Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:2:3:5

Denbora/aspektuzko adjektibo adberbialak

Bi arrazoi izan ditugu toki/denbora eta denbora/aspektu bereizketa egiteko. Batetik, euskarak tokia zein denbora adieraz dezake bere izen erlazionalak direla-bide. Bestetik, lan hau ez da lekua denbora eta aspektuaren arteko teoria-bereizketa zorrotzak egiteko. Horrela ba, tokia inola ere adierazten ez duten hauek hartuko ditugu azken aztergai.

  • Hona hemen parafrasiak: aldi berean, aspaldi, bat-batean, beti, etengabe, gaur…
  • Berez, honelakoak hartu beharko lirateke aztergai: aldibereko (itzulpena), aspaldiko (lagunak / ohitura / oroitzapena), bat-bateko (bertsogintza / eztanda), betiko (sua), behin-betiko (erabakia), eguneko (albisteak), egungo (euskara / gazteria), gaurko (bizimodua / egunkaria), gaurko edo eguneroko (ogia), noizbehinkako (lana).

Maddalen Iriartek urteak daramatza Eitbn lanean

  • Hona ekarriko ditugu aurretiazko (baldintzak), aurretiko (abisua) bezalakoak, denbora/aspektuzko osagai adberbial hutsak ditugularik ondo bereizten baitira toki/denborazko adberbialetatik, Berez aurre horrek hartzen dituen esangura sortatik, aurretik har dezakeen adiera bakarrera aldatuko gara.
  • Berezko adjektibo adberbial eratorriak ez dira hain ohikoak: (bizitza) amaikorra, (uda) berantiarra, sekuentzia (errepikakorra), egoera egonkorra.
  • Oso emankorra da gabe osagaia hartzen duen morfologia-eredua, beti ere adjektibo adberbialen sortzailea1: (guda / istorio / kontu) amaigabea, (ebaluazio / hizketa) etengabea. (Adizki) burutugabeak ezagunak kalifikatzaile itxura du.
  • Euskararen barruan, aztergai hartu behar da berri adjektibo soila: (euskaldun / urte) berria. Berak emandako elkarteak ere adberbialen artean sartzekoak dira: (ume) jaioberria. (Irakasle) hasiberria ere hemen sartzekoa da, baina agian metafora baten bidez, intentsibo itxura har dezake adjektibo-elkarte honek. Gabe eta berri hauetan oinarritutakoak dira euskal bibliografian agerian adjektibo adberbial modura orain arte deskribatuta zeuden bakarrrak2.
  • Berant eta sarri adjektiboak ere aipatzekoak izan litezke, eta beraiekin batera, batez ere Iparraldeko euskalkietara mugatua den usu. Ohikoagoak diren (sukaldari) aitzindaria eta (senar) ohia ere aipa litezke hemen.
  • Erreferentzialtzat hartuko ditugu honelakoak: adberbioetan edo bat-bateko bezalakoetan oinarriitu gabe, erreferentzia beregaina eraman dezaketen izenetan oinarritutako postposizio-sintagmak, epekako edo unean uneko bezalakoak. Izan ere, erreferentzial dirudite azken hauek, ikusia ditugun ahoko, lurreko edo tokian tokiko tokizkoen antzera.
  • Gehienek predikatu modura jokatzeko aukera dute: Lagun horiek aspaldikoak dira.
  • Hainbatetan behintzat, onartzen dituzte sintaxi-graduatzaileak: oso aspaldiko /aspaldi-aspaldiko baina *oso aldibereko.
  • Izenetik hurbilago azaltzen dira modalak eta intentsiboak baino: batetik baditugu aldaketa etengabe ziurra eta benetako etengabeko aldaketa baina *aldaketa ziur etengabea eta */#etengabeko benetako aldaketa eta bestetik, aldaketa etengabe hutsa eta erabateko etengabeko aldaketa, baina *aldaketa huts etengabea eta */#etengabeko erabateko aldaketa. Ohi bezala, azken hau testuinguru pragmatiko jakin batek bideragarri bihur lezake.
  • Izenetik urrunago kokatzen dira denbora/tokizkoak baino: ohiko gertuko egunkaria baina */#gertuko ohiko egunkaria.
  • Beraz, badirudi honelako hurrenkera dugula, izenetik gero eta urrunago goazelarik: erreferentzialak > kalifikatzaileak > denbora/tokizko adberbialak > denbora/aspektuzko adberbialak > adberbial modalak > adberbial intentsiboak.
  • Jarduera-, ekintza- eta egile-izenekin batera azaltzen dira batez ere, baina hainbatetan lagun bezalako izenak onartzen dituzte, eta era berean, denboran kokatu beharreko objektuak ere (eguneroko ogia kasu).

— Egilea: Juan Karlos Odriozola

1 Odriozola 2004a
2 Odriozola 2004b

lanaren aipamena nola egin...

Juan Karlos Odriozola, "Denbora/aspektuzko adjektibo adberbialak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3