Erabiltzaile Tresnak


morf:5:9:2

Postposizio itsatsiak

Kasu markak atzizkiak dira, alegia morfologikoki ezkerreko elementu bati atxikiak. Adibidez, ergatibo kasuaren marka -K dugu, datiboarena -(r)I. Hauek atzizki direla diogunean ezkerreko elementu horren euskarririk gabe ezin ibil daitezkeela esan nahi da. Nahi eta ez, zerbaiten arrimura bizi dira. Postposizio itsatsi deitzen ditugunak ere atzizki dira.

Bai kasu markek bai postposizio itsatsiek topo egin dezakete sintagmaren eskuin muturreko elementuekin, izenaren edo adjektiboaren azken hotsarekin edo artikuluarekin esaterako, eta horrela, kokagune horretan, atzizkiak eta gainerako hotsak elkartzen diren gune horretan, hots elkarketa bereziak gertatzen ahal dira. Adibidez:

    1. nire liburu -ak + -i > nire liburuEI
    2. nire bi liburu + -i > nire bi liburuRI
    3. nire liburu -ak + -ta- -n > nire liburuETAN
    4. nire bi liburu + -ta- -n > nire bi liburuTAN

Sintagmaren eskuin aldeko morfemak bata besteari erantsita doaz. Batzuetan morfema-eranste horretan ez da hots-aldaketa berezirik gertatzen:

    1. Itziar + -i > Itziarri
    2. Itziar + -ekin > Itziarrekin
    3. Andoni + -k > Andonik
    4. Andoni + -z > Andoniz

Beste batzuetan, aldiz, bai:

    1. herri -ak + (ta)n > gure herrietan
    2. gona -a + -n > gonan
    3. lur -a + -n > lurrean

Hots elkarketa hauek, ordea, modu desberdinean gauzatzen dira kasu markak ditugunean jokoan eta postposizioak ditugunean. Adibidez:

* Goiko lurrean moduko baten ordez, ergatiboan lurrak dugu, ez *lurreak.

* Postposizioen kasuan sintagma +animatu/-animatu den kontuan hartzen da:

    1. KarmenenGAN [+animatua] vs. IrunEN [-animatua]
    2. deabruarenGANDIK [+animatua (!?)] vs. infernuTIK [-animatua]
    • eta abar

Holako bereizketarik ez da gertatzen kasu markekin.

* Edo postposizio itsatsiekin, pluralean eta mugagabean -ta- artizki misteriotsu samar hori agertzen da, ez kasu markekin:

    1. Zein etxeTAn, bi etxeTAra, … (mugagabea)
    2. EtxeeTAn, etxeeTAra, … (mugatu plurala)
    3. Zein etxek; zein etxeri, … (mugagabea)
    4. Etxeek; etxeei, … (mugatu plurala)

Deklinabideaz hitz egiten duten euskal gramatiketan, zenbait postposizio eta kasu marka hartzen dira eta paradigma egokietan aurkezten. Ohikoa da gure gramatiketan absolutiboarekin, datiboarekin, genitiboarekin eta abarrekin batera, inesiboa, ablatiboa, adlatiboa eta horrelakoak aipatzea eta denak paradigma berean sartzea. Paradigma hauek erabilgarri gerta daitezke gauzak modu argian sailkatzeko eta ordenatzeko balio duten heinean.

Euskara hizkuntza postpositiboa da. Horrenbestez, bai kasu markak bai postposizio deitzen ditugunak, egiazki post-posizioak dira, beste hizkuntza askotako pre-posizioen baliokideak. Orduan, norbaitek pentsa lezake denak postposiziotzat hartzea sinpleago litzatekeela. Hala ere, hemen egiten dugun kasu marken eta postposizio itsatsien arteko bereizketa honek (ik. EGLU-I bera ere, adibidez) badu funtsa. Bestelako sailkapenak ere egin litezke baina geurea arrazoitzen saiatuko gara. Oinarri hartzen baditugu nor, nori eta nork, alegia, absolutiboa, datiboa eta ergatiboa, hiru deitura hauek kasu deiturak dira. Horrenbestez, -Ø, -(r)I eta -K kasu markatzat hartzeko eskubide osoa dugu. Aurrera eginez, kasu marken multzo hau hedatu nahi badugu, adibidez instrumentalari (-Z) eta leku-denborazko 'kasuei' (inesiboari (-N), adlatiboari (-RA), ablatiboari (-TIK) eta abarrei) leku egin geniezaieke. Izan ere, egia da 'inesiboa', 'ablatiboa', 'genitiboa' eta antzeko deiturak kasu deiturak direla. Hala jasotzen dira gramatiketan. Guk, hala ere, bestelako sailkapena egingo dugu. Arrazoiak badira horretarako.

