Erabiltzaile Tresnak


morf:5:9:3

Postposizio askeak

Ondorengo zerrendan, lehen zutabean postposizio nagusienak ematen dira. Bigarrenean, postposizioaren ezkerreko atalak zer nolako kasu-marka edo postposizioa izan behar duen adieraziko da, alegia, postposizio bakoitzak zer hartzen duen osagarri gisa. Hirugarrenean, berriz, adibide batzuk ematen dira: (ik. Euskaltzaindia 1985: 438-445; Lafitte 1944:168-172; Odriozola-Zabala, Azkue, Villasante …)

POSTPOSIZIOA ERREGIMENA ADIBIDEA
AITZI1 (‘kontra’) Genitiboa ez zuen ahulagorik atzeman bere aitzi
AINTZIN(-ean/-etik/-era/-eko Genitiboa Zure aintzin, nor sartu zen?
Mikelen aintzinean jarri zen
Zuzendariaren aintzinera deitu zuten
Datiboa eskolastikuen metafisikari aitzi oldartu zen
ALBOAN Izen Sintagma soila Erreka alboan zuhaixka bat dago
Genitiboa Zure alboan eseriko naiz
ALDE Genitiboa Bushek Jainkoa ere bere alde du
ALDEAN(1) Genitiboa Horrek zure aldean asko daki
ALDEAN(2) Izen Sintagma soila Osaba Bizkai aldean sarri ibiltzen zen
ALDERA Izen Sintagma soila Etxe aldera abiatu nintzen
Absolutiboa Ordubata aldera iritsi zen
[… -TZE] Zerbait esate aldera esan nuen hori
ALDETIK Genitiboa Hiztegiaren aldetik pobre samarra da
Gure aldetik ez dugu beste ezer erantsiko
Izen Sintagma soila Zeruan izarra dago itsaso aldetik
ANTZEAN Genitiboa Gure antzean dabil hori ere
Adjektibo Sintgma Makal antzean dabil aspaldian
ANTZERA Genitiboa Zure antzera nago ni ere, dirurik gabe
ARABERA Genitiboa Zuk esandakoaren arabera jokatu dut
ARAU partizipioa Banderak astintzen dituzte, soinuak jo arau
aditzoina Loreondo batek, lilia idek arau, ostoa galtzen du
Genitiboa Zeure hitzen arau gidatu nire urratsak
Izen Sintagma soila Ikas euskara, toki arau, ahal arau, arte arau
ARTE Adberbio Sintagma [+Denbora] Bihar arte / gero arte / etzi arte
partizipioa Gauzak bere lekuan gorde arte, ez zara irtengo
Absolutiboa Hilaren hamabosta arte kanpoan naiz
Adlatiboa Hurrengo egunera arte ez zidan deitu
[… -(e)n] Argia piztu duzun arte, ez zaitut ikusi
ARTEAN Genitiboa Andre guztien artean bera zen dotoreena
Ni, neure artean, galdera mordo bati erantzuten saiatzen nintzen
Partizipioa Egon hemen ni etorri artean
[… -(e)n] Kanpoan den artean, zu lasai
Izen Sintagma soila Fabrika artean ibili ginen
ARTETIK Izen Sintagma soila Arbola artetik atera zen gizona
Genitiboa Liburu hauen artetik, aukeratu bat
AT Ablatiboa Mundutik at bizi zela zirudien
AURKA Genitiboa Gure aurka ibili da denbora guztian
AURRE (-an, -ra, –tik, -ko, …) Izen Sintagma soila Etxe aurrean zegoen, geldi
Udaletxe aurrera eraman dute
Kendu zaitez ate aurretik
Genitiboa Nor da zure aurrean dagoen hori?
Nire aurreko guztiek izan zuten lekua
Zuzendariaren aurrera joan behar izan genuen
AZPI (-an, -ra, -tik) Izen Sintagma soila Mahai azpian duzu eskuzapia
