Erabiltzaile Tresnak


morf:5:7:9

beste, gabe, huts

“Beste, gabe” eta “huts” hitzak izenondoen atalean jasoko ditugu baina ez dago argi zehazki zein kategoriatako hitzak diren, hainbat berezitasun dituztelako. Banaka ikusiko ditugu hemen.

beste

beste hitzaren kategoria zehaztea ez da erraza, hainbat testuingurutan agertzen delako:

  • Konparazio perpausetan, batez ere bizkaieraz:
    • zuk beste liburu dauka Joanesek
    • non Euskal Herrian beste mendi?
  • “adina”-ren esanahiarekin, konparazioetan:
    • ez da inor zu izan zaren beste
    • gai horretaz zuk egin duzun beste ez du inork ere egin…
  • “baino/baizik”-en pare:
    • txakur horrek ez dit arazoa beste ematen.

RAEren egoitza nagusia Madrilen dago Horietan guztietan ez da izenondoa, baina beste testuinguru batzuetan ez dago argi:

  • beste telebista erosiko dut
  • beste gelan dago

Horien parean telebista handia erosiko dut edo gela txikian dago esaten badugu, badirudi testuingurua nahiko antzekoa dela bi kasuetan, baina ezberdintasun nabarmenak daude:

  • kokagunea: beste izenaren aurretik, ezkerrean, ageri da, eta hori ez da izenondoaren toki naturala.
  • graduatzailerik ez du hartzen: handi / handiago, beste / *besteago.

Horrenbestez, ez dirudi beste izenondoa denik, baina atal honetan jaso dugu beste hizkuntza askotan ere, zailtasunak izanagatik, izenondoen atalean jaso dutelako:

  • RAEren hiztegian izenondo gisa ageri da otra vez, otro día edo otra esquina bezalakoetan. Baina RAEko gramatikak zalantza gehiago erakusten du1.
  • Ingelesez ere adjektibo (other person), izen (each praises the other), izenordain (others in the medical profession) eta adberbio gisa (we can’t collect the rent other than…) sailkatzen dute.
  • Antzekoa gertatzen da frantsesez ere: Hizkuntza Akademiak ( Académie française) adjektibo (autre enfant), izenordain zehaztugabetzat (cette bague est plus belle que l’autre), adjektibo kalifikatzailetzat (Depuis son veuvage, c’est un autre homme) eta konparazioetan agertzen den elementutzat (Je vous considère comme un autre moi-même) jotzen du.

