3. SENSOPERTZEPZIOA

 

0. Sarrera:

1. Sensazioa eta pertzepzioa.

2. Pertzepzioan eragina duten faktoreak

                2.1. Pertzepzioan eragina duten estimuluen ezaugarriak:

                2.2. Pertzepzioaren lege orokorrak

                2.3. Pertzepzioan eragina duten faktore pertsonalak

3. Giza pertzepzioaren ezaugarriak

4. Arreta.

5. Sintomen pertzepzioa eta oinazea.

6. Pertsonen pertzepzioa.

7. Norberaren pertzepzioa eta autoestima.

8. Kontrol pertzepzioa eta osasuna.

9. Egoeren pertzepzioa

10. Espazioaren pertzepzioa

11. Denboraren pertzepzioa

12. Pertzepzioaren garapena

13. Pertzepzioaren patologia

 

0. Sarrera:

    Pertzepzioa gaitasun kognitiboa da. Gaitasun horri esker, zentzuetatik berriz sartzen dena, ezagutzen dugu jadanik, eta berria dena gordeta dugunarekin alderatzen dugu ulertu nahian. Zentzuetatik sartzen dena ulertzen saiatzen gara, interpretatu egiten dugu, esanahia ematen diogu. Hori egitean pertzibitzen ari gara, hautematen ari gara.

    Zerbait berria ezagutzean, oroimenean gordetzen dugu (gogo irudikapena). Gauza berria zentzuetatik sartzen zaigunean, gordeta ditugun gogo irudikapenekin alderatzen dugu. Balio badu aurrera (asimilazioz ezagutu dugu), eta bestela eskema zaharra egokitu eta berria sortzen dugu (egokitzapenaz ezagutu dugu). Piaget-en iritziz munduaz dugun ezagutza, gogoan eraiki dugu. Errealitatetik abiatuta, gogoan irudikapenak sortzen ditugu. Gogoan sortzen dugun irudikapen mundu hori errealitatera moldatzen dugu (aipaturiko asimilazio eta egokitzapen mekanismoen bidez). Gogo irudikapen horiei eskema deitu zien.

Eskemak, konplexotasunaren arabera era ezberdinetakoak izan daitezke:

-         Eskema motoreak

-         Gogo irudikapenak:

-         Imaginak (irudiak)

-         Kontzeptuak

    Giza pertzepzioa, beste prozesu kognitibo guztiak bezala, ekonomikoa da. Ekonomikoagoa da eskema zaharra errealitatera asimilatzea, eskema berria sortzea baino. Horrek azalduko luke aurreiritziek, autokontzeptuek eta horrelakoek mantentzeko duten joera.

Begi aurrean laranja koloreko objektu borobila duzu. Laranja dela ohartu zara. Laranja hauteman duzu.

Esposizio batean koadro baten aurrean aurkitzen zara. Koadroa hautematen duzu. Ez duzu ulertzen. Ez zara gai ezer gehiago ulertzeko. Ulertzen ez duzun koadro bat hautematen ari zara.

Kaletik zoaz eta mutil eder batekin topo egiten duzu, begiratu ere ez dizu egiten. Mutil eder tonto bat hauteman duzu. Lotsatia da eta begiratzeari uko egiten dio. Halere, zuk tontoa dela hauteman duzu.

Gaixoaren logelan sartzen zara eta gaixoak ez dizu erantzuten. Gaixoa haserre dagoela hautematen duzu, aurreko egunean korrika ibili baitzinan. Gaixoa triste dago, baina zuk haserre dagoela hauteman duzu.

Ispiluan larrugorri ikusten zara eta lodia hautematen zara. Ez zaude lodia, baina zu horrela hautematen zara.

    Munduaz dugun ezagutza gogoan ordezkatua dago. Zentzu ezberdinak ditugunez, errealitatea ezagutzeko iturri ezberdinak ditugu. Hautematerakoan iturri ezberdinetatik datorrena integratzen dugu. Errealitate baten informazioa biltzen dugunean, iturri batetik informazioa heltzen bazaigu nahikoa izaten dugu ezagutzeko. Iturri ezberdinetatik datorren informazioa koherentea bada ez dago arazorik. Halere, iturri ezberdinetatik datorren informazioa ez bada koherentea, desorientatu egiten gara.  Azken hori oso garrantzitsua da komunikazioaz hitz egitean: oso garrantzitsua da komunikazioa eraginkorra izateko ahozko-komunikazioa eta ez-ahozko-komunikazioa koherenteak izatea.

    Hautematen ditugu gauza ezberdin asko, baina denen azpian funtzionatzen duten mekanismoak berdinak dira. Ez da berdina pertsona bat, egoera bat, norbera edo objektu bat hautematea, baina pertzepzioaren mekanismo berdinek hartzen dute parte. Oso interesgarria da hautemate prozesu hori nola ematen den, eta eragina duten faktoreak ezagutzea. Gure emozioak eta jarrera, eta beraz jokabidea, oso loturik daude hautematen dugunarekin. Horregatik, hautemate prozesua egoki ez denean oso garrantzitsua izan daiteke hori aldatzea.  Izan ere, hautematen ikasi egiten dugu eta hautemateko era ez bada osasuntsua, hautemateko beste era osasuntsuagoak ikas daitezke.

 

1.  Sensazioa eta Pertzepzioa  (eskema-irudia)

Sensazioa prozesu fisiologikoa da eta pertzepzioa psikologikoa.

Kanpoko edo barruko estimuluek zentzuak kilikatzen dituzte eta horietan, estimulu zehatz hori estimulu elektriko bihurtzen da. Zentzuetan gertatzen den itzulpen prozesu horri transdukzioa deritzo.

Gizakiok sei zentzumen ditugu: ikusmena, entzumena, usaimena, dastamena, oreka eta ukimena (gainera, beroa, hotza eta mina ere detektatzen ditugu). Zentzu horietara iristen diren estimuluak fisikoak edo kimikoak dira eta zentzumenetan estimulu horiek korriente elektrikora itzultzen dira, nerbio-bideetatik bidaiatzeko.

Estimulu fisikoa

Estimulu kimikoa:

Begietan (ikusmena)

Larruan (presioa, beroa, hotza)

Belarrian (entzumena)

Oreka organoetan (oreka)

 

Larruan (mina)

Sudurrean (usaina)

Ahoan (gustua)

Estimulu elektrikoa nerbio-bideetatik zehar sensazio guneetara heltzen da eta sensazioa gertatzen da. Sensazioak ez du esanahirik oraindik guretzat, dekodifikatua balego bezala da. Organoak, nerbio-bideak edo sensazio guneak kilikatuz gero, sensazioak edukiko genituzke eta horien lesioa dagoenean, defizit sensorialak izango ditugu.

