Erabiltzaile Tresnak


zalantzak:2:2

Aditz batzuen erregimena

agurtu, entrenatu, begiratu…

Galdera
Kasu hauetan zalantzazkoa da zein erregimen dagokion aditzari.
AGURTU:
Agurtu behar natzaizue.
ENTRENATU:
Entrenatzaileak entrenatu ditu.
Jokalaria entrenatu da.
Jokalariak entrenatu du.
BEGIRA:
Begira katua Begira (zertan dabilen) ume hori.
Begiratu hitz hori hiztegian.
Nola sortzen dira klimak? Begira itzazu eskemak.

Erantzuna:

ATHLETIC-EKO ETA REALEKO JOKALARIAK, IKURRINA LEHENBIZIKO ALDIZ ATERA ZUTENEAN SAN MAMESENBeste kasu hauetan ere zalantzazkoa da zein erregimen dagokion aditzari.
AGURTU:
Agurtu behar natzaizue. Gaizki, baina agurtzen naiz okerra delako; bestela, egokia da: Hurbildu behar natzaie.
ENTRENATU:
Entrenatzaileak entrenatu ditu.Zuzena da.
Jokalaria entrenatu da. Zuzena da.
Jokalariak entrenatu du. Ez da zuzena.
BEGIRA:
Begira (=Hara; ikusi) katua. Zuzena da.
Begira (ezazu) (zertan dabilen) ume hori. Zuzena da.
Begiratu hitz hori hiztegian. Zuzena da.
Nola sortzen dira klimak? Begira itzazu eskemak. Baina “aztertu, gainbegiratu, zaindu” zentzua duenean; bestela, “zerbaiti/norbaiti begia luzatu” adieran, “-i begiratu”.

antzeman

Galdera
Antzeman aditzak DIO erregimena du. Baina zer egin behar da NORI falta denean? DA erregimeneko aditz moduan joka al daiteke? Zuzenak al dira esaldi hauek?
- Eta antzeman du askoz hobeto ikusten duela betaurreko berriekin.
- Hori dela eta, lehenengo fasean arnas alkalosia antzematen da.
- Pleura diafragmatiko zentrala narritaturik badago, albo bereko sorbaldan antzeman daiteke mina.

Erantzuna:

ITXURA HAU DU PLEURAKAntzeman aditza, Hiztegia Batuan jasota dagoen bezala, DIO aditza da, nahitaez behar du NORI sintagma bat aditz horrek, agerian nahiz isilpean.\\- *Eta antzeman du askoz hobeto ikusten duela betaurreko berriekin.
- *Hori dela eta, lehenengo fasean arnas alkalosia antzematen da.
- *Pleura diafragmatiko zentrala narritaturik badago, albo bereko sorbaldan antzeman daiteke mina.

Horien ordez, denetan ATZEMAN aditza erabilita (DU aditza da hau) gramatikalki zuzenak lirateke. Horretaz gain, honako irtenbide hauek ere proposa daitezke:
- Eta konturatu da (ohartu da, igarri dio) du askoz hobeto ikusten duela betaurreko berriekin.
- Hori dela eta, lehenengo fasean arnas alkalosia aurkitzen da.
- Pleura diafragmatiko zentrala narritaturik badago, albo bereko sorbaldan antzeman dakioke mina.
Sumatu aditza ere izan daiteke, zenbaitetan, erabilgarri.

axola izan

Galdera
[Axola + dit/dio … ] erabilera dela eta, hauetako zein da zuzena?
-Ez dit axola zure laguna etortzeA.
-Ez dit axola zure laguna etortzeAK.

Erantzuna:

Euskaltzaindiak ez du araurik eman aditz honen inguruan. Aipatu den gauza bakarra Hiztegi Batuan jasotzen da “axola izan” azpisarreran (ez dut horren axolarik adibidea ematen da).

OEHko literatura-tradiziora jotzen badugu, adibide gutxi daude auzitan ditugun egiturak bezalakorik. Agertzen diren bakanak -tzea dute osagarritzat:

  • Ordu batzuek alde egitea zer ajola dit (Alzaga)
  • Axola aundi zitzaidan, ark ene jardunen berri ukaitea (Orixe)

Perpaus osagarria ergatiboan duenik ez dugu aurkitu (-tzeak). Baina bestelakoak (-tzea) ere oso gutxi direnez, ezin erabakirik hartu hain datu gutxirekin, edo ezin esan behintzat ez dit axola zure laguna etortzeak esaldia txartzat eman behar denik; are gutxiago perpausa izan ordez sintagma bat dugunean sintagma horrek ergatiboa hartzen badu (ez dit axola horrek).

