Erabiltzaile Tresnak


morf:5:9:4

Inesiboa

KOLDO MITXELENAInesiboa, -n postposizioa, leku-denborazko postposizioen sailekoa da. Eta postposizio honen gainean eraikitzen den postposizio sintagmari ere inesiboa deitu ohi zaio. Postposizio sintagma inesiboan oinarritzen dira, gainera, beste zenbait postposizio sintagma ere: kalean zehar modukoak, baina baita beste batzuk ere: aitarengaN > aitarenganDIK modukoak. Horregatik diogu nolabait oinarrizko leku-denborazko postposizioa dela inesiboa. Inesiboa, balio neutrokoa izango litzateke eta, Mitxelenak dioen bezala (ik. Mitxelena 1972: 305) gainerako leku-kasuen oinarria izango litzateke, bereziki ablatiboarena (-TIK) eta -KO-ren bidez eraikiarena. Honela dio Mitxelenak:

  • “En un plano estrictamente morfológico, la historia de la lengua da fe de dos evoluciones divergentes. La primera afecta ante todo a las expresiones de lugar y también, por lo menos, al temporal aurten 'heuer'. Aquí el inesivo tomado sin duda como término de valor neutro, constituye la forma básica de los demás casos locales, sobre todo del ablativo y del derivado en -ko: aurtengo … hemengo … hemendik, -gan, … -gandik …

Postposizio sintagma inesiboaren forma

Postposizio honen forma kanonikoa honakoa da:

  1. [PoS [DS … ] + [Po -N ]

Adibidez:

    1. [PoS [DS mendia ] + [Po -N ] > mendian
    2. [PoS [DS zein egun ] + [Po -ta-N ] > zein egunetan
    3. [PoS [DS automobilak ] +[Po -ta-N ] > automobiletan
    4. [PoS [DS bi haur ] + [Po -enga-N ] > bi haurrengan
    5. [PoS [DS haurra ] + [Po -enga-N ] > haurrarengan
    6. [PoS [DS bi haur hauek ] + [Po -enga-N ] > bi haur hauengan

Inesiboak aditz morfologian ere badu bere lekua. Izan ere, aspektuaren aldetik [-burutua] dela esaten dugun adizkiak inesiboa berekin du:

  1. EtortzeN / egiteN / laguntzeN /zapaltzeN …

Hauek denak, berez, [aditz-izena + inesiboa] tankera dute.

Adizki hau berau duten perpaus mendekoak ere badira euskaraz, perpaus jokatugabeak:

    1. [Ur azpian hitz egiteN] ikasi nahi du.
    2. Saiatuko naiz [bilerara garaiz iristeN].

NEW YORKEN EZAGUTU GENUEN JOANKakoen artean bildutako sintagma horiek perpaus mendekoak dira baina hauen ardatza inesiboa dela onartzen badugu, hauek ere postposizio sintagmatzat hartuko ditugu, perpaus izan arren.

Denbora perpausetan ere inesiboa aurkituko dugu:

  1. [New York-en bizi nintzeneaN] ezagutu nuen Joan.

Postposizio sintagma hauek perpaus direnean gauzak nola diren beste nonbait aztertuko da. Hemen perpaus ez diren postposizio sintagmetan jarriko dugu arreta.

Leku-denborazko postposizio sintagmetan kontuan hartu beharreko bereizgarri morfologikoak aipatu dira gorago. Postposizioaren eta determinatzaile sintagmaren arteko lotura egiterakoan morfema desberdinen artean gertatzen diren hots elkarketak kontuan hartzekoak dira:

-ta- artizkia

Hau gertatzen da sintagma [-mugatua] denean:

    1. [PoS [DS edozein mendi ] + -ta- + [Po -N ] > edozein menditan (ez, *edozein mendian
    2. [PoS [DS bost etxe ] + -ta- + [Po -N ] > bost etxetan (ez, *bost etxean, *bost etxeetan)

Eta, instrumentalarekin gertatzen den bezala (cf. erruz, beldurrez, eskuz…), inesibo mugagabeak ere badira, inolako zenbatzailerik edo determinatzaile zehaztugaberik izan ez arren. Hauetan ere -ta- artizkia agertuko da:

