Erabiltzaile Tresnak


zalantzak:1:2

Kasu-markak eta postposizioak

koaderno berria eta liburu berria ekarri ditut / koaderno berriak eta liburu berriak ekarri ditut

Galdera
Nola esan daitezke honako bi esaldi hauek izen biak juntatu eta eskuinean biei dagokien izenondoa ipinita?:
Koaderno berria eta liburu berriak ekarri ditut
Koaderno berriak eta liburu berriak ekarri ditut.
Galdera 111. arauaren harira dator. Arau horretan, Laguntza eta sari aberatsenak zagizkoten adibidea ematen da singularreko sintagmetan juntatzen diren izenak izenondoaz lagundurik doazenean, ardatz anitzeko sintagma osa daitekeela esateko. Adibide horretan, laguntza eta sari aberatsenak zer da: laguntza aberatsena eta sari aberatsena edo laguntza aberatsenak eta sari aberatsenak edo biak?

Erantzuna:

Galdegileak aipatzen dituen baldintzetan, aukera bakarra dago:

  • Koaderno eta liburu berriak ekarri ditut.

Egia da anbiguoa dela egitura, goiko bi esanahiak izan baititzake; anbiguoak dira, oro har, ardatz anitzeko sintagma asko. 111. arauaren arabera, desanbiguatu beharra dagoenean, ardatz anitzeko sintagmak erabili beharrean kasu-marka bi juntagaietan agerraraztea gomendatzen da. Kasu honetan, goiko bi aukerak genituzke. Testuinguruaren arabera ulertzen bada zer esan nahi dugun, hau erabil dezakegu: koaderno berrialiburu berria

  • Koaderno eta liburu berriak ekarri ditut.

Ondo zehaztu nahi badugu (testuinguruak laguntzen ez duelako eta testu oso zehatza nahi badugu), kasuan kasuko esaldia erabiliko dugu, hondarkia bietan duena:

  • Koaderno berria eta liburu berria ekarri ditut.
  • Koaderno berriak eta liburu berriak ekarri ditut.

Bigarren galderari dagokionez, berez interpretazio hauek izan ditzake Laguntza eta sari aberatsenak zagizkoten esaldiak.

  • Laguntza aberatsenak eta sari aberatsenak zagizkoten.
  • Laguntza aberatsena eta sari aberatsena zagizkoten.
  • [Laguntza] eta [sari aberatsenak] zagizkoten.

etxerik / etxe handiena

Galdera
Zer desberdintasun dago bi esaldion artean?: Honako hau dugu etxe handiena eta honako hau dugu etxerik handiena. Bietatik bat hobesten da?

Erantzuna:

Ez dago desberdintasunik bi esaldien artean; ez behintzat adierari dagokionik. Hautazkoa da egitura horietan -rik partitiboa erabiltzea. Euskaltzaindiaren EGLU-I liburukian (185. or.) esaten da “joera dela aurreko izena partitiboan jartzea”. Ez besterik.

Etxe handiena eta etxerik handiena egiturez gain, beste aukera batzuk ere badirela esaten da han:New Yorkeko etxe handiak

  • Etxeetan handiena
  • Etxeetatik handiena
  • Etxeetarik handiena

Horiek baino ohikoagoa da, hala ere, partitiboduna (etxerik handiena) edo partitiborik gabea (etxe handiena). Azken hau, partitiborik gabea, ahaide-izenekin erabiliagoa dirudiela esaten da:

  • Seme zaharrena soldadu joan da.
  • Anaia gazteenarekin ezkondu zen gure ama.

elkar / batak bestea / bata bestea

Galdera
“Elkar” maite dute-ren parekoa zein da? “Bata bestea” maite dute?, “Batak bestea” maite dute?. Bestetik, zein da bi hauen arteko aldea?: “Batak bestea” maite du, “Bata(k) bestea” maite dute.

Erantzuna:

Euskaltzaindiak ez du kontu honen gainean araurik eman, eta gramatiketan ere ez dago aipamen zehatzegirik. "Psikea eta maitasuna", William Bouguereau, 1889

  • “Bata bestea” maite dute?
  • “Batak bestea” maite dute?