Ken itzazu liburu azpian dauden paperak
Genitiboa Kurpilen azpian harrapatu zuen txakurra
Lurraren azpitik ur beroa ateratzen zen
BAITA (-n, -ra, -tik/-rik, …) Absolutiboa Gizona baitan doai handiak daude
Genitiboa Geure baitan dugu etsaia
Jainkoak libratu zuen Jonas balearen baitarik
BARIK Izen Sintagma soila Diru barik aurkitzen zen
Partizipioa Agur esan barik alde egin zuen
Partizipio eliptikoa Nahiago dut kalean barik baserrian bizi (cf. nahiago dut, kalean bizi barik, baserrian bizi)
Emazteari barik amari eskatu zion laguntza (cf. emazteari eskatu barik amari eskatu zion laguntza
BAKO Izen Sintagma soila Teilatu bako etxean bizi zen
BARRENA / BARNA Inesiboa / Ablatiboa Afrikan barrena ibiliko dira
Larrabetzutik barna iritsi ginen Gernikara
BARRU Zenbatzaile Sintagma Bi egun barru etorriko da irakasle berria
Izen Sintagma soila Herri barruan ezin da autoa erabili
BAT [… -t(z)eaz] Atea irekitzeaz bat, zarata bat entzun nuen
BATERA [… -t(z)eaz] Etxera iristeaz batera euria hasi zuen
[… -(e)naz] Jonek alde egin zuenaz batera hasi ziren istiluak
BAZTER(-ean, -etik, -era, -eko) Izen Sintagma soila Bide bazterrean botata utzi zuten
Errekaren bazterrean utzi zuten autoa
BEGIRA Genitiboa Artoen begira dago (Aramaio)
Datiboa Itsasoari begira egon nintzen luzaro
Adlatiboa Iparraldera begira dago gure etxea
Hurbiltze dlatiboa Gorantz begira jar ezazu karta hori
BEHARREAN partizipioa Bizikleta erosi beharrean, hobe zenuen motorra erosi bazenu
BEHEITI Inesiboa maldan beheiti erori zen
Absolutiboa oihuka abiatzen dira patarra beheiti
Datiboa bagoazi gure beribiletan patar eztiari beheiti
Instrumentala Hobeki ikusteko, buruz beheiti etzan da
BEHERA Inesiboa Urak haziak zetozen errekan behera
Instrumentala Buruz behera ibiltzen ikasi zuen
Ablatiboa Goitik behera zetorren ikaragarrizko abiadan
BESTALDE Instrumentala Errekaz bestalde dago herria
BEZALA Izen Sintagma soila Adiskide bezala tratatu ninduten
[ …-en] Esan nizun bezala, ez naiz etorriko
Ez duzu egin Mikelek esan zizun bezala
BIDEZ Genitiboa Gutun baten bidez eman zioten berria
BIDEAN Adlatiboa Etxera bidean izan genuen istripua
BILA Izen Sintagma soila Ur bila bidali genuen
Genitiboa Haur eder baten bila gabiltza
BITARTEAN Partizipioa Gu iritsi bitartean, presta ezazu afaria
Absolutiboa Ordu bata bitartean, paseatu egingo dugu
[… -(e)n] Ni zuzendari naizen bitartean, ez zara sartuko
BITARTEZ Genitiboa Gurasoen bitartez jakin genuen berria
BIZKAR Genitiboa Asko dira herri honetan inoren bizkar bizi direnak
BURU Genitiboa Ororen buru, errudun bat baino gehiago da hemen
BURUAN Genitiboa Hamar egunen buruan izango duzu erantzuna
BURUZ Datiboa Ekologismoari buruz zerbait gehiago jakin nahi du
Basoari buruz abiatu zen ('basorantz abiatu zen')
Aitari buruz itzuli zen ('aitarengana itzuli zen')
