Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:3

Adjektibo bat baino gehiago

Izen sintagmaren barnean izenek adjektibo bat baino gehiago har ditzakete zenbaitetan:

  • elgoibartar neska arina
  • txakur polit azkarra

Hona hemen egungo idazleen adibide zenbait:

  • Heldu eta berehala, Tomasek gorputz delikatuko neskatila misteriotsu bat aurkeztu zion, dantzari lirain gazte bat zen. (Egurra pinotxori, Aritz Gorrotxategi)
  • Perez idazle bilbotar gazte-gazteak ahalik eta etekin handiena atera dio egoera berriari frankismoaren pean bizi izan garenon ikuspuntua jasoz, inoiz ere argitu ez diren kontu batzuk azaleratuz demokraziaren aldeko manifestazioetan tirokatutako jendea, bide bazterretan lurperatutako lagunak…. (Bost ordu eta zazpi aulki, Berria, Agus Perez)
  • Eta zenbat pareta zahar anonimo ikusi ote dute ene begiek, Basaburu alde honetatik atera gabe!… (Harrizko pareta erdiurratuak, Perurena, P.)
  • Gizon hura gizon zital bibotedun bat zen, eta gero iristen zen gizon bat bibote gabea, pare bat muturreko jotzen zion zitalari, eta, hartara, bibote gabeak ematen zion musu emakumeari. (Denak hasperenka, Gianni Celati / Pello Lizarralde)

Adjektibo horietako bat gentilizioa edo –dun amaierakoa bada, izenaren ezkerrean ager daiteke, adjektibo segida arintzeko, eta kalifikatzailea, berriz, eskuinean: Toti Martinez de Lezea, gasteiztar idazle ezaguna

  • gasteiztar idazle ezaguna
  • bibotedun gizon azkarra
  • donostiar apaiz zaharra

Baina eskuinean ere eman litezke bi adjektiboak:

  • idazle ezagun gasteiztarra
  • gizon azkar biboteduna
  • apaiz donostiar zaharra

Baina hurrenkera horiek guztiak berdinak dira? Perpausaren adiera berbera da adibide batean eta bestean? Normalean informazio garrantzitsuena ematen duen adjektiboa izenaren ondoan jartzeko joera daukagu:

  • auto handi zaharra › tamaina azpimarratu nahi dugu
  • auto zahar handia › zahartasuna azpimarratu nahi dugu

Bestalde, tamaina eta kolorea adierazten ditugunean, badirudi kolorea lehenago aipatzeko joera daukagula:

  • kapela urdin zabala; kapela gorri handia; pipa beltz motza
  • Barre egitean, sorbaldak eta bular handiak dardarka hasi zitzaizkion emakumeari, gerruntze urdin estu baten azpian. (Manhattan Transfer, John Dos Passos / Lopez de Arana)
  • Ez dinat ikusi nahi hire aurpegi beltz itsusia nire gainean makurtuta. (Maitea, Toni Morrison / Anton Garikano)

Elizanburuk, hala ere, alderantziz erabiltzen du:

Horrenbestez, izenondoen ordena subjektiboa dela dirudi, eta gehienetan, anpatu edo azpimarratu nahi duen hura jarriko du izenaren ondoan hiztunak.

Adjektiboen hurrenkera

Lafittek (1962: 120) ere hala dio, hiztunaren asmo pragmatikoaren araberakoa dela adjektiboen hurrenkera, baina “harmonia” ere aipatzen du, hau da, hizkuntza kontuan izanik, hurrenkera batzuk besteak baino harmonizatuago daudela dirudi. EGLU Ien ere aipatzen da kontu hau:

  • Beraz, badirudi izenondoen ordena subjetiboa dela. Hiztunak erabakitzen duela zein den izen bati buruz eman dezakeen infonnaziorik garrantzitsuena eta zein bigarren mailan gelditzen dena.
    Gehienaz ere subjetibotasun honen barruan adjetiboen luze-laburraren kriterioa aipa daiteke. Bi adjetibo erantsi nahi badizkiogu izen bati, biak garrantzia aldetik berdintsu jotzen ditugunak, laburrena ipiniko dugu lehen, eta luzeagoa gero: Ile argal horiska

Goenagak (1997:XX) ere gauza bera dio.