Ohargarria da, bestalde, (eta agian galdegilearentzat lagungarria ere) beste forma batzuekin edo beste era bateko perpausekin egiten dela sarriago axola izan aditzaren konplementazioa:

  • -Instrumentala: ez dit axola … etorTZEAZ
  • -Zehargaldera: ez dit axola … nor datorren / etorriko den …
  • -Subjuntiboa: ez dit axola … berezi nazan
  • -Baldintzazkoa: ez dit axola … zure laguna badator
  • -Partizipio hutsa: ez dit axola … hitz egin

balio izan

Galdera
Zein da zuzena?
* Idazteak gauza erraza dirudi ala Idaztea gauza erraza dirudi?
* Ez dit balio hori esateak ala Ez dit balio hori esatea?

Erantzuna:

IDAZTEA(K) GAUZA ERRAZA DIRUDI, BAINA EZ DA. A. LERTXUNDI, EUSKAL IDAZLE ONENETAKO BATa) Iruditu aditzari dagokionez, ez dago ezer erabakita ez araututa Euskaltzaindiaren partetik. Literatura-tradizioko datuetara jota, bietariko jokaerak aurki daitezke, kopuru berdintsuetan, gainera. Beraz, biak ontzat jo behar dira:

  • Idazteak gauza erraza dirudi
  • Idaztea gauza erraza dirudi

b) Balio izan aditzari dagokionez, Hiztegi Batuan bi erabilerak jotzen ditu ontzat:

  • Zer balio du tematzeak?
  • Ez du balio etxea konpontzen hastea.

egokitu

EZ DIRUDI OSO ERRAZ EGOKITZEN FAREN TSUNAMIETARA

Galdera
'Egokitu' aditzari dagokionez, zein dago ondo?
- Itsaslasterrak klimari egokitu ala itsaslasterrak klimara egokitu?
- Leihoa zulora egokitu ala leihoa zuloari egokitu?

Erantzuna:

Gramatikaren aldetik, biak zuzenak direla esan behar: -ra egokitu eta -ri egokitu. Gauza bertsua gertatzen da beste aditz batzuekin ere (-ra/-ri hurbildu, -ri/-ra begiratu…). Badirudi datiboa erabiltzen denean protagonismo gehiago hartzen duela datibodun sintagma horrek (itsasoari begiratu egituraren kasuan, adibidez).
Oro har, ohikoagoa da OEHko datuei begiratzen badiogu, -ra egokitu forma.
Galderan aipatzen diren kasu jakin hauetan, klimara egokitu eta zulora egokitu formek dirudite egokiagoak.

erantzun, ihardetsi

Galdera
Hiztegi Batuak erantzun aditza DU sailekoa dela dio (orobat ihardetsi aditza). Horren arabera, nik galdera erantzun dut esateaz gainera, badirudi nik zu erantzun zaitut esan behar dugula. Eta hori okerra iruditzen zaigu. Oker gaude edo nola da? Beste horrenbeste gertatzen da ukitu aditzarekin. Hiztegi Batuak DU sailekoa dela baitio. Horren arabera, buruan ukitu zaitut zuzena da, baina burua ukitu dizut okerra. Nola esan beharko genuke?

Erantzuna:

Egia da erantzun eta ihardetsi DU aditzak izateaz gain, DIO aditzak ere badirela, eta nik galderari erantzun diot dela testuinguru honetan gehien erabiltzen den forma (galdera erantzun dut bakan batzuk agertzen dira literaturan); OEH hiztegian ere esaten da galderari erantzun dela ohikoena.

Zuri erantzun dizut perpausari dagokionez, horixe da erabili beharrekoa, eta ez *zu erantzun zaitut.

Ukitu aditzari dagokionez, DU aditza da, eta Hiztegi Batuaren arabera buruan ukitu zaitut esan behar da.

ukitu

ZAIL GERTATZEN DA BURUA UKITU GABE ERAMATEA TXAPELA

Galdera
Hiztegi Batuak DU sailekoa dela dio ukitu aditza. Horren arabera, buruan ukitu zaitut zuzena da, baina burua ukitu dizut okerra. Nola esan beharko genuke?