ERDI(-an, -tik, -ra, -ko …) Izen Sintagma soila Bide erdian zegoen trikua
Bide erdira atera omen zitzaizkion lapurrak
Genitiboa Gauaren erdian Jesus jaio da
ERETZEAN Genitiboa Orduko idazkiek ez dute balio handirik literaturaren eretzean (… literaturaren aldetik)
ESKE Izen Sintagma soila Baimen eske joan naiz Udaletxera
Neure diruaren eske nator
ESKER(AK) Datiboa Jainkoari esker(rak), oraindik ere zutik gaude
Musikari esker(rak) behiek esne gehiago ematen dute orain
ESKU Genitiboa Noren esku gelditu zen hurrengo bilera antolatzea?
EZEAN Partitiboa Besterik ezean, onak dira gaztainak
Partizipioa Garaiz etorri ezean, ez dugu ezer egingo
EZIK Partizipioa Zu izan ezik, beste guztiak etorri dira
FAGORETAN Genitiboa Elkartasunezko ekitaldiak muntatu zituen behartsuenen fagoretan
GABE Partitiboa Aterkirik gabe, nora zoaz?
Izen Sintagma soila Diru gabe nengoen Pariseko puntan
Absolutiboa Gizon hau gabe ezin gara inora joan
Partizipioa Begiak altxatu gabe erantzun zidan
GAIN Genitiboa Nire gain uzten dituzte beti lan zailenak
GAIN (-ean, -era, -etik…) Izen Sintagma soila Arbola gainean kokatu zen txoria
Arbola gainetik erori zen baserritarra
Genitiboa Teilatuaren gainean zegoen katua
Geure gainera etorri zen autoa abiadura handian
Euskararen etorkizunaren gainean hitz egin dugu (cf. euskararen etorkizunari buruz hitz egin dugu
GAINERA Instrumentala Esandakoaz gainera ez dut besterik
Liburu hauez gainera, beste hauek ere hor dituzu
GAINDI Inesiboa Basoan gaindi doa (cf. basoan barrena doa
GERO Instrumentala Egun hartaz gero ez dut ikusi
[… -(e)nez] Berandu etorri zarenez gero, zutik egon beharko duzu
GEROZTIK Instrumentala Igandeaz geroztik ez dut ikusi
[… -(e)nez] Auto hura erosi nuenez geroztik beti marka bera hautatzen dut
GIBEL(-ean, –etik, -era, …) Genitiboa Eliz aren gibelean aurkituko duzu hilerria
Izen Sintagma soila Etxe gibelean bada iturritxo bat
GISA Izen Sintagma soila Adiskide gisa mintzo natzaizu, ez mediku gisa
GOITI Inesiboa Mendian goiti joan behar duzu
Ablatiboa Handik goiti arrain asko ikusten da
Hola egin bedi hemendik goiti
Instrumentala Ehunez goiti apaiz bazen elizan
GORA Inesiboa Aldapan gora abiatu ziren neskak
Instrumentala Hankaz gora bota zituzten gure proiektuak
Ablatiboa Paristik gora dago Lille
Izen Sintagma soila Aldapa gora hasi dira, dagoeneko, txirrindulariak
HAIDURU Genitiboa Karrosa bat hor dugu kanpoan gure haiduru
HURBIL Ablatiboa Udaletxetik hurbil bizi da Arantxa
INGURU Zenbatzaile Sintagma Bost urte inguru pasatu ziren
INGURU(-an, -tik, …) Izen Sintagma soila Etxe inguruan dabil txakurra
Martxo inguruan kimatu behar da arbola
Absolutiboa Ordubiak inguruan iritsi ziren
Genitiboa Ez dugu ezer aurkitu etxearen inguruan
IRIAN Absolutiboa Hamarrak irian jotzen da xilin bat
