Erabiltzaile Tresnak


zalantzak:2:1

Aditz formak

-tu hutsa / -tze hutsa

Galdera
-tu hutsa ala -tze hutsa erabili behar da?
Pentsatze hutsarekin haserretu egiten naiz
Pentsatu hutsarekin haserretu egiten naiz

KAFE HUTSA HARTZEN DUGU EGUNERO Erantzuna:

Literatura-tradizioko corpusa aztertu ondoren, ez da ikusten arrazoirik bi egitura horietako bat zuzentzat jo eta bestea baztertzeko: biak daude ondo errotuak, eta biak dira, beraz, zuzenak.

Hala ere, egia da gaurko literaturan maizago ikusten dela “pentsatze hutsa”, eta “pentsatu hutsa” bezalako adibideak ez direla hain ugariak

  • Metafisikaren jardunbidea gaurdaino itsumustuka aritze hutsa baino ez da izan ezbairik gabe (I. Uribarri, Kant Arrazoimen hutsaren kritika, 24
  • mila galdera ergelen erantzuna buruz ikaste hutsa balitz bezala! (P. Perurena, Trapuan pupua, 21)
  • Baina esperientzia, bere izatez, oroitze hutsa da, errepikatze hutsa, eta zinez bizi izateak ez du inolako maisurik onartzen (P. Perurena, Trapuan pupua, 337)
  • ez-si-eta-ez-no akabatze hutsa ez dena (I. Segurola, Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo 109)
  • Bere bizieraz gure pentsaera du salatzen, zintzoa ikuste hutsa ere jasanezina zaigu (Askoren artean, Elizen arteko Biblia 2,14)

-t(z)ea + eduki

Galdera
Nahi baduzue, gelan erretzea daukazue. “-tzea” eta “eduki” egitura erabil daiteke ahalera adierazteko?

Erantzuna: HEMEN EZ DAGO ERRETZERIK Egitura hori ezeztapenei eta galderei lotuta dago batez ere, eta, haietatik kanpo, ez dugu zuzentzat jotzen baiezko perpausetan.

  • Ez duzu erretzerik.
  • Ez daukazu erretzerik.
  • Ez dago erretzerik.

Baina ez du tradiziorik eta ez da zuzena honako hau:

  • *Gelan erretzea daukazue.

“-tzea eduki” egiturak badu tradizioa, baina beste erabilera batean:

  • - Kexu zen afarian opil guztiak jan genituelako.
  • - Etortzea zeukan! (= Aski zuen etortzea)

Hori zuzena da. Erabilera horretatik kanpo, ordea, ez da zuzena baiezko esaldietan.

ahal da komunera joan?

Galdera
Ongi ala gaizki al dago ahalezkoaren erabilera hau: ahal da komunera joan?

Erantzuna:

Oso bitxia da perpaus hori. Beste aditz modal batzuek bezala, badirudi ahal-ek ere kokagune finko samarra duela, lagun duen aditzaren ondoren hain zuzen: joan ahal, etorri ahal, eta abar. Behar-en kasuan ere, askoz egokiagoa da Etorri behar duzu? galdetzea Behar duzu etorri? baino.

EZ DUZU KOMUNERA JOAN NAHI?\\ Beraz, hobestekoak beste egitura hauek genituzke:

  • Komunera joan ahal da?
  • Komunera joaten ahal da?
  • Komunera joan daiteke?

“Nahi izan”-en kasuan onargarria da aurrera ekartzea: Nahi duzu komunera joan?

Bai eta aditzaren ostean uztea ere:

  • Komunera joan nahi duzu?

egin dezakezuia? garaia dea?

Galdera
Onartuta al dago Egin dezakezuia, Egin al dezakezu-ren ordez?

Erantzuna:

Euskaltzaindiak ez du ezer erabaki kontu honetaz. Sintaxi-kontu bat denez, euskara batuan ere erabil daiteke. Kontua da zailtasuna dakarrela horrek, euskara batuan ez baita erabaki oraindik atzizki hori duten aditzek zein forma izan behar duten.

dateke, dukezu

Galdera
Zein kasutan erabil daiztezke dateke edo dukezu formak? Ahalezkoa izanik, zein da, adibidez, ikus dezakezu edo ikus dukezu formen arteko aldea?

Erantzuna:

Ez dira ahalezko formak, eta ez da zuzena ikus dukezu forma, ez baitu aditzoina hartzen, baizik aditz-partizipio burutua (-tu) edo ohiturazko aditz-izena (-tzen): ikusi dukezu edo ikusten dukezu.

Gatozen galderako bi formak konparatzera:

1. Ikus dezakezu: gaitasuna edo posibilitatea adierazteko erabiltzen da: hau da ahalezkoari dagokion forma. Adibide bat:

Nahi duten guztiak etor daitezke bilerara.