Euskaran ez ezik, munduko beste zenbait hizkuntzatan ere aztertu da adjektiboen hurrenkeraren gaia, eta hizkuntzalariak ereduak, hierarkia orokorrak finkatzen ere saiatu dira. (2002b) Sproat eta Shih (1991) ikertzaileek proposatutakotik abiatuta, Artiagoitiak ordena hau proposatzen du sintagma batean hainbat adjektibo biltzen direnean haiek ordenatzeko:

  • kualitatea, neurria, forma, kolorea, jatorria

Horren arabera, hizkuntzetan ordena hori da hedatuena:

  • ↑ ordenagailu aleman gris txikia
  • ↓ ordenagailu gris txiki alemana
  • ↑ korrikalari katalan argala
  • ↓ korrikalari argal katalana

Scotten (2002) hierarkiari segituz, Oyarçabalek (2006) dio hurrenkera bat bestea baino neutroagoa dela:

Cordoban oso ohikoa da atariak lorez apaintzea, lehiaketa ere egiten dute maiatzean

  • ↑ uda bero luzea
  • ↓ uda luze beroa
  • ↑ arroz-esne bero gozoa
  • ↓ arroz-esne gozo beroa
  • ↑ motxila pisutsu handia
  • ↓ motxila handi pisutsua
  • ↑ errepide estu kaskarra
  • ↓ errepide kaskar estua
  • ↑ neska gazte lerdena
  • ↓ neska lerden gaztea
  • ↑ balkoi apain txikia
  • ↓ balkoi txiki apaina
  • ↑ zuhaitz fin garaia
  • ↓ zuhaitz garai fina

Artiagoitiak (2006: 149) dioenez, finkoak diruditen hurrenkera horiek –nahiz aldaketak egin daitezkeen– bat datoz beste zenbait hizkuntzaren kasuan proposatu diren aldaketekin. Scotten hierarkia kontuan izanik, hurrenkera hauek ikusten ditu Artiagoitiak euskal literaturan:

