Erabiltzaile Tresnak


zalantzak:1:3

Postposizioak

hilaren 27 arte / -ra arte / -a arte

Galdera
Arauetan, orduetan 8ak arte, 15:01era/15:01 arte (-ra gabe) agertzen da. Onar daitezke: 8etara arte, eta 15:01era arte? Datarekin gauza bera: uztailaren 24tik 27 arte agertzen da arauetan. Onar daitezke: uztailaren 24tik 27ra arte?

Erantzuna:

non ote da hemen uztailaren 24a?Ez dago eragozpenik forma horiek erabiltzeko. Izan ere, arau horietan arautzen dena da orduak eta data nola idatzi behar diren, eta ez arte postposizioaren erregimena. Arte-ren erabileraren inguruan Euskaltzaindiak ez du araurik eman; ez du esan arratsaldera arte, arratsalde arte edo arratsaldea arte idatzi behar den. Beraz, oraingoz ez dago eragozpenik uztailaren 24tik 27ra arte eta antzekoak erabiltzeko.

arte / -raino

Galdera
Nola eman baher da hau? Zenbatu hogeiraino, Zenbatu hogei arte ala Bi aukerak ongi daude?

Erantzuna:

Hogeiraino txartzat eman gabe, Hogei arte (hogeira arte) da ohikoagoa; izan ere, beste adieraren bat (espazio-adiera) izan lezakeen arren, normalean denbora-adiera izaten du adierazpide horrek:

  • Zenbatu hogei(ra) (iritsi) arte.

Era horretako testuinguruetan, arte postposizioa da egokiagoa.

-ren bidez / -ø bidez

Galdera
Nola jokatu behar da bidez postposizioarekin:
Hiztegi bidez?
Hiztegiaren bidez?
Biak onartzen dira edo bietako bat hobesten da bestearen kaltetan?

Erantzuna:

HIZTEGIEN BIDEZ IKASTEN DIRA GAUZA ASKOGalderako bi egiturak eman daitezke ontzat, nahiz EGLU I liburukian (1991, 300 or.) genitiboa duena bakarrik jasotzen den (-en …-z: lagunaren bidez). Lekukotasunak, bietarikoak ditugu euskal literaturan: OEHko hiztegiko V liburukian ikus daitezke horietako asko, 249-250 orrialdeetan. Genitibodunak (-ren bidez) lekukotasun gehiago eta zaharragoak ditu (XVII. mendetik hasita, eta ipar nahiz hegoaldekoak). Hondarkirik gabekoak (hiztegi bidez), berriz, XX. mendeko lekukotasunak bakarrik ditu, eta hegoaldekoak guztiak.

-ren buruz

Galdera
Zer esan daiteke haien buruzko egituraz? Gomendiorik bai? Haien buruzko iritziak denborak gutxi edo gehiago aldatzen baditu ere…

zer esan honi buruz? eta honen buruaz?

Erantzuna:

EGLU I liburukian ez zen -ren buruz egituraren berri jaso; bai, ordea, Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna liburuan. Zenbait lekutan (Baztan aldean, adibidez) erabiltzen da egitura hau. Orotariko Euskal Hiztegian ere (idatzizko tradizioan) badira egitura horren testigantza batzuk, asko izan ez arren. Beraz, egituraren jatorria jatorri, ez dirudi okertzat eman daitekeenik.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Postposizioak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3