Erabiltzaile Tresnak


morf:5:9

Postposizioa eta postposizio sintagma

Postposizioa zer den azalduko da artikulu honetan, eta horrekin batera, postposizioek postposizio sintagmak nola sortzen dituzten ere bai. Horrez gain, postposizioak, aditzondoak eta kasu markak ere bereiziko dira. z

Postposizioak eta adberbioak

SEG-en postposizio sintagmak eta adberbio sintagmak bereizi ditugu, baina horrela antolatu da aurkezpena argiago aurkeztu ahal izateko. Postposizioek eta adberbioek sintagma mota bera osatzen dute, nahiz ez den erraza sintagma horri dagokion izena aurkitzea, ez eta barneko egitura zein den ongi zehaztea ere. Bistan da, nonbaitetik hasteko, ez dagoela desberdintasun handiegirik ondoko bi adibide hauen artean:

  • bihar etorriko da
  • zortzi eta erdietan etorriko da

Horregatik esaten dugu, funtsean, bi sintagma horiek berdinak direla. X-barra izeneko teoriak esaten digu X sintagma baten burua beti X dela. Hau da, X hori “izena” baldin bada, izenaren (X-ren) sintagma “Izen sintagma” da, adjektiboa baldin bada, “Adjektibo sintagma”, edo aditza baldin bada “Aditz sintagma”. Beraz, nolanahikoa dela ere X hori, X biltzen duen sintagma “X sintagma” da. Postposizioekin (“mendia-N”, “gaur goizea-N”, “zortzi eta erdieta-N”, “bihar-TIK”) ez da arazo handiegirik sortzen, eta egitura holako zerbait izango genuke:

  • [mendia]N

Alde batera utziko dugu oraingoz zein den benetan, kasu horretan, postposizioa, inesiboak, hain zuzen ere, arazo formal batzuk sortzen dituelako: “mendiTAN”,“BilboN”, eta abar. Jo dezagun “N” dela postposizio hori. Orduan, adibide horretan, “N” litzateke postposizioa (“N” litzateke “X”), eta N horrek osagaia hartzen du, eta osagaia determinatzaile sintagma (“mendia”) da. Beraz, sintagma osoa “Postposizio sintagma” deituko dugu (“X” biltzen duen sintagma “X sintagma” da).

Badakigu, bestetik, distribuzioari dagokionez eta funtzioari dagokionez, bihar eta zortzi eta erdietan toki berean ageri direla perpausean, denborari dagokion “zirkunstantzia” markatzen dute. Hala bada, badirudi sintagma horiek mota bereko sintagmak direla. Baina, nola esan, ordea, bihar postposizio sintagma dela, postposiziorik ez bada ageri hor? Egia da, beste adberbio batzuetan fosildua bezala ageri dela, ihartua, inesiboa adierazten duen postposizioa: hemeN, oraiN, haN, eta abar. Baina horiek, markatuak izateaz gain (gutxi dira holakoak, eta horregatik esaten dugu markatuak direla, arruntenak ez direlako), bat eginak daude, ezin da heme esan, edo orai (nahiz forma hau ageri den ekialdeko euskalkietan, “N” gabe), edo ha (hau ere bizkaieraz arrunta da, ordea). Galdera hau da, orduan: leku denbora kasuetako sintagma horien burua zein da, esaten badugu, adberbio izan, edo postposizio izan, sintagma mota beraren aurrean gaudela?

Bi bide ditugu horretarako:

Esan dezakegu, hasteko, adberbioen kasuan postposizioa “Ø” (zero) dela, ez dela gauzatzen absolutiboan ere Ø da, (nahiz bi zero horiek berdinak ez izan). Orduan hau izango genuke egitura, kasu batean eta bestean:

  • mendia-N
  • bihar-Ø

Ikusten denez, biek egitura bera izango lukete, biak postposizio sintagmak, baina postposizioa batzuetan bakarrik gauzatuko litzateke, batzuetan bakarrik izango luke eduki fonikoa, adberbioen kasuan isila bailitzateke.