Postposizio Sintagma mota bi: leku/denborazkoak eta leku/denborazko ez direnak

Ohiko gramatiketan deklinabidean sartu ohi diren Postposizio Sintagmak, eta ondorioz, postposizioak berak ere bai, bi multzo desberdinetan sailka ditzakegu:

a) Batetik lekuzkoak ez diren Postposizio Sintagmak bilduko ditugu: INSTRUMENTALA (zertaz), eta genitiboaren gainean eraikitakoak: SOZIATIBOA (norekin), DESTINATIBOA (norentzat) eta KAUSAZKOA edo zergatikoa (zergatik) Destinatibo delakoak berekin daraman –tzat atzizkia ere (zertzat), PROLATIBOA deitzen zaiona, multzo honetan sartuko dugu.

b) Leku-denborazko Postposizio Sintagmak: INESIBOA (non/noiz), ADLATIBOA (nora), HURBILTZE ADLATIBOA (norantz), MUGA ADLATIBOA (noraino), ABLATIBOA (nondik/noiztik), HELBURUZKOA (norako).

Gramatiketan ‘Leku genitibotzat’ hartzen dena ere, -KO, gainerako leku-denborazko Postposizio Sintagmak bezalakoa da, hein batean. Ordea, postposizioak semantikoki “beteak” direla esan badugu ere, -KO honek, hain zuzen, horretantxe egiten digu huts, zeren izenlagun gisa lan egiten duenean behintzat (etxeKO lanak, bihotz oneKO mutila, izarra baino ederragoKO andrea …) -KO postposizioak, berezm ez baitu esanahi berezirik adierazten (ik. Mitxelena, de Rijk, Trask, Eguzkitza, Goenaga, …). Horietan erlazio soil bat besterik ez du aditzera ematen. Jakina, Bilboko tranbia edo atzoko partida bezalako adibideek eraman gaitzakete delako 'leku genitibo' hori aldarrikatzera, baina argi dago ez dela horretara mugatzen -KO-ren agerpena. Dena dela, –KO honek erabilera gehiago baditu, DESTINATIBOA, esaterako, eta gainerako postposizioei erantsirik ematen dugunean ere (zurekiko, zuri buruzko, burutik beherako, e.a.), esan liteke bere lana erlazioa adieraztea besterik ez dela, -KO horren alde banatan agertzen diren sintagmen artekoa, hain zuzen. Hauek normalean ohiko deklinabide tauletan ez dira jasotzen.

Aipatu ditugun Postposizio Sintagma hauetan denetan postposizioa atzizkitzat har daiteke. Hori litzateke gure gramatiketan deklinabide delakoaren barrenean emateko arrazoia. Dena dela, deklinabide horren beharrik ez da gure gramatikan.

Laburbilduz, honako taula eskain dezakegu:

POSTPOSIZIO SINTAGMAK
Leku-denborazkoak inesiboa -N herrian, etxe hartan, gizon horiengan
adlatiboa -(R)A herrira, etxe hartara, gizon horiengana,
hurbiltze adlatiboa -(R)ANTZ herrirantz, etxe hartarantz, gizon harenganantz
muga adlatiboa -(R)AINO herrirano / etxe hartaraino / gizon harenganaino
ablatiboa -TIK / -RIK herritik /etxe hartarik / gizon harengandik / herririk herri
helburuzkoa -(RA)KO herrirako / etxe hartarako /
Leku-denborazkoak ez direnak instrumentala -Z arazo horretaz / zutaz / etxeaz / etxeez …
soziatiboa -(R)EKIN arazo handiekin / zurekin / etxeekin /
destinatiboa -(R)ENTZAT haur txikientzat, zuretzat, herrientzat
kausazkoa -(R)ENGATIK diru guztia(ren)gatik, zu(re)gatik, haur hauengatik, gizon horrengatik
prolatiboa -TZAT lelotzat, laguntzat, erregetzat, edertzat, ontzat …
Erlaziozkoa -KO mendiko, egun hauetako, bihotz oneko, etorri handiko, gizonekiko …

