Erabiltzaile Tresnak


zalantzak:3:6

Baldintza perpausak

lehen haragia jaten bazen, orain barazkiak

Galdera
Lehen haragia jaten bazen, orain barazkiak jaten dira., Gaur eguraldi ona izan badugu, bihar eguraldi kaskarra egingo du… \\Adibide horiek zuzenak al dira? Erabil ote liteke baldintza perpausa kontrastea adierazteko

Erantzuna: Horrelako egiturak ez ditu euskarak berezkoak, nahiko joera berria da kontrastea adierazteko baldintza perpausak erabiltzea. Horietara jo gabe, euskarak hainbat modu ditu kontrastea adierazteko, besteak beste, berriz, aldiz, ostera… eta antzeko lokailuak erabiltzea. Horrenbestez, egokiago da perpaus horiek honela ematea:

  • Lehen haragia jaten zen, orain, berriz, barazkiak jaten dira.
  • Gaur eguraldi ona izan baduguere, bihar eguraldi kaskarra egingo du.
  • Arantxak Euskal Filologia ikastea erabaki du; Maddik, aldiz, ingeles filologia.
Galdera
Gaixorik balego, etxean geratuko zen.
Adibide hau zuzena da? Forma trinkoa lehenaldiko baldintza adierazteko erabil daiteke?

Erantzuna:

BATZUETAN NEGAR EGIN BEHAR IZATEN DAEuskaltzaindiaren EGLU-II gramatikan (370 or.) honela dio aditz trinkodun baldintzez: “baletor alegiazko forma dugunez, alegiazko baldintzetan erabiliko dugu. Forma hauek alegiazko, balizko mundu batean ezartzen gaituzte:

  • Aita baletor, zer pentsatuko ote luke?
  • Negar egingo luke nire amak baleki.”

Ez da iraganaren aipamenik egiten aditz trinkoak aztertzean. Iraganaz ari denean, aspektu marka burutua (-tu) + (izan) balitz/balu formetara jotzen da.

Hala, hau da iraganaldiko baldintza egiteko forma zuzena:

  • Gaixorik egon (izan) balitz, etxean geratuko zen

"-tu enean" menderagailua (etorri enean…)

Galdera
Gaileta batzuk erosiko ditut, baten bat bisitan etorri enean (ere).
Arrankatzeran fallau enien, aldapan lagako dogu kotxie.
Segurua derrigor behar da, zer edo zer pasatu enean ere.
Azkueren hiztegian badator “-tu enean” hori. Nola idatzi behar da, lotuta ala bereiz?

Erantzuna:

Aditz-partizipioari lotuta idatzi izan da egitura hori erabili duten autore ia gehienek:

  • Izanenean, azari zaarra, illea erortzen asia, anka motal ta, ta eizerako gauza ez dena (Labaien)
  • Iñor izanenean, arrantzaleak izango ziran (Tomas Agirre)
  • Niri izanenean, amari ez, behintzat! (Arrese-Beitia)
  • … gertaritza ere berria bear zuala, ta, idatzia ez egonenean, baziraukela, alegia, eritar ta bilaldekoen gogoetan. (Lizardi)

aditzen formak

Galdera
Baldintza hipotetikoa duen esaldi bat dakarkigu hona:
-Gurasoek zuzen hazi izan balute, orain ez litzateke gaiztoa izango.
Iragana delarik ez al du ondorioan ere iragana eskatzen? Biak dira posible?
-Gurasoek zuzen hazi izan balute, orain ez zen gaiztoa izango.
Biak ala iragana erabili behar da horrelakoetan?

Erantzuna:

Holako egoeretan errazago eskatzen da iragana, naturalago bezala hartzen da:

  • autobusa hartu (izan) balu, aspaldi egongo zen hemen
  • bere garaian azterketa ongi prestatu balu, atzo erraz aterako zuen

Horiek dira erabilienak, baina beste bi hauek ere erabiltzen ahal dira, nahiz egia den gehiago ageri direla literaturan euskara mintzatuan baino:

  • autobusa hartu (izan) balu, aspaldi egongo zatekeen hemen
  • bere garaian azterketa ongi prestatu balu, atzo erraz aterako zukeen

Adibide horietan bai baldintzaren denbora, bai baldintzaren ondorioaren denbora iraganekoak dira. Gertatu den zerbaiten aurrean gara. Badakigu aspaldi egongo zela hemen, baina ez dela etorri (edo uste baino askoz ere berantago etorri dela), eta badakigu ere azterketa ez zuela atera (edo ez zuela erraz atera). Bietan, nolabait ere esateko, “atzera” begiratzen ari gara, eta iraganean gertatutako zerbaiten gainean ari gara.

Arazoak sortzen dira, ordea, baldintza iraganeko zerbait denean, baina horren ondorioak oraingoak edo etorkizunekoak direnean. Adibidez, “gurasoek ez zuten zuzen hazi semea”, eta horregatik ez du “datorren urtean” unibertsitate on batean sartzeko modurik izanen. Kasu horietan, nola jarri ondorioa? Iraganeko markarekin? alegiazkoan?

Badirudi hau dela bidea:

  • gurasoek zuzen hazi izan balute Mikel, datorren urtean arazorik gabe sartuko litzateke unibertsitate horretan

Hor ez da biderik “sartuko zen” edo sartuko zatekeen“ esateko. Arazoak sor daitezke, dena dela, ondorioa etorkizun garbikoa izan beharrean, une honetako zerbait baldin bada:

  • gurasoek zuzen hasi izan balute Mikel, orain ez litzateke holako zalantzekin ibiliko (badirudi hori dela naturalena, baina nekez esan daiteke ezinbestez hori dela bide bakarra, hor zen edo zatekeen baztertzeko arrazoi aski ikusten ez baita.

Beraz, goiko galderaren erantzun naturalena hau litzateke

  • -Gurasoek zuzen hazi izan balute, orain ez litzateke gaiztoa izango. (baina zen edo zatekeen baztertu gabe)

aditzaren aspektua: -tzen bazara / -tuko bazara

Galdera
Baldintza egiteko, honako esaldiotan bakarra da zuzena, jakina:
- Bihar etortzen bazara, nire etxea erakutsiko dizut. (zuzena)
- Bihar etorriko bazara, nire etxea erakutsiko dizut. (okerra)
Bigarren esaldian ageri den geroaldiko aspektua oker erabilia da? Horren ordez, ohiturazko aspektua erabili behar dugu, ezta? Bada, horra nire galdera: aditz horrek berekin BEHAR eramango balu, BEHAR honi ere ohiturazko aspektua jartzerik izango al genuke? Ondorengo esaldiak zuzenak izango al lirateke?
- Bihar joan behar baduzu, neuk eramango zaitut.
- Bihar joan behar izaten baduzu, neuk eramango zaitut.
Hala balitz, zergatik jakin nahi nuke.

Erantzuna:

BILBO INGURUAN ERAIKIN EDERRAK EGIN DITUZTE: EHUko PARANINFOA, BIZKAIA ARETOA, ABANDOIBARRANGalderan aipatzen den bereizketa teoriko hori neutralizatuta geratzen da, eta lehenbizikoa bakarrik erabiltzen da:

  • Bihar joan behar baduzu, neuk eramango zaitut.
  • (??) Bihar joan behar izaten baduzu, neuk eramango zaitut.

Horrekin batera, beste aukera bat ere zilegi da:

  • Bihar joan beharra izaten baduzu, neuk eramango zaitut.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Baldintza perpausak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3