Hori da modu bat gertatzen den honen berri emateko. Bada beste aukera bat. Pentsa daiteke bihar bezalako adberbioak berez direla postposizio sintagmak, eta barnean ez dutela ezer ere, dena amalgamatua dagoela hor. Holako zerbait gertatzen zaigu beste egoera batzuetan ere: adibidez, etxea eta etxeak, absolutibo kasuan, singularrean eta pluralean bereizten dira: k hori da pluralaren marka, eta marka hori ageri da sintagma gehienetan. Baina ni eta gu izenordainen arteko desberdintasuna, pluralari dagokionez, ez dugu ezerekin ere markatzen. Badakigu gu hori plurala dela, baina ezin da hor plural markarik bereizi, “jana” bezala dagoelako, amalgamatua, hitz bakarraren barnean. Holako zerbait esango genuke adberbioen kasuan ere: bihar horrek barruan ditu, amalgamatuak, ezaugarri guztiak, lexikoak (esanahiari dagozkionak) eta funtzionalak (perpausean betetzen duten funtzioari dagozkionak). Beraz, egitura hau litzateke:

  • mendia-N
  • bihar

Kasu horretan, bi sintagmak postposizio sintagmak lirateke, baina batek bakarrik izango luke burua agerian, eta bestearen barneko osagaiak ezingo genituzke bereizi.

Hori onartzen ez bada, beste bide bat izango litzateke, SEGen egiten dugun gisan, postposizio sintagmak eta adberbio sintagmak, zein bere aldetik doala esatea, baina orduan galduko genuke generalizazio garrantzizko bat, badakigulako biak gauza beraren aldaerak baizik ez direla. Kontua da “gauza bera” hori zer den zehaztea: postposizio sintagma, sintagma adberbiala, postposizio sintagma adberbiala, adjunktua (baina hitz honek ez dio kategoriari erreferentziarik egiten), eta abar. Konpondu gabeko arazoa da hau.

Sintagmek kasu marka edo postposizioa behar dute

Perpausean, aditzaren inguruan biltzen diren sintagmek, beren lana behar bezala egiteko, kasu marka edo postposizioa behar dute. Postposizioz 'horniturik' ageri direnak postposizio sintagmak dira, postposizioa buru duten sintagmak baitira, postposizioaren gainean eraikitako egiturak:

Postposizioen analisia

(1b)koentzat proposatu dugun egitura 'soildua', zenbaitetan, bestela ere eman liteke (ikus Artiagoitia 2000: 71). Adibidez:

    • [PoS [DS [IS [DS [DS Bost liburu hauek] -en] gain] -a] -n]

postposizio konplexuen beste analisi bat

Analisi hau baliagarri da, postposizioaren ezkerrean doan osagarria genitiboa denean, baina berehala zailtasunak izango genituzke [zuri buruz], [Zumaiara bidean] edo [mendian zehar] bezalakoak aztertzerakoan. Goian proposatu dugun egiturak, soilagoa izanik ere, denentzat balio lezake. Hortaz, egokiagotzat eman dugu (ik. Rebuschi 1993 ere).

Kasu markak eta postposizioak

Aditzak bere inguruan biltzen dituen osagaiak, dagokien zereginaren arabera markatuak joan ohi dira:

    • [MutikoaK] [txakurraRI] [pilota gorri bat] BOTA ZION [uretaRA] [lehengo eguneaN]

Osagai horiek perpausak direnean ere, modu jakinean markatuak ematen dira:

    • [Etorri nahi BAduzu], [argazki batzuk ateratzeRA] joan gaitezke.

(3)an ageri diren –K, -RI, -RA, -N atzizkiak eta (4)an ditugun BA- aurrizkia eta -RA atzizkia, maila batean, gauza bera dira: bakoitzak itsatsirik daraman osagaiak perpausean nolako zeregina betetzen duen erakusteko tresnak. Sintagma bakoitzak daramatzan elementu gramatikal horiek ezinbestekoak dira predikatuaren eta honen inguruko argumentuen eta gainerako osagaien artean dagoen erlazioa zein den jakiteko. Zeren hitz berekin, erlazio desberdinak ezarriz, perpaus bat baino gehiago osa daitezke, denak desberdinak. Adibidez, honako perpaus hauek guztiz desberdinak dira. Funtsean egitura bera dute, baina osagaien arteko erlazioa desberdina da:

    1. Parrokiak udaletxearen kontra hitz egin zuen irratian.
    2. Udaletxeak irratiaren kontra hitz egin zuen parrokian.
    3. Irratiak parrokiaren kontra hitz egin zuen udaletxean.