Lesio sensorialak: Itsutasuna, gorreria…

Gaixotasun batzuek, nerbiobideak edo sensazio guneak kilikatu ditzakete (tumoreak, inflamazioak…) eta gaixoak mina, txingurriak… senti ditzake, kanpoko estimulaziorik gabe.

Ondoren, estimulua sensazio guneetatik pertzepzio guneetara pasatzen da. Hor informazioa integratu egiten da eta esanahia ematen saiatzen gara. Horri pertzepzioa deritzo. Halere, zentzuetatik sartzen den informazio guztia prozesatzeko gaitasuna ez dauka gure sistema kognitiboak. Horregatik, zentzuetatik sartzen dena iragazi (filtratu) egin behar da. Hori arretaren lana da. Arreta gaitasun kognitiboa da, zentzuetatik sartzen den guztia iragazteko balio diguna. Arreta jarriko dugu arreta gehien deitzen diguten gauzetan (deigarritasun pertzeptuala).

Jakina, esanahia ematean, esanahiaren arabera, emozio ezberdinak sortuko dira. Oso garrantzitsua da gure hautemateko era, horrek eragina duelako bizitzaren aurrean dugun jarreran eta gure joera emozionalean. Era guztietara, pertzibitzen ikasi egiten da eta beraz pertzibitzeko era alda daiteke. Gaixotasun mental asko horrela tratatzen dira: pertzibitzeko era aldatzen badut, normalean ematen den erantzun emozionala ere alda daiteke.

Pertzepzio gunea kaltetuta suertatuz gero, subkjektuak sensazioak izaten jarrai dezake, baina ez du ulertuko zentzuetatik sartzen dena. Horri agnosia deritzo. Dementzian momentu bat iristen da aurretik ezagutzen ziren gauza asko ez direla ezagutzen.  

Pertzepzio guneak kilikatuz gero, aluzinazioak gertatzen dira: “objekturik gabeko pertzeptzioak”. Ez dagoen zerbait ikustea, entzutea, usaintzea, ukitzea… da. Min psikogenoa, mamu-atalaren sindromea..talde honetan koka daitezke. Aluzinazioak dituzte:

- Eroek batez ere entzumenezko aluzinazioak (ez dauden ahotsak entzutea).

- Dementzian ikuste aluzinazioak

- Garuneko tumore batzuetan: usain aluzinazioak.

- Alkoholikoek delirium tremens dutenean: zomorroak ikusi eta sentitzen dituzte.

- LSD eta bestelako droga batzuekin aluzinazioak izan daitezke.

   

Laburtuz:

Non? Zentzuetan Sensazio guneetan Pertzeptzio guneetan
Zer? Trasdukzioa Sensazioak Pertzeptzioa
Lesioak Defizit sensoriala Defizit sensorialak Agnosia
Kilikatuz gero Sensazioak Sensazioak Aluzinazioa

2. Pertzeptzioan eragina duten faktoreak

 Nahiz eta objektu edo errealitate bera ikusi, bi pertsona ezberdinek ez dute berdina hautemango. Pertzepzioa, esan bezala, sensazio horiek interpretatzea eta ulertzea da, esanahia ematea. Bakoitzak bere esperientzia, ikusteko era, interes, beldur eta egoera emozionaletik “ikusiko” du, eta hori dena bi pertsonengan ezberdina denez, pertzepzioa ere ezberdina izango da (pertzepzioan eragina duten faktore pertsonalak).

Halere, badaude ere eragina duten beste faktoreak, denentzako berdintsuak direnak (estimuluen ezaugarriak eta pertzepzioaren lege orokorrak)

Orokorrean, pertzepzioan eragina duten faktoreak horrela sailkatu ditzakegu:

-         Estimuluen ezaugarriak.

-         Faktore psikologikoak

-         Pertzeptzioaren lege orokorrak

-         Faktore pertsonalak.

 

2.1 Pertzepzioan eragina duten estimuluen ezaugarriak:

Estimulu batek sensazioa sor dezan, nahikoa indarra izan behar du. Ez badu nahikoa indarra, ez du sensaziorik sortuko, eta beraz pertzepziorik ere ez. Atalasea da estimulazioa sortzeko estimuluak behar duen gutxieneko indarra, muga. Atalasearen azpitik ez du zentzurik kilikatuko. Hortik aurrera bai. Atalasea ez da berdina pertsona guztientzat. Batzuek behar duten estimuluaren atalasea baxuagoa da (sensibilitate gehiago) eta besteek behar dutena handiagoa da (sensibilitate gutxiago). Pertsona batengan estimulu batek zentzua estimulatzeko behar duen indarra (atalasea) estimulu horrekiko duen sensibilitatearekin kontrako harremana du (zenbat eta sensibilitate gutxiago, atalasea altuagoa izango da eta zenbat eta sensibilitate gehiago, atalasea baxuagoa izango da.  

Atalasea gizakiengan
Ikusmena Kandela argia gauean 55 km
Entzumena Eskuko erloju baten "tik-tak" a 6 m
Usaimena Perfume tanta 1 3gelako apartamentuan
Dastamena Azukre goilaratxo bat 7 litro uretan
Ukimena Eltxo baten hegala zm batetik masailara

Gizakiok, animali guztiak bezala, gure mugak dauzkagu. Ikusi ditzakegu uhin-longitude tarte batean aurkitzen diren argi-uhinak bakarrik, entzun ditzakegu tarte batean dauden entzute-uhinak bakarrik….Animali guztiek gainera ez ditugu zentzu berdinak eta beraz ez dugu informazio berdina jasotzen inguratzen gaituen mundutik.

Estimulu batzuek besteak baino gehiago deitzen dituzte gure zentzuak, gure zentzuarentzat deigarriagoak dira. Horiek arreta lortzeko erraztasun gehiago dute, eta beraien pertzepzioa errazagoa gertatzen da. Beraz ona da, estimulu arriskutsuak izanez gero, superbizitzapenerako onuragarriak izango direlako. Halere, bizitza sozialerako hain kaltegarriak diren aurreiritziek ere hortxe dute bere oinarria. Estimulu bat deigarri izan daiteke berez deigarria delako (estimulu intensoa, aldakorra…) edo bere esanahiak subjektuarentzat garrantzitsua egiten duelako. Argi kontrastea deigarria den bezala, txuri bat beltz askoren artean deigarria da ere.

  

2.2 Pertzepzioaren lege orokorrak

Psikologiak aztertuak dauzka pertzepzioaren lege orokorrak.

