Erabiltzaile Tresnak


morf:5:9:6

Hurbiltze adlatiboa

Hurbiltze adlatiboa -RANTZ postposizioari deitzen diogu. Eta, jakina, postposizio konplexu hau buru duen sintagma bera er, hurbiltze adlatibozko postposizio sintagma izango da.

Hurbiltze adlatiboaren forma

Formaren aldetik -(R)ANTZ postposizio konplexua da, adlatibo soilari -ANTZ atzizkia erantsirik sortua: -(R)ANTZ < -(R)A + -(A)NTZ. Adlatibo soilak dituen eskakizun morfofonologiko berak ditu hurbiltze adlatibo honek (-e-ren epentesia, postposizioaren osagarri den sintagma kontsonantez amaitzen bada; -TA- edo -GA- artizkien agerpena, sintagma animatugabea ala animatua den kontuan harturik).

Hurbiltze adlatiboaren funtzioa

-(R)ANTZ postposizio sintagmarik hautatzen duen predikaturik, berez, ez da. Baina adlatibo soila deitu duguna hautatzen edo dutenekin ager daiteke. Hauek osagarritzat hartzen ahal diren heinean, hurbiltze adlatibozko postposizio sintagmak ere osagarri izan litezke, bereziki mugimendu aditzekin. Honako hauek, adibidez, halakotzat har litezke:

  • a. [Plaza nagusiRANTZ] abiatu da jendea.
  • b. Lagunekin zihoan [fakultaterantz]

Abiatu eta joan bezalako aditzek adlatiboa hautatzen duten neurrian, hurbiltze adlatiboa ere hauta dezakete. Hala ere, bata hautatzeak edo onartzeak ez du esan nahi hurbiltze adlatiboa ere onartu behar duenik. Adibidez, behartu bezalako batek adlatibo soila onartzen du baina ez dirudi -(R)ANTZ postposizio sintagmarik hauatatzen duenik:

  • a. [Ontziak garbitzera] behartu ninduten.
  • b. *[platerekoa amaitzerantz] behartu zuten.

Esanahia

Hurbiltze adlatiboak norabidea adierazten du nolabait, eta NORANTZ? galderari erantzuten dio eta norabidea adierazten du:

  • a. Mendirantz abiatu zen Peru.
  • b. Zein autotarantz joan da pelota?
  • c. Gaisoaren egoerak hoberantz egin du.

Funtsean -RA adlatiboa bera da, ñabardura txiki bat erantsia. Ñabardura hori, erantsia daraman -antz/-untz postposizioari zor zaio: helburu finkoa adierazi gabe, inguruko zerbaitetara adierazten du. Gutxi gorabeherako jomuga adierazten du, helburu zehatza baino areago, norabidea: etxerantz doana ez doa, nahitaez, etxera, etxeko norabidean bai, baina gehiagorik ez. 'Txindokirantz noa' dioenak ez dio 'Txindokira noa' 'Txindoki aldera' baizik 'Txindokira bidean' esango balu bezala. Horregatik, egia bada ere leku-aldaketa adierazten duten predikatuekin batera agertzen dela orohar, egon, kokatu, eta beste zenbaitekin ere erabil daiteke, hauek adlatiboarekin batera ager daitezkeen heinean. Adibidez:

  • a. Eguerdi alderantz ikusi du medikuak.
  • b. Lagunekin zihoan [fakultaterantz].

Kasu hauetan, alde postposizioa ere hor dugu, aipatu dugun ‘gutxigorabeherakotasun’ hori adierazteko aski dena: 'eguerdi aldean' diogunean bezala.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hurbiltze adlatiboa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3