Perpaus horietan, aditza bera da. Gainerako osagaiak ere berak dira. Hala ere, hiru perpaus erabat desberdinak dira, osagaien arteko erlazioa desberdina baita, bakoitzean nork hitz egiten duen eta noren kontra eta non, desberdina baita, osagaiek kasu bakoitzean marka desberdina izateak erakusten duen bezala. (4)ko perpausetan badugu "–k" marka duen osagai bana: [Parrokiak], [Udaletxeak] eta [irratiak]. Badira postposizioz hornitutako sintagmak ere: [udaletxearen kontra], [irratiaren kontra] eta [parrokiaren kontra] alde batetik, eta [irratian], [parrokian] eta [udaletxean] ere bai, bestetik. Sintagma hauetan, eskuin muturrean ageri diren elementuak hartuko ditugu postposiziotzat: kontra eta -n. Kontra-k ezkerrean daraman sintagmak –en genitibo markaz hornitua joatea eskatzen du. Postposizio honek genitiboa 'gobernatzen' duela esaten da. [Irratian], [parrokian] eta [udaletxean] sintagmei begiratzen badiegu, hauek ere eskuin aldean atzizkia daramate, (-n). Hau ere postposizioa dela esango dugu.

Bistan da -n eta ergatiboaren -k marka oso antzekoak direla. Hala ere, bata kasu markatzat hartuko dugu, bestea, postposiziotzat.

Kasu markak eta postposizioak bereizteko arrazoiak

Arrazoi bat baino gehiago eman daiteke kasu markak eta postposizioak bereiz emateko:

  • Kasu marka duten sintagmek (genitiboak izan ezik, jakina), aditzaren komunztaduran joko berezia dute, postposizioa duten sintagmek ez dutena:
    1. Aita-K ama-RI gona gorria-Ø ekarri d-i-O-Ø
    2. Gu-K zu-RI gona gorriak-Ø ekarri d-i-ZKI-ZU-GU
    3. Gurasoe-K gu-RI txakurra-Ø ekarri d-i-GU-TE
  • Adibide horietan argi ageri da adizkia nola aldatzen den nor, nori eta nork aldatu ahala. Komunztadura da hori.

TXAKURRA BALKOITIK BARATZERA SALTATZEKO PREST

  • Postposizio Sintagmek ez dute komunztadurarik eragiten adizkian:
    1. Txakurrak balkoi-TIK baratze-RA salto egin du arratsalde-AN.
    2. Txakurrek balkoieta-TIK baratzeta-RA salto egiten dute arratsaldeeta-N.
  • Hemen adizkiak nozitu duen aldaketa bakarra (salto egin du vs. salto egin dute) nork sintagmaren aldaketari zor zaio (txakurrak (sg.) vs. txakurrek (pl.)). Postposizio Sintagmak ere aldatu ditugu singularretik pluralera, baina aldaketa horrek ez du izan inolako eraginik adizkian.
  • Bestalde, perpaus mailan nor, nori eta nork sintagmak ditugun bezala, determinatzaile sintagma mailan, aipatutako sintagma hauen pareko liratekeenek genitiboa hartzen dute (-(r)EN edo -(r)E). Alegia, perpaus barneko absolutiboaren, datiboaren eta ergatiboaren ordez, genitiboa aurkituko dugu. Aldiz, perpaus mailako postposizio sintagmek, -KO atzizkia hartzen dute izen baten inguruan doazenean:
    1. [Perpausa ArantzaK deitu du] vs. [DS ArantzaREN deia] luzea izan da. (*Arantzak deia)
    2. [Perpausa ArantzaRI gero deituko diot] vs. [DS ArantzaREN deiak] pixka bat itxaron dezake. (*Arantzari deia)
    3. [Perpausa Arantza hil da] vs. [DS ArantzaREN heriotza] hunkigarria izan da. (*Arantza heriotza)
  • Postposizioek, aldiz, -KO hartzen dute izen sintagmaren barneko osagai gisa eman nahi direnean:
    1. [Perpausa AintziraN bizi da herensugea] vs. [DS AintziraKO herensugea] urtero agertzen da egunkarietan.
    2. [Perpausa ZureTZAT ekarri dute opari hau] vs. [DS ZuretzaKO oparia] hau da.
    3. [Perpausa MundakaRAINO iritsi da marea beltza] vs. [DS MundakarainoKO marea beltza] zabaldu da.