Postposizio hauek buru direla, postposizio sintagmak sortuko dira. Egitura, funtsean, honako hau izango dute:

  1. [PoS [DS … ] [Po …] ]

Adibidez:

    1. a. [PoS [DS Ibai haiek] [Po ta-n] ] bizi da.
    2. b. [PoS [DS Diru hori] [Po -ekin] ]ezin diot zorrari aurre egin.
    3. c. [PoS [DS Basoa] [Po -raino] ] iritsi naiz.

Leku-denborazko Postposizio Sintagmen berezitasun morfologikoak

Itsatsitzat hartu ditugun leku-denborazko postposizioek besteek ez bezalako forma erakusten dute. Horrek bereiz tratatzera behartzen gaitu.

Leku-denborazko Postposizio Sintagmetan hiru bereizgarri nabarmendu daitezke:

a) –TA- artizkia
    1. [PoS bi etxeTAn] gertatu dira lapurretak.
    2. [PoS taberna honeTAra] sartuko gara.
    3. [PoS aipatu dizkizudan bi enpreseTAko] zuzendariak salatu dituzte.
b) –GA- artizkia
    1. [PoS AmarenGAna] joan nahi du haurrak.
    2. Hautagai horrek ez du [PoShautesleenGAn] konfiantza handirik sortzen.
c) Postposizio Sintagma mugatu singularra denean (inesiboaren salbuespenarekin) artikuluaren arrastorik ez
    1. [PoS Etxetik] gatoz. (*etxeatik gatoz)
    2. [PoS Etxera] etorri zitzaidan (*etxeara etorri zitzaidan )
    3. [PoS Etxeraino] eraman genizkion loreak (*etxearaino eraman genizkion loreak)

Azter ditzagun arreta apur bat gehiagorekin hiru ezaugarri hauek.

a. -TA- artizkiaren agerpena

Postposizio Sintagmaren osagaien artean –TA- artizkia agertzen da (ik. Azkue 1923: 304-308), baldin eta sintagmaren erreferentea animatua ez bada. Artizki hau postposizioaren beraren eta ezkerrean duen osagarriaren (Determinatzaile Sintagmaren) artean kokatzen da:

  1. [PoS [DS bi enpresa berri] –TA- -N]

Honako kasu hauetan agertzen da –TA- artizkia:

a) sintagma mugatu singularra ez denean

Alegia, mugagabea edo mugatu plurala denean:

    1. [Zein etxeTAn] bizi zara? (mugagabea)
    2. [ArboleTAra] igo ziren tximinoak. (mugatu plurala)
    3. [Arbolara] igo ziren tximinoak. (*arbolatara igo ziren tximinoak) (mugatu singularra)
b) Determinatzailea erakuslea denean

Erakuslearen ondoren, leku-denborazko postposizio itsatsi dugunean, orduan ere -TA- artizkia txertatuko da, bai singularrean, bai pluralean:

    1. [Etxe honeTAn] ez dago lan egiterik.
    2. [Ondorio harrigarri haueTAra] iritsi naiz.

Erakusleen eta zenbait izenordainen kasuan, instrumentalak ere -TA- artizkia behar du:

    1. [Arazo honeTAz] mintzatu nahi dut.
    2. [zuTAz] gogoratu nintzen.
    3. [edozerTAz] hitz egin dezake horrek.
c) Mugatzaile zehaztugabeekin

Zehaztugabetzat jotzen direnekin ere, izenordain nahiz mugatzaile izan, -TA- agertzen da:

    1. ZerbaiteTAn pentsatu beharra dago.
    2. ZerTAn ari zara? / Zer laneTAn ari zara orain?
    3. EzerTArako ez da on.
    4. EdozerTArako balio omen du makina horrek.
    5. Edozein liburuTAN aurkituko duzu hori.