IRITZIZ Genitiboa Irakaslearen iritziz, neskak argiagoak dira mutilak baino
KANPO Instrumentala Internetez kanpo ez du beste pentsamenturik
Ablatiboa Euskal Herritik kanpo ere badira leku ederrak
Deialditik kanpo geratu zen
KALTETAN Genitiboa fisika gaietan hasi nintzen jartzen arreta, letretako ikasketen kaltetan
KONTRA(N) Genitiboa Zure kontra daude denak etxean
Izen Sintagma soila Horma kontran jarri zen (Aramaio)
Datiboa Ahuspez, lurrari kontra jarri zen
LANDA(-ra, -n) Ablatiboa Bada beste bizitze bat honetarik landan
Handik landa jo zuen gero, oinez eta esketik biziz
Instrumentala Euskarak badu, elizaz landa, beste premiarik
Semea nor den ez daki inork, Aitaz landara
Zu zaitut, Jainkoaz landan, ene kontsolazione guztia
LEGEZ Izen Sintagma soila Joka ezazu euskaldun zintzo legez
[… -(e)n] Axularrek zioen legez, gauzak ez dira geroko utzi behar
LEKUAN Genitiboa Zure lekuan ni joango naiz
LEPOTIK Genitiboa Emaztearen lepotik bapo bizi da hori
MENDE Genitiboa Alkoholaren mende ibili zen luzaroan Iñaki
ONDO(-an, -tik, -ra, …) Izen Sintagma soila Etxe ondoan aurkitu dut
Gurutze ondora hurbildu nintzen
Genitiboa Nor da Itziarren ondoan dagoena?
ONDOREN Izen Sintagma soila Gerra ondoren asko sufritu zuen
Genitiboa Bat zenbakiaren ondoren bia dator
Partizipioa Zu ezagutu ondoren gauzak asko aldatu dira niretzat
ORDE(-z, -an) Genitiboa Nire ordez nork joan nahi du bilerara?
Partizipioa Hau erosi ordez, hobe duzu bestea erosi
ORDUKO Partizipioa Konturatu orduko kartera ohosstu zidaten
Etxera sartu orduko garbitu oinetakoak
[… -(e)n] Konturatu nintzen orduko, gainean neukan
OSTEAN/OSTETIK/OSTERA… Izen Sintagma soila Ate ostean ezkutatu zen
Gizon bat atera zitzaidan arbola ostetik
Genitiboa Zure ostean nor da?
Partizipioa Gerra amaitu ostean, herrira itzuli zen atzera
PARE Genitiboa Hego haizearen pare zara batzuetan
PARE(-an, -tik, -ra…) Izen Sintagma soila Bular parean eman zioten kolpea
Gure autoaren parean geratu ziren ertzainak
PARTEZ Genitiboa Goraintziak Azkoitiko izekoren partez
Nire partez zoazela esaiozu
[… -KO] Atzoko partez, bihar joango naiz
PARTETIK Genitiboa Nire partetik ez dago oztoporik
TRUK(E) Izen Sintagma soila Diru truke ez bada, horrek ez dizu lanik egingo
Musu truk ibili nintzen hainbeste urtean Gurutze Gorrikoei laguntzen
Genitiboa Erlojuaren truke eman zidan baloia
URRUN Ablatiboa Herritik urrun zegoen gure baserria
URRUTI Ablatiboa Bide zuzenetik urruti ibili zen urte haietan
USTEZ Genitiboa Zure ustez, zein da egokiena?
ZAIN Genitiboa Zure zain egon ginen hamaikak arte
Partizipioa Ni iritsi zain ez zineten egongo, bada?
ZEHAR Inesiboa Euskal Herrian zehar ibili zen luzaro gure hizkuntzalaria
Kalean zehar nindoala, norbaitek deitu zidan
Ablatiboa Gernikatik New Yorkera joan zen, Paristik zehar