Euskaltzaindiak kontrakorik esan ezean, biak dira zuzenak.

Bada, bestalde, egitura bat euskaraz asko erabiltzen dena, eta zalantzabiderik uzten ez duena:

  • Haiek bata bestea maite dute.

Bigarren galderari dagokionez, bi adibide hauetako lehenbizikoa ez da bihurkaria: esaten da batak bestea maite duela, baina ez da alderantziz gertatzen. Noranzko bakarrean gertatzen da maitatzea.

nor arraiok / nork arraio

Galdera
Nola esaten da: Nork arraio lagunduko dit ala nor arraiok lagunduko dit?

Erantzuna:

Bi egiturak dira onargarriak, nork arraio eta nor arraiok.

nork gehiagok / nor gehiagok / nork gehiago

Galdera
Zein da zuzena? Nork gehiagok daki hori?, Nor gehiagok daki hori?, Nork gehiago daki hori?

Erantzuna:

Lehenbiziko biak dira zuzenak; hirugarrena, berriz, okerra.

Lehendabiziko bi aukera horiek direla eta, antzeko egitura baten berri jasotzen da Euskal Gramatika: Lehen Urratsak V liburukian, 420. orrialdean:

  • Batek baino gehiagok egin dute lan greba egunean.
  • Bat baino gehiagok egin dute lan greba egunean.

Halakoetan, esaten da lehenbizikoa dela ohikoena (alaba bateri baño gehiagori; alde batetik baino gehiagotatik…), baina bestea ere, bakanagoa izanagatik, erabili izan dela eta zuzena dela (300 dinero baino gehiagotan…).

beharrezkotzat / beharrezko jo

Galdera
Prolatiboa: Bada jo aditzaren kasuan (ez beste batzuenean: eman, hartu…), honela jokatzeko joera: istripu jo du hari gertaturikoa (ez istriputzat). Biak dira zuzenak? Eta, hala izanez gero, ba al da alderik bien artean esanahiari dagokionez?

Erantzuna: istripua

Bi moldeak dira zuzenak, bai:

  • Nahitaezkotzat jo
  • Nahitaezko jo

Orotariko Euskal Hiztegian jasotzen dira bi erabilera horiek; ikus jo sarreran (X. alea, 237 or.). Han esaten denaren arabera, -tzat atzizkiarekin nahiz izen edo adjektibo mugagabearekin erabiltzen da guri dagokigun adierarako (batzuetan, gutxiagotan, mugatua ere izan daitekeela esaten da izen edo adjektibo hori).

Hona han jasotzen diren adibide batzuk:

  • Usoa errudun jo? (Etxaide, J., Alos Torrea, 90)
  • Kontrabando ekartzea pekatu aundi jotzen zuan (Anduaga, Aitonaren uzta, 80)
  • Oso aundi jotzen degu (N. Etxaniz, Lur berri billa, 169)
  • Askok Gaztelurena dala diota, bañan beste batzuk Udarregirena jotzen dute (A. Zavala, Auspoa 61, 59 or.)

Esanahiari dagokinez, ez dago alderik -tzat jo eta -ø(-a) jo egituren artean: ‘tener por’, ‘tomar por’, ‘reputar’, ‘considerar’ dira OEH hiztegiak dakartzanak bi egituretarako, eta forma bereizketa bai, baina esanahi-bereizketarik ez du egiten.

20 kilometroz / rik / tik / tarik… behin

Galdera
110. arauan maiztasuna adierazteko proposatzen diren erabilera guztiak egokiak dira denboraz aparteko kasuetan? Hau da, 20 kilometroz/-rik/-tik/-tarik … behin egokiak dira?

Erantzuna:

Zuzenak dira egitura horiek; testuingurua ikusi behar genuke, baina normalean denbora-kutsua ere badutela esan daiteke. Honako adibide honetan, adibidez, espazio-kutsuaz gain denbora-kutsua ere badugu:

  • Bidean, 20 kilometroan behin, meloi-saltzaile bat aurkitzen genuen.