  • Ikuspegi honetatik, -EN genitiboak absolutiboa, datiboa eta ergatiboa ordezkatzen ditu. Hortaz, zilegi dirudi denak kategoria bereko elementutzat hartzea, kasu markatzat hartzea, alegia.
  • Aldiz, -KO atzizkiak ez ditu beste postposizioak ordezkatzen. Postposizio horiei gehitu egiten zaie. Horrenbestez, oraingoan ezingo dugu atzizki hau kasu markatzat hartu. Izan ere, zer kasu izango litzateke? Egia da gure gramatiketan usadiozkoa dela -KO atzizkiari 'leku genitibo' deitura ematea, baina askotan -KO atzizkiaren bidez adierazten dugun lotura ez da lekutasuna adierazteko izaten:
    1. Zuretzako gutun bat iritsi da.
    2. Azpeitiko herriak behar zuen holako zerbitzu bat.
  • Perpaus hauetan, [zuretzako] eta [Azpeitiko] ez dira, itxura guztien arabera, leku genitiboak. Beste zerbait dira. Batean [zuretzako] sintagmak helburua adierazten du. [Azpeitiko] sintagmak, berriz, hiri edo herri baten izena adierazten du. Bilboko hiria eta Bilboko tranbia esaten dugunean bietan ez da lekua adierazten edo, gutxienez, ez da lekutasuna modu berean adierazten.
  • Hortaz, kasu marka barik, postposiziotzat hartzea da bidezkoena. Izan ere, postposizioak postposizioen gainean pila daitezke:
    1. [PoS [PoS mendian] + [Po zehar]]
    2. [PoS [PoS etxera] + [Po bidean]]
  • -KO ere bai. -KO postposiziotzat hartuz gero, egoera berean aurkituko ginateke:
    • [PoS [PoS Aitarentzat] + [Po -KO]]
  • Bestalde, -KO bera, edo itxura berekoa dena, helburuzko postposiziotzat hartzekoa da. Adibidez holakoetan:
    1. Noizko da afaria?
    2. Ez ezazu utzi geroko.
  • [noizKO] eta [geroKO] Postposizio Sintagmak dira. Hortaz, -KO ere postposizioa izango da.
  • kasu markek, semantikaren aldetik, ez dute esanahi jakin bat: ergatiboak esate baterako predikatu batzuekin egiletasuna adieraz dezake, baina beste batzuetan jasailetasuna adierazten du, adibidez:EZ DU TABERNAN AHAZTU GUARDASOLA (Santa Tegra, A Guardia, Galizia, hiri zelta)
    1. JONEK deitu du (Jon, egilea) vs. JONEK dena daki (Jon, jasailea edo)
    2. Guardasola tabernan ahaztu du MIKELEK vs. Guardasola tabernan ahaztu zaio MIKELI.

_(14a)n ergatiboa dugu bietan, baina deitzen duena egiletzat har daitekeen bezala, zerbait dakienak ez du ezer egiten, ez da egile.

