Erabiltzaile Tresnak


zalantzak:3:8

Denbora perpausak

iliñian, jausiñian, apurtuiñian

Galdera
Bergara aldean honelako esaerak entzuten dira: ilinian, jausinian, apurtuinian. Zein da idazteko modu egokia? Honako esanahi hau du: hiltzeko zorian, erortzeko zorian, apurtzeko zorian.

Erantzuna:

APURTZEKO ZORIAN ZEGOEN, ORAIN APURTUA DAGOHil aginean, jausi aginean, apurtu aginean idatzi beharko lirateke euskara batuan. Lekukotasun eta informazio gehiagorako OEH hiztegian aurkitu daiteke, 1. alean. 278. orr., 3 agin sarreran, aginean azpisarreran.

hauteskundeak eta gero

Galdera
Hauteskundeak eta gero, hori eta gero… Zuzenak dira horrelako formak?

Erantzuna:

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan, GERO sarreran esaten da partizipioaren ondotik erabili behar dela, eta ez izenaren ondotik. Beraz, *Hauteskundeak eta gero izan beharrean Hauteskundeak igaro (pasatu) eta gero erabili behar genuke. Edo, izena edo izen sintagma erabili nahi badugu, beste era honetara: Hauteskundeen ondoren/ostean.

-tzerako / -tzerakoan

Galdera
-tzerakoan denborazko perpausetako erlazio hizkiak “aurrekotasuna” adieraz dezake? Esanahi bera dute -tzerakoan eta -tzerako menderagailuek?

Erantzuna:

BASAMORTUAN EGONEN NAIZ ZURE ZAIN, Namibiako basamortuaEz, ez dute esanahi bera bi menderagailuek, ez eta erabilera bera ere. -tzerakoan-en kasuan “aldiberekotasuna” adierazten da, eta -tzerako-ren kasuan, “aurrekotasuna”. Ezin dira trukatu, ez baitute erabilera bera.

Hona adibide batzuk, bien arteko desberdintasuna argitzeko:

-tzerako:

  • Lau gaztain moztu ditu mutillak, neskak iru biltzerako (Orixe)
  • Zuek etortzerako basamortuan izango naiz (Irazusta)
  • Eguna argitzerako Santanderkoan genituan (Orixe)

-tzerakoan:

  • Neskatxaren gorputzak uretara erortzerakoan atera zuan otsa entzun zuan gizakumeak (N. Etxaniz)
  • Ez du bada, irakurgai honek inoren ilerik laztuko, nahiz eta loak hartzerakoan irakurri (K. Mitxelena)

-enarekin batera

Galdera
Oraintsu argitara eman den nobela batean -ekin batera egitura aditz jokatu bati loturik ikusi dut (sartu ginenarekin batera) eta uste nuen aditz-izenari eransten zaiola. Zuzena da joskera hori?

Erantzuna:

Bietara eman daiteke. Badira egitura hori aditz jokatuarekin erabiltzen duten eskualdeak, eta badira jokatugabearekin erabiltzen dutenak.

"-eno" menderagailua

Galdera
Zein da bietan zuzena?
Etortzen direneino ez dugu alde egingo
Etortzen ez direneino ez dugu alde egingo.

Zu joan arte ez naiz isilduko adierazteko?
1. Joaten ez zareneino ez naiz isilduko.
2. Joaten zareneino ez naiz isilduko.

Erantzuna:

ARDIAK ETORTZEN DIREN BITARTEAN TABERNA HARTAN EGINGO GARABigarren esaldia litzateke hor zuzena, baina kontuz, egokitu egin behar baita menderagailuaren forma:

  • Etortzen ez dirENO ez dugu alde egingo.

baliokidea litzateke hau ere:

  • Etortzen ez dirEN BITARTEAN ez dugu alde egingo.

Alegia, etorri arte (etortzen ez diren bitarte guztian), ez dugu alde egingo. EGLU VI (Mendeko perpausak 2) liburukian (118. orrialdean) azaltzen du Euskaltzaindiak erabilera hori, eta -eno menderagailuari dagozkion bestelakoak. Esan behar da -eno forma dela nagusitu dena, eta horixe dela gaur egun erabiltzen den bakarra (ikus EGLU VI, 114. or.).

Bigarren galderari dagokionez, lehena da zuzena, baina hemen ere egokitu egin dugu forma:

  • Joaten ez zareno, ez naiz isilduko

-tzekotan / -tzeko zorian / -tzear

Galdera
Posible al da -tzeko zorian edo -tzear nominalizazioen parekoa izatea -tzekotan?