  • jatorria, adina:
  • jatorria, tamaina:
  • jatorria, ebidentziala eta ebaluazioa:
    • Berdina ez izaki eta ezker-eskuin makurra, gure auzoko karrika nagusiak sugea zirudiela esan omen zuen aspaldi Tomek menturaz noizbait irakurriko duen idazle frantses ospetsu batek, hala dio behintzat herriko liburutegiko arduradunak aldian behin tabernan. (Sua nahi, Mr. Churchil?, Izagirre, K.)
  • kolorea, forma:
    • Ezagutzen ez nion eraztun lodi bat zeraman hatzean, harri gorri borobil batez hornitua (Soinujolearen semea, Atxaga)
  • kolorea, adina:
    • Su haren garrak haizez haize heldu ziren sinbolotik errealitatera, galerna hasi zuen jotzen aldiro gure bazterrean, gurpil zulatzeak zenbait autotan, eskela itxurako paperak salatarien izen-deiturekin, karabineroen zodiac gris berria desagertzea, agidanez beheko olatuak troinua askatuta. (Sua nahi, Mr. Churchil?, Izagirre, K.)
  • kolorea, hezetasuna:
    • Lur beltz bustia nekusan, hilobi baten zuloa, eta hondoan Lizzy Siddal, Beata Beatrix gisan, hiljantzia bailitzan burutik oinetara bere ile gorrian bilduta. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
  • kolorea, tenperatura:
    • Gauerdiko ixiltasun iztunean, gauko illunpe izarniatuan, gogoratzen zituen gizonak alaba besoetakoaren gorputz txikiaren atal guztiak, ikusten zituen berriz ere haren arpegi-marra fiñak, haren ille-motots leporaino eroria, ezti bat aorako, urre dirdaitsu bero bat eskurako, eta haren larru malgu epela hain laztangarria; berriz ere entzuten zituen belarrietan besoetan zeukalarik neskatoak esan zizkionak oro, bere botz ikara, unkigarrian. (Haur besoetakoa , Mirande)
  • kolorea, zabalera:
    • Euli urdin gizenak lezoiaren hondoan baionetaz josien artean furrundaka. (Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Izagirre, K.)
  • kolorea, tamaina, ebaluazioa (?):
    • Tximeleta urdin txiki bat zegoen han orratz batez zeharkatu (Soinujolearen semea, Atxaga)
    • petalo zuri txikia (Atxaga)
    • Josuri ari zitzaion, baina begi beltz handi horiek niri egiten zidaten so. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
    • begi beltz handi biguna ([:egile:aguirre_d|Aguirre, D.]])
    • Iceberg beltz txikerra, baina zehaztasunez eta bezuza gogorrez betea. (Sua nahi, Mr. Churchil?, Izagirre, K.)
  • kolorea, kopurua(?), ebidentziala (?)
    • Baso zuri sarria ditu orain bekainak. (Sua nahi, Mr. Churchil?, Izagirre, K.)
  • kolorea, ebaluazioa:
    • Odol itzak, irri itzak, maite itzak…
      berein zoriren emai ta bioztasunak,
      lagunak uxa, ondoratzen dituztenak,
      sortuaziz goiz argi eder ta ekaitzak (Olerki guztiak, Muniategi, S.)
    • Gipuzkoan artoa ugari jaten dutenetatik agertzen dira, Gaztelako errietan bezain aztal eder galant ariñak, arpegi zuri gorri piñak, eta larmintz leun me guriak dituzten mutil ta neskatxa mardul lirain alaiak. (Gipuzkoako probintziaren kondaira, Iztueta, J. I)
    • zure begi beltz eder horiek irekiaz, ikus ditzadan beren barrendik zure bihotzeko asmo sakonenak. (Lagun txar bat, Barriola)
    • Eta urtero-urtero, udaberria berriz Ararat mendian iratzartzen denean, artzain altu eta bizkorrak, begi beltz eder eta triste eta behatz luze eta mehekoak, Küp aintzirara ailegatzen dira beren txirulekin, loreen, usain azkarraren, koloreen eta lur gorri-beltzaren ondora. (Ararat mendiaren sumina, Yasar Kemal/Fernando Rey)
    • Hauxe da tortura zuri ospetsua. (Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Izagirre, K.)
    • Ezpain zuri margotu berriak dituen aho beltza dirudi tunelak. (Eulien bazka, Etxeberria, H.)
    • Edozelan ere, kontua da 1850. urtean Rossetti-k Elizabeth Siddal, “Lizzy”, ezagutu zuela, hogeita bat urteko neska ilegorri ederra, bere garaian kapelu denda bateko saltzailea. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
    • Eliza bat ematen zuen lurrin gozo betegarria zabaltzen zuten kandelek argitutako ganbera hark, latoiaren distira bazter guztietan, beira polikromatuak klaraboietan, zur ilun garestia paretetan. (Sua nahi, Mr. Churchil?, Izagirre, K.)
  • adina, pisua:
    • Barne parkinetik gorantz ninderamatela Espainiako Entzutegi Nazionaleko heste zikinetan barrena, etengabeko kontsolagarriak eskaini zizkidaten brui gazte armatuek, nitaz urrikaltzen zirela ikus nezan. (Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Izagirre, K.)
  • adina, ebaluazioa:
    • -Nik a morrosko gazte ederra edozeiñegaz ikusten dot; bein nekezalien alabakaz, da bestean erriko neskatilla apainduenakaz; danakaz gogo-argia erakusten dabela (Josetxo, Etxeita, J. M.)
    • Eta arropa zahar zikinduen anabasa luzatu dio. (Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Izagirre, K.)
    • -Ni ez nauk ezertaz oroitzen, baina egia izan behar dik, ezpainetan nekarren odola aztertu zidaten atxilotu ninduten gauean, eta auzoan hila azaldu zen bikote gazte zintzurtu batena zen. (Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Izagirre, K.)
    • Neska gazte guztiz eder hori, urtegi batean hilik igeri datzana, heliotropo lorez eginikoa dirudien eta ur azala estaltzen duten landareekin bat egiten duen soinezkoaz jantzia. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
    • Arropa zahar garbia zeraman, gomazko abarketak. (Sua nahi, Mr. Churchil?, Izagirre, K.)
  • hezetasuna, tamaina:
    • Barnean kotoia, kotoi zuri-zuria, eta kotoian orratz batez josirik, intsektu idor txiki-txiki bat. (Eulien bazka, Etxeberria, H.)
  • tenperatura, tamaina:
  • zabalera, ebaluazioa:
    • Emakuma zarrenak idunetik eta beraiñoko soiñeko bategaz gorputz guztia estaldurik eukan, ule zuri ondo orraztuak burustalki zuri garbi baten azpian gordeten zituan, bekoki zabal zimurtsukoa zan, begi andi leiñargizkoak malkoz beteak ikusten iakozan, arpegikera guztian emakume on utsa zirudian: andra Luzia zeritxon. (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)
  • goiera, ebaluazioa:
    • Halako batean, don Manuel Altuna izan zen azaldu zena: klergiman-ez jantzitako apaiz altu baldar bat, amerikar tankera zuela iruditzen zitzaidana, sudur luzearen gainean haien antzera betaurreko handi armazoi lodikoak zeramatzalako edo alkandoraren eskumuturrak mahuka-bikiz lotuta oso agerian eramaten zituelako beharbada. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
  • luzera, kopurua (?):
    • Jaulierrak batera eta bestera behatu du ez da ezer entzuten, kirol zelaiko oihu urrun bakan batzuk baino ez, arratsaldeko sapan. (Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Izagirre, K.)
  • luzera, ebaluazioa:
    • Belauniko zegoen baldosa gainean, galtza motx hutsetan, eta gurutzetara jarrita zeuzkan besoak. ((Soinujolearen semea, Atxaga)
    • Ketan sartu zen jangelako aterpean, hantxe zeuzkan Aldaz eta Dopazo, mahai luze betearen ertzean. (Sua nahi, Mr. Churchil?, Izagirre, K.)
  • tamaina, ebaluazioa:
    • Inmobiliarien orrialdea zen, eta bolalumaz eginiko zirkulu baten barruan hauxe irakurri nuen: “Etxebizitza txiki polita alokatzen da, jantzia”. (Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Izagirre, K.)
    • Orduan gizon txipi urduri hark hildakoen liburua eskatu zion. (Sua nahi, Mr. Churchil?, Izagirre, K.)

