Erabiltzaile Tresnak


zalantzak:4

Ortotipografia

New Yorkera / New York-era

Galdera
Nola idatzi behar dira kanpo-izen berezi hauek? Marratxoarekin ala gabe?
Platon(-)en inguruan jardun dugu filosofia eskolan
New York(-)era goaz udan
Mikel El Salvador(-)en egon da oporretan
Guggenheim(-)eko erakusketa izugarri gustatu zaigu
Correos(-)en aritu da lanean orain arte

Erantzuna:

Euskaltzaindiak ez du araurik eman oraingoz marratxoaren erabilerari dagokionez, eta horrenbestez, kanpo-izen bereziaren eta atzizkiaren artean marratxoa jartzea ez da arau bat, gomendio bat baizik, estilo-gomendio bat. Hauxe jaso zuen Euskaltzaindiak 1971ko Euskera agerkarian:

kakotxa Pertsona edo toki izen propioetan. Arrotzak, ezezagunak edo guti ezagunak direnean bakarrik. Adibidez: «Scott-ek», «Bremen-en», «Hitler-ek». Gainerakoetan, deus ez: «Orion», «Bolibarren», «Gernikatik», «Parisen»; «Mogelek», «Axularren irakurria» (Euskera XVI, 1971)kakotxa

Hori esanda, izena non amaitzen eta atzizkia non hasten den argitzen du marratxoak, eta argibide hori oso lagungarria da izena ezezaguna denean. Irakurleak izena ezagutzen ez badu eta geroago beste atzizkiren batekin erabili nahiko balu, marratxoaren bidez jakin dezake izena zein den.

Demagun, esaterako, esaldi hau:

  • The Bossek kontzertua emango du Donostian.

Bruce Springsteeni The Boss esaten diote Zein da izena perpaus horretan? Boss ala Bosse? Horren arabera, beste atzizki batekin ezberdin deklinatuko baita:

  • Boss > Bossen, Bossi…
  • Bosse > Bosserenn, Bosseri…

Halakoetan oso lagungarria da marratxoa erabiltzea, izen berezia zein den argitzeko:

  • Boss-en kontzertuan izan gara Bilbon.
  • Boss-i eman diote musikari onenaren saria AEBetan.

Bestalde, hauxe dio EIMAk Euskaltzaindiaren bedeinkapena duen Ortotipografia liburukian, nahasgarri gerta daitezkeen erdal izen bereziak jokatzeko moduaz:

  • Aposizioa baliatzea izenaren lehen aipamenean, eta deklinabide-atzizkia aposizioko izenari gehitzea. Hurrengo agerraldietan deklinabide-atzizkia zuzenean eranstea izenari:
  • HASIERAN
  • Platon filosofoaren inguruan jardun dugu filosofia eskolan
  • New York hiriria goaz udan
  • GERORA
  • Platonen inguruan jardun dugu filosofia eskolan
  • New Yorkera goaz udan
  • Pasarteko lehen aipamenean izenaren eta deklinabide-atzizkiaren artean artean marratxoa jartzea, bereziki “-r” letraz amaitutakoetan, eta geroko agerraldietan zuzenean eranstea atzizkia izenari:
  • HASIERAN
  • Mikel El Salvador-en egon da oporretan
  • Guggenheim-eko erakusketa izugarri gustatu zaigu.
  • GERORA
  • Mikel El Salvadorren egon da oporretan
  • Guggenheimeko erakusketa izugarri gustatu zaigu.

Bestalde, euskal izenak jokatzean oro har ez da komeni marratxorik tartekatzea. Hala ere, badira zenbait izen nahasgarriak, testuinguruaren arabera emakumezkoenak edo gizonezkoenak diren argitu ezin direnak. Halakoetan bai, egokia da marratxoa erabiltzea, nahasteak saihesteko: Jon/Jone, Mikel/Mikele, Julen/Julene, Luken/Lukene, Markel/Markele…

  • Jon/Jone
  • Jon-ek hitz egin du.
  • Jone-k hitz egin du.
  • Jonen liburua irakurri dut.
  • Joneren liburua irakurri dut.
  • Mikel/Mikele
  • Mikel-ek ekarri du autoa.
  • Mikele-k ekarri du autoa.
  • Mikelen etxean elkartuko gara.
  • Mikeleren etxean elkartuko gara.
“-r” letraz amaitzen diren kanpo-izenak jokatzerakoan, izenaren eta atzizkiaren artean marratxoa tartekatzen badugu, R bakarra idatzi behar da; marratxorik jarri ezean, berriz, RR (r bikoitza):
  • Federer› Federer-i, Federer-ek, Federer-entzat…
  • Federer› *Federer-ri, *Federer-rek, *Federer-rentzat…
  • Federer› Federrerri, Federerrek, Federerrentzat…

Baliteke izena “-rr” (erre gogorra) amaitzea; halakoetan, eutsi egiten zaio R bikoitzari:

  • Carr› Carr-i, Carr-ek, Carr-entzat…

Glasgown ala Glasgowen? Hockeyn ala Hockeyan?

Galdera
Nola idatzi behar dira W-z eta Y-z amaitzen diren kanpo-izen bereziak?
Glasgown ala Glasgowen egon gara?
Hockeyn jolastu gara ala Hockeyan jolastu gara?

Erantzuna:

W eta Y letrak kontsonanteak dira euskal alfabetoan baina u eta i bokalen antzera ahoskatzen dira. Horrenbestez, hitzaren amaieran agertzen direnean, bokal haiek bezala deklinatu behar dira atzizkia hartzen dutenean:

  • Aragoi › Aragoin bizi da orain.
  • balkoi › balkoian jarri ditu loreak.
  • Elizabeth Hawleyk (*Hawleyek) ziurtatzen du mendizaleak Himalaiako gailurretara iritsi diren ala ez.
  • Hockey › Hockeyan (*Hockeyean) aritu ginen atzo arratsaldean.
  • Donapaleu › Donapaleun igaro genuen eguna.
  • arau › Euskaltzaindiaren arauan argi eta garbi jaso da auzi hori.
  • Glasgow › Glasgown (*Glasgowen) ari da lanean orain Mikel.
  • bungalow › bungalowan (*bungalowean) egingo dugu lo.

Gogoan hartu, halaber, Euskaltzaindiak diptongoz bukatzen diren izenen deklinabideaz 29. arauan esandakoa:

Diptongoz bukatzen diren hitzak, oro har, bokalez amaitzen diren gainerako izen guztiak bezala deklinatuko dira. Alde batera utzirik lau zenbatzaileak, beste arrazoi batzuengatik, sortzen dituen arazoak, salbuespen bakarra gau hitza da, ondoko hiru kasu hauetan: gauez, gaueko, gauean. Monosilaboak izanik instrumentalean doazenak ere salbuespentzat hartzen dira (deiez).

EIZIEk (Euskal Itzulzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) euskararen erabilerari buruz sortutako 31 eskutik blogean ere aztertu da auzi hau, alegia, erdal hizkuntzetako izen bereziak irizpide grafikoaren ala irizpide fonetikoaren arabera deklinatu behar diren. Ikus artikulu osoa hemen.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Ortotipografia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3