Sintagma hauek mugagabeak dira eta, horrenbestez, -TA-ren agerpena espero izatekoa da, goian esan denaren arabera.

d) Izen berezietan, aldiz, ez da inongo artizkirik txertatzean

Ohar hau nahitaezkoa da. Izan ere, leku izen propioek agerian mugatzailerik ez badute ere, ez du esan nahi hauek mugagabeak direnik. Gehienez ere, 'mugatzailerik gabeak' direla esango dugu. Zeren ondo mugatuak direla esan daiteke eta mugatuak direla onartuta, ongi ulertzen ahal da -TA-ren beharrik ez izatea:

    1. Anboton izan ginen (ez, *Anbototan). (cf. Zein mendiTAn izan zineten?)
    2. Orion bizi naiz (ez, *Oriotan). (cf. Zein herriTAn bizi zara?)

Azalpen historikoa edozein izanik ere, kontu honek erakusten duena da, izen bereziek, pertsona nahiz leku izenek, ez dutela inongo “eranskinik” onartzen ez kasu markaren, ez postposizioaren edo kasu markaren aurrean, zuzenean eransten zaiela behar duten postposizioa nahiz kasu marka:

    1. Karmelek (< Karmele + -K), Karmeleri (< Karmele + -(R)I), …
    2. Anbotok (<Anboto + -K), Anbotori (<Anboto + -(R)I, Anboton (<Anboto + -N), Anbotora (<Anboto + -RA …)

Eta, hain zuzen, berez izen propio direnak izen arrunt gisa darabiltzagunean, orduan nahitaezko gertatzen da –TA-ren agerpena:

    1. Durangon izan nintzen lehengo urtean.
    2. Zein Durangotan izan zinen, Bizkaikoan ala Mexikokoan?
e) -TA-ren balioaz galdezka

Galde liteke, bestalde, zer dela eta mugagabean eta pluralean agertzen den –TA- artizki hau. Ez da erraz erantzun zuzena ematea. Rotaetxeren (1978: 519) arabera, inoiz esan izan bada ere atzizki pluralgilea izan daitekeela, hori ezinezkoa litzateke, pluralean ez ezik, mugagabean ere agertzen baita. Gure hizkuntzalariaren arabera, pentsatu beharko litzateke artizki honek baduela halako 'mugagabetasun' balioa batetik, eta 'kantitate edo ugaritasun zehaztugabearena' ere bai bestetik. Horrenbestez, bi balio hauek batuz, -TA- artizki honek 'masa' gisa interpretatuko litzatekeen 'kantitatea' denotatuko luke. Horretarako, 'arrainetan jan du!', edo 'bazegoen jendetan! modukoetan pentsatu besterik ez dago. Erakargarria da hipotesia, noski. Horrela, ‘neskatan ibili’ edo ‘elurretan ibili’ edo ‘eguzkitan etzan’ diogunean bezalaxe, kopuru diskretu bat barik, continuum bat, masa bat, nolabait, adierazten dugu.

Hala ere, ez dakigu erakusleetan eta izenordainetan zergatik agertzen den artizki hau. Rebuschik (1984: 153) dioen bezala, “egundaino ez du inork aurreratu benetan asebetekoa den hipotesirik kontu honetaz.”

b. -GA- artizkia [+animatu] tasuna duten sintagmetan

Leku-denborazko Postposizio Sintagmetan animatuak eta animatugabeak formaz ere bereizi egiten dira. Animatuetan –EN genitibo markaz gainera –GA- artizkia1 ere agertuko zaigu leku-denborazko -N, -TIK, -RA … postposizioen aurretik.

    1. Konfiantza osoa zuten irakasleaRENGAN.
    2. Ez dut laguntzarik jaso inorENGANDIK.
    3. OlatzENGANA hurbildu nintzen.
    4. Ez zaitez ministroaRENGANAINO hurbiltzen saiatu.
Genitiboaren marka, aukerakoa

Genitiboaren marka hori aukerakoa gertatzen da zenbait kasutan:

    1. PelloGANDIK (= Pellorengandik) ez nuen besterik espero.
    2. Ez dakit zer ikusi duen guGAN (= guregan)

Oro har, badirudi aukera honen baldintza dela genitiboa ezabatu ostean, [… bokala + -ga…] segida gertatzea:

    1. *MikelGANDIK zer espero duzu? (cf. JosebaGANDIK zer espero duzu?)
    2. *Ez dakit zer ikusi duen zuekGAN. (cf. Ez dakit zer ikusi duen zuGAN)

Sintagmaren determinatzailea erakuslea denean ere ezinezkoa suertatzen dela dirudi genitiboaren marka albora uztea:

    1. Hone(n)GAN / *HauGAN
    2. Horre(n)GAN / *HoriGAN

Egiazki, -ENGA- hori -EN genitibo markari -GA- postposizioa erantsiz lortu da. Asko dira genitiboa gobernatzen duten postposizioak. Jatorria hori izanik ere, osagai guztiak bat eginak daudela esan genezake. Multzo ihartu bat osatuko luke –ENGA-k. Gainera, hain ihartua ez dagoen beste postposizio baten baliokidea izan ohi da, -EN BAITA-rena alegia.