Irudi-fondo legea. Joera dugu gure kanpo pertzeptualean fondo bat eta irudi bat ezberdintzeaz. Horren arabera esanahi ezberdina har dezake hautemandakoak. Hor oinarritzen dira hain ezagunak diren irudi bikoitzak: fondoa alda badezaket, irudia ezberdina izango da. Orokorrean fondo bezala hartzen dugu definizio gutxiagokoa eta irudi bezala definituagoa dagoena. Irudiak esanahia hartzen du fondorekin harremanean. Adibidez, ahozko komunikazioak esanahi ezberdina hartzen du ez-ahozko komunikazioaren arabera. Ez du esanahi berdina "egin ezazu nahi duzuna" aurpegi alai eta ahots suabearekin edo haserre aurpegiarekin eta ohiuka.

Konstantzia.  Ezagutzen dugun zerbait gauza bera bezala hautemateko joera dugu, nahiz eta sensazio ezberdinak ekarri. Zure lagun bat buruz bera ikustea, urruti ikustea edo gertu, argazki batean ikustea edo bere ahotsa edo usaina entzutean sensazio ezberdinak ematen dizkizu baina zure laguna hautematen ari zara.

Osotasuna. Orokorrean hautemateko joera dugu. Horregatik, maiz gauzak pilatan biltzen ditugu, osotasun batez hautemanaz. Taldeketa ezberdinak definitu ziren: gertutasuna, antzekotasuna, ixtura, simetria eta jarraikortasuna.

 

2.3. Pertzepzioan eragina duten faktore pertsonalak

Pertzibitzen dugu momentu bakoitzean garenetik, aurkitzen garenetik eta inguratzen gaituenetik.

Garenetik: nortasuna, esperientzia, ezagutza.

Aurkitzen garenetik: bizitza emozionala: nahiak eta egoera emozionala.

Inguratzen gaituenetik: taldearen presioa.

Pertzibitzen dugu garenetik: Alde batetik ikasi dudan moduan, esperientzian zehar ikasi dudan bezala. Hori oso loturik dago nortasunarekin, kulturarekin eta ezagutza mailarekin.

Mundua gogoan ordezkatzen dugu. Zenbat eta gehiago jakin gai batetaz, gogoan egindako ordezkapena aberatsagoa da. Horregatik gai baten gainean zenbat eta gehiago jakin, pertzepzio zuzenagoa izango dugu. Osasun munduaz gehiago ikasten duzun heinean, osasuna eta gaixotasunarekin zerikusia duten gauzen pertzeptzio zuzenagoa izango duzu. Ikusiko duzu, gaixo gehienek pertzepzio okerrak dituztela. Horrek, osasun mailan duten ezagutza eskasa adierazten du.

Gainera, hautematen ikasi egin dugu eta horrek neurri batean ere gure nortasuna egituratu du. Era batekoa banaiz, era batera pertzibituko dut, eta alderantziz. Baikorra banaiz, "basoa erdi betea" hautemango dut eta ezkorra banaiz "erdi hutsa". Zurruna banaiz, txuri edo beltz hautemateko joera izango dut. Ingurukiko-menpeko banaiz hautematean inguruaren eragin gehiago izango dut ingurukiko-askea banaiz baino.

Gehien interesatzen zaizkigun hautemate estiloak hauek dira:

- Baikor/ezkor.

- Ingurukiko-askea/ingurukiko-menpeko

 

Nortasuna Baikorra Ezkorra
Hautemateko era Baikorra Ezkorra
Zer emoziorako joera? Poza Tristura
Bizitzaren aurrean jarrera Aktiboa Pasiboa
Kontrol pertzepzioa Bai Ez
Autoeraginkortasuna Altua Baxua
Autoestima Altua Baxua

 

Hautemate estiloa Ingurukiko-askea Ingurukiko-menpekoa
Hautematean inguruaren eragina Gutxiago Gehiago
Larritasuna Lasaiagoa Larriagoa

Kultura bateko kide gehienak gauza asko berdintsu hautematen dute: egoera sozialak, sintomak, emozioak etab. Adibidez, kultura ezberdinetan ezberdin hautematen da mina eta hori dela eta minaren espresioa ere ezberdina izaten da.

 

Aurkitzen garenetik

Hautematean eragin handia dauka gure bizitza afektiboak: gure nahiak eta egoera emozionalak.

Nahiak pertzepzioa distorsionatzen du. Hori asko nabaritzen da batez ere seinalea argia ez denean (bakoitzak oso gauza ezberdinak hautematen ditu). Horregatik oso garrantzitsua da osasun profesionalentzat komunikazio eraginkorra garatzea.

Esaera asko dago nahiaren eragina adierazten duena "Zuk nahi duzuna ikusten duzu" "Nahi ez duzuna ez duzu ikusten".  

Maiz aurrean daukagun objektua ikusi beharrean beste bat ikusten dugu. Horri ilusioa deritzo. Aluzinazioan ez zegoen objekturik errealitatean, ilusioan bai. Ilusioan dagoena "ikusi" ordez, beste gauza bat ikusten dugu (gure nahiaren eraginez). Ilusioa normala da, aluzinazioa ez.

Beste batzuetan ez dugu ikusi nahi gurea den zerbait eta bestearengan jartzen dugu (proiekzioa). Desio dugu pertsona bat baina ez dugu onartzen. Berarekin gaudenean hauteman dezakegu insinuatzen ari zaigula, baina gertatu dena zera da gure desioa ukatu eta bestearengan proiektatu dugula ("zozoak beleari ipurbeltz" "Ver la paja en el ojo ajeno y no verlo en el propio" , "Joxek usten du, Mariak usten duela, Joxek Maria maite duela").

Egoera emozionalak ere, eragin zuzena du hautematen dugun horretan. Alai bagaude, gauzak alaiagoak hautemango ditugu eta triste bagaude tristeago. "Betaurreko emozionala" bagenu bezala da.

 

Inguratzen gaituenetik.

Inguruak, taldeak, presionatu egiten gaitu gauzak berdin hautematera. Praktiketan hastean, ohartuko zarete offizean taldeak gaixo eta beste langileen "fitxa" egiten dutela. Nolabait, taldearen presioz, pertsona horiek horrela hautematera presionatzen gaituzte. Hori bezala arazoen pertzepzioa. Arazoak beraiek hautematen dituzten moduan hautematera presionatuko du taldeak. Subjektu guztiek ez dute berdin etsitzen presio horretara, halere, gehienek nahi baino gehiago etsitzen dugu.

Pertzibitzen dugu inguruaren arabera. Inguruak maiz gauzak era batera hautematera bultzatzen gaitu. Presio bat dago gauzak era batera hautemateko eta oso zaila da hori erresistitzen.