Postposizioak eta ohiko izenak

Postposizio asketzat hartu ditugunei arreta piska batekin begiratzen badiegu, berehala ohartuko gara gehienak, berez, izenak direla, edo aditzondoak. Buru, antz, alde, arte, bitarte, uste, iritzi eta abar izenak dira, dudarik gabe. Hala ere, postposizioen sailean sartzen ditugu, tresna gramatikal gisa lan egiten baitute. Dena den, ohiko izenen eta postposizio direnen artean bada diferentzia funtsezko bat, hots: izen arruntek adjektiboak onartzen dituzte edo mugatzaile gisa erakusleak onartzen dituzte. Postposizio lanetan ari direnek, ordea, zailtasunak dituzte horretarako. Seinale, ez direla jadanik ohiko izenen sailekoak, bete behar duten gramatika zereginetarako egokitu diren izenak baizik. Har ditzagun, adibidez, gorago eman dugun zerrenda horretatik aldetik postposizioa edo antzean:

    1. Hiztegiaren aldetik, oso ongi dago. = Hiztegiari dagokionez, oso ongi dago. (aldetik: [+Postposizio])
    2. Hiztegiaren alde onak askoz gehiago dira eskasak baino. (alde: [+Izen])
    3. Zure antzean dabil hori ere. (antzean: [+Postposizio])
    4. Zure antz handia du horrek. / *Zure antz handian dabil hori ere. (antz: [+Izen])

Eman ditugun adibide hauetan garbi dago benetako izenek eta postposizioek diferente jokatzen dutela. Bestalde, gauza jakina da Determinatzaile sintagma batean izenlagun bat dugunean Determinatzaile sintagma hori mugatua izan ohi dela:

  1. Autoz etorri da

baina

  1. *Aitaren autoz etorri da / Aitaren autoan etorri da.

Nola azaldu postposizio direlako hauek sarritan, batez ere instrumentalean (-Z atzizkiarekin) doazenean, mugagabeak izan beharra? [Autoz dator] diogunean, ez diogu auto jakin bati erreferentzia egiten. Hori baino zerbait orokorragoaz ari gara, generiko den zerbaitez. Etortzeko modu batez edo ari garela pentsa daiteke. Aldiz, [aitaren autoan] diogunean auto jakin bati erreferentzia egiten diogu, auto zehatz batez ari gara, ez generikoa den zerbaitez. Hori kontuan izanik, [autoz] oso-osorik har liteke, adberbio bat balitz bezala. Delako adberbio honek ez luke inolako osagarririk onartuko. Horregatik da okerra *aitaren autoz, aitaren autoan ez bezala. Hortaz, [autoz] adberbio bai, baina ez dugu postposizioen sailean kokatuko. Hain zuzen, osagarririk onartzen ez duenez, berekasa, biluzik, joan behar du. Baina ustez, iritziz, alde, truke, eta abar postposizio askeen sailean sartu ditugu. Hauek ere, berez, izenak dira, eta mugagabe, autoz bezalaxe. Baina azken hau izenlagunez hornitua agertu ezin den bezala, nire ustez, aitaren iritziz, gure alde, liburu baten truke eta abar guztiz arruntak dira eta izenlaguna agertzeak ez gaitu eramaten sintagma hauek mugatu gisa ematera. Hortaz, hauek ere nolabaiteko adberbiotzat har litezke -eta horrela mugagabearen kontua ez litzateke jadanik arazo izango- baina postposizio ere badirela esatea zilegi bada, genitiboan doan osagarriaren agerpena ere azaldua geratuko litzateke.

Hain zuzen, beste kasu batzuetan ere gure hiztegirik hoberenetan zenbait hitz adberbiotzat ez ezik postposiziotzat ere hartzen dira: ondoren, esaterako, postposizio dela esaten zaigu (ik. Sarasola 1996) baina 'adizlagun' gisa ere lan egiten duela. Hona hemen hiztegi horretan jasotzen diren bi adibide:

    1. Literatura baten loraldietan itzulpenak berez datoz gorputzaren ondoren isatsa datorren bezala. (Postposizioa)
    2. Apaizak jende guztiaren aurrean jarri ziren, hamabi harriak zeramatzatenak ondoren zituztela.