Erabilera

  • beste bakarrik ager daiteke, izenordain gisa: besteak hitz egingo du. Izenarekin agertzen bada, haren ezkerrean joaten da: beste neskak hitz egingo du. Hala ere, gutxi, baina, eskuinean ere ageri da tradizioan:
    • Banekarren esku bestean listra onezko dardoa adarga on bat arzoean arnes fortiza gorpuzean korazaakaz kaskoa. (Eskuizkribua, Lazarraga)
  • Determinatzailea behar du (artikulua/erakuslea edo zenbatzailea, batzuetan biak), edo partitiboa:
    • beste liburua, beste liburu bat, beste bost liburu, beste bost liburuak, beste libururik…
    • *beste liburu (beste zein liburu?, baina hor determinatzailea ageri da)
  • Zenbatzaile zehaztugabeak (kuantifikatzaile zehaztugabeak: zenbait, anitz, asko…) eta izenordain zehaztugabeak (edozein, zernahi, zein, zer…) ezkerrean nahiz eskuinean jar daitezke. Ohart hala ere, beste atzetik ageri diren adibide gehienak klasikoak direla:
    • beste gela zenbaitetan / beste zenbait gelatan / zenbait beste gelatan…
    • Hala, Filothea, gure bihotzek egun guziez hautatu eta hartu behar dute zenbait leku, edo Kalbarioko mendiaren gainean, edo gure Salbatzailearen zaurietan, edo zenbait bertze lekutan haren hurbillean, harat apartatzeko okasione suerte guzietn, eta gure buruaren han arintzeko eta sosegatzeko kanpoko egitekoen artean, eta forta edo azkarleku batetan bezala egoiteko tentamenduetarik begiratzea gatik. (Philotea, Pouvreau, S.)
    • beste anitz etxetan / beste etxe anitzetan / anitz beste etxetan
    • G: Nolako ziren idolak, eta zer sinheste zien hetan? I: Imajina elibat, erran nahi da gizon, eta emazte bere artian baliotako ükhen zütienen üdüriak ürhez, zilarrez, zurez, harriz eta hanitz beste gaizaz; zoin erhoki eta ütsütüki Jinko edükitzen eta adoratzen baitzütien, eta zoñek ahoetarik minzo baitzaitzen deebriak. (Catechima laburra, Belapeyre)
    • beste eritasun asko / beste asko eritasun / asko beste eritasun
    • Ardien zaragarra izan arren aparantziaz eritarzun xumea iakin zazue hura dela kausa, ethorzen zaiotela asko berze eritarzun gaisto, nola baidire pikotak, izurriak, eta berze azident handiak eta hala bat bederak behar lituke artha handirekin hastetik eritarzun horri erremedioak eman. (Laborarien abisua, Dasanza, M.)
  • Izenordain zehaztugabeekin:
    • beste edozein etxetan / beste etxe edozeinetan / edozein beste etxetan
    • Gauz debekatu beretatik dira festan, dantzan edo dantz-festen estalpean hitzez, gogoz edo edozein beste bidez egiten diran gauz ez-garb-onak. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
    • beste zein etxetan / beste etxe zeinetan / zein beste etxetan
    • Zeren, zeñ beste erririk dago Israelko zure erria bezelakorik, erri bakarra lurraren gañean, zeñ libratzera eta bere erri egitera etorri izan dan Jaungoikoa, botatzen zituela bere eskubide eta mirari arrigarriakin erreñuak, berak Ejiptotik atera zuenaren aurretik? 22. (Itun zaharra, Uriarte)
    • Zeren zeñ beste erreñu da aiñ argitsua, dituena nik gaur zuen begien aurrean ipiñiko ditudan zeremoniak, eta erabaki zuzenak, eta lege guztia? 9. (Itun zaharra, Uriarte)
    • Deus berze probetxurik etzaiku ethorten? (Katexismea, Leiçarraga)
    • Gabriel Aingeruak
      Zu salutaturik,
      Erran izan zarotzun
      Deus bertze berririk? (Egia katholikak, Gasteluçar)
    • Kontu egiten zion beste iñori baño obeto, etzion soldatik artzen bisitakgatik, eta begiratzen ez nekeari eta ez diruari aren sendaera iriste arren. (San Frantzisko Asiskoaren bizitza, Manuel Antonio Antia)
    • ez du inor beste behar
  • Aditzondoekin ere erabiltzen da beste:
    • beste inon, beste norabait joango dira…

Bistan denez, ez dago argi beste hitzaren kategoria zein den, hainbat testuingurutan erabiltzen denez, kategoria batean nahiz bestean sailka baitaiteke.

Gaztelaniaren eragina dela eta, beste erabilera hau zabaltzen ari da: beste argibideak (otras directrices), beste irratiak (otras radios), beste berriak (otras noticias). Euskaraz jatorragoak dira beste hauek: beste argibide batzuk, beste agunkari batzuk, beste berri batzuk. Lehenengo moldea oso egitura zehatzetan da zilegi: Euskadi Irratia ez da entzuten, beste irratiak bai.

gabe

Gabe izenondoa ere berezia da, eta testuinguruaren arabera, postposizioa, izena, izenondoa edo aditzondoa izan liteke. Izena edo izenondoa da jatorriz, baina, egun postposizioa da gehienetan:

  • presa gabe, uste gabe, eten gabe, zalantza(rik) gabe…

Gutxitan joaten da bakarrik, gehienetan sintagma osagarri bat eramaten du aurretik, batzuetan isil daitekeena:

  • zure onirizpenarekin edo gabe.