2. Ikusi dukezu: menturazko nozio modala adierazteko erabiltzen da, beharbada edo agian aditzak dioena gertatuko dela. Gaur egungo euskara mintzatuan, Iparraldean bakarrik erabiltzen dira forma hauek. Adibidez, datorke, etortzen dateke, etorri dateke, etorriko dateke … Baina etor dateke ez da zuzena, galderako ikus dukezu zuzena ez den bezala.

Menturazko balio hori adierazteko, Hegoaldean geroaldiko adizkiak erabiltzen dira, era honetakoak:

  • Gure anaia ezagutuko duzu, ezta?
  • Patxi honezkero iritsiko zen Bilbora.

esan egizu / esan ezazu; bidali egiguzue / bidal iezaguzue

Galdera
Ezazu/egizu, iezadazu/egidazu, zeintzuk dira forma horien arteko berdintasun edo ezberdintasunak. Noiz erabili bata, noiz bestea, nolanahi erabil daitezke?

Erantzuna:

Ezazu/egizu, iezadazu/egidazu adizki hauen arteko desberdintasuna aditzaren erroan dago: bikoteetan lehenbizikoek *EZAN erroa dute, eta bigarrenek, EGIN.

Euskara batuari dagokionez, *EZAN erroa dutenak hobetsi dira aditz batuan: beraz, aginterako, ahalerako eta subjuntiboko erabileretan (ekar ezazu, ekar dezakezu, ekar dezazun, hurrenez hurren) erro hori duten adizkiak erabili behar dira euskara batuan (ikus euskara batuko 78. araua, Aditz Laguntzaile Batua izenekoa).

Horiek dira bien arteko desberdintasunak: aditz erro desberdina eta euskara baturako baten aldeko hobespena.

Beraz, ekarri egizu, hartu egidazue eta galdu dagizuen gisako aditzak herri edo euskalki mailako erabilerarako geratzen dira, eta ez euskara batuko erabilera formalerako.

Erabilerari dagokionez, bada beste desberdintasun bat bi aditz moten artean: egizu aditz laguntzailea erabiltzen den herrialdeetan, aditzaren partizipioarekin erabiltzen da (erosi egiok, hartu egizu, ekarri egidak, saldu dagigun), eta ez aditz-oinarekin (eros, har, ekar eta sal; azken hauek erabil daitezke ezazu laguntzailearekin).

EUSKALKIETAKO ERABILERA ETA ERABILERA FORMALA BEREIZI BEHAR DIRA

"egin" erroa duten aditzak eta haien pluralgileaz

Galdera
Agintera eta subjuntiboa adierazteko EGIN errodun aditz laguntzaileak onartzen badira euskara batuan, zein pluraklgilerekin adierazi behar da plurala? Esaterako, nola dira euskara batuan bizkaierako ekar egizuz gauza horiek eta egin dagizuzen lehenengo ariketa hauek, EGIN aditza erabilita?

Erantzuna:

Badirudi egin erroa dutenei -z pluralgilea jarri behar litzaiekeela, baldin eta onartuko balira euskara batuko erabilerarako; oraingoz, badakigu *ezan erroa dutenak direla euskara baturako onartuak.

Bide batez, galderan agertzen den forma bat ez da zuzena (*ekar egizuz), zeren eta halako aditzak erabiltzen diren eskualdeetan aditz-partizipioa erabiltzen baita: ekarri egizuz.

aditz batzuen formak

Galdera
Zein dira forma zuzenak? bereizi/bereiztu, biluzi/biluztu, miretsi/mirestu, sinetsi/sinestu/sinestatu?

Erantzuna:

Euskaltzaindiak forma hauek ebatzi ditu euskara baturako:

  • bereizi, bereiz, bereizten. da/du
  • bereiztu* e. bereizi
  • irakurlearen arabera, bi liburu bereizi dira hitzaldian: historiari buruzkoak eta amodiozkoak.
  • irakurlearen arabera, bi liburu *bereiztu dira hitzaldian: historiari buruzkoak eta amodiozkoak.
  • biluzi, biluz, biluzten. da/du
  • biluztu* e. biluzi
  • medikuaren aurrean biluzi behar izan zuen.
  • medikuaren aurrean *biluztu behar izan zuen.
  • miretsi, mirets, miresten. du haren bertutea miretsi zuten paganoek. 2 da ad.: han ikusi zuenaz miretsi zen.
  • mirestu*
  • asko miretsi zuten gaixo hark erakutsitako kemena.
  • asko *mirestu zuten gaixo hark erakutsitako kemena.
  • albistea entzun eta miretsi zen Jaione.
  • albistea entzun eta *mirestu zen Jaione
  • sinetsi, sinets, sinesten. du Jainkoagan sinetsi; gezurrak sinetsi; emakumea, sinets iezadazu (Heg); emakumea, sinets nazazu (Ipar.)
  • sinistu, sinis, sinisten. du ad. Bizk. eta Gip. h. sinetsi
  • sinestatu, sinesta, sinestatzen. du ad (Naf.) 'sinetsi'
  • ezin nuen sinetsi kontatzen ari zitzaidana.
  • sinesten zaitut, baina beldur naiz.
  • ezin nuen sinistu kontatzen ari zitzaidana.
  • inork ez dizu sinistuko esaten ari zarena.
  • ez duzu sinestatuko baina egia da.

aditzak kontakizunetan nola

Galdera
Narrazio, ipuin eta antzekoak kontatzerakoan, nola erabili behar da aditza?