Nola ulertu behar da sintagma [+animatu] izatea?

-GA- artizkia [+animatu] tasuna duten sintagmetan erabiltzen dela esan dugu. Gure ohiko gramatiketan [+bizidun] tasuna aipatzen da. Bistan da 'bizidun' tasun hau ez dela baliagarri. Arbola biziduna da, baina ez da zilegi '*arbolarengana' esatea. Horrenbestez, beste ezaugarri bat pentsatu behar eta, [±animatu] egokiago begitandu zaigu. Hala ere, zenbaitetan zilegi da [+animatu] tasuna dutenekin ere –GA-rik ez erabiltzea. Adibidez, honako perpaus hauek erabat bidezkoak dira:

    1. Monjetan ikasi zuen Karmelek. (ez *monjengan ikasi zuen Karmelek)
    2. Zalditik erori da. (ez, *zaldiagandik erori da)
    3. Zaldira ezin igorik zebilen. (ez, *zaldiarengana ezin igorik zebilen)

Baina, bestalde, honako hauek ere zuzenak dira:

    1. Monjengan ez zuen itxaropen handirik inork.
    2. Mandoarengandik ihes egitea hobe duzu.
    3. Txakurrarengana ez zaitez hurbildu.

Honek erakusten du –GA- horrek baduela berezko esanahiren bat, BAITA-k duen bezalaxe, kokaleku fisiko soila ez dena. Monjetan eta monjengan, izan ere, desberdinak dira: lehenbizikoan, espazio fisiko bat adierazten dugu, 'monjen ikastetxean' edo. Aldiz, monjengan diogunean, fisikoa ez den zerbait aditzera ematen dugu, zer den azaltzea zaila bada ere.

Honen antzeko zerbait gertatzen da, -orain ere lekuaz ari gara- leku bat adierazteko pertsona izen batez baliatzen garenean. Adibidez:

    1. Jonenean bazkalduko dugu. (cf. Jonen tabernan bazkalduko dugu.)
    2. *Jonengan bazkalduko dugu.

Nolanahi ere, Postposizio Sintagma hauetan, –N, -TIK eta holakoei esker, (23-25) bitarteko adibide guztietan kokagune bat ematen dugu aditzera. Baina postposizio horien ezkerrean txertatu dugun -GA- postposizioak kokagune horri eduki jakin bat ematen dio. Nigan eta neure artean diogunean ere, beti egiten diogu erreferentzia, nolabait, kokagune edo ‘toki’ bati, fisikoa ez bada ere. Baina esamolde horiek ez dira berdinak, geure ondoan eta geure baitan ere desberdinak diren bezalaxe. Bada, antzeko zerbait gertatzen da –GA- artizkiarekin ere. Ez da, ordea, erraza hor ezkutatzen den edukia zein den zehazki.

• Laburbilduz:

Leku-denborazko Postposizio Sintagmen bereizgarriak
Sintagma [-animatua] denean -TAn, -TAtik, -Tara, -TAraino …
a) Erakuslearen ondoren
b) Mugagabean
c) Mugatu pluralean
Sintagma [+animatua] denean [… -(en)GAn], [… -(en)GAndik], [… -(en)GAna]

-TA- leku-denborazko PoS-etanPoS mugatu singularra -GA- PoS [+animatua] denean

c) Postposizio Sintagma [+mug, +sing] denean, artikulurik ez

Leku-denborazko postposizio sintagma [+mugatua], [+singularra] eta [-animatua] denean, badira kontuan izan beharreko beste ezaugarri batzuk ere. Inesiboa bide batetik doa, gainerakoak bestetik:

a) Inesiboan izan ezik, beste leku-denborazko Postposizio Sintagma guztietan, artikulu singularraren arrastorik (-A-renik, alegia) ez da:

  1. Etxe handitik/*handiatik; etxe zabalera/*zabalara; erreka zikineraino/*zikinararaino; txabola berriko/*berriako …
    • (cf. Etxe handiAk/ etxe zabalAri/ erreka zikinAren/ txabola berriAz …)

Hots: (26)koak sintagma mugatuak izan arren, mugatzailerik ez da inondik ageri.

b) Inesiboan, hala ere, bada artikuluaren itxurako –A- bat:

    1. Etxe handiAn bizi da.
    2. Etxe berriAn lanak egiteari ekin diote.

Baina bitxia da, zeren sintagmaren eta postposizioaren artean –E- bokal epentetikoa txertatzea eskatzen baitu batzuetan:

    1. Leku {ederrEAn/*ederrAn} utzi du.
    2. Erreka {zikinEAn/*zikinAn}, arrain gutxi.

Alegia, sintagma kontsonantez amaitzen bada (leku eder, erreka zikin), -e- bokal epentetikoa txertatu behar da. Honen azalpena ematen saiatu dira hizkuntzalariak. (28)an –A-ren aurrean agertzen den –E- epentetiko horrek iradokitzen du ondoko elementua ez dela bokalez hasten -ez dela -a, alegia- espero genukeenaren kontra, baizik eta kontsonantez hasten den zerbait (Jakobsen 1977; Rotaetxe 1978: 510-531; De Rijk 1981, Trask 1997). Izan ere, -E-ren epentesia kontsonante artean gertatzen da (zein adarrEk < … adar + -k; lurrEz < lur + -z …). De Rijk-en proposamena kontuan hartuz, kontsonante hori G- litzateke. Hortaz, inesiboan ageri den den –A hori artikulua ez, baizik beste zerbait dukegu: –GA, leku izenetan ikus daitekeen elementu bera. Elementu honek ez du, nahitaez, aniztasuna adierazten (ik. Arespakotxaga (<aretx bakotx –aga). Gauzak horrela, (28)ko –E-ren agerpena erraz-erraz azaltzen zaigu, zeren –A itxuran agertzen den hori egiazki –GA bada, azken batean bi kontsonante elkarren ondoan izango genituzke eta, horrek eskatuko luke –E- bokal misteriotsu horren txertatzea. (28)ko sintagmen azpian, hortaz, honako egitura hauek izango genituzke:

    1. Etxe zabal + ga –n > etxe zabal-E-gan > etxe zabalean
    2. Erreka zikin + ga –n > erreka zikin-E-gan > erreka zikinean

Manterolak (2007) hipotesi berriago bat eskaintzen du. Hizkuntzalari honek, inesiboan -gan balizko leku postposizio bat dugula onartu beharrean, tarteko kontsonante misteriotsu hori aspirazioa delako hipotesia proposatzen du. Inesiboaren kasuan, zehazki, agertzen dena, artikuluaren ordez, han adberbio erakuslea izango litzateke. lanean < lan e han < lan han. Hortaz, historia oraindik lauso samarra gertatzen da.

1 Artizkia bera -gan ala -ga-n-den eztabaidagai izan da gramatikarien artean. Azkuek (1923: 301-303), esaterako, -gan oso-osorik hartzen du. (Gauza bera egiten du Trask-ek (2003: 176) ere). Azkueren arabera, lekuzko postposizioak eransterakoan, -ganIK/-ganDIK, -ganA eta abar gertatzen direnez, inesiboan ere -gan+N forma sortuko da eta hemendik, batze honen azken emaitza gisa, -gan izango dugu. Rebuschik (1984: 178-179), besteak beste, -ga + -n gisa analizatzen du postposizio hau. Bidezkoago dirudi ikuspegi honek. Izan ere, pentsa dezagun -ga+n dela posposizioa, alegia, -ga elementu nominal bati -horregatik gobernatzen du genitiboa- inesiboaren -n marka (postposizioa) gehituz. Hori da beste postposizioekin ere gertatzen dena: gizonaREN + baita-N; etxeaREN ondoaN … Horregatik, gaur egun postposizio itsatsi bezala ematen badugu ere, zergatik ez pentsatu gizonaREN + ga + -N daukagula azpian? Guk horrela analizatuko dugu.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Postposizio itsatsiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3