Erabiltzaile Tresnak


zalantzak:3:4

Perpaus osagarriak

eskerrak … etorri zaren / zarela / zarena

Galdera
Zuzenak dira hirurak?
Eskerrak etorri zaren!
Eskerrak etorri zarena!
Eskerrak etorri zarela!
Hiztegi Batuan eskerrak hitza begiratuz gero, lehenengo eta hirugarren adibideak agertzen dira, baina bigarrena ez, hau da, Eskerrak etorri zarena! Zuzena da?

Erantzuna:

Bai, zuzena da. Hala esaten da Euskal Gramatika: Lehen Urratsak V (Mendeko perpausak 1) (EGLU-V) liburuko 68. orrialdean. Adibide bat ere ematen da horrelako egiturak onak direla ilustratzeko:

  • Eskerrak halakoren batean andra Adelaidak autua eteten ebana (E. Erkiaga, Irribarrea galtzen denean, 129)“.

aurresuposizioak

Galdera
Honako esaldi hauetan, zein da hiztunaren aurresuposizioa?
Jonek ez daki Maren etorri denik.
Jonek ez daki Maren etorri dela.
Jonek ez daki non etorri den Maren.
Jonek ez daki Maren etorri den (ala ez).

Erantzuna:ZE AURRESUPOSIZIO OTE DAGO HAUEN BURUAN?

  1. Aurresuposizioen kontua dago hemen. Jonek ez daki Maren etorri den ala ez, eta esaten denarekin ezin dugu jakin Maren etorri den ala ez.
  2. Jonek ez daki Maren etorri den ala ez esaldi hori esatean, honako aurresuposizioa egiten dugu: Maren etorri da.
  3. Bai, aurresuposizioa da Maren etorri dela; zehargalderaren galdetzaileari erantzutea falta zaigu, jakina, NON (edo nola) etorri den.
  4. Jonek ez daki Maren etorri den ala ez, eta guk ere, hori entzutean, ezin dugu aurresuposiziorik egin Marenen berri (ezin dugu jakin etorri den, ez eta etorri ez den ere).

-ela/-enik/-en

Galdera
Perpaus osagarriak direla eta, perpaus nagusia baiezkoa denean -ela menderagailua erabiltzen da; ezezkoa denean, -enik; eta perpaus nagusia galderazkoan denean, -en. Hala ere, perpaus nagusia ezezkoa edo galderazkoa izan arren, ez da beti -enik erabiltzen. Aipatzen diren salbuespenak hauek dira:
a) egia da, gezurra da eta horien kidekoekin.
b) jakina da, nabari da, bistakoa da, bistan izan/egon edo antzeko esapideekin.
c) ez A, B baizik bezalako egitura duten perpausetan.
d) ahaztu, ukatu eta oro har esanahi ezezkorra duten aditzekin.
Oharra: duda egin eta duda izan ere aipatzen dira salbuespen horien zerrendan. Horrek esan nahi du kasu horietan ez dagoela -enik erabiltzerik?
Ez da egia gaupasa egin dudaLA (zuzena)
-Ez da egia gaupasa egin dudaNIK (?)
-Ez zuen esan Bilbon bizi zeLA, Bilbon bizi nahi zueLA baizik (zuzena)
-Ez zuen esan Bilbon bizi zeNIK, Bilbon bizi nahi zueLA baizik (?)

Erantzuna:

Euskal Gramatika: Lehen Urratsak V liburukian, 70. orrialdean, honako hau esaten da auzi honi dagokionez: “Beraz, batzuetan bederen, arau zehatzez baino areago jokabide nagusiez mintzatzera mugatu beharko dugu”. Aurreraxeago, 71. orrialdean, -ela menderagailua eramaten duten predikatuen berri ematen denean, “normalean” aipatzen da, eta ez beti. Esan aditzari dagokionez, gainera, menderagailu bat zein bestea erabil dezaketela dio EGLU Vek, 71. orrialdean bertan. (ikus 153 a-d adibideak). Gauzak horrela, ez genituzke txartzat emango galdera-markarekin ematen diren bi esaldi horiek.

-ela/-enik/-en (2)

Galdera
Euskal Gramatika Osoa liburuan hurrengo adibideak azaltzen dira, biak zuzenak baina esangurari dagokionez ezberdinak:
Amak ez du esan Mikel etxean dagoeLA (Mikel etxean dago, baina amak ez du aipatu.)
Amak ez du esan Mikel etxean dagoeNIK (ez dakigu Mikel non dagoen)
Bigarren kasuan, beraz, parekotzat har genezake hau:
Amak ez du esan Mikel etxean dagoeN (ala ez), kasu honetan ez litzateke sinonimoa?
Azken batean, -ela menderagailuaren erabilera ohikoa baiezko perpausei dagokie, beraz, perpaus nagusia ezezkoa izan arren, menpekoan -ela erabiltzean, nolabaiteko baieztapena egiten ari gara, aurresuposizio bat: Mikel etxean egon BADAGO, nahiz eta amak hori esan ez. Zuzena da hori?