  • Aldiz, (14b)n, seguru asko, [Mikelek] ergatiboak, [Mikeli] datiboak, funtsean gauza bera adierazten dute, bi kasu desberdin baditugu ere.
  • Modu berean, ergatiboa (-K) eta absolutiboa (-∅], maiz, adiera beraren erakusgarri izaten dira:
    • JONEK hitz egin du vs. JON mintzatu da
  • Euskalkien artean ere diferentziak badira: irten bezalako aditz bat, esaterako, batzuentzat ergatiboduna izango da, euskara batuan absolutiboa eskatzen dutenetakoa bada ere:
    • Gaur KARMELEK berandu irten du lanetik vs. Gaur KARMELE berandu irten da lanetik.
  • Aldiz, inesiboak (-N), ablatiboak (-TIK), edo, zer esanik ez, AURREAN, GAINEAN, ONDOAN… bezalako postposizioek, badute berezko esanahi bat, beti bera, funtsean. Inesiboak, esaterako, kokagune bat edo adierazten du, dela espazioan dela denboran:
    • MENDIAN ikusi genuen azkenekoz. (kokagunea espazioan) vs. LARUNBATEAN ikusi genuen azkenekoz. (kokagunea denboran)
  • Orobat, ablatibo deitzen denak (-TIK) 'jatorria' adierazten du:
    • MENDITIK gatoz (jatorria espazioan) vs. LARUNBATETIK aurrera ez gara etorriko (jatorria denboran)
  • Hau zuzena bada, gorago -KO atzizkiari buruz esan dena airean gelditzen dela pentsa liteke, zeren postposizioek berezko esanahi bat badute, -KO-k hain zuzen berezko esanahi hori faltako luke. Errepara diezaiegun adibide hauei:
    1. Gaurko, ogirik ez dago.
    2. Gaurko ogirik ez dago.
  • Bi perpaus hauetan ageri den [gaurko] sintagma desberdina da batean eta bestean: (b)n [gaurko], osagai zabalago baten (gaurko ogi sintagmaren) osagai da eta 'noizbait egindako ogiaz' mintzo gara. (a)n, aldiz, ogi horren jomuga edo destinoaz ari gara. Ez gara noizbait egindako ogiaz ari, baizik egun jakin baterako ogia falta dela esaten. Hortaz, (a)n, -KO atzizkiak beteko luke postposizioek ohikoa duten ezaugarria, berezko esanahi bat izatea, alegia. Baina (b)ko kasuan -KO-k ez dio esanahiaren aldetik gaur eta ogi-ren arteko erlazioari ezer berririk eransten, lotura soila adieraziko luke. Egiten duen bakarra da predikatu bat bere argumentuarekin erlazioan jarri. Honako adibide hauetan ere aski argi ikusten da hori:
    • Zeure bihotza baino handiagoko jainkoak asmatu dituzu.
  • Honen azpian dagoen predikazioa honako hau da:
    • Jainkoak zure bihotza baino handiago dira.
  • Hortaz, -KO atzizkiak ez dio [Jainkoak] subjektuaren eta [… handiago] predikatuaren arteko erlazio honi ezer gehitzen edukiaren aldetik.

Nolanahi ere, kasu marka ezin izan daitekeenez, postposiziotzat hartuko dugu, sail honetan salbuespenezko izaera duela aitortu behar badugu ere. Kasu hauetan ez du berezko esanahirik, erlazioa ezarri besterik ez du egiten.

  • Bestalde, postposizioen artean beste bereizketa batzuk ere badira, morfologiarekin zerikusia dutenak. Postposizio batzuk itsatsiak dira, benetako atzizki alegia. Beste batzuk, berriz, askeak dira. Atzizki direnen artean, leku-denborazko postposizioek ere besteek ez bezala jokatzen dute, sintagma mugagabea edo mugatu plurala denean, adibidez, -TA- artizkia agertuko zaigu. Bestalde, sintagma [+animatua] denean leku-denborazko Postposizio Sintagmetan -GA- artizkia sartuko da (ik., besteak beste, Mitxelena 1972, “Etimología y transformación”):

KUTXA HORRETAN GORDE DU DIRUA

    1. Zein kutxaTAn gorde duzu dirua? (mugagabea)
    2. KutxeTAn gorde daiteke dirua. (plurala)
    3. ZuGANDdik ez dut ezer espero. (+animatua)
    4. IkasleenGANa hurbildu zen. (+animatua)
  • Oraingoan ere, bada postposiziotzat hartuko dugun atzizki bat, morfologiari dagokionean kasu markek bezala lan egiten duena. Instrumentala deitzen denaz ari gara, zeren euskara batuan behintzat, ergatiboak bezalaxe lan egiten baitu:
    1. mugagabea: zein gizoneK (erg.)/zein gizoneZ (instr.)
    2. mugatu sing.: gizonAK /gizonAZ
    3. mugatu plurala: gizonEK / gizonEZ
  • Inoiz, gainera, ergatiboaren ordezko bezala erabilia ere ikus daiteke testu zaharretan:
    • Badirade xikiratuak, gizonez xikiratuak izan diradenak. (Leizarraga, Mt 19,12)

Salbuespenak salbuespen, eta irtenbide egokiagorik ezean, kasu markak eta postposizioak bereiztea bidezko dirudi. Hortaz:

Osagaien arteko erlazioak adierazteko marka gramatikalak
Kasu markak Postposizio itsatsi bakunak Postposizio itsatsi konplexuak Postposizio askeak
absolutiboa (Ø) inesiboa (-N) destinatiboa (-ENTZAT) KONTRA
ergatiboa (–K) ablatiboa (-TIK) komitatiboa (-EKIN) ONDOAN
datiboa (–I) adlatiboa (-RA) kausazkoa (-E(N)GATIK) ERRUZ
genitiboa (–EN) instrumentala (-Z) helburuzkoa (-(RA)KO
erlaziozkoa (-KO)

Kasu markaz horniturik ageri diren osagaiak Determinatzaile Sintagma izaten segitzen dutela esango dugu.(([[http://en.wikipedia.org/wiki/Grammatical_case|Kasu Sintagma]] deitzea ere zilegi litzateke eta hala aurkituko dugu zenbait lanetan) Postposizioz horniturik ageri direnak, berriz, Postposizio Sintagmak izango dira, batzuk konplexuagoak:

    • [PoS irakasleen erruz]

Besteak bakunagoak:

    • [PoS menditik]

Adibidez, lehengo (3) perpausean aditzaren inguruan dabiltzan osagai batzuk Determinatzaile Sintagmak (nahiz Kasu Sintagmak) direla esango dugu eta besteak Postposizio sintagmak:

    1. mutikoak = [DS [DS mutiko -a] -K ]
    2. txakurrari = [DS [DS txakur -a] -(R)I ]
    3. pilota gorri bat = [DS [DS pilota gorri bat] -Ø ]
    4. uretara = [PoS [DS ur] -taRA ]
    5. lehengo egunean = [PoS [DS lehengo eguna] -N ]

Determinatzaile Sintagma guztiek nahitaezko dute kasu marka hartzea (Determinatzaile nahiz postposizioa hartzea. Hori gabe ez genuke jakingo osagai bakoitzak perpausean zer betekizun duen eta, horrenbestez, perpausa ez litzateke gramatikala izango. Adibidez, goiko (3)ren ordez, honako hau, (28), hankamotz gelditzen da, nolabait esatearren:

  • *[Mutikoa] [txakurra] [pilota gorri bat] BOTA ZION [ura] [lehengo eguna]
  • (cf. mutikoaK txakurraRI pilota gorri bat bota zion uretaRA lehengo eguneaN.)

Deklinabide delakoa

Determinatzaile sintagmek forma desberdina hartu ohi dute daramaten kasu markaren edo postposizioaren arabera. Kasu marka horiek eta postposizio itsatsiak atzizki direnez, sintagmaren eskuin muturrean doazen mugatzaile eta plural markekin bat egiten dute eta, horrela, sarritan, hots aldaketak gertatzen dira. Adibidez:

    • gona + -a + -k + -i > gonEI
    • egun + -a + -tik > egunETIK
    • zein enpresa + -en > zein enpresaREN
    • eta abar.

Horregatik, Determinatzaile Sintagmak erakus ditzakeen forma desberdin hauek denak taula batean eman ohi dira forma guztiak behar bezala ordenaturik. Taula horri 'deklinabide taula' dei ohi zaio, baina egokiago dirudi “kasu taula” deitzea edo hobeki, “postposizioen taula”. Nolanahi ere, kontuan eduki behar da euskaraz Determinatzaile Sintagmak direla deklinatzen direnak eta ez izenak edo adjektiboak, adibidez. Beste hizkuntzetan hitzak deklinatzen dira (latinez edo errusieraz, esaterako). Latinez, adibidez, bost deklinazio dira, eta izenak, izenordeak edo adjektiboak eredu jakin baten arabera deklinatzen dira. Adibidez:

Genitibo singularra lehen deklinazioan -ae forman amaitzen da:

  • rosae 'arrosaren'

Aldiz, bigarrenean, -i amaiera du:

  • mundi 'munduaren'

Hirugarren deklinazioan -is amaiera dugu:

  • leonis 'lehoiaren'

Laugarrenean, -us amaiera du genitiboak:

  • manus 'eskuaren'

Eta bosgarren deklinazioan, -i amaiera aurkitzen dugu berriro:

  • diei 'egunaren'