(4a)ko ondoren postposizioa da, (4b)koa, aldiz, adberbioa. Oso arlo labaina da eta oso zaila gertatzen da erabat koherente izatea. Aipatutako hiztegi horretan bertan, adibidez, ez da irizpide bera aplikatzen, esaterako, aurrean edo ondoan sarreraren kasuan. Artean sarrera ere modu desberdinean tratatzen da. Sareko Gramatika honetan postposiotzat hartzen baditugu, koherentziagatik izan da, zenbaitetan gure ustezko koherentzia horrek eskuetatik ihes egiten badigu ere. Adibidez, erruz postposiziotzat hartu dugu hemen. Hiztegietan, aldiz, erru sarreraren azpian aurkituko dugu, ustez uste sarreran aurkituko dugun bezala. Baina hauek arazotsuak dira. Erruz postposiziotzat hartzeko arrazoiak badira, hala ere, eta, beti bezala, arrazoi nagusia da erreferetzialtasuna, nolabait esateko. Errepara diezaiogun ondoko perpaus pareari:

    1. [Geure erruz] galdu dugu partida.
    2. [Geure erruez] hitz egitera behartu gintuzten.

(5a)n ez gara mintzo erru jakin batez edo batzuez. Aldiz, (5b)n, erru zehatz batzuez ari gara, ‘egindako erruez’, adibidez. Aldiz, (5a)n holakorik ez dugu. Ezin esan dezakegu, adibidez:

    1. *Egindako erruz galdu dugu partida.
    2. *Egin dugun erruz galdu dugu partida.

Horregatik, (5a)n, erruz postposiziotzat hartzea bidezko dela uste izan dugu. (5b)ko erru, aldiz, izen arrunta dela esango dugu. Erruz postposizioa, nolabait, abstraktuagoa da, partida galtzearen eta nire arteko erlazioa zein den esaten zaigu: niregatik esaten dugunean bezalaxe.

Hala ere, egia da, zenbaitetan postposiziotzat ematen ditugun izen hauek adjektiboz hornituak ere ager daitezkeela: ‘nire erru handiz’, ‘nire uste apalez’ eta abar. Proposatu dugun analisiarekin mugagabea izateari erantzun egokia eman nahi bagenion, adjektiboaren agerpena geldituko litzaiguke azalpen egokirik gabe. Zorionez, 'nire uste apalean' moduko esapideak askoz ere ugariagoak dira testuetan 'nire uste apalez' modukoak baino.2

Edozein modutan, sintagma osoak postposizio sintagmatzat har ditzakegu.

Honako hau izango litzateke sintagma horien funtsezko egitura:

Arazo bat: [izena + postposizio] ala izen elkartu?

Zerrenda honetako postposizio batzuk Izen Sintagma soila gobernatzen dute. ‘Leku’ adiera duten asko (ik. De Rijk): ALDEAN, ALDERA, ALDETIK, ARTEAN, ARTETIK, AURREAN, AZPIAN, ERDIAN, GAINEAN, GIBELEAN, INGURURAN, ONDOREN, ONDOAN…, BARIK, BAKO, GABE, BEZALA, GISA, LEGEZ, BILA, ESKE … holakoak dira. Postposizioaren osagarri Izen Sintagma soila izan beharrean, Determinatzaile Sintagma mugatua ere izan daiteke, baina orduan genitiboan joan ohi da postposizioaren osagarri hori:

    1. Etxe ondoan / etxearen ondoan (ez, *etxea ondoan)
    2. Arbola artean / arbolen artean (ez, *arbolak artean)
    3. Itsaso inguruan / itsasoaren inguruan (ez, *itsasoa inguruan)
    • eta abar.

Kontua da jokabide hau izen elkartuetan oso arrunta dela:

  1. behi esnea / behiaren esnea / behien esnea.