Bestalde, badirudi erreferentzia-adjektiboak eta adjektibo kalifikatzaileak sintagma berean elkartzen direnean, erreferentzialak gertuago jartzen direla izenetik kalifikatzaileak baino:

  • Hainbat parte sartu dizkiote, arriskutsuen artean daukate sailkatua, jaulierrei begietara behatzeagatik zazpi santzio izan ditu, beste hamar berriz jangelan txapela ez kentzeagatik, bost aldiz eduki dute zigor ziegetan isolatuta, tratamentu farmakologikoan ezartzeko gomendatzen zaie zuzendariei, borondatea ahultzearren, bere indibidualismoaren azpian kontzeptu etiko distortsionatuak omen dituelako. (Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Izagirre, K.)
  • Batek denbora gutxi barru bete behar zuen kondena, ez zuen ihes egin nahi ekintza politiko interesgarria zela onartu arren; besteak ihesaldiak ahultasuna erakusten zuela argudiatu zuen, irtenbide indibiduala zela, edo partziala gehienez; hark kondena handienekoek ez baizik denbora gehiena generamanok behar genuela hanka egin; honek ezetz, eri zeuden lagunek zeukatela lehentasuna. (Agirre zaharraren kartzelaldi berriak, Izagirre, K.)
  • Hogeita hamabost urte inguruko emakume batenak dira eta gorpua zatitzeko egin dituzten ebaketak, motozerra elektriko txiki horietako batekin eginak dira. (Eulien bazka, Etxeberria, H.)
  • Mintzetako oxigenoa agortzen denean, ordea, anaerobioak hasten dira lanean, albuminetatik osagai kimiko soilak sortzen eta sortzen. (Eulien bazka, Etxeberria, H.)
  • Gai kimiko astun eta garratzez egindako galdera mota horretakoa. (Eulien bazka, Etxeberria, H.)
  • Kontua da gure belaunaldikook errespetua izan geniola, faxismoaren aurka militante ezkertiar zintzoa izan zelako, eta errespetu bera lortu zuela, komunismoaz leporaino eginda, liberalismoaren alde suhartasun eta zintzotasun berarekin jarri zenean ere. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
  • Hipokrita hutsa ez baldin bazen behintzat, oso adimen politiko laburrekoa genuen, bere oroitzapenen balio guztia urradura batean dago oinarritua, garaileen desmasiak ezin onarturik galtzailetzat zeukan bere burua. (Sua nahi, Mr. Churchil?, Izagirre, K.)

Adibide horietako erreferentzia-adjektiboak sailkatzaileak dira. Tematikoak direnean hori jartzen da lehenengo eta kalifikatzailea ondoren:

  • festa kubatar alaia
  • *festa alai kubatarra

Erreferentziak

  • Artiagoitia, X., 2002, “-(t)ar atzizkidun hitzen jokabide sintaktikoaren inguruan”, FLV 92, 443-462.
  • Euskaltzaindia, 1985, Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-I, Bilbo: Euskaltzaindia.
  • ———–, 1993, Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna, Bilbo: Euskaltzaindia.
  • ———–, 1999, Euskal Gramatika. Lehen Urratask (V) (Mendeko perpausak-1), Bilbo: Euskaltzaindia.
  • Goenaga, P. , 1980, Gramatika Bideetan, Donostia: Erein. 2.argitalpena.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adjektibo bat baino gehiago", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3