Erantzuna:

Bai, zuzena da. -ela dutenek horrelako aurresuposizioa dutela esaten da (egia presuposizioa) (ik. EGLU V, 73 or.). Aurrerago, “Ezetza zeri dagokion da kontua. Horrela, -enik daramaten perpausak ezetzaren esparruaren barnean daudela dirudi; eta -ela dutenak, berriz, ez”.

-ela/-enik/-en (3)

Galdera
Zein kasutan erabil daiteke –elaezezko perpausetan? uste izan aditzarekin ere gauza bera egin dezakegu?
Ez nuen uste Koldo hain tontoa zeLA (ze frogatu dit tonto hutsa dela; ala ustea denez, subjektiboa denez, ezin da erabili?).

Erantzuna:

Bai, erabil daiteke –ela uste izan aditzarekin: EGLU Veko 73. orrialdean bilduak daude uste izan-en adibideak, baterakoak eta besterakoak, ezeztapenaren esparruaren arabera. Goiko esaldi honetan egia presuposizioa mendeko perpausaren barnean dago, eta zuzena da esaldia eta egiten den presuposizioa.

-ela/-enik/-en (4)

Galdera
Zer gertatzen da jakin aditzarekin? Hurrengo adibideotatik, zeintzuk dira zuzenak?:
Ez nekien Jon etortzekoa zeN (ala ez)
Ez nekien etortzekoa zeLA (bertaratu eta hantxe topatu dut Jon)
Ez nekien etortzekoa zeNIK (??)

Erantzuna:

Guztiak dira zuzenak, nahiz presuposizioari dagokionez ñabardura desberdinak izan. Horiekin batera, honako hau ere zuzena da, lehendabizikoaren baliokidea:
Ez nekien Jon etortzekoa zeNETZ.

joera da metatzea / joera da metatzekoa

Galdera
Joera izaten da halako izenak elkarrekin metatzea. Joera izaten da halako izenak elkarrekin metatzekoa. Halako izenak elkarrekin metatzeko joera izaten da. Joera da metatzea. Joera da metatzekoa. Denak zuzenak?

Erantzuna:

METAK EGITEKO JOERA IZAN DUGU EUSKALDUNOK; METATZEKO JOERA, EZ HORRENBESTEBi joskera desberdin daude hemen:

  1. ZEIN/ZER da joera?
  2. ZERTARAKO joera du.

Lehenbizikoak –tzea eskatzen du erantzuntzat: joera da… metatzea. Bigarrenak, berriz, -tzeko.

  • Halako izenak bata bestearen segidan metatzeko joera du.
  • Joera du halako izenak bata bestearen segidan metatzeko(a?)

Bi sistemen hibrido bat da honako esaldi hau, joera du metatzeko egituraren bertsio inpertsonala:

  • Joera izaten da halako izenak bata bestearen segidan metatzeko(a?)

Bestalde, ez zaigu eratorpen behar bezain tradiziozkoa iruditzen beste hau:

  • Metatzeko joera izaten da à *Metatzekoa izaten da joera.

ez ikusiarena egin / betaurrekoak jartzearena

Galdera
- Betaurrekoak ondo jartzearena egin zuen.
- Ez ikusiarena egin zuen (“se hizo el sueco”).
Zergatik batean ikusiarena eta bestean jartzearena?

Erantzuna:

  1. BETAURREKOAK JARTZEARENA EGIN ZUENOEH-n aurki daitezke ez ikusiarena, ez entzunarena, ez ezagutuarena gisakoak, oso normalak dira; baina erabilera horren ordain gisa aditz-izenean oinarritutakorik (betaurrekoak ondo jartzearena egin gisakorik) ez dugu aurkitu euskararen literatura-tradizioan; aski bitxiak dira.
  1. Horren ordez, askoz ere arruntagoak dirudite era honetakoek: Betaurrekoak ondo jarTZEKO IMINTZIOA (KEINUA, PLANTA(K)) egin z(it)uen.

berdin zait jolastu / jolastea

Galdera
Zalantza hauxe sortu zaigu: Berdin dit (zait) jolastu ala jolastea?

Erantzuna:

Orotariko Euskal Hiztegian, IV. aleko 731 orrialdean, “berdin izan” azpisarreran bi aukera horiek aurki ditzakegu:

  • Berdin dit (zait) … jolastu
  • Berdin dit (zait) … jolastea

Agian bigarrena da gaur egungo erabileran arruntagoa, baina badira bestelakoak ere literaturan. Adibidez,

  • Berdin zitzaion iparrera igo edo egoaldera jetsi (T. Agirre, Uztaro, 212)

Beraz, bai aditz-partizipioa, bai aditz-izena eta bai bestelako forma batzuk ere (batzuetan, iparraldean, aditzaren erroa, ba-… ere egitura eta abar) erabil daitezke berdin izan-en osagarri.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Perpaus osagarriak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3