Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:5

Partizipioa eta adjektiboa

Euskal aditza bi moldetan ager dakiguke: molde jokatuan nahiz jokatugabean. Azken horretan, jokatugabean, adizkiak ez du ez pertsona, ez denbora, ez inolako marka zehatzik ematen. Jokatugabe dago, eta hiru modu hauetan ager daiteke:

  • partizipio gisa: ikusi, etorri, sartu, erosi, erori, murgildu…
  • aditzoin gisa: ikus, etor, sar, eros, eror, murgil…
  • aditz izen gisa: ikuste, etortze, sartze, eroste, erortze, murgiltze…

Gogoratu halaber, Adizki jokatugabeen atalean esandakoa, aditzoinak eta partizipioak itxura bera hartzen dutela batzuetan: jo, esan, jan, edan, bota… formak, adibidez, aditzoin eta partizipio dira, aldi berean.

Hiru forma horietatik partizipioa da adjektiboari gehien hurbiltzen zaiona. Gainera, beste hizkuntza batzuetan ez bezala, euskaraz partizipioaren forma erabiltzen da Hiztegietan aditzak izendatzeko:

  • ver/voir/see ⇒ partizipioak: visto/vu/seen…

Biek ala biek, partizipioak eta adjektiboak, ezaugarri komunak dituzte:

  • Mugatzailea har dezakete:
    • txiki-a, estu-a, ilun-a…
    • idatzi-a, ekarri-a, eskertu-a…
  • Izenaren ondoan joan daitezke:
    • gela txikia, kale zabala, auto berria…
    • leiho zabaldua, gizon prestatua…
  • Predikatu gisa erabil daitezke:
    • kiroldegi hori berria da…
    • agindutako testua idatzia da…
  • Konparazio atzizkiak hartzen dituzte:
    • liburu hau berriagoa da
    • ardo hura hedatuago zen
  • Egitura postposizionalekin ager daitezke:
    • arropa garbiekin egin zuen korri
    • arropa garbituekin egin zuen korri
  • Zaila da batzuetan bien arteko desberdintasunik atzematea:
    • Mikel hutsik sentitu zen
    • Mikel husturik sentitu zen

Ezberdintasunak ere badaude bien artean:

  • Partizipioak, adjektiboak ez bezala, aditzak ere badira, eta aditz laguntzailea har dezakete:
    • erosi dut, ekarri du, zabaldu dute, saldu dute…
    • *txiki dut, *berri duzu, *ilun dute…
  • Adjektiboek ez bezala, partizipioek adberbioak onartzen dituzte:
    • azkar egina, goiz etorria, gaur ikasia…
    • *azkar handia, *atzo zabala, goiz berria…

Partizipioaren kokalekua

Nolabait esateko, partizipioak aditz adjektiboak dira, eta horregatik, neurri batean behintzat, gainerako adjektiboen jokabidea dute. Lexikalizatuta daudenean, erraz agertzen dira izenarekin, Ekialdeko euskalkietan eskuinean sarriago; Mendebalekoetan ezkerrean:

  • ikasle ongi hezia da Mikel.
  • ongi hezi ikaslea da Mikel.
  • lan ongi eginak beti dauka saria.
  • ongi egin lanak beti dauka saria.

Gogoratu izenlagunak eta izenondoak atala eta arestian aipatutako fededun emakume, donostiar saltzaile edo erruso presidente egiturak. Aztergai ditugun egiturak ez ote dira horien parekoak? Esan dugu fededun horren oinarrian fedea duen perpausa dagoela, perpaus erlatiboa, alegia. Aipatu dugu halaber, egitura horietan erabilera aldatzen ari dela, eta izenondoa izenaren ezkerretik eskuinera ari dela pasatzen.

  • fededun gizona › gizon fededuna
  • gonadun neska › neska gonaduna

Aztergai dauzkagun partizipioetara etorrita, bistan da hezi ikasle horren oinarrian ere hezia den ikaslea dagoela (ongi hezitako ikasleak oso arrunta da), eta fededun gizon egituran bezala, hezi ikasle, egin lan sintagmetatik ikasle hezi, lan egin sintagmetara aldatzen ari dela joera. Bi molde horien tarteko beste esamolde bat ere badago: ikasle batzuk, ongi heziak, etorri dira gaur hitzaldira edo lan asko, ongi eginak, aurkeztu dituzte lehiaketan. Molde batek nahiz besteak, guztiek erakusten dute adjektiboen joera beti izenaren eskuinean agertzea dela egun.