Erantzuna:

- Iragan burutua: iraganeko gertaerak kontatzeko erabiltzen da gehienetan.

  • 1951ko azaroaren 9an, Resurreccion Maria Azkue euskal idazle, abade, hizkuntzalari eta ikertzailea hil zen Bilbon. Besteak beste, Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zen, baita bertako lehen lehendakaria ere. Efemerideak

Kontaeretan askotan gertatzen dira aditz-pilaketak, eta halakoetan, testua astuna gerta ez dadin, adizki laguntzailea isildu egin daiteke batzuetan:

  • -tu(∅)…-tu zen/zuen
  • bidaia elkarrekin hasi, eta bakarka amaitu zuten anaiek.
  • -tu zen/zuen…-tu(∅)
  • bidaia elkarrekin hasi zuten anaiek, eta bakarka amaitu.

Adarra jotzen

- Orainaldi narratiboa: pasadizoak, kontakizunak, literatura… iraganeko kontaera orainaldira ekartzen da, begien aurrean bageneuka bezala eta biziago bihurtzen da. Aldiberekotasun efektua lortzea da halakoetan helburua:

  • burutua… burutua
  • Mikelek adarra jo du, eta jendea plazara hurbildu da pixkanaka.
  • burutua… burutugabea
  • adarra entzun dugu, eta bat-batean hara non jendea plazara hurbiltzen hasten den pixkanaka.
  • burutua… burutua… burutugabea… puntuala
  • autoak aurrez aurre jo du zuhaitza, atzeko autoak segidan zetozenez, bat-batean gelditu dira eta kolpea ikusi dutenean laguntzera joan zaizkio, gidariari heltzen diote eta ziztuan daramate erietxera.
  • burutua… burutua… burutua
  • Aitak kaskateko bana eman die. Berehala berpiztu dira haurrak. Elkarri begiratu diote eta liburua zabaldu dute.
  • burutugabea… burutugabea
  • neska hurbiltzen da mutilarengana eta zaplasteko bat ematen dio negar malkoei eutsi ezinik.

Beste egitura batzuk, ordea, ez dira egokiak halako narrazio eta kontakizunetan:

Iñigo Urkullu Lehendakaria

  • “orainaldi historikoa”: iraganeko burutuaren monotonia hausteko erabiltzen da gaztelaniaz baina euskaraz lehenaldiko formak erabiltzea da egokiena, eta, tarteka, adizki laguntzailea isiltzea.
  • *Arnaldo Otegi Mondragon Elgoibarren jaiotzen da 1958an, eta hainbat urtean politikan jardun ostean 2009an espetxean sartzen dute Batasuna alderdia berrantolatzea egotzita.
  • Arnaldo Otegi Mondragon Elgoibarren jaio zen 1958an, eta hainbat urtean politikan jardun ostean 2009an espetxean sartu zuten Batasuna alderdia berrantolatzea egotzita.
  • “etorkizun historikoa”: iraganeko burutuaren monotonia hausteko erabiltzen da hau ere gaztelaniaz baina euskaraz ez dauka tradiziorik. Iragan burutua erabiltzea da egokiena eta, tarteka, adizki laguntzailea isiltzea.
  • *Iñigo Urkullu 1961ean jaio zen Alonsotegin; oso gazterik sartuko da EAJ alderdian eta 2008an Euzkadi Buru Batzarraren lehendakari izendatuko dute. 2012ko urtarrilean aho batez berretsiko dute karguan eta urte berean, abenduaren 15ean, Lehendakari aukeratuko.
  • Iñigo Urkullu 1961ean jaio zen Alonsotegin; oso gazterik sartu zen EAJ alderdian eta 2008an Euzkadi Buru Batzarraren lehendakari izendatu zuten. 2012ko urtarrilean aho batez berretsi zuten karguan eta urte berean, abenduaren 15ean, Lehendakari aukeratu.
  • Iraganeko geroaldia (-tuko zen/zuen) ere erabil daiteke zatiaren amaiera gisa, etorkizun historikoaren ordez:
  • 2011ko irailean hasi ziren Kukutza botateko lanak. Auzoko bizilagunek ez zioten ongi iritzi eta berehala hasi ziren mobilizazioak. Bazen elkarte bat gazteen proiektua babesten zuena baina udalak jabearen nahiari egin zion kasu eta botatzeko lanak hasi zituzten. Mobilizazio ugari eta istilu larriak ekarriko zituen erabakiak.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aditz formak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3