Erantzuna:

Ukitu DU motako aditza da, eta, Hiztegi Batuaren arabera, buruan ukitu zaitut esan behar da.

iritzi

Galdera
Iritzi aditza esaldi konpletibo batean azaltzen bada, beharrezkoa al da nori kasua erabiltzea? Hona hemen adibide bat:
Jarduera horien berri izatea gutxi dela iritzi dio ala Jarduera horien berri izateari gutxi dela iritzi dio?

Erantzuna:

Bigarren perpausa ez da zuzena.

Ez da nahitaezkoa, bestalde, nori kasua erabiltzea, perpaus osagarriaren -ela erabil daiteke eta. Hona hemen izan ditzakegun aukerak:

  • [Jarduera horien berri izatea gutxi DELA] iritzi dio
  • [Jarduera horien berri izateaRI] gutxi iritzi dio (“-ela”-dun aditzik gabe).

Ez da zuzena biak nahasten dituen egitura hau:

  • *[Jarduera horien berri izateaRI gutxi dela] iritzi dio

ohartarazi

Galdera
Azken aldian egunkarian dio-rekin erabilita ikusi dut baina Hiztegi Batuan badirudi oraindik ez duzuela adiera hori jaso: gaztelaniazko ’avisar’ alegia.

Erantzuna:

Euskaltzaindiak erregimen okertzat du Ohartarazi dio. Hala erabakia eta jasoa du Hiztegi Batuan (DU aditza), eta hala jasotzen da 43. arauan, Arazi aditzaren erregimena izenekoan.

bihurkariak

Galdera
Objektua duten aditz batzuetan Hiztegi Batuan onartuta dago IZAN laguntzailea (“bere burua” ordezkatuz edo).
- Orraztu:
Ilea orraztu du.
Bera bakarrik orraztu da.
- Jantzi, erantzi:
Prakak jantzi ditu.
Arineketan erantzi da.
- Zintzilikatu:
Buruz behera zintzilikatu da saguzarra.
- Aurkitu:
Munduan bakarrik aurkitu da.
- Ezagutu:
Historia sinple honetan, nahi duena ezagut bedi.
Beste hauetan ere onargarria da?
- Eskegi, eseki:
Garabi batetik eskegi dira, protestan.
- Lotu:
Segurtasun-uhala lotu du.
Lotu zaitez ondo.
Kateekin lotu dira, protestatzeko.
Lotu aditzak da-zaio ere onartzen du adiera batzuetan. Bizk.: Harrituta lotu naz. Ni hemen lotuko naz. Ek.: Lanari lotu zaio.
- Lehortu, sikatu:
Eskuak lehortu ditu.
Busti zaude eta lehortu zaitez.
Topatu Mikel topatu dut.
Mikelekin topatu naiz
- Sentitu:
Estu hartuta daukatela sentitzen duo.
Faxisten biktima sentitzen da.

Erantzuna:

  1. Eskegi, eseki:
    Itxeki zan soka batetik eta aurkitu zuen zinzilika zegoala. Mugan dago honen zuzentasuna: hobe, beren burua erabiltzea.AHAL DELA, SEGURTASUN UHALA LOTUA ERAMAN BEHAR DA
  2. Lotu: Segurtasun-uhala lotu du. Zuzena da.
    Lotu zaitez ondo. Zuzena da.
    Kateekin (Katez? (agian egokiago)) lotu dira, protestatzeko. Zuzena da.
  3. Lehortu. Eskuak lehortu ditu. Zuzena da.
    Busti zaude eta lehortu zaitez. Bai: lehortu, garbitu, orraztu… onartzen dute DA erregimena.
  4. Topatu: Mikel topatu dut. Zuzena da. Mikelekin topatu naiz. Bi erregimen desberdin; soziatiboarekin, NAIZ; hala ere, ez da ahaztu behar Mikelekin topo egin dut ere hor dugula, bigarren erabilera horretan tradizio handiagoa duena.
  5. Sentitu: Estu hartuta daukatela sentitzen du. Zuzena da. Faxisten biktima sentitzen da. Bai, gaizki legoke bere burua.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aditz batzuen erregimena", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3