Erabiltzaile Tresnak


zalantzak:1:4

Hitz eratorpena

-tar / -dun

Galdera
Zein hobesten da bi esaldiotatik: espainiar herri honetan edo herri espainiar honetan? Atedun etxea edo etxe atedunak?

ESPAINIAKO HERRI HONETAN HOTZ HANDIA EGITEN DU NEGUAN. Morellako karrika Erantzuna:

Euskaltzaindiak ez du auzi honen inguruan araurik eman. Ez du, beraz, hurrenkera bietako bat ere hobesten. Euskaltzaindiaren arauak dio -dun eta -tar atzizkiak dituzten adjektiboak izenaren atzetik nahiz aurretik ager daitezkeela, gainerako izenondo gehienak ez bezala. Joeretara etorriz, badirudi tradizioan bizkaitar idazleak (aurretik) eta mutil diruduna (atzetik) izan direla erabilienak; baina betiere joerak dira, inola ere ez hobespena edo araua. Zer esanik ez, EspainiaKO herri honetan ere hor dugu (-ko kasu-marka), testuinguru honetan -tar atzizkia baino erabiliagoa dena.

ardatzdun / ardazdun / ardaztun

Galdera
ardatz hitzari -dun atzizkia gehituz gero, nola idatzi behar da: ardatzdun, ardazdun ala ardaztun?

Erantzuna: N. YORK ARDATZEZ BETEA DAGO, baina hiri ardatzduna da? Eratorpenaren oraingoz askatu gabeko bi korapilo aipatzen dira hemen. Bata txistukaria frikari bilaka daitekeen ala afrikatua behar duen. Bestea, atzizkiaren leherkariak ahostuna ala ahoskabea izan behar duen.

  1. OEHko datutegian, lehenbiziko auziari buruz, egitura ohikoena da afrikatua frikari bilakatu dena: hiztun, irabaztun, bihoztun, akastun, gorpuzdun, kirasdun, adasdun… Denak dira Euskaltzaindiak ontzat emandako formak (ikus Hiztegi Batua). Badira, jakina, afrikatua dutenak ere (gatzdun).
  2. Bigarren auziak korapilatsuagoa dirudi. Goiko adibideetan ikusi bezala, bietariko adibideak daude, ahostuna zein ahoskabea dutenak. Euskaltzaindiaren LEF batzordeak dio (ikus Euskera aldizkaria 39; 1994, 3; 1050 or.) auzi hau seguraski atzizkiz atzizki (edo baliteke hitzez hitz ere) erabaki beharko dela, hitz guztientzat jokabide bakarra hautatzea gogorregia bailitzateke. Aipatzen da Ahoskera batzordeak ere bideak markatu behar lituzkeela. Ez da oraingoz ezer erabaki hitz jakin honen gainean.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hitz eratorpena", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3