-gatik / -z

Galdera
Bide eman dakioke -z markari, aldea adierazteko? Hiru golez galdu du, Hiru golengatik galdu du.

Erantzuna: bi tantoren aldea atera diote

Aldea hitza erabiltzen ez bada, -gatik egokiago da -z baino, mendebaldeko hizkeran behintzat.

Bestalde, badira bestelako joskera batzuk agian hain ekonomikoak ez izan arren ere, erabil daitezkeenak. Hau, adibidez:

  • (irabazi egin zuen:) bi tantoren aldea atera zion.

-rik

Galdera
Onargarri al da euskara batuan ablatiboaren -tik atzizkiaren ordez -rik erabiltzea?
Arratsaldeko 19:00etarik aurrera zabalik
Lagunak bi hilabeterik behin elkartzen dira
Liburu horiek ikastarorako irakurri behar ditugunetarik dira (ekialdeko erabilera batik bat).

Erantzuna:

Bai, onartuta dago euskara batuan -rik atzizkiaren erabilera hori, testuinguru horietan.egunez eta gauez dago zabalik

  • Arratsaldeko 19:00etarik aurrera zabalik
  • Liburu horiek ikastarorako irakurri behar ditugunetarik dira
  • Lagunak bi hilabeterik behin elkartzen dira

Forma hauek onartuak daude euskara batuan Euskaltzaindiak Bergaran (1978an) egin zuen biltzarraz geroztik. Hango erabakiak Bergara-ko biltzar ondoko erabakiak liburuxkan argitaratuak ditu Euskaltzaindiak (Euskera, 1979). Han datoz, besteak beste, deklinabideko atzizkien formaz hartutako erabakiak, non ablatibo pluralean eta mugagabean -etatik eta –etarik onartzen baitira, biak. -rik mugagabea, berriz, mendirik mendi, ondorik, bi urterik behin eta antzeko egituretarako baizik ez da onartzen (ikus Euskaltzaindiak batasunerako eskaini dituen erabakiak liburuan, 62. orrialdean, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1992).

Bestalde, Lagunak bi hilabeterik behin elkartzen dira perpausean agertzen den egitura Euskaltzaindiaren 110. arauan jasotzen da. Iraupena eta maiztasuna adierazten duten sintagma zenbatzailedunen formak biltzen dira arau horretan, eta, besteak beste, honelako egiturak onartzen dira euskara batuan maiztasuna adierazteko:

  • Lau urteTARIK BEHIN
  • Lau urteTARIK lau urtetara
  • Lau urteRIK behin

etxerik / etxe handiena

Galdera
Zer desberdintasun dago bi esaldion artean?: honako hau dugu etxe handiena eta honako hau dugu etxerik handiena. Bietatik bat hobesten da?

Erantzuna:

Ez dago desberdintasunik bi esaldien artean; ez behintzat adierari dagokionik. Hautazkoa da egitura horietan -rik partitiboa erabiltzea.

Euskaltzaindiaren EGLU I liburukian (185. or.) esaten da “joera dela aurreko izena partitiboan jartzea”. Ez besterik.

Etxe handiena eta etxerik handiena egiturez gain, beste aukera batzuk ere badirela esaten da han:

  • Etxeetan handiena
  • Etxeetatik handiena
  • Etxeetarik handiena

Horiek baino ohikoagoa da, hala ere, partitiboduna etxerik handiena edo partitiborik gabea etxe handiena. Azken hau, partitiborik gabea, ahaide-izenekin erabiliagoa dirudiela esaten da:

  • Seme zaharrena soldadu joan da
  • Anaia gazteenarekin ezkondu zen gure ama

-tik / -ko doktore

Galdera
EHUtik doktore egitura ontzat ematekoa da? Ala, EHUko doktore esan beharko litzateke? Gauza bera esan nahi dute biek?

Doktore gaia tesia dotore irakurtzen. Gero doktore izango da Erantzuna:

-ko doktore da hobetsi beharrekoa.