Batzuetan izen sintagma eramaten du aurrean, mugagabea edo absolutiboa, eta gutxitan, mugatua, bat zenbatzailearekin (edo erakusleren batekin):

  • argirik gabe, argi gabe, euro bat gabe
  • liburu(rik) gabe
  • baimen(ik) gabe
  • babes(ik) gabe
  • liburu on bat gabe
  • azalpen bat gabe

Sintagma mugagabea (diru, neke…) izen soilekin erabiltzen da batez ere; egitura konplexuagoetan partitiboaren atzizkia gehietzen zaio. Partitiboaren aurretik batere ere sartzen da sarri:

  • batere goserik gabe; batere lotsarik gabe…

Aurretik duen izen sintagma mugatua izan daiteke, baina ez da ohikoa horrela erabiltzea. Tradizioan batez ere Iparraldeko moldea izan da hori, baina Hegoaldean ere badaude adibideak:

  • Karitatea gabe obra onak eztakarke probetxurik: baina zer ere egiten baita karitatez, zenbat ere aphurra eta ezdeusa baita, guzia egiten da probtetxugarri. (Iesusen Imitacionea, Pouvreau, S.)
  • Karitatea gabe deus probetxurik ez. (Iesus Christ Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Beha ezazue munduko ienderazino guztietara, eta edirenen duzue eztela egundaiño, Iauna baithan fidatu denik galdu, eta ez bere beharrean, behar den bidean, hura behartu duenik, bere behar duena gabe, gelditu. (Guero, "Axular")
  • Gaurko munduan apaltasuna
    ia dakusta galdurik,
    alkar-maitasun zoriontsua
    gorroto-soiñez jantzirik;
    eguzkiaren argia bage
    ezek ez daun lez bizirik,
    alkar-maitasun barik be ez dau
    munduan iñoiz bakerik. (Eguzki, argi laguntzaillia, Enbeita, B.)

Balendin Enbeita

Artikuluaren ordez erakusle bat edo bat zenbatzailea ere har ditzake sintagmak:

  • gabe izena da beste batzuetan:
    • Eta lurreko gauzetan laguntzen zaio lagun urko berari, edo proximoari, ari emanaz, beraren gabeak edo premiak eskatzen duen gauza, edo gauzaren irabazbidea; emalle onak orregatik ekusi bearko balu ere zerbait uts, kezka, ta neke; baita esker gaistoak, eta furrustadak argandik artuko dituela, baleki ere. (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
    • Gaisto da bai gabia ontsa bizitzeko (Chikito Chikitokan, “Xikito”, Laplace, Julien)
    • Ezin obeagoa, utsik ta gaberik ez duana. (Cristau doctriñ berri ecarlea, Ubillos)
    • “Zure gabean arkitzen naiz (G), te hecho de menos” (Diccionario Vasco-Castellano, Mujika, P.)
  • Adibide horietan ikusten denez, osagarria genitiboan erabiltzen da batzuetan. De Rijkek dioenez (De Rijk 2008:310), gaurko euskaran gutxiago erabiltzen da gabe hori izen gisa, eta ohikoagoak dira beste egitura hauek:
    • falta: liburu faltan, diru faltan…
    • eskas: hori jakin eskasean…
    • ez: maitasun ezaz, zuk esan ezean, nik ikusi ezean…
  • Batzuetan instrumentala hartzen du aurretik:
  • Lexikalizatuta dauden hitz elkartu adjektibaletan bigarren osagai gisa asko erabiltzen da (ikus OEH):
    • artega, donga, eskerga, egoska, inauska, axolagabe…
  • Batzuetan Izen sintagma izan dezake aurretik:
    • “Descuidado, floxo, (V, G) ardura bagea
    • Erru gabeak dira (G-azp), kontzientzi gabea, lotsagabea (AN-gip)”
    • Handik hara indiferent dire akzioneak, / iakiteko, sari edo punimendu gabeak. (Manual devotionezcoa, Etcheberri (Ziburukoa))
    • beldur gabe, gorputz odol gabe…
    • ez da dudarik, egiazko “eskual-duna” zen Frantsez; ez, ez zen “euskal-gabea” (Laphitz)
  • Halakoetan, aurreko osagarria soila da arruntean. Egitura konplexuagoa denean, joera gabeko erabiltzearena da. Hola, galderatxo bat garrantzi gabea perpausaren ordez, hiztunak errazago erabiltzen du garrantzi gabeko galderatxo bat.
  • Batzuetan, hala ere, ez dago argi noiz den izena eta noiz izenondoa. Aurreko izen sintagma partitiboan agertzea arrunta da:
    • hutsik gabea, bihotzik gabea, baliorik gabea, eskolarik gabea…

