Erabiltzaile Tresnak


morf:5:9:5

Adlatiboa

Adlatiboa deitzen diogu -(R)A postposizioari eta honen gainean eraikitako sintagmari ere.

Adlatiboaren forma

Postposizio sintagma adlatiboaren forma kanonikoa ohikoa da:

  1. [PoS [DS … ] + [Po -RA ] ]

Adibidez:

    1. [PoS [DS mendia ] + [Po -RA ]] > mendira
    2. [PoS [DS zein adar ] + [Po -ta-RA ]] > zein adarretara
    3. [PoS [DS automobilak ] +[Po -ta-RA ]] > automobiletara
    4. [PoS [DS bi haur ] + [Po -enga-N-A ]] > bi haurrengana
    5. [PoS [DS haurra ] + [Po -enga-N-A ]] > haurrarengana
    6. [PoS [DS bi haur hauek ] + [Po -enga-N-A ]] > bi haur hauengana

Perpaus jokatugabeko adizkiak ere zenbaitetan adlatiboaren marka erakusten du perpaus mendekoak eta perpaus jokatugabeak:

    1. [Jendaurrean hitz egiteRA] behartu zuten.
    2. Ez nintzen ausartu [ezer esateRA].

Kakoen artean bildutako sintagma horiek mendeko perpaus jokatugabeak dira, baina hauen burua -RA postposizioa dela onartzen badugu, postposizio sintagmatzat hartuko ditugu.

Oraingoan ere leku-denborazko Postposizio sintagmen ezaugarriek zutik diraute: -TA- artizkia mugagabean eta pluralean; -GAN- [+animatua] tasuna duten sintagmetan; Sintagma animatuek eta animatugabeek forma desberdina dute:

  1. mendi haietara < mendi haiek + -ta + -RA

baina

  1. haur haiengana < haur haiek + -en + -ga + -n +-A

Diferentzia honen berri emateko, aski da onartzea postposizio sintagma adlatibo honek inesiboa duela azpian, inesiboaren gainean eraikitzen dela:

    1. mendira < mendian + -(R)A
    2. mendietara < mendi -eta-n + -(R)A

Eta

    1. haurrarengana < haurra -ren + -ga + -n + -A
    2. haur haiengana < haur haiek + -en + -ga -n + -A

Bestalde, singularrean mugatzailearen arrastorik ez dugu hemen:

  1. mendia + -ra > mendira, ez *mendiara (cf. mendian, lurrean)

Gainerako leku-denborazko postposizio sintagma guztietan (inesiboan izan ezik) gertatzen da -A mugatzailearen (?) ezkutatze hau.

Eta sintagma kontsonantez amaitzen bada, denetan -e-ren epentesia izango dugu:

  1. lurra + -ra > lurrera, ez *lurreara, *lurrara

Epentesi hau ohikoa da leku-denborazko postposizio guztiekin:

  1. lurrEra, ertzErA, zein bazterrEtara?, eta abar (cf. lurrEan, ertzEan, zein bazterrEtan?

Bestalde, mugagabean eta mugatu pluralean, eta orobat determinatzailea erakuslea denean -TA artizkia txertatuko da:

    1. zein ispilu + -ta + -RA > zein ispilutara
    2. ispilu -ak + -ta + -RA > ispiluetara
    3. ispilu hon + -ta + -RA > ispilu honetara
    4. ispilu hauek + -ta + -RA > ispilu hauetara

Adlatiboaren funtzioa

a) Adlatiboa mugimendu-aditzek hautatzen dute, batez ere: joan, etorri, bidali, eraman, ekarri …:

  1. Gernikara joaten da egunero.
  2. Mikel ondoko herrira bidali zuten idazkari.

eta baita mugimendua beste era abstraktuago batean adierazten duten aditzek ere: ausartu, bultzatu, animatu, behartu …:

  1. Ezertara ezin dugu behartu.

Predikatu hauen osagarriak maiz aditz jokatugabeko perpausak izango dira perpaus mendekoak eta perpaus jokatugabeak.