-tiko / -tikako

Galdera
Ablatiboaren atzizkiari izenlagunak sortzeko marka gehitzen diogunean, zein da emaitza -tiko (latinetiko mailegua) ala -tikako (latinetikako mailegua)?

Erantzuna:

Biak jo behar dira zuzentzat, -tiko zein -tikako. Orotariko Euskal Hiztegian bi formak jasotzen dira latin hitzari dagokion sarreran: latinetiko eta latinetikako (ikus OEH XI, 352. or.), eta adibide bakoitzaren bina adibide jasotzen dira, biak Koldo Mitxelenarenak. Orotariko Euskal Hiztegiaren corpusean, bien erabilerak agertzen dira, ugari samarrak eta autore askok erabiliak biak ere. Euskaltzaindiak ez du ezer erabaki auzi honetaz. Edozein kasutan ere, bada horiez gain beste molde bat, euskaraz erruz erabili izan dena: latinetik datozen hitzak.

-kiko / -kilako

Galdera
-kiko / -kilako (Auzoekilako harremanak hobetzen ari zaizkio Pellori) bigarren forma hau (-kilako) euskara batuan idatzi behar dugunek erabil dezakegu ala -kiko da onargarri den forma bakarra?

bistan da auzoekilako harremanak hobetu behar dituela Pellok Erantzuna:

Euskaltzaindiak finkatuak ditu euskara baturako deklinabideko kasu-markak, baina ez du erabakirik hartu -kiko eta -kilako gisako kasu-marka konposatuez. Beraz, ez dago eragozpenik Iparraldeko eta ekialdeko hiztunek (edo beste tokietakoek, halako ukitu berezia eman nahi badiote hizkerari) euskara batuan -kilako erabil dezaten, hori baita tradizio ia erabatekoa duena euskararen eremu horretan.

-kiko / -ganako

Galdera
Zein da norekiko eta norenganako hauen arteko desberdintasuna? Ez da inoiz oso argi geratu: Gizarte SegurantzaREKIKO betebeharrak ala Gizarte SegurantzaRENGANAKO betebeharrak? Desberdintasuna zein da: batek bi aldeek elkarrekin duten harremana adierazten duela eta besteak alde bakarrekoa? Bestalde, ez litzateke garbiago izango erlatibozko esaldi baten bidez gauza bera adieraztea: Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak, edo horrelako zerbait?

Erantzuna:

Galderako azken kontuari dagokionez (“ez litzateke garbiago izango erlatibozko esaldi baten bidez gauza bera adieraztea?”), garbiagoak direla jakin gabe ere, erabiliagoak badirela esan daiteke perpaus erlatiboa duten egiturak.

Bi formen arteko desberdintasunei buruz, bakoitza kasu-marka bati dagokio: bata -kin kasu soziatiboari, eta bestea -gana adlatiboari. Beraz, era honetako egitura birdeklinatuetan, azpian dagoen kasu-marka zein den argi dagoenean, bien arteko desberdintasuna argia da: batak soziatiboa du azpian, eta besteak distantzia adierazten duen adlatiboa.

  • Gurasoekiko harremanak / -kilako harremanak (Iparraldean)
  • Betaurrekoekiko gizona
  • Zurekiko obligazioak
  • Jainkoaganako bidea

Gehiago aztertu behar den kontua dugu hau. Izenik izen egin beharko litzateke ikerketa bat, eta zerrenda bat bi formetako zein hartzen duten jakin ahal izateko. Badakigu, hala ere, badirela tarteko kasu batzuk, biekin erabil daitezkeenak, garbiak ez direnak.

Azkenik, ez da zuzena galderan eman den Gizarte Segurantzarenganako betebeharrak forma, animatu/ez-animatu auzia gorabehera.

elkarrenganako maitasuna / elkarrekiko maitasuna

Galdera
Zein da modurik egokiena?: elkarrenganako maitasuna edo elkarrekiko maitasuna? Berdin gorrotoa hitzarekin? Horrekiko konfiantza edota horrenganako konfiantza?