   

3. Giza pertzeptzioaren ezaugarriak

-         Ekonomikoa

-         Integratzailea

-         Soslai afektiboduna

-         Ikasia.

 

Ekonomikoa:

-         Eskema zaharrak erabiltzeko joera.

-         Ez hori bakarrik, eskema zaharrak mantentzeko joera ere bai (auto-betetako iragarpenaren fenomenoa). Eskema bat dugunean, errealitate berriaren aurrean dugun eskema indartuko duten datuetan arreta jartzeko eta indartzen ez dutenetan arreta ez jartzeko joera dugu. Horrela, eskema zaharra indartzeko joera dugu. Horrek mantentzen ditu estereotipoak.

 

Integratzailea:

Mundua ordezkatzen dugu buruan eta informazio iturri ezberdinetik dator. Laranja bat zer den dakigu zaporeagatik, itxuragatik, usaiarengatik eta ukimenarengatik. Momentu batean informazioa iturri batetik badatorkigu, asmatuko genuke laranja dela.

Gaixo bati nola dagoen galdetu eta pozik esaten badit eta pozik ikusten badut ez dago arazorik. Orain, zer gertatzen zaigu pozik erantzuten badigu ahots motelarekin eta triste ikusten badugu? Horrelakoetan zaila egiten zaigu integratzea kontraesana dagoelako. Gizakiok, ahozko komunikazioaren artean eta ez-ahozko komunikazioaren artean desadostasuna dagoenean, sinesgarritasun gehiago ematen diogu ez ahozko komunikazioari.

Soslai afektiboduna. 

Bada hainbat esaera ideia hori azpimarratzen diguna: “Zuk bakarrik interesatzen zaizuna ikusten duzu”, “Gose denak ogiarekin amets egiten du” “Gaur dena ilun ikusten duzu”…

Alde batetik nahia dago: gure nahia asetuko duena ikusteko joera dugu. Horrek proiekzioa eta ilusioa azaltzen ditu.

Bestalde egoera emozionala: triste? Alai? Beldurtuta?… Egoera emozionalaren arabera, egoera afektiboarekin bat datorrena ikusteko joera dugu (betaurreko emozionala).

 

Ikasia

Gure hautemateko era ikasia da eta beraz alda daitekeena. Batzutan hautemateko era kaltegarria da (ezkortasuna) eta osasunari begira asko komeni da hori desikasi eta berriz ikastea.

 

Gizakiok hautematen ditugu:

-         Objektuak.

-         Gaixotasunen sintomak.

-         Pertsonak

-         Gure burua

-         Egoerak

-         Espazioa

-         Denbora

 

Horiek denak hautematerakoan azpimarratuko genuke:

- Eskemarekiko morroitza dugu hautematean.

- Hautematen dugu ikasi bezala (familiaren, kulturaren, eta heziketaren eragina)

- Nahi duguna hautemateko joera dugu.

- Hautematean "betaurreko emozionalak" ez digu argi "ikusten uzten"

- Taldeak hautematen duen eran hautematera presionatzen gaitu.

Oso garrantzitsua da zer pertzibitzen dugun. Pertzeptzioak eragin zuzena dauka ondorioz emandako erantzun emozionalean eta jarreran. Beraz, eragina izango du jokabidean. Gure pertzeptzioaren arabera jarriko gara pozik edo goibel eta jokatuko dugu.

 

 4. Arreta.

 Zentzuetatik informazio asko sartzen da aldi berean eta ezin da dena kontutan hartu aldi berean. Hori gure gaitasun kognitiboen muga bat da. Arreta gaitasun kognitibo bat da, zentzumenetatik sartzen den informazio guztia iragazteko balio diguna. Sartzen den guztia ezin dugunez prozesatu, arretari esker interesatzen zaiguna hartu eta beste guztia utzi egiten dugu. Berez oso interesgarria da gaitasun hori. Halere, ez du oso logikoki funtzionatzen eta horrek soslaiak sortzen ditu (arreta nahi dugun horretan edo interesatzen zaigun horretan jartzen dugu, eta maiz ez zen hori gehien komeni zitzaiguna)..

Bi eratako arreta dugu helduek:

-         Nahigabezkoa: guk nahi gabe arreta zerbaitetan jartzen da.

-         Nahitazkoa: borondatez, arreta zerbaitetan jartzen dugu (konzentratzea da).

Haurrek 8 urte arte ez dute nahitazko arreta garatzen, eta beraz nahigabezko arretaren menpe bizi dira. Nahigabezko arreta estimuluen deigarritasunaren menpe dago. Deigarritasun gehiago dutenak, arreta gehiago lortuko dute. Ikusiko dugun bezala, pentsamendua ere ez da horretaz libratzen haur txikiengan: pertzepzioa arretaren menpe dago, eta pentsamendua pertzepzioaren menpe (zortzi urte arte ez dira logikoak eta pertzepzioak itsututa pentsatzen dute).

Arretaren patologian azpimarratzekoak dira:

-         Aprosexia: ezin arreta mantendu. adibidez mania duen gaixoari gertatzen zaio.

-         Hiperprosexia: arreta zerbaitetik kendu ezina izatea. Normala da kontzentrazioaren ondorioz bada. Guk ezin badugu kontrolatu ez da normala (adibidez eskizofrenian).

-         Psudoaprosexia (Sasiaprosexia). Ez da benetako arreta falta. Ezin da arreta ezertan jarri zerbaitetan "baituta" daukagulako. Zerbaitek asko larritzen bagaitu edo kezkatzen bagaitu sasiaprosexia izan dezakegu. Gaixo gehienek sasiaprosexia dute: gaixotasunak arreta "baitzen" die eta oso zaila egiten zaie arreta beste gauzetan jarri edo distraitzea. Gaixotasunaren sintoma psikologiko konstanteenetakoa da.

Haur hiperkinetikoak. Zortzi urtetik aurrera haur batzuek ezin dute nahitazko arreta mantendu. asko distraitzen dira, eta ezin dute geldirik egon. Tratamendu berezia behar izaten dute. Halere, ez nahastu gazteagoak diren haurrekin: horiengan normala da nahitazko arreta ezin mantentzea.