Partizipioa, Izen Sintagman

Adibide horietan guztietan hau ere ikusten da: partizipioa izenaren eskuinean doanean, adjektiboa denean, Izen sintagmaaren eskema orokorrean biltzen da. Horrenbestez, ondoko bi perpaus hauek pareko egitura dute:

  • ikasle fina dirudi Anerrek.
  • ikasle saiatua dirudi Anerrek.
  • Euskaraz esaera zahar hori askotan esana da.
  • Ikasleak gogaituak dira ipuin kontalariarekin.
  • Kontu horiek ez dira berriak, esanak dira.

Adjektibo multzoak

Funtzio adjektibala duten partizipioekin egitura zabalagoak eratu daitezke:

  • nekatua da
  • erabat da nago
  • kirolaz erabat nekatua da
  • egunero kirola egiteaz erabat nekatua da
  • egunero goizean goiz kirola egiteaz erabat nekatua da…

Adibide horietan nekatua da aditz adjektiboa da eta modifikatzaileak (erabat, oso, guztiz, biziki, arras…) edo bestelako osagarriak (kirolaz, egunero kirola egiteaz…):

  • [egunero goizean goiz kirola egiteaz] erabat nekatua da Iñigo

Kortxete artean jarritakoa nekatu aditz adjektiboaren osagarria da, eta adjektibo multzoa osatzen duela esaten dugu. Adjektibo multzo horrekin ez dugu soilik esaten Iñigo nekatua dela, soilik kirola egiteaz nekatua dela esaten dugu.

Bi eratako adjektibo multzoak bereizten dira:

  • nire etxea [estua] da, nire etxea [aldameneko auzokidearen etxea baino] estuagoa da…

Batzuetan adjektiboaren modifikatzaileak dira eta aurrean joaten dira: arras ona, biziki azkarra, guztiz ergela… Beste batzuetan adjektiboaren osagarriak dira: txarra jateko, aberatsa autoa erosteko, azkarra azaldutakoa ondo barneratzeko. Biak batera ere joan daitezke: arras txarra jateko, aski aberatsa autoa erosteko, biziki azkarra azaldutakoa ondo barneratzeko… Bestalde, modifikatzaile batzuek berez eskatzen dute osagarria. Adibidez, sobera modifikatzaile kuantifikatzailea gaineratzen bazaio, horrek beste zerbait eskatzen du, eta esaten ez bada ere, testuingurutik ulertzen da:

  • sobera azkarra da Martin… zerbait egiteko, zerbait ulertzeko…

Adjektibo multzo horiek guztiak multzo sintaktiko bateratuak dira eta osotasunean hartu behar dira:

  • Ainara azkarra da saxofoia jotzen
  • Martxel nekatua da arropa garbitzeaz

Horrenbestez, azkarra saxofoia jotzen eta nekatua arropa garbitzeaz (tartean aditza dela azaldu behar badugu ere) egitura bateratuak dira, hau da, betidanik Ainara azkarra da saxofoia jotzen perpausean, betidanik adberbioa urrunago dagoela azkarra adjektibotik saxofoia jotzen sintagma baino. Beste era batera esanada: azkarra eta saxofoia jotzen gertuago daude elkarren artean, betidanik eta azkarra baino. Gauza bera gertatzen da gaur Martxel nekatua da arropa garbitzeaz perpausean: [nekatua arropa garbitzeaz] multzoak egitura bat osatzen du, eta gaur adberbioa egitura horretatik kanpo dago.

Adjektibo esapideak

Adjektibo esapideak ere badaude, eta halakoetan adjektiboa hitz jakin batzuez inguratuta agertzen da, sarri erabiltzen diren hitz multzoak dira:

  • gau on, arratsalde, txartzat jo, ontzat hartu, ontzat eman, eri handi, handi-mandi, neurri/tamaina handi batean, ur handi, ez hotz ez bero, haur hotz, hotz-bero, hotz eta motz, hotzak hil, odol hotz, onean, txarrean, txarrenean, itsusi egin, modu itsusian, aurpegi argi/ilun, gorri-hori…

Horietako batzuek gainera, maila adberbioak ere onartzen dituzte:

  • guztiz ontzat hartu zuten
  • *guztiz neurri handi batean

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Partizipioa eta adjektiboa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3