    1. [{LaneRA/atea irekitzeRA}] joango naiz.
    2. [Etxez aldatzeRA] behartu ninduten.
    3. Ez zen ausartzen [{aurpegira begiratzeRA/horretaRA}].
    4. [{EpailearenganA/egunkaria erosteRA}] joan behar dut.

Mugimendurik izan gabe ere, badira aditzak norabidea edo adierazten dutenak: begiratu, so egin…:

  1. Ama, begira ezazu leihotik plazara.

Aditzarekin duen lotura hau dela medio, postposizio sintagma hauek egiazki osagarri ditugu, ez adizlagun. Maiz –TIK eta –RA postposiziodun sintagmak aurkituko ditugu elkarren ondoan, mugimendua edo urruntasuna neurtzeko nolabait:

    1. MundakaTIK SukarrietaRA bi Km daude.
    2. Aitor egunero joaten da GasteizTIK ArrasateRA.

Gainera, ibili bezalako aditz batek, osagarri gisa, biak batera eskatzen ditu, dirudienez:

  1. Alde batetik bestera dabil egun osoan.

Konpara honako hauekin:

    1. ?Alde batetik dabil egun osoan
    2. ?Beste aldera dabil egun osoan.

Postposizioen osagarri ere izan daiteke adlatiboa:

  1. Etxera bidean izan zuen istripua.
  2. Itsasora begira egin dute etxe berria

[Etxera bidean] postposizio sintagma bat da, bidean edo begira postposizio inesiboaren gainean eraikia baina postposizio honek osagarri gisa [etxera] postposizio sintagma adlatiboa gobernatzen duela esan dezakegu. Beste batzuetan, berriz, osagarri barik, adjunktu izango da, batez ere mugimenduaren helmuga barik, nolabait modua soilki adierazten duenean:

    1. [Iritzira] ari dela pentsa liteke.
    2. Lana [denen gustura] egitea ez da beti erraza izaten.

Baina hemengo IRITZIRA eta GUSTURA, iharturik daudekeen heinean, adberbiotzat edo postposiziotzat hartu beharko genituzke.

Esanahia

a) Postposizio sintagma honek mugimendu aditzekin du lotura eta mugimendu horren jomuga adierazten du:

  1. Bihotzak dio 'zoaz Euskal Herrira'

Beraz, NORA? galderari erantzuten dio.

b) Zenbaitetan, ordea, aditza mugimenduzkoa izan gabe ere, erabil daiteke adlatiboa. Orduan, jomuga ez, kokagune soila adierazi ohi du. Hori da ezkerre(ta)ra, eskuine(ta)ra, alde batera eta besteren batekin gertatzen dena:

  1. Loreontzi hori mahaiaren ezkerrera jarri behar duzu.

c) Denbora ere adieraz dezake, honako esapide hauen antzekoetan, esterako:

    1. handik bi egune(ta)ra etorri zen.
    2. hemendik aurrera nik esaten dudana egingo da hemen.
    3. gerora, maiz bisitatzen gintuen.

Ordea, hemen ere, nolabaiteko mugimendua adierazten da, denboraren iragatea nola halako mugimendua baita:

    1. Zuk alde egin eta handik bost minutu(ta)ra agertu zen Joseba.
    2. Hemendik aurrera nik esandakoa egin beharko duzue.

Jatorria lekuari ez ezik denborari gagozkiola ere uler daitekeen bezala, jomuga ere, berdin. d) Modua adierazteko ere balio dezake postposizio sintagma adlatiboak: neure erara, besteen antzera, lehengo modura, neure kontura …

    1. Neure kontura ibili nintzen Pragan zehar.
    2. Nik badakit arrautzak flandriar erara prestatzen.
    3. Hori beti bere gogora dabil.
    4. Iritzira ari naiz.
    5. Etorri nire bila. Hartara, elkarrekin joango gara Gernikara.

e) baldintza adierazteko ere erabil daiteke, perpaus jokatugabe batekin doala:

  1. Hau jakitera, ez nintzen etorriko. (= hau jakin izan banu, ez nintzen etorriko)

Postposizio sintagma adlatiboa baldintza adieraztera nola iritsi den azaltzea ez da erraza.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adlatiboa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3