 

5. Sintomen pertzepzioa eta oinazea.  (eskema)

Gorputzean zerbait ondo ez doanean, zeinuak azaltzen dira. Batzuk kanpotik ikus ditzakete besteek (kolorea, begiak…), eta besteak ezin dira kanpotik ikusi (azkurea, mina…).  Gaixoaren zeinu asko sensazioak dira: mina, azkurea…Sensazio horiek gero pertzibitu egingo dira, aurretik aipatutako faktoreen eraginaz (nortasuna, nahiak, egoera afektiboa, esanahia…) Bi pertsonak min bera edukiko balute ere, ez lukete berdin pertzibituko. Sintoma gaixoak adierazten diguna da, eta beraz subjektiboa. Pertzepzioaren ondorioz egoera emozionalak mantendu egiten dira eta horrek sintomari ezaugarri pertsonalak ematen dizkio. Halere, oinazea edo sufrimendua oso handia izan daiteke, nahiz eta zeinua ez oso nabaria izan. Sufrimendua subjektiboa izateak ez du esan nahi gezurrezkoa denik. Gaixoak sufritzen duela badio, sufritzen duelako da, nahiz eta egungo ezagutzekin ez ulertu.

Larritasun handia duen pertsona batek, edozein zeinu beldur handiarekin bizi dezake. Hain garrantzitsua ez den zeinua, oso larri bezala hautematen du, horretarako joera baitu. Beste batek garrantzia ematen ez dion zerbaiti, honek garrantzi handia ematen dio eta asko sufritzen du. Osasun profesionalok ez dakigu zer egin gaixo horiekin. Kontua dutela iruditzen zaigu.Baliteke oso zaila egitea hori ulertzea. Pertzeptzioa eztabaidatu daiteke, eta erlaztibizatzen lagundu diezaiokegu, baina ezin dugu bere sufrimendua eztabaidatu. Sufrimendua bibentzia da eta beraz, beti egia.

Batzutan gaixoak ez du lesiorik eta pertzeptzioak ditu. Ez du eskurik anputazio baten ondorioz eta eskuan mina duela dio (mamu atalaren sindromea). Hankak ongi ditu eta min handia duela dio (ziatikan). Ez da ezer esaten eta berak ahotsak entzuten ditu (eskizofrenikoaren entzute aluzinazioak). Ez dago ezer eta gauzak ikusten ditu (dementzia batzuetako ikustezko aluzinazioak). Ez dago xomorrorik eta xomorroak ikusi eta sentitzen ditu gorputzean (alkoholikoen delirium tremens kuadroa). Ez ahaztu zentzuetatik hasi eta pertzeptzio guneraino nerbio bideak bizirik daudela eta edozein puntutan kilikatuak izan daitezkeela.

Kontutan izan behar dugu gaixoak ahotsak entzuten dituela badio, entzuten dituela, eta mina duela badio, mina duela. Badago gaixo talde bat, pertzepziorik ez dituena eta papera egiten dutena (segurua kobratzeko…). Simulatzaileak dira. Halere, gutxienak dira.

 

6. Pertsonen pertzepzioa.

Pertsonen pertzepzioan aurretik aipatutako mekanismo eta fenomeno berdinak gertatzen dira.

Nola pertzibitzen ditugu pertsonak?

Hasieran garrantzi handia du lehenengo iritziak. Lehenengo iritzian oinarritzen gara pertsona horretaz ezagutzen ez duguna osatzeko. Lehenengo inpresioarekin eskema ezartzen diogu eta hortik ondorioak ateratzen ditugu. Eskema horiek “izaeraren teoria inplizitoak” dira eta taldean ikasitakoak dira. Hori dela eta, lehenengo inpresioarekin bestea nolakoa den asmatzen dugu. 

Larunbatero joaten naizen inguruan mutil bat presentatu didate. Ez dugu ia hitzik egin. Polita da baina tontoa iruditu zait. Egia da ia ez garela egon baina tontoa iruditu zait.

Lehenengo inpresio horrek garrantzi handia du harreman laburretan, hurrengo kontaktoetan eskema hori mantentzeko joera baitaukagu (autobetetako iragarpenaren fenomenoa dela eta, eskema mantentzen duten informazioari arreta jarriko diogu eta eskemaren aurka doana ez dugu kontutan edukiko, eskema indartuz).

Larunbatero ikusten dut mutil hori. Ez dut gehiago berarekin hitz egin. Zertarako galduko dut denbora, tontoa da. Gainera, ikusten dudan bakoitzean argi ikusten da tontoa dela (ez al zara fijatzen batez ere,  zure ideia konfirmatzen duten datuetan?)

Harremanak irauten badu, bestea bere konplexotasunean ezagutzeko aukera izango dugu, eta eskema sinpleak, ezagutza konplexuago bati utziko dio lekua.  

Egun batean ibilaldi bat antolatu dugu eta ezetz asmatu nor etorri den? Mutil tontoa. Berarekin hitz egin dut eta konturatu naiz ez dela tontoa. Nahikoa jatorra da. Agian pixka bat lotsatia?

Osasun profesionalen harremana askotan laburra eta azalekoa izaten da, beraz garrantzi handia dauka esaten dugunak:

-         Alde batetik, osasun profesionalak eman behar duen irudia zaintzea komeni da, harreman labur horretan eragina izan dezakeelako. Peplo-k argi adierazten du erizainaren rola definitzerakoan, erizaina "arrotza" dela. Eman behar duen irudia neutroa dela: edukazio handikoa baina ezezagun bezala. Pertsona bat ezagutzerakoan erraza da norbaitekin oroitzea. Horrelakoetan, konturatu gabe, trasferentziaren fenomenoa gertatzen da: beste pertsona harekin bezala sentitzen gara eta antzeko harremana egiten hasten gara. Emozioak trasferitu ditugu eta fenomenoari trasferentzia deritzo. Horregatik Pelpo-k azpimarratzen du gaixoari eman behar diogun irudia neutroa dela eta "beste norbaiten lekuan jartzen bagaitu, gauzak bere tokian jartzen saiatu behar dugula".

        Emakume zahar bat ingresaturik zegoen. Erizaina gelan sartu zen garbiketa egitera. Erizaina mutila zen, nahiko traketsa eta "adar-jolea". Emakumeari ez zitzaion batere gustatu erizain horren "pinta" eta gainera errespetorik ez zuela iruditu zitzaion. Erizain horretaz egin zuen lehenengo iritziak mantentzeko joera du eta mantendu egin zen. Ez zen posible izan ingresaturik egon zen bitartean bere iritzia aldatzea eta erizainak ezin izan zuen harreman egokia eraiki gaixoarekin.

-         Bestalde, osasun profesionalak gaixoa pertzibitzerakoan, kontu handia izan behar du, ezin du lehenengo irudiarekin geratu. Kontu izan behar dugu guk ere, estereotipoak ez ezartzeko eta trasferentziarik ez egiteko.