Erantzuna:

-tzekotan atzizkiak “baldintza” eta “helburu” balioa izateaz gain, izan dezake “denbora” balioa ere; kasu horietan, izan edo egon aditzarekin osatzen den predikatu batean joan ohi da. Adibidez: Lana amaitzekotan zen (-tzear, amaitzeko zorian, puntuan…)

"-tzearekin batera" menderagailua

Galdera
Euskaltzaindiak hartu al du erabakirik “-tzearekin batera” egituraren inguruan? Zer egituraren alde egin du, aditzoina (eginaz batera) edo aditz-izena eskatzen du eta, hala bada, soziatiboarekin (-tzearekin batera) ala instrumentala (-tzeaz batera)? Amaitzeko, batera ala batean?

Erantzuna:

Euskaltzaindiak ez du gai honen inguruan erabakirik hartu. Beraz, esan daiteke gaur-gaurkoz egitura horiek guztiak erabil daitezkeela, ondo dokumentatuak baitira guztiak (ondo dokumentatuak dira, era berean, bat, batera eta batean postposizioak, egitura hauetan).

Badirudi Bizkaia aldean -tuaz batera dela forma hedatuena, eta gainerako euskalkietan, -tzearekin batera.

joaten garenean / joango garenean

Galdera
Oso oker ez banago, Euskaltzaindiak erabakia du: joango garenean gaizki, joaten garenean/goazenean ongi. Non?

Erantzuna:

PATXI IRISTEN DENEAN HASIKO GARA FRUTA JATEN, Bartzelonako BoqueriaEGLU-VI liburukian aztertu zuen gai hori Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeak (ikus 80. or.), eta han ez ditu okertzat ematen halako esaldiak. Han esaten da halakoetan (aditz nagusia geroari dagokionean), normalean mendeko perpausa forma ez-burutuan joan ohi dela; adibide hauek ematen dira:

  • - Patxi iristen denean hasiko gara bazkaltzen.
  • - Filma amaitzen denean, joan zaitez ohera.

Hala ere, esaten da euskalki batzuetan, Iparraldekoetan batik bat, geroaldia ere erabili ohi dela mendeko perpaus hauetan (etorriko denean, egingo duenean, eta abar).

  • - Ene ganat ethorriko zarenean, ene barne guziak bozkarioz gaindi eginen du. (D'Arambillaga)
  • - Zer muturra egingo du ene ametsa jalgiko diodanean? (J. Mirande)

"behin...-ela"?

Galdera
Nola eman beharko genuke euskaraz, gaztelaniazko una vez que…? Zuzena al da behin…-ela egitura?

Erantzuna:

Galderan proposatutako formula horren oinarrian denbora-perpaus bat dago, ondokotasunezkoa. Hau da, perpaus nagusiko gertakaria mendeko perpausekoak aipatzen duenaren ondoren gertatzen dela adierazteko txertatzen dugu esapide hori. Nolanahi ere, -ela menderagailuak ez dauka lekurik egitura horretan, ez bada gaztelaniazko “una vez que” esapidearen kalko oker bat eginez. Denbora-perpausetan ondokotasuna adierazteko, menderagailu hauek ditu berezko euskarak: -en ondoan/ostean, -enean, -tu eta (-tuta), -tu eta gero, -tutakoan, -tu ondoan/ostean, -tuz gero, -turik…

Hori horrela, gaztelaniazko “una vez que” esapidearen ordain jatorragoak dirudite beste hauek:

  • *Behin irizpideak finkatu ditugula, horiek aplikatzen hasteko unea izango da.
  • Behin irizpideak finkatu ditugunean, horiek aplikatzen hasteko unea izango da.
  • *Behin aurkezpena egin duzula, has zaitez mamia azaltzen.
  • Behin aurkezpena eginez gero, has zaitez mamia azaltzen.
  • *Behin etxeko lanak egin dituzula, kalera atera ahal izango zara.
  • Behin etxeko lanak eginda, kalera atera ahal izango zara.
  • *Behin ikasleen iritziak jaso ditugula, txostena prestatuko dugu.
  • Behin ikasleen iritziak jasorik, txostena prestatuko dugu.

OEHn adibide bakan batzuk baino ez daude:

  • Bere zigorrarekin Moisesek bein bizkarrean eman zioneko, egin zen erdi bi itsaso gorria ta erdian utzi zuen batetik besterako bidea. (Mendiburu, S., Igande eta festegunetarako irakurraldiak, 194)
  • Etsai gaixtoa behin sar bedi bihotz batean, ez da desmasiarik eta izigarritasunik eragin ez dezakenik. (Larreguy, Testamen çaharreco eta berrico historioa, 161)
  • Bein burutatzen asitakoan, / orduak doaz emaro. ("Orixe", "Euskaldunak" 386)
  • Bein bere pekatuak aitortu ta barkatu ondoan berriz aietara itzultzen dana, galdua da. (Ir YKBIz 168n)
  • Ta bein eguzkia gora aldera abiatzen zan, lanari utzi ta gerizpean gordetzen omen ziran. (Anabitarte, Aprika-ko basamortuan, 98)
  • Guk alkarrekin pasa ditugu
  • bertsotan zenbaitxo urte,
  • bein ezagutu giñanetikan
  • gaixotu nintzan bitarte. ("Uztapide", Sasoia joan da gero, 137)
  • Horrelaxe, gero eta ugariagoa izango dugu uzta hori, behin inprentan pasa ondoan nekez galtzen diren horietakoa baitugu. (Mitxelena, K., Euskal idazlan guztiak, 107)