  1. Elurretan / sutan / eztitan / berdeletan / neskatan / berotan / ur irakinetan …

Hauek (3)ko eskemari nekez egokitzen zaizkio, zeren inesiboaren eta mugagabearen marka badute baina gainerako determinatzailerik ez. Hortaz, inesiboaren osagarria determinatzaile sintagmatzat hartzeko problemak izango ditugu. Instrumentalaren kasuan bezala, beharbada, adberbiotzat hartzea edo litzateke egokiena. Eztitan bezalako batean, adibidez, hori zilegitzat eman daiteke. Zailago da ur irakinetan bezalakoetan gauza bera egitea. Arazo bat, nolanahi ere. Sintagma [+mugatua, +plurala] denean ere -ta- aurkituko dugu:

  1. ETXE HORIETAN BIZI DA JENDEA (ARIZKUN)
    1. [PoS [DS etxeak ] + -ta- + [Po -N ] > etxeeTAn
    2. [PoS [DS etxe guztiak ] + -ta- [Po -N ] > etxe guztietan

Eta sintagmaren determinatzailea erakuslea denean ere berdin:

    1. [PoS [DS etxe hau/hura ] + -ta- + [Po -N ] > etxe honeTAn / etxe harTAn
    2. [PoS [DS etxe horiek/haiek ] + -ta- + [Po -N ] > etxe horieTAn, etxe haieTAn

-ga- artizkia

Goiko (2 d, e eta f) adibideetan ageri da -ga- artizkia, inesibo postposizioaren eta ezkerreko determinatzaile sintagma genitiboaren artean. Artizki hau determinatzaile sintagmaren burua [+animatua] denean gertatzen da:

  1. haurraren-ga-N, gure-ga-N, seme-alaben-ga-N …

-e-ren epentesia artikuluaren aurretik

Sintagmaren azken morfema kontsonantez amaitzen bada, -e-ren epentesia gertatzen da:

    1. lur + -a + -n > lurrEan (ez *lurran)
    2. haitz + -a + -n > haitzEan (ez *haitzan)
    3. ordoki zabal + -a + -n > ordoki zabalEan (ez, *ordoki zabalan)

Sintagma bokalez amaitzen bada, ez da epentesirik:

    1. mendi + -a + -n > mendian
    2. zeru + -a + -n > zeruan
    3. paraje malkartsu + -a + -n > paraje malkartsuan

NIAGARAKO ETXEA, KANADAKO PARTEANMugatzailerik baldin bada, ezkerreko azken hitzari lotuko zaio eta eskuinean, berriz, postposizioari, tartean gerta daitezkeen morfemak ere kontuan hartuz. Euskara hizkuntza postpositiboa denez, eta eranskaria, morfemak bata besteari kateatuz joango gara, tartean behar diren loturak eginez. Tren bat antolatuko litzatekeen bezalatsu:

    1. [ [ [ [ etxetxo ] + zoragarri ] + asko ] + -ta + -n ] > etxetxo zoragarri askotan
    2. [ [ bost [ enpresa ] ] + -ta + -n ] > bost enpresatan (mugagabea)
    3. [ [ [ bost [ enpresa] -ak ] + -ta + -n ] > bost enpresetan (mugatu plurala)

Honako taula honetan aurkeztuko dugu, laburbilduta nolabait, postposizio sintagma inesiboak hartuko duen itxura, osagaien arabera eta bereziki, sintagmaren eskuin muturrean doazen morfemak bata bestearekin konbinatzean gerta daitezkeen aldaketak kontuan hartuta:

Postposizio sintagma inesiboaren funtzioa

Inesiboa buru duen postposizio sintagma, normalean, adizlaguna da, baina zenbait predikaturen osagarri ere izan daiteke.