Gainera, bestean guk ikusi dezakegu:

- Nahi duguna (nahiaren proiekzioa) desio duguna. Oso ugaria da ondorengo ilusioa: kaletik joan eta urrutira hainbeste gustatzen zaizun pertsona ikusi duzu. Urbiltzen den neurrian, bera ez zela ohartzen zara. Gaixoaren laguntzaile izanik, konturatu gabe gure beharren arabera ikusi ditzakegu gaixoaren beharrak.  Zentzu horretan Virginia Henderson-ek adierazten zuen “Zein erraza den erizaina gaixoak nahi duenaz ondo ez ohartzea, aurretik bere beharretaz ez bada jabetzen”. Kontu izan behar dugu gure beharrak gaixoarengan ez proiektatzen. Halere maiz konturatu gabe egingo dugu. Hori gerta ez dadin oso garrantzitsua da norberaren beharrak ezagutzea (kontuz erreprimitutako edo ukatutako beharrekin, maiz besteengan proiektatzen baititugu)..  

Estereotipoek orain aipaturiko fenomenoetan dute bere jatorria. Ezagutza eskas batean, eta mundua era sinple batean ulertzeko beharrean. Estereotipoaren oinarria dira: deigarritasun pertzeptuala eta korrelazio ilusorioa. Estereotipoen mantentzea halere, beste fenomeno batetan oinarritzen da: autobetetako iragarpenaren fenomenoan. Estereotipo gehienak ikasiak dira eta fenomeno berdinarengatik mantentzen dira. Esperientzia zuzenak bakarrik gainditu ditzake estereotipoak. Beste talde bateko pertsona ezezagun batekin lan egin behar badugu, hasieran estereotipoaren bitartez ikusiko dugu. Berarekin lanean gauden heinean ezagutza konplexuago batek estereotipoa gaindituko du. Nori ez zaio gertatu beste talde bateko pertsona bat gaizki ikustea urtetan eta egun batean berarekin kursillo edo eginkizun batean elkarrekin lan egin beharrean aurkitu eta geroago esatea “aizu! Jatorra da!").  

Eginiko esperimentu batean fenomeno horiek frogatu zituzten. Udaleku batean taldetan antolatu zituzten haurrak. Udalekutan egon ziren denboraren lehenengo erdian lehia egoeran jarri zituzten talde guztiak. Talde bakoitzaren helburua etxe bat eraikitzea zen eta etxe ederrenak sari berezia izango zuen. Talde kontzientzia sortu zen talde guztietan. Helburua: irabaztea. Helburu horretan taldekideak lagunak ziren, eta beste taldeetako kideak etsaiak ziren. Denborarekin ikusi zen talde guztiek aurre-iritzi negatiboak egin zituztela beste taldekideekiko (ia ez zuten harremanik). Aurre-iritzi negatibo horiek lehiak jarraitu zuen bitartean mantendu egin ziren. Udalekutan egon ziren denboraren bigarren erdian, helburua aldatu zen. Orain, denen artean denentzako izango zen jolasteko etxe bat egin behar zuten. Orain, jendeak beste taldeko kideekin harreman zuzena zuen eta estereotipoen eragina desagertzen joan zen. Harreman sozial batetik, pertsonen arteko harreman bat izatera pasa ziren (Sherif eta lag 1954-1961)

Bada soslai  bat denek betetzen duguna. Zerbait gaizki egiterakoan besteek egin badute beraiei egozten diegu eta guk egin badugu inguruko zailtasunei egozten diegu. Zergatik gertatzen da hori? Ikuspuntua aldatzen da. Besteak egin badu, ikusle modura, bestean jartzen dugu arreta. Nik egin badut, arreta kanpoan jartzen dut. Horri "oinarrizko egozte akatsa" deritzo.

 

7. Norberaren pertzepzioa eta autoestima.

Bakoitzak bere burua hautematen du aurrean aipaturiko fenomenoen bitartez. Halere, beste guztiak ez bezala, autopertzeptzioak erabateko garrantzia du, pertsonarentzat hori baita pertzibitzen den gauzarik garrantzitsuena eta zoriona edo nahigabea hortik etor daiteke.

Pertsonak beste gauza guztiak bezala bere burua pertzibitzen ikasten du. Zerbait maitagarria eta ona dela ikasi badu, horrela hautemango du bere burua. Horren ordez maitagarria ez dela edo akats asko dituela ikasi badu, horrela pertzibituko du bere burua. Bere burua pertzibitzen ikasten du eta horrekin bere autokontzeptua garatzen du. Hortik aurrera bere autokontzeptuaren bitartez ere pertzibitzen du bere burua.

Haur batek txikitatik bide ezberdinak ekar ditzake.

Txikitatik gurasoak hor eduki baditu behar zituenean, bere gaitasunak garatzen joan diren neurrian lagundu eta animatu badiote, eta bere irudikapen, galderak eta jolasak gurasoei interesgarriak iruditzen bazaizkio, ondo prestaturik ateratzen da kalera, eta besteekin parekatzen denean ondo ikusten du bere burua.

Horren ordez, gurasoak ez badira hor egon behar zituenean, zerbait egiteko gai zen heinean, animatu eta lagundu beharrean ez badiote bere gisa utzi, eta bere jolas, fantasia eta irudikapenak lelokeriatzat hartu badituzte, kalera beldurturik, zalantzaz beterik eta errudun sentitzeko joeraz aterako da. Besteekin erkatzean, gutxiago sentitzea erraza izango da.

  Egoera   Behar du  Garatuko du   Ez du garatuko
1 urtea   Babesgabetasuna  Behar dituenean hor egotea Konfidantza   Mesfidantza
2-3         Ibiltzeko gai     Ahal duena bere gisa egiten uztea  Autonomia   Zalantza
4-5        Pentsamendu sinbolikoa    Interesgarria dela ikustea Iniziatiba   Erruduntasuna
6-12   Eragiketa konkretuak    Erkaketan zerbait ona izatea   Autoestima   Gutxiagotasuna

Autokontzeptu eskasa duenak arazoa galanta du. Horren ondorioz ez du bere burua maitatuko eta beti zulatutako ontzia bezalakoa izango da, bete ezin dena. Beti maitasunaz egarri, besteengandik espero baitu besteek egin ezin duten zerbait: bere burua maitatzea.

Gaur egun erakargarri bezala aurkezten zaizkigun ereduak ia ezinezkoak dira. Erraldoiekin erkatzen gara eta hipotxak sentitzen gara. Sozialki onuragarri bezala ezarri diren ereduak gehiegizkoak dira eta jendearen gehiengoa azpitik dagoenez asko sufritzen da. Makilajearen garaian bizi gara. Aurkezten zaizkigun eredu arrakastatsu asko gezurrezkoak dira. Gorputz polit baten argazki polit baten atzean, aukeraketa zorrotza dago, makilaia asko dago, olioz bustitzen dira gorputzak, filtroak jartzen dira kameretan eta mila argazki egin eta gero bat aurkezten zaigu.

