Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:8

Adjektiboa eta kategoria aldaketak

Lotura aditzen atalean esan dugu izenondoek aditzondo funtzioa hartzen dutela askotan:

  • Maixa oso dotorea da » dotore = izenondoa (nolakoa?)
  • Maixa dotore etorri da » dotore = aditzondoa (nola?)
  • Markel oso aberatsa da » aberats = izenondoa (nolakoa?)
  • Markel aberats iritsi da zahartzarora » aberats = aditzondoa (nola?)

Adibide horietan ikus daiteke dotore, aberats eta beste hainbat izenondo aditzondo gisa erabil daitezkeela. Izenondoak aditzondo bihurtzeko kategoria aldatzea oso ohikoa da euskaraz:

  • Kristalezko lorontzi hori gogorra da, baina gogor ematen badiozu hautsiko da azkenean.
  • Maite urduria da, eta urduri hitz egiten du beti.
  • Auto hori garestia da, eta garesti erosi dugu.
  • Lasterketa hori oso azkarra da, eta oso azkar egin genuen.

Ez da erraza horiek zer diren zehaztea, baina mugagabean doaz eta denek erantzuten diote galdera mota berari: nola?: nola eman, nola jokatu, nola mintzatu, nola erosi… Horrenbestez, aditzondoak direla esan daiteke, edo aditzondo gisa erabiltzen diren izenondoak.

Horiei atzizki adberbiala erantsiz gero, ez dute esanahirik aldatzen, horrenbestez, argi dago aditzondoa dela:

  • gogorki, zintzoki, luzeki.

Udaberrian gorri ederrez hazten dira gereziak Hala ere, izenondo guztiek ez dute onartzen -ki atzizki adberbiala, eta era berean, izenondo guztiak ezin dira aditzondo bezala erabili:

  • ?*merkeki, *zuriki, *txikiki…
  • xarmant, eder…
  • *xarmant egin du; *eder egin du…
  • xarmanki egin du; ederki egin du… (-ki atzizkia behar dute aditzondo bihurtzeko)ei

Horrenbestez, testuinguruaren arabera, kategoria aldatze hauek ahalbidetzen dute izenondo “garbiak” (txiki, dotore, zabal, luze, ilun) aditzondo gisa erabiltzea. Hala ere, kontuan hartu behar da izenondo guztiak ezin direla aditzondo gisa erabili, eta beraz, kategoria aldatzeko prozesu hori ez dela beti emankorra.

Izenondoak, izen

Bestelako kategoria aldaketak ere badira, esaterako, izenondoak izen gisa erabiltzen dira batzuetan:

  • kafe beroa izugarri gustatzen zait
  • bero handia egiten du

Bero hitza izenondoa da lehenengo adibidean eta izena bigarrengoan. Izenondoak izen bihurtzeko, -tasun atzizkia eransten zaie:

  • txiki » txikitasun
  • eder » edertasun
  • lodi » loditasun
  • gozo » gozotasun
  • handi » handitasun
  • berri » berritasun
  • bortitz » bortiztasun

Hala ere, batzuetan izenondoa erabiltzen da zuzenean izen moduan:

  • iñurriaren txikia; udaberriaren ederra; sagardoaren gozoa; nekearen handia, justiziaren bortitza…

Beste batzuetan, ordea, alderantzizkoa gertatzen da, izena izenondo gisa erabiltzen dugula, alegia:

Hauetan ere gauza berbera gertatzen da:

  • mutil azeria, pertsona oiloa, pertsona zorria, gizon deabrua, emazte zilar hori, gizon astoa, mutiko zakurra…
  • Bazuen Amnonek adiskide bat, Jonadab izenekoa, Daviden anaia Ximaren semea, gizon azeria benetan. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
  • Ia datozala ona mutil ollo orreek, bixerrik badabe! (Bigarrengo abarrak, "Kirikiño")
  • Emazteki zilharra, mujer muy aseada; litm., mujer plata“ (DVEF, Diccionario Vasco-Español-Francés, Azkue, R. M.)
  • Zuri mintzo nitzaizu / oi Aita zilharra, / ardura dudalarik / begian negarra. (Euskal Baladak. II. Azterketa eta Antologia, Lakarra)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adjektiboa eta kategoria aldaketak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3