  • Inesiboa, aditzaren osagarri

ETXEA TXUKUNTZEN-T(Z)EN formako osagarria eskatzen duten aditzak hor ditugu, adibidez (ik. ): hasi, ari, jardun, ikasi, jakin, ahaztu, eta abar. Predikatu hauen osagarria maiz perpaus bat izaten da, perpaus jokatugabea (ik. ). Hortaz, aipatutako aditz horiek inesiboan doan perpausa hautatzen dute osagarritzat:

    1. Zerbitzariak goiz osoan [kopak garbitzen] jardun zuen.
    2. [Ordenagailua erabiltzen] ez dut ikasi oraindik.
    3. Ahaztu egin zaio [hitz egiten].
    4. [Etxea txukuntzen] ari zen deitu diodanean.

Baina perpaus izan gabe ere, ekintza edo jarduera adierazten duten zenbait izen badira: dantza, lan, bertso, kulturgintza, zapatagintza, arta-jorra eta abar. Hauek ere goiko predikatu horien osagarri gisa ager daitezke, beti ere inesibo gisa:

    1. Gau osoa pasatu zuten [dantzan].
    2. [Bertsotan] ikasi zuen.
    3. [Arta-jorran] jarduten zuten sasoi batean baserritarrek.

Bestalde, egon, bizi, gelditu, … bezalako aditzek eskatzen duten Postposizio Sintgma inesiboa ere aditz hauek hautatua dela pentsa liteke, aditzon argumentu dela, alegia. Gauzak horrela, hauek ere osagarri izango dira:

    1. [Bilbon] bizi izan nintzen bederatzi urtez.
    2. [Etxean] egongo gara goxo-goxo.
  • Inesiboa, postposizioaren osagarri

MALDA HAUETAN BIZITZEA ERE... "INDARTEKO BORDA", ARIZKUNGO IÑARBEGI AUZOANZenbait postposizio askeren osagarria ere inesiboan joan ohi da: zehar, barrena, gora, behera… postposizioekin, adibidez:

    1. [Basoan] zehar ibili ginen gau osoan, galduta.
    2. [Aldapan] gora joatea kosta egiten da.

Postposizio sintagma konplexuagoetan ere aurkituko dugu inesiboa, denborazko perpaus mendekoetan, adibidez:

    1. [Konturatu zenean] isildu egin zen.
    2. [Hura gogoratzean] malkoa atera zitzaion.

Bestelako perpaus menderatu batzuetan ere inesiboa izango da sintagmaren burua:

    1. [Inork baino gehiago zekielakoan] isildu gabe aritu zen.
    2. [Mendira joatekotan], goiz altxatu beharko dugu.

Hauek denak mendeko perpausak dira, baina burutzat eskuin muturrean ageri den -N postposizioa dutenez, postposizio sintagma ere badira, aski konplexuak izan arren. Perpausa postposizioaren osagarri da:

    1. [PoS [DS [Perpausa Inork baino gehiago zekie(n)] -ela -ko -a] -N] isildu gabe aritu zen.
    2. [PoS [Perpausa Ordenagailua erabiltze] -N] ez du ikasi oraindik.

Baina postposizio sintagma bera, osorik, izan daiteke, dagokion perpausean, aditzaren osagarri edo, gehienetan gertatzen den bezala, aditzaren lagun, zirkunstantzial huts alegia, adierazi gabe ere erraz utz daitekeena.

  1. [Lehengo egunean], Mikel agurtu nuen [kalean].

Hemen, bai lehengo egunean, bai kalean sintagmak ez dirudi agurtu aditzaren osagarri direnik, horiek gabe ere perpausa osorik eta zuzen eman baitaiteke:

  1. Mikel agurtu nuen.

Denbora adierazi nahi denean hori ohikoa da, denbora ez baita izaten aditzaren osagarri, adjunktu baizik:

  1. [Hirugarren saioan] lortu nuen motorra abian jartzea.

Oraingoan, hortaz Postposizio Sintagma inesiboaren funtzioa adizlagunarena izango da, adjunktua, alegia.

