Erabiltzaile Tresnak


zalantzak:4:1

Puntuazioa

Bi puntuak

Galdera
Nola eta noiz erabili behar dira bi puntuak?

Erantzuna:

Puntuak ideia amaitu dela adierazten du; bi puntuek, aldiz, ideia ez dela bukatu. Bi puntuen bidez diskurtsoa eten egiten da, segidan datorrenari bide emateko. Hauek dira bi puntuen erabilera ohikoenak euskaraz:

- Kataforak1 adierazteko, eta kataforen ostean erabil litezke: Mendi lasterketak modan daude

  • Lau lagun joango gara lasterketara: Xabi, Nerea, Miren eta ni.
  • Hauxe da Ertzaintzak darabilen hipotesi nagusia: aitak zikutaz pozoitu zituela seme bikiak.

Hala ere, katafora ez da beti bi puntuz adierazten. Esaldiak segitzen badu, azalpen kataforikoa tartekia da eta koma artean eman daiteke, parentesi edo marra artean ere bai.

  • *Hiru pertsona azaldu ziren bilerara: Mikel, Aner eta Martin, iritzia ematera.
  • Hiru pertsona azaldu ziren bilerara -Mikel, Aner eta Martin- iritzia ematera.

- Alborakuntzaz (lotura sintaktikorik gabe) elkarturiko bi esaldiren artean, kausa-ondorio edo ondorio-kausa erlazioa adierazteko (ondorioaren aurretik edo atzetik joan daiteke kausa edo azalpen hori, eta beste kausa-ondorio adierazpide batzuen parekoa da):

  • Kausa-ondorioa:
  • Txikia ondoezik zegoen: ez ginen kalera irten. (= Txikia ondoezik zegoen, beraz, ez ginen kalera irten.)
  • Ondorioa-kausa:
  • Ez ginen kalera irten: txikia ondoezik zegoen. (= Ez ginen kalera irten, txikia ondoezik zegoen eta.)

Bi puntuak erabiliz, esaldi bat bestearen azalpen edo arrazoitzat jotzen da esplizituki. Puntu eta komaz, berriz, irakurleak egin dezake lotura logikoa baina puntuazioak ez du halakorik adierazten:

  • Ez ginen kalera irten: txikia ondoezik zegoen. (=beraz, izan ere)
  • Ez ginen kalera irten; txikia ondoezik zegoen.

Denborazko edo pertzepziozko erlazioa ere izan dezakete:

  • Postontzia beteta zegoen: hurrengora jo genuen.
  • Atera gerturatu nintzen: eskaileretan oin-hotsa sumatu nuen.

- Definizioetan eta bestelako esaldi luzeetan, aditza aurrera ekartzea komeni denean:

- Aurreko esaldiak biltzen duen azken esaldi batez amaitzen denean testua:

  • Izozkia batek, pastela besteak, fruta nahi zuenik ere bazen: haur denak batera ari ziren askaria eskatzen.
kakotxa
kakotxa
Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako,
dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Joxean Artze

- Zerrenda bat osatzeko:

  • Bi arrazoi nagusi daude hori pentsatzeko: zikuta arrastoak antzeman dituztela eta ama lorezaina dela.

- Zerrenda bat ixteko, anafora baino lehen:

  • Zikuta arrastoak antzeman dituztela eta ama lorezaina dela: horiek dira, Ertzaintzaren hipotesia oinarritzeko arrazoi nagusiak.

- Azalpen, zehaztasun edo frogak sartzeko:

  • Bi lagun beharko ditugu ostiralean: kamisetak saltzeko bat, eta errifak sartzeko bestea.

- Izenburuetan azpiizenburuak sartzeko, argibideak eman edo izenburua osatzeko informazioa sartzeko:

  • Sareko Euskal Gramatika: aurkezpena
  • Zalantzen txokoa: zuzen erabiltzen duzu marratxoa?
Gogoratu! Izenburuak direnez, amaieran ez daramate punturik

- Mezuen hasiera gisa:

  • Alkate jaun agurgarria:
  • Irakurle maiteok:

- Aipamenak, elkarrizketak, gogoetak eta kontakizunak sartzeko:

  • Honaino iritsita, Joxean Artzek zuzen eta artez esan zuena gogoratu behar dugu: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”.
  • Bizikidetza Ponentzia aurkeztu izanaz harro agertu da Arantza Quiroga: «Mila aldiz aurkeztuko nuke Askatasuna eta Bizikidetza lantaldea sortzeko mozioa».
Idazkera:
-Estilo zuzenean ari bagara, bi puntuen ondoko lehen hitza letra larriz idazten da.
-Esaldi oso baten zati edo aurreko zatiaren osagarri diren aipamenak letra xehez.
-Gutun hasierako agurren ondoren, letra larriz.
-Zerrendetan, esaldi osoak direnean letra larriz, eta osoak ez direnean xehez.

- Orduak eta kiroletako markak zenbakiz idazten direnean, bi puntuak jarri behar dira:

  • 22:00etan hasiko da filma.
  • 3:02:15ean amaitu du lasterketa.
Oro har, esaldia bi puntuen ondorengoarekin amaitzea komeni da, eta bi puntuak ez errepikatzea, baina hala ere, gerta liteke errepikapenak zentzua izatea:
  • Hitzaldiaren helburua hauxe da: Elgoibar inguruko mendien berri ematea: Karakate, Morkaiko, Kalamua…
  • Hitzaldiaren helburua hauxe da: Elgoibar inguruko mendien berri ematea. Hona adibide batzuk: Karakate, Morkaiko, Kalamua…
  • Hauxe izan zen kontua: Jaurlaritzak baldintza bat jarri zion ETAri hitz egiteko: jarduera etetea. </oharra>
1 katafora: ondoren datorrena iragartzen duen hitza

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Puntuazioa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3