Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:6

Adjektiboak, predikatu osagarrian

Adjektiboa bi tokitan erabiltzen dugu, izenaren ondoan, nahiz predikatu osagarrian:

  • ordenagailu handia erosi dute
  • ordenagailu hori handia da

Lehenengo adibidean adjektiboa izenaren ondoan doa; bigarrengoan, berriz, predikatu osagarrian. Kasu honetan izan lotura aditzarekin, zerbait predikatzen da ordenagailuaz: handia dela. Partizipioekin ere gauza bera gertatzen da, bi tokitan ager daitezke:

  • [seme-alaba heziek] ez dute jateko arazorik
  • seme-alaba horiek [heziak daude]

Mendian korrika egin ondoren normala da NEKATURIK, NEKATUTA, NEKATUA sentitzea

Partizipio adjektibo horrek, predikatu osagarrian doanean, (umea gogaitua dago), pareko beste esapide bat dauka: umea gogaiturik dago. Partitibodun gainerako sintagmek bezala, -ik hori predikatu osagarrian joan daiteke soilik, edo gainerako sintagma partitiboak ageri diren testuinguruetan:

  • gelan ez dago umerik / ume gogaiturik
  • ikusi duzu hor umerik / ume gogaiturik?

Ezezko eta galde perpausetan, gogaiturik formako hitzak adjektibo arruntak dira, -ik atzizkia hartzen dutenak. Baina predikatu osagarrian badoaz adberbioak direla esan daiteke:

  • Mikel gaixo / alai / nekaturik dago.

Horelakoetan ezin da izenaren ondoan joan, sintagma osatuz:

  • Mikel nekatua da / [gizon nekatua] da
  • Mikel nekaturik dago / *Mikel [gizon nekaturik] dago

Nekatua adjektibo arrunta denez, komunztadura egin behar da:

  • Andoni eta Mikel nekatuak daude.

Baina, nekaturik forma bakarra da, eta komunztadurak ez du aldatzen:

  • Andoni eta Mikel nekaturik daude.

Gauza bera gertatzen da beste adibide hauetan ere:

  • bada haur bat, Ane deitua; badira bi haur, Miren eta Ione deituak.

Horrenbestez, nekatua/nekatuak dago alde batetik, eta nekaturik bestetik. Lehenbizikoa adjektiboa da, eta bigarrena adjektiboa izan daiteke testuinguruak partitiboa eskatzen duen toki batzuetan, ezezko eta galde perpausetan, eta adberbioa besteetan, predikatu osagarrian.

  • nekatua/nekatuak » ADJEKTIBOA
  • nekaturik » ADJEKTIBOA (ezezko/galde perpausetan) / ADBERBIOA (predikatu osagarrian)

Bigarren forma horrek, nekaturik, adjektiboa ez denean, badu pareko beste forma bat: nekatuta. Hori ere adberbioa da baina predikatu osagarrian agertu daiteke bakarrik. Horrelakoak adberbioak direnez gero, aldagaitzak dira, eta ez dute inolako komunztadurarik egiten, subjektua singularrean edo pluralean egon:

  • Miren gogaitua / gogaiturik / gogaituta dago
  • Miren eta Ane gogaituak / gogaiturik / gogaituta daude

Forma honetatik abiatuta, batzuetan entzuten diren molde hauek baztertzekoak dira euskara:

  • *haserretutak, *gogaitutak, *nekatutak, *sartutak, *erabilitak…

Horrenbestez, -ik eta –ta amaitzen direnak adberbiotzat hartuko ditugu. Izen sintagmaren barnean agertzeko –ko atzizkia behar dute (galdutako, galduriko, ikusitako, ikusiriko) gainerako adberbioek (gaurko, atzoko, ustezko,…) bezala. Horregatik honelakoak ez dira zuzenak:

  • *kirolari saiatutaren itxura du
  • *emakume zapaldutaren itxura du

Adibide hauetan argiago ikusten da perpaus erlatibo laburtua dela:

  • *bada gizon bat, Antton deiturik/ta
  • *badira bi gizon, Antton eta Patxi deiturik/ta
  • bada gizon bat, Antton deitzen dena / deitua dena / deitutakoa…

-ta atzizkia hartzen duten aditzondoek (gogaituta, haserretuta, nekatuta) osagai hauek dituzte: gogaitu/haserretu/nekatu + eta. Horregatik, perpaus hauek oso hurbil daude elkarrengandik:

  • lana amaitu eta etxera joan ginen
  • lana amaituta etxera joan ginen
  • lana amaiturik etxera joan ginen

Esanahi berbera dute hirurek, baina bi egitura ezberdin daude horien oinarrian:

  • [hau amaitu], eta etxera joan ginen
  • [hau amaitu eta], etxeran joan ginen

Lehenengo adibidean juntadura arrunta da baina bigarren adibidean esaera adberbial bat dago. Hain zuzen ere, amaituta/amaiturik bigarren egitura horren aldaerak dira, adberbialak horiek ere. Gauza bera gertatzen da hauekin ere:

  • bere ametsa bete eta kirola utzi zuen
  • bere ametsa beteta kirola utzi zuen
  • bere ametsa beterik kirola utzi zuen

Lehen esan dugu beterik, asperturik, nekaturik formak ezin direla joan Izen Sintagmaren barnean (aditzondoak direlako), ez bada testuinguru markatu batzuetan, hau da, partitibozko sintagmak posible diren tokietan. Bada gauza bera gertatzen behar da -ta amaieradunekin, beteta, aspertuta, nekatuta. Horrenbestez, alderantziz ere betetzen da araua: adjektiboak ezin dira jarri adberbioen tokian:

  • arropa guztia saldurik/salduta denda itxi zuten
  • *arropa guztia saldua denda itxi zuten

Erabakia harturik/hartuta sintagmaren egitura edozein dela ere, aditzondoaren funtzioa dauka perpausean, eta noiz? galderari erantzuten dio:

  • goizean / berandu / erabakia harturik amaitu zuten bilera.

Halakoetan ez dago izenondoentzako lekurik:

  • *erabakia hartua amaitu zuten bilera.

Ildo beretik, honelakoak ere saihestekoak dira:

  • gora andre askatua
  • *gora andre askatuta.

"Apostoluen Eginak" Itun Berriko bosgarren liburua da Eman ditugun adibideen esanahiak ez dira berak, baina ez da erraza batetik besterako aldeak bereiztea. Oro har, Maddalen ezkondua da eta antzeko perpausak maizago erabiltzen dira ekialdean; Maddalen ezkonduta dago, berriz, sarriago mendebaldean.

Laburtuz, hauek dira predikatu osagarriko egiturak:

  • etxea irekia/irekirik/irekita da(go).

Eta aditzondo kutsua dutenean hauek:

  • etxea irekirik, hizketan segitu genuen; atea irekita, hizketan segitu genuen.

Gogoratu bestalde, partizipioak, izenondorik gabe, izen bihurtzen direla batzuetan: esan, egin, jan, ekarri, begiratu… ez dira izenondoak, izenak baizik (izenaren eta partizipioaren ataletan ere aztertzen da kontu hau):

  • Morgianak gogoz kontra bete zuen nagusiaren esana. (Mila gau bat eta gehiago, Anonimoa/Patxi Zubizarreta)
  • Apostoluen eginak
  • On Camillok jasan ezin zezakeen gauza zen hura, eta behien jana gutxitzea agindu zutenean esne gutxiago eman zezaten, Pepponeri aurre egitera joan zen, zaindari-postuak ikuskatzen zebilelarik. (On Camillo, Giovanni Guareschi/Koldo Biguri)
  • Aukera bakoitzaren ekarria eta gabeziak zein izan diren azpimarratzen da. (Filosofiako gida, Askoren artean)
  • Begiratu bat eman zion etxeari. (Denak du bere prezioa, Migel Angel Mintegi)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adjektiboak, predikatu osagarrian", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3