Gaur egun pertzepzioaren patologia ugariena dismorfofobia da. "Konplexoa" dela eta, gizabanakoak distorsionatua hautematen du bere burua. Lodia dagoela uste badu, ispiluan lodiagoa ikusiko du bere burua. 

 

8. Kontrol pertzepzioa eta osasuna.

Kontrol pertzepzioa duen pertsonak, gertakizunetan eragina duela hautematen du. Kontrol pertzepzioa ez duenak, gertakizunetan eraginik ez duela hautematen du. Hautemate guztiek bezala, eragina du egoera emozionalean eta jarreran. Eragina dudala hautematen badut, alaiago aurkituko naiz eta jarrera aktiboagoa izango dut. Eragina ez dudala hautematen badut, tristeago egongo naiz eta jarrera pasiboagoa izango dut. 

Kontrol pertzepzioa izan dezaket esparru batuetan baina ez beste esparruetan. Maiz, hori lotuta dago ezagutza mailarekin eta esperientziarekin. Gai bat ezagutzen badut eta esperientzia badut, kontrol pertzepzioa edukitzea errazagoa da. Halere, orokorrean, kontrol pertzepzioa oso loturik dago nortasunarekin. Erraza da kontrol pertzepzioa duenak esparru askotan izatea eta ez duenak esparru gehienetan ez edukitzea. Ezaugarri hori, haurtzaroan garatzen hasten da. Haurra ibiltzen hasten denetik, gauzak bere erara egin nahi ditu. Inguruak onartzen badio, eta animatzen badio, kontrol pertzepzioa garatzen hasiko da. Horren ordez, ez bazaio egiten usten eta zerbait egiten duen bakoitzean beldurtzen bazaio, ez du kontrol pertzepzioa garatuko.

Osasunarekin eta gaixotasunarekin ere, kontrol pertzepzioa izango dugu (edo ez). Ikusi da, kontrol pertzepzioa duenak, gaixotasunaren aurrean ez duela etsitzen, tristura ez dela hain ugaria eta gaixoaren aurka jarrera aktiboa aurkezten duela, eboluzio hobea duelarik. Kontrol pertzepzioa ez duenak etsipen gehiago du, jarrera pasiboa eta eboluzio okerragoa.

Kontrol pertzepzioa ikasia da. Beraz, ez duenak ikasi dezake eta duenak galdu dezake. Kontrol pertzepzioa ez duen gaixoak, osasun-profesionalen laguntzaz kontrol pertzepzioa garatu dezake. Kontrol pertzepzioa duten gaixo batzuek, gaixotasun kronikoa okerrera duen neurrian, kontrol pertzepzioa gal dezake eta etsipenean erori. 

Ondorengo taulan, kontrol pertzepzioaren eskema aurkezten da:

 

9. Egoeren pertzeptzioa

Egoerak ere eskemen bitartez pertzibitzen ditugu. Egoera berdinean, bi pertsona ezberdinek ezberdin pertzibitzen dute gertaera hori. Hor ere eragin dute orain arte bezala:

-         Esperientzia, nortasuna, kultura… Nola ikasi dut pertzibitzen egoera sozialak.

-         Bizitza emozionala: zer ikusi nahi dut, nola aurkitzen naiz (betaurreko emozionala).

-         Taldeak zer ikustera presionatzen nau.

Lanean logela batean sartzean eta zerbait gertatzean, bi erizainek ezberdina pertzibitu dezakete.

Bi erizain logela batean sartzen dira gaixoari prozedura batzuk egitera. Gaixoa ixilik dago eta ez du ia erantzuten. Ateratzekoan batek uste du haserre dagoela eta besteak uste du triste dagoela.  

Profesionalen artean, taldearen presioa nabarmena izaten da egoera hautematerakoan.

Erizain berri bat planta batera doa lanera. Ez du inor ezagutzen (Horrelakotan izaten dugun behar garrantzitsua hauxe da: taldeak gu onartzea). Hasi orduko lankideek esaten diote 305 gelakoa "oso astuna dela". Gaixoari "astun" etiketa jarri diote. Erizain berriak, konturatu gabe, besteek jarri dioten etiketa onartzen du "305ekoa astuna da".

Egoera berrietan ez daukagu gidoirik aurretik: ez dakigu zer gertatuko den, zer egin behar dugun...Kontrol falta erabatekoa sentitzen dugu, inzertidunbre handia. Horregatik, larritasunarekin erantzuteko joera dugu egoera berrietan.

Lehenengo aldiz praktiketara goazenean,  leku berri batean aurkitzen gara, ez dugu inor ezagutzen, ez dakigu zein den gure eginkizuna, ez nola erantzun... Gidoirik gaude, egoera ezezagun batean. Horrek larritu egiten du. Halere, denbora pasa ala, egoera berriak nola funtzionatzen duen ikasten dugu, gidoia ikasten dugu. Horrek segurtasuna ematen digu.

 

10. Espazioaren pertzepzioa

Haurrek helduek baino txikiagoa hautematen dute espazioa (txikitako leku batera joten bazara, lehenengo erantzuna izango da "nik handiagoa oroitzen nuen").

Psikopatologian garrantzi handia du espazioaren pertzeptzioak. Egoera animiko ezberdinetan, espazioaren pertzeptzioa distorsionatu daiteke. Triste dagoenak espazioa handiagoa pertzibitzen du.

 

11. Denboraren pertzepzioa

Denbora ere hautematen den zerbait da. 

Ondo pasatzen dugunean, edo ekintzan ari garenean, denbora bizkorrago doa eta aspertzen ari garenean motelago. Zai gaudenean denbora motelago doa. 

Gaixotasun mentaletan denboraren pertzeptzioa aldatu egiten da. Depresioa duen gaixoarentzat denbora makal doa, iragana luzea da eta ez dago gerorik. Mania duenarentzat berriz denbora arin doa eta iragana oso laburra pertzibitzen du. 

Itxarote denborak oso luzeak egiten dira zain dauden gaixoentzat eta oso laburrak lanean dauden profesionalentzat. Tinbreari erantzuten pasatzen den denbora oso laburra izan daiteke erizainarentzat eta oso luzea urduri, larri eta triste dagoen gaixoarentzat. Denboraren pertzepzio horrek gatazka asko sortzen ditu gaixoaren eta osasun-profesionalaren artean.