Badira gaberen gainean eraikitako adjektibo elkartuak:

  • arduragabe, bihozgabe, baztergabe, errugabe, dirugabe, eskolagabe, gogogabe, hobengabe, indargabe, odolgabe, tolesgabe…

Halakoetan, hizkera doinuak bereizten ditu arduragabe, beldurgabe… izenondoak eta ardura gabe, beldur gabe… “izena+postposizioa” egiturak.

Bestalde, ura barik ardoa edan du, elizatik gabe tabernatik gatoz edo ilundu gabe moldeetan, gabe hori aditzondoa da. Bizkaieraz asko erabiltzen da barik (gaberik). Eredu estandarrerako ere onartuta dago (eten barik) baina askotan gabe (eten gabe) erabiltzen da zuzenean.

huts

huts hitza berezia da. Hiztegi Batuan huts begiratuz gero, lehen hiztegi-sarreran ageri denez, izena da berez, baina izenondo gisa ere erabiltzen da:

  • Huts handiak daude gure hiztegietan desiraren lurrutsa ahoskatzeko nahikundea tente altxatzen zaigunean. (% 100 basque, Borda, I.)
  • zeren nola etsaiak beti ere zelatan baitaude (Guero, "Axular")
  • zer ere huts edo falta edireten baitute (Guero), "Axular")
  • hutsetik sortu da mundua
  • amaren hutsa sentitzen du

Izenondo gisa izenekin:

Batzuetan beste izenondo bat ere kalifika dezake:

  • haur hori on hutsa da
  • alfer hutsa zara Marie!

Horrelakoak predikatu osagarrian erabiltzen ditugu batez ere, eta aditz-izenekin ere bai sarri:

  • zu ikuste hutsak ikaragarrizko poza emanen dio amari
  • pentsatze hutsak kezkatzen nau.

Gaian sakonduz

Egungo literaturan “gabe” postposizioan oinarriturik maizen ageri diren adjektibo elkartuen zerrenda:

  • adoregabe, agabe, ahalkegabe, amaitugabe, arduragabe, argitaragabe, arimagabe, armagabe, arnasgabe, arrakastagabe, arrazoigabe, arretagabe, arriskugabe, artagabe, asegabe, aspergabe, atsegabe, axolagabe, azentugabe, azkengabe.
  • babesgabe, baldintzagabe, baliogabe, behargabe, beldurgabe, betegabe, bidegabe, bihozgabe, bizargabe, bizigabe, bukatugabe, burugabe.
  • damugabe, dirugabe, distiragabe, dudagabe, duingabe.
  • eragingabe, erlijiogabe, errugabe, errukigabe, esanahigabe, eskolagabe, estatugabe, etengabe, etsigabe, etxegabe, ezkongabe.
  • fedegabe, formagabe, funtsgabe.
  • ganoragabe, garatugabe, gisagabe, gizagabe, gogogabe, gupidagabe.
  • hankagabe, hasperengabe, haurgabe, heldugabe, hezigabe, hezurgabe, hobengabe, hondargabe, hondogabe, horzgabe.
  • ikasigabe, indargabe, interesgabe, itxuragabe, itzalgabe, izengabe.
  • jabegabe, jainkogabe, jaiogabe, jakingabe, jantzigabe.
  • kafeinagabe, kaltegabe, kemengabe, kezkagabe, koherentziagabe, koloregabe, konpongabe, kontrolgabe, kutsatugabe.
  • landugabe, langabe, legegabe, letragabe, logabe.
1 “Se ha observado que la categorización gramatical de la palabra otro […] es problemática porque se asimila en parte a los adjetivos, pero tiene propiedades que lo identifican como cuantificador o como determinante indefinido”, Nueva gramática de la lengua española, 13.10l.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "beste, gabe, huts", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3