Erantzuna: badirudi elkarrenganako maitasuna dutela

  • Elkarrenganako maitasuna / elkarrekiko maitasuna: Zalantzarik gabe, euskal literatura tradizioan gehien erabiltzen den forma lehenbizikoa da. Bestearenak ere badira adibideak, baina oso-oso gutxi.
  • Elkarrenganako gorrotoa / elkarrekiko gorrotoa: Kasu honetan, -ganako gorrotoa edota -ren kontrako (aurkako) gorrotoa dira hobestekoak. -kiko gorrotoa egitura nekez aurki daiteke tradizioan.
  • Elkarrenganako konfiantza / elkarrekiko konfiantza: -ganako konfiantza da hobestekoa, askoz ere arruntagoak dira-eta egitura hori edota konfiantza …-gan modukoak. Bestea gaitzetsi gabe, ordea (-ki(la)ko konfiantza), bai baitira horren oinarria izan daitezkeen egiturak: konfiantza …-kin/-gaz gisakoak.

begirako, zeharreko, gorako...

Galdera
Gero eta sarriago entzuten eta irakurtzen dira honako gauzak: aurrera begirako proposamenak, munduan zeharreko bidaiak edo hortik gorako prezioak. Zilegi da aditz-laguna (munduan zehar, aurrera begira, hortik gora) izenlagun egiteko bide hori (-ko ipinita)? Zuzenak dira aurreko sintagma horiek?

Erantzuna:

munduan zeharreko gauza asko harrigarriak diraGalderan jaso diren sintagmak berez ez dira okerrak, gramatikak uzten baitu bidea halako egiturak sortzeko; beraz, zuzenak direla esan behar. Beste kontu bat da erabileraren aldetik zenbateraino erabili izan dituen euskal hiztunak edo idazleak sintagma horiek euskararen tradizioan. Egia da hiru egituren artean arruntena eta erabiliena Hortik gorako prezioak dela, beste biak oso gutxi erabili izan baitira literatura-tradizio idatzian bederen (aurrera begirako proposamenak, munduan zeharreko bidaiak). Azken bi horiek, horrela eman ordez, beste era batean ematea hobetsi izan du euskararen erabiltzaileak (perpaus erlatiboaren bidez, adibidez).

hiru gradu igo? hiru gradutan igo?

Galdera
Zein dira forma zuzenak?
Tenperatura hiru gradu igo da?, hiru gradutan igo da? ala hiru graduz igo da, hiru gradu igo da?
Gasolina 5 euro merkatu da?, 5 euroz merkatu da?, 5 euroan merkatu da?, 5 eurotan merkatu da?

Erantzuna: Goratu, igo, beheratu, jaitsi, handitu… eta antzeko aditzekin neurri-esapideak erabiltzen direnean, esapide hori ez da inesiboan (-(t)an) jokatu behar, absolutibo mugagabean (Ø) edo instrumental mugagabean (-z) baizik.

  • Antxoa kiloa 5 euro merkatu da aurten.
  • Antxoa kiloa 5 euroz merkatu da aurten.
  • *Antxoa kiloa 5 eurotan merkatu da aurten.
  • *Antxoa kiloa 5 euroan merkatu da aurten.
  • Karakateko igoera 200 metro laburtu dute.
  • Karakateko igoera 200 metroz laburtu dute.
  • *Karakateko igoera 200 metrotan laburtu dute.
  • *Karakateko igoera 200 metroan laburtu dute.
  • Langabezia %1 jaitsi da urrian.
  • Langabezia %1ez jaitsi da urrian.
  • *Langabezia %1ean jaitsi da urrian.
  • Tenperatura 4 gradu igo da.
  • Tenperatura 4 graduz igo da.
  • *Tenperatura 4 graduan igo da.
  • *Tenperatura 4 gradutan igo da.
  • Euskaltel balorea 2 puntu hobetu da azken urtean.
  • Euskaltel balorea 2 puntuz hobetu da azken urtean.
  • *Euskaltel balorea 2 puntuan hobetu da azken urtean.
  • Euskaltel balorea 2 puntutan hobetu da azken urtean.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Kasu-markak eta postposizioak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3