Erabiltzaile Tresnak


zalantzak:3:3

Perpaus osagarriak eta erlatiboak

lehen aldia da ...-ela / -ena?

Galdera
Joskera hauetatik ezin dira denak zuzenak izan. Argibiderik?
a) Lehen aldia da hori egiten dudala.
b) Hori egiten dudan lehen aldia da.
c) Lehen aldia da hori egiten dudana.

Erantzuna:

XALBADOR BERTSOLARIA SARAKO PLAZAN 1960anEgitura horiek guztiak zuzenak dira: berdin osa daiteke informazio hori perpaus osagarri modura (a aukera) nahiz perpaus erlatibo modura (b eta c aukerak). Osagarri modura hartuta, perpaus horren gobernatzailea lehen aldia bada predikatua da; erlatibo modura osatuta, berriz, perpaus erlatiboaren ardatza lehen aldia izen sintagma da. Biak dira, beraz, berdin zuzenak.

Egia da, nolanahi ere, desberdintasunak badirela erabileraren aldetik, eta lehendabizikoa dela, alde handiz, literatura idatzian gehien erabiltzen dena; eta baita ahozko jardunean gehien erabiltzen dena ere. Beraz, bi aukerak zuzenak izan arren, osagarria da euskaraz gehien baliatzen dena.

Hona osagarriaren adibide batzuk:

  • Seme harek, hamabi urte, lehen aldia zuen Baionarat zoala (J. Etchepare)
  • Lehen aldia ahal duzue burdin bideetan zabiltzatela. (Barbier, Supazter chokoan, 81)
  • Lehen aldia zen nik pertsulariak entzuten nituela; bainan etziren nik amensten nituen heietarik; ez beti ere, nik nazkien kantuen egileen hainekoak (Xalbador, Odolaren mintzoa, 37)

Erlatiboaren adibide bat:

  • Utz atzu gizonen solas bano horiek, ezta gauza berri bat halakoen aditzea, ezta lehen aldia horla zure kontra mintzatu direna; ez eta azkena ere haiñitz bizi bazare (Chourio)

orain badakit zer esan nahi zenidan / orain badakit esan nahi zenidana

Galdera
Esaldi hau euskaratu behar genuen:
Ahora ya sé lo que me querías decir.
Itzulpen hau atera zitzaigun:
Orain badakit zer esan nahi zenidan.
Baina, ondorengo hau ere ondo egongo litzateke?
Orain badakit esan nahi zenidana.
Zein da bien arteko aldea?

Erantzuna:

ZER ESAN NAHI NION?Beharbada bi egiturak dira zuzenak, baina zuzentasunari ez ezik egokitasunari eta euskararen tradizioari begiratzen badiogu, zehargaldera duen egitura da bien artean gomendatzekoa eta bultzatzekoa. Euskararen erabileran, erabat nagusi da bien artean zehargalderadun egitura hau:

  • Orain badakit zer esan nahi zenidan.

Bestea, esan bezala, beharbada ezin da ezgramatikaltzat jo, baina ez du inongo tradiziorik, eta kalko bidez sortua dirudi. Desberdintasuna, egitura sintaktikoari dagokio: gomendatuko genukeenak, lehenbizikoak, zehargaldera du mendeko perpaustzat (Jakin aditzak halako mendekoak gobernatzen ditu), eta besteak, erlatibozko perpausa.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Perpaus osagarriak eta erlatiboak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3