Erabiltzaile Tresnak


zalantzak:3:5

Perpaus erlatiboak

ez duzu zertan ibili beharrik

Galdera
Gramatika Batzordeak EGLU V liburukian esaten du (124 or.): “Horra zergatik eman ohi ditugun okertzat (328) bezalako egiturak, “ez dut zer”-ek berez duen zentzua errepikatzen baitu alferrik ondoko “beharrik” hitzak:
(328) *Ez duzu zer(tan) haren bila ibili beharrik.
Euskaltzaindiak esan du beste inon ezer halako egitura baten gainean?

Erantzuna:

JOSE ANTONIO MUJIKA BETI IZAN DA GRAMATIKA BATZORDEKO KIDEA, SORTU ZENETIK (BATZORDEA BERA, EZ MUJIKA)Gai hau berau aztertu eta argitaratu zen Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarian (39. zbkia., 1994, 3; 941-946 orr.), Euskaltzaindiaren XIII. Biltzarraren agirietan. (“Okerrak zuzenduz”) Euskaltzaindiaren Gramatika batzordearen artikulua da.

Horretaz aparte, Euskaltzaindiak ez du berariaz aipatu egitura hau inongo arauetan.

ikasleek, zein aspertuta baitzeuden, alde egin zuten

Galdera
Zuzena da esaldi hau? -Ikasleek, zein aspertuta baitzeuden, alde egin zuten. Egitura arraro samara iruditzen zaigu.

Erantzuna:

Esaldi hori zuzena da. Kontua da zer-nolako balioa duen era horretako perpaus erlatiboak. Oraindik behar bezain argi ez dago era honetako erlatiboak balio murriztailea ere izan dezakeen, ez-murriztailea bakarrik den, baina badirudi erabilera ez-murriztailea dela nagusi zein… bait- erako erlatiboetan.

Erabilera murriztailean honako egitura hau gomendatuko nuke:

  • - Aspertuta zeuden ikasleek alde egin zuten.

Bestea erabilera ez-murriztailerako, azalpenezko baliorako litzateke erabilgarriagoa:

  • - Ikasleek, zein aspertuta baitzeuden, alde egin zuten.

Alegia, aipatzen ari garen ikasleek alde egin zuten, ez dago alde egin ez zuten ikaslerik.

Beste kontu bat da (galderan “arraro” hitza aipatzen denez) egitura ohikoa edo arrunta den; berez, ez da erabilera arruntena, kutsu literarioa du, baina ez dago eragozpen gramatikalik hura erabiltzeko.

zein/zeina

Galdera
“zein” izenordain erlatiboa erabiltzekotan, zer forma erabili behar litzateke: Zein hori hutsik, hots, mugagabeko hondarkiak hartuta, esaterako “zein” (absolutu singularra), “zeinen” (genitibo singularra), “zeintzuk” (absolutu plurala)…? Edo artikuluarekin erabili beharko litzateke, hots, numeroa hondarkian agertzen dela, esaterako “zeina” (absolutu singularra), “zeinaren” (genitibo singularra), “zeinak” (absolutu plurala)…?

Erantzuna:

LEIZARRAGAREN BIBLIAEuskaltzaindiak ez du gai honen gaineko araurik eman. Euskal literatura klasikoari erreparatuz gero, esan daiteke “deklinabidearen” gaian ez dagoela batasunik. XVI. eta XVII. mendeetan “deklinabide” mugagabea erabili zuten Leiçarragak, Materrek, Axularrek, Oihenartek eta abarrek: zein, zeinek, zeini, zeinen, zeinez/zeinetaz, zeinetan, zeinetarik… XVIII. eta XIX. mendeetan zein mugatua gailentzen da lapurterazko idazle klasikoetan (Etcheberri Sarakoa, Monho, Haraneder, Larreguy, Baratciart, Duhalde, Duvoisin…). Eta, azkenik, mendebaldeko literaturadun euskalkietan, hots, bizkaieraz (J. A. Moguel, Añibarro, V. Moguel, Astarloa…) eta gipuzkeraz (Iztueta, Lardizabal) hirugarren eredua sortu zen, hots, forma mugagabea singularrerako eta zeintzu(e)k saila mugatu pluralerako.

Formari dagokionez, kontuan hartzekoak dira 1987. urteko EGLU-I Eranskina liburuko 140. orrialdean agertzen direnak eta 1994. urteko Euskaltzaindiaren 11. arauko formak (hala ere, Xabier Alberdiren eta Julio Garcíaren arabera (Euskera XLII, 1997, 349-357), OEHn ez da zeinean, zeinera, zeinetik, zeineko… tankerako forma mugaturik ageri).

Gaur egungo erabilerari dagokionez, esan daiteke adostasunik ez dagoela forma mugagabeak edo forma mugatuak erabili behar diren gomendatzerakoan. Beharbada zein (mugagabea) eta zein/zeinak izan daitezke aukera orokorragoak euskara baturako: mugagabearen aldeko joera (Villasante 1979: 91-92), idazle klasikoen ereduarekin (Leizarraga, Axular) bat datorrena, eta zein/zeinak tradizio hurbilen eta zabalenarekin bat datorrena.

Aukera bataren edo bestearen aldeko hautua egiten dugula, koherentziaz jokatzea komeni da, sistema bateko eta besteko formak nahasi gabe.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Perpaus erlatiboak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3