Alegia, latinez, hitzak (izenak, adjektiboak, erakusleak, izenordainak…) deklinatzen dira: hitza nolakoa den eta generoa, numeroa eta kasua zein diren, halako forma erakutsiko du azkenean hitz deklinatu horrek. Latinez gauzak horrela dira. Euskarazko itzulpena alboan jarri dugunez, berehala ohartzen gara bi hizkuntzek erabat desberdin jokatzen dutela. Latinez, euskaraz bezalaxe, sintagma bat izenaz, adjektiboaz eta erakusleaz osatua egon daiteke, adibidez. Baina latinez, euskaraz ez bezala, sintagma osatzen duten hiru atal horietako bakoitzak eraman behar du marka bera. Kasu, numero eta genero komunztadura dago erakuslearen, izenaren eta adjektiboaren artean:

  • Adibide zerrenda ordenatu gabea

Euskaraz Determinatzaile Sintagma behin bakarrik markatzen da, azken muturrean ezartzen zaio dagokion kasu marka edo postposizioa. Euskaraz, hortaz, Determinatzaile Sintagmak deklinatuko lirateke: atzizkia (kasu marka nahiz postposizioa) Determinatzaile Sintagma osoari dagokio, nahiz eta sintagmaren azken osagaiari itsatsi eta honi, eta honi bakarrik, zenbait forma aldaketa eragin. Adibidez:

  1. (6)
    1. : a. [DS [DS Elefante zuri + a ] + [Erg -K ] ] = elefante zuriak
    • (elefante zuriak buruari eragin dio)
    1. : b. [DS [DS Elefante zuri + ak ] + [Dat –I ] ] = elefante zuriei
    • (elefante zuriei dei egin diete)

(6a)n Determinatzaile Sintagma dugu, mugatu singularra (-a mugatzaileak erakusten digun bezala) eta ergatibo kasuan doa (-K ergatiboaren marka da). (6b)n, berriz, sintagma hori mugatu pluralean dago (-ak mugatzaile plurala dela badakigu). Kasua hemen datiboa da (-i atzizkia da datiboaren marka). Oraingoan, -ak + -i > -ei bilakatu da, baina –ei honen 'azpian', nolabait, -ak + -i morfema segida dugu. Sarritan, itxuraz forma bera izan arren, egiazki osagai desberdinez osatua egon daiteke sintagma, eta, horrenbestez, interpretazioa ere desberdina izango da. Alegia, morfema segida desberdinek, azkenean, forma bera eman dezakete. Konpara, bestela, goiko (6a) sintagma beste honekin:

  1. (7)
    • [DS [DS Elefante zuri + ak ] + [ABS Ø ] ] = elefante zuriak
    • (Elefante zuriak ikusi ditugu)s

Oraingoan ere, (6a)n bezala, determinatzaile sintagma mugatu pluralaren aurrean gaude (-ak mugatzaile pluraltzat hartzen baitugu) eta Ø kasu marka ('absolutiboa') daramala esango dugu. Beraz, bietan [elefante zuriak] atala badugu ere, atal horrek kasu batean eta bestean osaera desberdina du. (6a)ren eta (7)ren arteko axaleko kidetasun hori testuinguruari esker apur daiteke. Gure kasuan, aditzaren komunztadurak salatuko digu bien arteko diferentzia:

  1. (8)
    1. : a. Elefante zuriak ur parrasta bat bota zien ikusleei gainera. (NORK)
    2. : b. Elefante zuriak kamioira igo dira. (NOR)

Honako honetan ere berdin:

  1. (9)
    • Bi gizonek kontatu digute hori.
    1. : a. bi gizon + -ak + -k > bi gizonek (mugatu plurala)
    2. : b. bi gizon + -k > bi gizonek (mugagabea)1
  1. (10)
    • Bost adarretan ikusten ditut txoriak.
    1. : a. [DS Bost adar + -ak] + -tan > bost adarretan (mugatu plurala)
    2. : b. [DSBost adar] + -tan > bost adarretan (mugagabea)
1 Zenbait hizkeratan prosodia desberdina dute sintagma batak eta besteak. Badira euskaldunak mugatu plurala, bi gizÓnek ahoskatzen dutenak, nolabait, baina mugagabea, aldiz, bi gizonÉk edo ahoskatzen dutenak.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Postposizioa eta postposizio sintagma", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3