Erabiltzaile Tresnak


morf:5:9:1

Postposizio motak

Hizkuntza askotan preposizioak dituzte. Euskaraz, postposizioak:

    1. Mikel vive [CON sus padres] (gaztel.) / Mikel [bere gurasoeKIN] bizi da (eus.)
    2. Il habite [À Paris] (fr.) / [PariseN] bizi da (eus.)
    3. I went [FROM Westminster Bridge] [TO the Tower [OF London]] (ing.) / [[WestminsterreKO] ZubiTIK] [[LondresKO] dorreRA] joan zen.

Determinatzaile Sintagma batek perpausean agertzeko kasu marka edo postposizioa izan behar du. Horrela, atera aditzarekin batera ni, txakurra eta kalea bezalako osagaiekin perpausa eratu nahi bada, atera aditza tankera jakin bateko adizki gisa gauzatuko dugu eta ni, txakurra eta kalea sintagmak ere ezin dira 'biluzik' utzi, kasuz edo postposizioz 'jantzi' beharko dira. Horrela, ondoko lehenbiziko sintagma-katea okerra dela esango dugu baina bigarrena, esaterako, zuzena:

    1. *Ni txakurra kalea atera TXAKUR HAU EZ DA KALERA IRTEN
    2. Nik txakurra kalera atera nuen

Kalea Determinatzaile Sintagma bat da, kasurik eta postposiziorik gabea. Kalera, berriz, lehengo Determinatzaile Sintagma bera da baina -ra postposizioa itsatsia duena. Postposizioen artean ohikoa da bi multzo nagusi bereiztea: a) postposizio itsatsiak eta b) postposizio askeak. }

Postposizio itsatsiak

LONDRESKO ZUBIAPostposizio itsatsi deituko diegu atzizki direnei, alegia sintagmaren azken hitzari itsatsirik ageri direnei. Hori da goiko -ra, -ko, -tik, -n postposizioen kasua:

    1. kalera < kale(a) + -ra
    2. Londresko < Londres + -ko
    3. Londresko zubitik < [Londresko zubi(a)] + -tik

Postposizio itsatsiak, kasu markak bezala, atzizkiak dira eta, horrela, gure gramatiketan denak biltzen dira 'deklinabide' tauletan.

Atzizki ditugu bai kasu markak bai postposizio itsatsiak. Horrenbestez, idazterakoan, ezkerreko sintagmari atxikiak aurkituko ditugu beti. Postposizio askeak, berriz, bereiz idatziko dira. Beraz, sintagmari itsatsiak doazen ala aske doazen kontuan harturik, bi multzo nagusitan bana genitzake: a) Atzizkiak eta b) Postposizio askeak. Atzizkien artean berriz, bi multzo nagusi bereiz daitezke: a) Kasu gramatikalei dagozkien markak (NOR, NORI, NORK eta NOREN) eta b) postposizioak (-Z, -N, -TIK, -RA …). Hauek, kasu markak bezalaxe, gure gramatiketan ‘deklinabide’ delakoan zerrendatuak etorri ohi dira (ZERTAZ, NON, NONDIK, NORA, …)1.

Postposizio askeak

Badira, ordea, beste postposizio batzuk, funtsean, aipatu ditugun postposizio itsatsi horien zeregin bera betetzen dutenak baina ohiko deklinabide paradigmetan lekurik izan ohi ez dutenak. Har ditzagun honako adibide hauek:

    1. [Zure erruz] galdu dut trena.
    2. [Egoera politikoari buruz] hitz egin dute.

Eta konpara ditzagun beste honako hauekin:

    1. [Zuregatik] galdu dut trena.
    2. [Egoera politikoaz] hitz egin du

Zein da batzuen eta besteen arteko aldea? Azkeneko postposizio hauek goikoen oso antzekoak dira. Batean sintagmaren buru egiten duen posposizioa askea da: erruz eta buruz hitz beregainak dira eta idatzi ere bereiz idazten ditugu. Aldiz, -gatik eta -z atzizkiak dira.

Normalean, gainera, postposizio askeak, jatorriz izenak edo beste gramatika kategoriako elementuak izan ohi dira: ONDOan, BURUz, ERRUz… izenen gainean eraikiak dira; beste batzuk, ZEHAR, GERO, KONTRA, ONDOREN … adberbiotzat har litezke, beharbada.