 

12. Pertzepzioaren garapena

Hautematen ikasi egiten dugu. Jaioberriak ez du ia ezer ezagutzen eta asko ikasi behar du. Ingurukoek mundua ezagutzen erakutsiko diote. Beste gauza batzuen artean, hautemateko erak eta estiloak ikasiko ditu.

Dementzia duten gaixoek izaten duten sintoma bat agnosia da. Oroimen galera dela eta, ezagutzen zutena ez dute ezagutzen. Ondoan dagoena nahiz eta andrea edo semea izan, ez du ezagutzen. Ezagutzen zuena ahaztu du eta beraz, hautematen ahazten zaio.

"At first sight" filmea ikustea gomendatzen dizuet. Filme horretan txikitatik itsua izan eta ikusmena errekuperatzen duen itsu baten istoria kontatzen zaigu. Bizitza ikusmenik gabe antolatua zeukan. Mundua ikusmenik gabe ezagutzen zuen. Ez zekien begietatik sartzen zena ezagutzen, ez baitzuen ikusmenezko esperientziarik, ez baitzuen "ikusten ikasi" (pertzibitzen ikasi). Ikusmena berreskuratzean, begietatik sartzen zena ez zuen ulertzen. Hasieran oso gaizki pasa zuen, kanal berri horretatik sartzen zitzaion guztia ez baitzuen ulertzen: "ikusten ikasi behar zuen". (Ez ahaztu filme hori errealitatean oinarritua dagoela)

 

13. Pertzepzioaren patologia

 

ARRETAREN PATOLOGIA.

-          HIPOPROSEXIA

-          Kontzientzia aldaketetan

-          Dementzian

-          Oligofrenian

-          HIPERPROSEXIA

-          Manian

-          Psikoestimulanteak (LSD;anfetaminak)

-          PSEUDOAPROSEXIA

-          Gaixotasun guztietan (maila ezberdinean bada ere) (batez ere gaixotasun mentaletan)

 

 

PERTZEPTZIOAREN PATOLOGIA

-          AGNOSIAK

-          KUANTITATIBOAK:

-          Hipoestesiak (estresa)

-          Hiperestesiak (angustia dagoenean)

-          Edozein estimulu pertzibitzerakoan (mina, usaina, soinua, parestesia, pentsamendu obsesiboa...) gure egoera erabakigarria izango da. Arreta beste gauza batean jarrita badago ez digu hainbeste galaziko. Arreta horretan jarria badaukagu molestoagoa izango da, gehiago sofrituko dugu. Larritasunak arreta jarri araziko digu.

 

- KUALITATIBOAK.

-          ALUZINAZIOAK, PSEUDOALUZINAZIOAK, ILUSIOAK.

-          Eskizofrenian ez dauden soinu eta esaldiak entzuten dira (entzumeneko aluzinazioak).

-          Desagertutako gorputz atal mamutuaren sindromea (Kendutako atal batean mina edukitzea. Adb: hankamotzak oinean mina edukitzea.

-          GORPUTZAREN PERTZEPTZIOAREN ALDAKETAK

-          Dismorfofobia: atal baten pertzepzioa zuzena ez denean. Adb. Sudurra edo ipurdia dena baino handiagoa pertzibitu.

Anosognosia, Asomatognosia  Gorputz zati bat (anosognosia) edo gorputz osoa (asomatognosia) ez perzibitzea. Depresio batzutan azaltzen da eta Cottarden sindromea deitzen zaio ("Inocencia interrumpida".  filmean gaixoak hasieran agertzen dituen sintomak dira).

 

Bibliografia

Zupiria X. Sensopercepción. Tazón P, Aseginolaza L, García-Campayo J. Ciencias psicosociales. Masson SA. Barcelona 1996: 6 gaia: 77-92. (616-083: 159.9)

 Lagungarri:

- Davidoff LL. Sensación percepción y conciencia. Davidoff LL. Introducción a la psicología. 3ed. Mc Graw Hill, México 1993; 4 gaia: 143-208. (159.9 DAV)

- Llor B, Abad MA, García M, Nieto J. Estrés y enfermedad.  Llor B, Abad MA, García M, Nieto J. Ciencias psicosociales aplicadas a la salud.         Interamericana Mc Graw Hill. Madrid 1995; 20 gaia: 195-207. (159.9.61 CIE)

- Huizi P. Pertzepzioa. Huizi P. Psikologia. Unibertsitaterako testuliburua. UZEI, Elkar 1990; 6 gaia: 83-110. (159.9 HUI).

 

 

Sakontzeko:

- Fernández Trespalacios JL, Tudela P. Atención y percepción. Mayor J, Pinillos JL. Tratado de psicología general III. Alhambra Longman SA. Madrid 1992. (159.9 TRA III)

- Valencia JF, Villarreal M. Hautemate soziala. Valencia JF. Psikologia sozialera hurbiltzeko zenbait gai. EHU, Bilbo 1992; 10 gaia: 165-186. (316.6 VAL)  

- Colmenero JM. Percepción, atención y memoria. Universidad de Jaen. Jaen, 1997.

- Guski R. La percepción: diseño psicológico de la información humana. Herder. Barcelona, 1992.

- Laing RD, Lee AR, Phillipson H. Percepción interpersonal. Amorrortu. Buenos Aires, 1973.

- Sierra I. Percepción interpersonal en el triángulo familiar. Caja de Ahorros de la Inmaculada de Aragón. Zaragoza 1987.

  Bideoak:

- Sensación y percepción (26').   Zimbardo Philip. Descubrir la psicología. 1. zinta. Ediciones Folio SA. Barcelona 1994. (159.9 DES I)

- El poder de las situaciones (26'). Zimbardo Philip. Descubrir la psicología. 14. zinta. Ediciones Folio SA. Barcelona 1994. (159.9 DES I) Bertan ikus daiteke taldeak gizabanakoan duen eragina pertzibitzerakoan (Asch-en esperimentua ikusten da, lerro luzeena bereizteko) Ikusten dira konformismoaren eremuan egindako beste bi ikerketa (Milgramena: pertsona batzuek ikasleek huts egitean elektroshoka eman behar dute; eta Zinbardona:  espetxe imajinaziozko batean)

- Terminator. Bi filmeetan ondo ikus daiteke ordenadorearen simulazioaren arabera nola gertatzen den pertzepzioa: kanpotik jasotakoa barruan gordetakoarekin parekatzen da.

- Grito de libertad. Bertan ikusten da sozializazioak eragin zuzena duela besteen pertzepzioan eta norberaren autopertzepzioan.  

- "At first sight" (a primera vista)

 

  Pertsonaiak:

- Fetchner.

- Hubel: bide optikoa (nobel saria 1981.)