Horregatik, maiz azpimarratu da postposizio sintagma horien barne-egitura izen elkartuena dela. Baina 'behi-esne' bezalako hitz elkartua eta eliza ondoan diogunean daukagun eliza-ondo atala taxu berekoak ote dira? Zalbidek (1993: 26-27) ongi azaltzen du kontu hau. Zenbaiten iritziz, ”disparatea” omen da mendi-gaina izen elkartutzat hartzea eta mendi gainean hitzartean, gainean hori postposizio dela esatea. Zenbaiten aburuz, profesionala izan behar omen da bereizketa hori egiteko. Baina badira bi puntu kontuan hartzekoak: a) ‘postposizio’ kontzeptua ez da azken orduko asmazio badaezpadakoa eta b) ‘marratxoa erabiltzen duen idazle-jendeak, hainbat idazlek bederen, bereizi egiten ditu, zinez izen elkartuak eta postposizio andanak idazterakoan. Trenbidea, zine-barrua edo teilatu-gaina idazten duen hainbatek, alegia, tren bidez (bidali), zine barruan (elkartu) edo teilatu gainetik (erori) idazten du. Postposizio kontu hau ez da, idazleontzat behintzat, gramatikazko abstrakzio-arau hutsa” (27. orr.) Itxura batean hitz elkartuen egitura bera badute ere, hortaz, desberdin sentitzen ditugu benetako hitz elkartuak eta postposizio sintagmatzat hartu ditugunak. Ildo beretik, bada beste diferentzia bat ere, solasgai ditugun esamolde hauen sintaxia errotik ukitzen duena: izen elkartu hauen ‘ardatza’ edo burua eskuineko osagaia da. Ezkerrekoa, nolabait, buru horren osagarria da. Bestalde, egitura honi (izen elkartu denari) ezkerrean gehi dakizkiokeen izenlagun, zenbatzaile eta osagarriek osorik ‘besarkatzen’ dute izen elkartua, eta, horrenbestez, buruari dagozkio. Gure trenbidea edo gure behi esnea badiot, ez naiz ari esaten trena eta behia gurea dela. Izatekotan ere, x-bidea izango da gurea edo x-esnea. Aldiz, postposizio sintagmez ari garenean, alderantziz gertatzen da, gertatzen denean: gure etxe ondoan diogunean 'gure etxeaz' ari gara. Alegia:

  1. Gure etxe ondoan = [[gure etxearen] ondoan] = [[gure etxe] ondoan] (≠ [ [gure [etxe(aren) ondoan ]

Aldiz, gure behi esnea diogunean, ez gara ari gure behiaz gure esneaz baizik:

  1. Gure behi esnea = [gure [behi-esne] –a] ≠ [[gure behiaren] esnea]

Horregatik, hemen postposizio hauentzat eskaintzen dugun bidea egokia dela iruditzen zaigu. Postposizio batek IS gobernatzen badu, determinatzailerik gabeko osagai bat izango du osagarri. Adibidez:

  1. [PoS [IS etxe][Po ondoan]]

Ostera, ‘itsatsitzat’ eman ditugun postposizioek DS hartzen dute osagarritzat.3 Eta hemen ohikoa da mugatu/mugagabe bereizketa egitea inolako arazorik gabe:

  1. menditan (mugagabea) / mendian (mugatu singularra / mendietan (mugatu plurala)

Aldiz, neska artean bezalako batean ez. Hor ez daukagu mugatzailerik, postposizioaren osagarria ez baita DS bat IS bat baizik.

Baina izen elkartu itxurako postposizio sintagmetan postposizioak genitibozko osagarri bat hautatzen ahal du, eta orduan numero eta mugatasun bereizketak egiteko ez da inolako arazorik, hala nahi izanez gero: [PoS [DS… -(e)n ] + Po] :

    1. Neskaren ondoan
      • [PoS [DS neskaren ] + ondoan]
    2. Neska hauen ondoan
      • [PoS [DS neska hauen ] + ondoan]
    3. Zenbat neskaren artean?
      • [PoS [DS zenbat neskaren ] + artean]
1 Lafittek (1944: 168) zaharkitutzat ematen du postposizio hau.
2 Ereduzko Prosa Gaur izeneko corpusean, adibidez, mugagabeko adibide bakarra aurkitu dugu. Aldiz, 'nire uste apalean' 34 aldiz jasotzen da.
3 -tzat postposizioa bada, eta postposizio itsatsia, honek bai hautatzen duela IS edo AdjS kategoriako osagarria: Ergeltzat hartu zuten Karmele. [Ergel] AdjS da. Erregetzat hartu zuten esanez gero, berriz, hemen [errege] IS litzateke.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Postposizio askeak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3