Osasun-profesionalaren eta gaixoaren arteko harremana

Xabier Zupiria 2000

Liburu honetan, osasun-profesionalaren eta gaixoaren arteko harremana aztertu nahi da, ikuspegi zabal batetik, eta ahal den neurrian eskola psikologiko ezberdinen ekarpenak integratuz.

Osasun-profesional ezberdinak daude eta bakoitzak bere rola dauka. Gaixoa ez dago bakarrik, ingurune familiar eta sozial baten barruan baizik. Bai batzuek eta bai besteek, hainbat esanahi partekatzen dituzte, eta heziketaren eta ikaskuntzaren ondorioz beste esanahi batzuk ez. Zentzu horretan, Psikologia Sozialak eginiko ekarpenak kontutan eduki nahi dira.

Halere, ez dira ahaztu nahi urtetan psikoanalisiak eginiko hainbat ekarpen, gaur egun oraindik, erabilgarritasun handikoak harremanean gertatzen diren gauza asko ulertzeko. Bestalde, ikaskuntzaren teoriak eta ikuspegi humanistak ere, garrantzi handiko ekarpenak egin dituzte eta kontutan hartuko dira.

Lehenengo gaian harremanak orokorrean aztertzen dira, harremanaren gainean eskola ezberdinak diotena ezagutzeko, harreman mota ezberdinak argi bereizteko eta osasun-profesionalaren eta gaixoaren arteko harremana dagokion tokian kokatzeko.

Bigarren gaian rolaren psikologia aztertzen da eta osasun-profesional ezberdinen rola zehazten saiatzen da, orokorrean beharrezkoak diren harremanetarako gaitasunak azpimarratuz eta definituz.

Hirugarren gaian osasun-profesionalaren eta gaixoaren arteko harremana aztertzen da. Ikuspegi sistemikoa kontutan hartzen da, harreman horretan beste hainbat profesional eta gaixoaren ingurua kontutan hartuta. Azken batean ez daude harremanean bi pertsona bakarrik, hainbat sistema baizik. Harreman horietan gertatzen diren hainbat fenomeno aztertzen dira.

Laugarren gaian, harreman hori hobetzeko osasun-profesionalak zer gaitasun behar dituen aztertzen da. Gainera, gaitasun horiek ikasiak direla eta ikasi daitezkeela azpimarratzen da, horretarako bidea adieraziz.

Contador de visitas a la página