  • Inesiboa, predikatu osagarri

Egon aditz kopulatiboarekin batera, predikatu gisa, postposizio sintagma inesiboa aurkituko dugu maiz. Izan ere inesiboa leku-postposizioa izanik, egoera bat adierazteko erabiltzen ahal dugu:

  1. [Eztitan] zegoen gure Joseba jendearen lausenguekin.
  • Postposizio aske anitzek inesiboa dute buru

Azkenik, aipatu behar da –N inesiboaren marka erakusten dutela postposizio aske anitzek: alboan,aldean, artean, biatartean, buruan, gainean, ondoan… Postposizio hauek egitua konplexua dute, izen bati inesiboaren marka erantsirik sortuak baitira. Hain zuzen, postposizio aske hauek, oso-osorik, inesibotzat har daitezke, eta inesiboaren zehaztapen bat adieraztea izango litzateke beren egitekoa: ARBOLAN esan edo ARBOLA GAINEAN esan, funtsean gauza bera da. Formaren aldetik -N eta GAINEAN, biak diferenteak dira, baina biak ere inesibotzat har litezke. Hau da, hain zuzen, inesiboa eta gainerako postposizio itsatsiak postposiziotzat eta ez kasu markatzat hartzeko erabili dugun argudioetako bat.

Postposizio sintagma inesiboaren esanahia

  • Inesiboaren onarrizko adiera, lekua nahiz denbora

Leku-denborazko postposiziotzat hartu dugu inesiboa. NON? galderari erantzuten dio funtsean, eta, horrenbestez, lekua adierazten du. Baina denbora (NOIZ?) edo iharduna (ZERTAN?) ere adieraz dezake. ZENBATEN? galderari ere (prezioa) erantzuten ahal dio:

  1. BEHARBADA CUZKO-KO PLAZA NAGUSIAN BIZI DIRA HAUEK GUZTIAK
    1. [Plaza nagusian] bizi naiz. (NON?)
    2. [Zein lekutan] utzi ditugu giltzak? (NON?)
    3. [Zer urtetan] hasi zen lehenbiziko karlistada? (NOIZ?)
    4. [Urte batzuetan] euri gutxi egiten du. (NOIZ?)
    5. [Gaztetan], ez duzu horrelakorik uste izaten. (NOIZ?)
    6. [Dantzan] aritu zen bazkalondoan. (ZERTAN?)
    7. Piperrak [bi euro(ta)n] zeuden Gernikan. (ZENBATEN?)
    • eta abar.

Jakina, bizidunekin NORENGAN? edo NOREN BAITAN? izango da galdera:

    1. [Bi pertsonarengan] dut itxaropen pixka bat
    2. Ez du [bere baitan] erantzunik aurkitzen.

Hala ere, berez bizidun edo [+animatu] diren sintagmen aurrean NON? ere galde daiteke, gorago ikusi dugun bezala.

    1. Jesuitetan ikasi zuen Patxik. (Non ikasi zuen?)
    2. Zaldian ibiltzen da.

Edozein modutan, galdera horien guztien gainean bada halako ideia orokor bat, ‘kokagunea’ edo ‘lekua’ adiera zabala izango lukeena. Oinarrizko lekutasuna adierazten duela esan genezake, mugimendurik gabea. Mugimendua adierazteko, inesiboaren balio neutro honi bestelako postposizioak erantsiko zaizkio: nondik, nora, noraino eta abar.

  • Inesiboa, modua adierazteko

BATZUEK GAZTA OLIOTAN JATEA MAITE DUTE, ETA BESTE BATZUEK NESKATAN BILTZEABaina inesiboaz baliatuz, modua ere adieraz daiteke nolabait. Errepara diezaiegun perpaus hauei:

    1. Gazta [oliotan] gorde daiteke.
    2. [Esnetan] beratu behar duzu bakailaoa.

Bai (4a)n bai (4b)n, lekua adierazten dugu, egia, baina leku horrek gazta gordetzeko edo bakailaoa beratzeko 'modua' ere adierazten du. Zer esanik ez, honako hauen tankerakoetan:

  1. [Neskatan] ibili ginen. (Zertan/Nola ibili ginen?)

Dena dela, hemengo neskatan eta (4)ko oliotan, esnetan edo gaztetan (1e), mugagabean agertzeko zer arrazoi dagoen ikusi beharko litzateke. Irtenbide erraz bat, adberbiotzat hartzea litzateke. Izan ere, jatorria zein den argi dago eta aski ihartutako formak dira.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Inesiboa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3