbait esan liteke azken (aurreko) bezalakoei buruz
lanaren aipamena nola egin...