Ereduzko Prosan:

  • Unibertsitatetik ateratzen ziren lizentziadunek behin lana eskuratu ondoren, urte asko ematen zuten lan horren zereginetan, anitzetan enpresa aldatu gabe ere. (Juan Ignacio Perez/Salaburu, P., Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur, 177)
  • Guk konfiantza eskatzen diogu jendeari, behin etorriz gero irudia aldatzen baita. (Oier Guillan, Munduko kontuak ahoz aho, Berria egunkaria, 2006-03-31)

Kausa kutsua duten perpausak ere era daitezke egitura honekin:

  • Behin sarrerak erosita, zinemara joango gara, gogorik izan ez arren.
  • Behin horretara ezkero eztabaidan, hau ere esan behar dizut…
  • Behin Errioxara etorriz gero/etorrita, ardoa edan beharko, ez da?
  • Bestalde, orain ez zeukaat presarik eta, behin idazten hasita, hobe gauzak patxadan hartzea. (Xabier Etxabe, Lurtarra da begiratua, 120)

Bestalde, badirudi “behin” hori isilduta ere eman daitezkeela perpaus horiek guztiak.

  • Irizpideak finkatu ditugunean, horiek aplikatzen hasteko unea izango da.
  • Etxeko lanak egindakoan, kalera atera ahal izango zara.
  • Ikasleen iritziak jasota, txostena prestatuko dugu.
  • Sarrerak erosita, zinemara joango gara, gogorik izan ez arren.
  • Horretara ezkero eztabaidan, hau ere esan behar dizut…

segunduro, segunduero, segunduoro?

Galdera
Zein da forma egokia? segunduro, segunduero ala segundoro?

Erantzuna: -ro, -ero atzizkiak denboran errepikatzen diren egoerak edo ekintzak azaltzeko erabiltzen ditugu. Euskaltzaindiak ez du arau edo gomendiorik eman denbora-esapide horietan zer atzizki erabili behar den azaltzeko, baina Hiztegi Batuan forma hauek daude jasota:

aldiro - hamabostero - orduero
arratsaldero - hilabetero - ostegunero
asteartero - hilero - ostiralero
asteazkenero - igandero - segundoero
astelehenero - iluntzero - udaberriro
astero - jaiero - udaro
egunero - larunbatero - udazkenero
gauero - minutuero - urtero
goizero - neguero

Ikus OEHko adibide zenbait:

  • Baldiñ ez badiozu
  • mokorik moztutzen
  • orduro ariko da
  • baztarrak nastutzen
    (Jan-edanaren bertsoak, Zavala, A.)
  • Igande ta jaiero Meza Donea entzuteko agintzen digu irugarren aginduak. (Gasteizko Eliz-barutirako kristau-ikasbidea, Kerejeta)

Bestalde, Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuaren arabera, asteburuero ere arautu bidean dago.

Bestalde, maiztasun-egituretarako egokiago omen dira atzizki hauek baino -en behin, -tik behin, -rik behin, -z behin eta -tik … -ra egiturak:

  • *Bi orduero joaten naiz komunera.
  • Bi ordutik behin joaten naiz komunera.
  • *Bi urtero egiten dugu bizilagunok bilera.
  • Bi urtean behin egiten dugu bizilagunok bilera.
  • *Ordu erdiro daukagu trena Eibarrera joateko.
  • Ordu erditik ordu erdira daukagu trena Eibarrera joateko.

Zenbatzailedun maiztasun egituren inguruan 110. arauan aritu da Euskaltzaindia. Arau horretan argi azaltzen da [izena + ero] egitura egokia bada ere, [zenbatzailea + izena + ero] ez dela jatorra:

  • Mugagabea:
  • Lau urtez behin elkartzen dira senitartekoak.
  • Lau urtetarik behin elkartzen dira senitartekoak.
  • Lau urtetarik lau urtetara elkartzen dira senitartekoak.
  • Lau urterik behin elkartzen dira senitartekoak.
  • Mugatu singularra:
  • Lau urtetik behin elkartzen dira senitartekoak.
  • Lau urtetik lau urtera elkartzen dira senitartekoak.
  • Inesiboarekin, mugatua:
  • Lau urtean behin elkartzen dira senitartekoak.
  • [izena + -ero]:
  • {Astero, hilero, ordulaurdenero…} etortzen da.
  • *[zenbatzailea + izena + -ero]:
  • *Bi urtero egiten dute bilera batzordekoek.
  • *Hamabost egunero etortzen zait bisitan.
  • Hamabostero, ordea, onartzekoa da, hamabostean behin nahiz hamabosterik behin-en parean.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Denbora perpausak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3