Idazterakoan hitz beregain gisa tratatzen baditugu ere, kokagune finkoa dute, sintagmaren eskuin muturrean. POSTposizio dira. Gure inguruko hizkuntzetan eta beste askotan erabiltzen diren preposizioen eta preposizio-esapideen (cf. 'ante' edo 'respecto a'(gaztel.) pareko dira. Diferentzia nagusia, kokagunea: PREposizio vs. POSTposizio.

    1. etxe(aren) ondoan
    2. Londresko zubiaren gainean

Adibide hauetako ondoan eta gainean postposizio askeak dira, ez dira atzizkiak. Baina hau irizpide formal batean oinarritzen garelako da. Horrek ez du kentzen, esaterako, zenbait sintagma kategoria berekotzat eta funtzio berekotzat hartzea. Horrela, ondoko perpausetan ageri diren Postposizio Sintagmak, funtsean, gauza bera izango lirateke:

    1. Zutaz hitz egin genion irakasleari.
    2. Zuri buruz hitz egin genion irakasleari.

Zutaz eta zuri buruz erabat kideko dira. Eta ez bakarrik esanahiagatik. Biek ere perpausean betetzen duten funtzioa bera da. Adizlagun deitu izan zaio funtzio honi, aditzaren adjunktu, alegia. Baina -Z atzizkia postposiziotzat -postposizio itsatsitzat- hartzen badugu eta BURUZ ere postposizio dela onartzen badugu, nahiz eta atzizki ez izan, aipatu dugun kidetasun horren berri oso modu errazean eman daiteke biak Postposizio Sintagma direla esan baitezakegu:

    1. [PoS [DS zu] ] [Po -ta- z]
    2. [PoS [DS zuri] [Po buruz] ]

IRAKASLEA ETA IKASLEAKPostposizio askeak ez dira gramatiketako deklinabide tauletan agertzen. Baina hau irizpide formal batean oinarritzen garelako da. Horrek ez du kentzen, esaterako, zenbait sintagma kategoria eta funtzio berekotzat hartzea. Horrela, ondoko perpausetan ageri diren postposizio sintagmak, funtsean, gauza bera dira: postposizio sintagmak eta hauen buru postposizio bana, lehenengo kasuan postposizio itsatsia, bigarrenean, askea.

    1. Zutaz hitz egin genion irakasleari.
      • ( [PoS [DS zu] ] [Po -ta- z] )
    2. Zuri buruz hitz egin genion irakasleari.
      • ( [PoS [DS zuri] [Po buruz] ] )

Hortaz, laburbilduz:

POSTPOSIZIO ITSATSIAK POSTPOSIZIO ASKEAK
sintagmari itsatsiak agertu ohi dira, atzizki gisa (zuREGATIK; zuENGAN; alabaRENTZAT …) forma askeak dira (zuRI BURUZ; zuEN ONDOAN; alabaREN KONTRA …)
euskal gramatiketan, deklinabide tauletan biltzen dira deklinabidetik aparte eman ohi dira, eta gehienetan, gainera, postposizioak berak 'deklinatuak' agertu ohi dira, itsatsirik beste postposizio bat daramatela: zure ondoaN, ondoTIK, ondoKO, eta abar.
ezkerrean, normalean, Determinatzaile Sintagma soila izan ohi dute (etxeaz < etxea + -Z; etxean < etxe(a) + -N; …), nahiz eta batzuek genitiboa edo beste postposizioren bat izan (txakurrarentzat < txakurra + REN + -TZAT; xakurrarengandik < txakurra(ren) + GAN + TIK) ezkerrean, normalki, jadanik kasu markadun sintagma bat edo postposizio sintagma bat izan ohi dute (lurraren kontra < lurraREN + KONTRA; elizaren ondoan < elizaREN + ONDOAN; mendian zehar < mendiaN + ZEHAR; Azpeitira bidean < AzpeitiRA + BIDEAN, eta abar)
1 Hala ere, deklinabide tauletan agertu behar duten kasuak zenbat eta zein diren ere ez dago oso argi gure gramatiketan. Bizpahiru adibide jartzeko, esaterako, EGLU I-ean, hamabost kasu jasotzen dira. Villasantek 1972, hamalau ematen ditu, -engatik kanpoan uzten baitu. Lafittek (1944) ere hamabost ematen ditu, baina kasu desberdinak biltzen ditu. Esaterako, -tzat jasotzen du, besteek ez bezala, eta -rantz berriz ez.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Postposizio motak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3