Breadcrumb

Edukia

Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen bi stand eta tailer bat 2016ko Zientzia Astean

Irudia

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak bi stand eta tailer bat izango ditu Bizkaia Aretoan azaroaren 2tik 6ra egingo den Zientzia Astean. Lau egunean, zientziak, teknologiak eta berrikuntzak hartuko dute Álvaro Siza arkitekto ezagunak diseinaturiko eraikina.

"EMAKUMEAK MEDIKUNTZAN / MUJERES EN MEDICINA" STANDA

Emakumeak Medikuntzan foroaren standa Medikuntzako Nobel Saria eskuratu duten emakumeei buruzkoa izango da. Hala, emakumeok osasunaren eta zientziaren alorrean egin dituzten ekarpenak eta izan duten zeregina deskubritu ahal izango dira bertan. 

Gainera, Medikuntzako Nobel Saria jaso duten emakumeei buruzko collage bat egiteko jarduera bat ere antolatuko da. Horretarako, edozein adinetako haurrek standera jo beharko dute Medikuntzako Nobel Saria lortu duen emakume baten marrazkia egitera, erakusketako irudiak eredutzat hartuta. Marrazkiak eta collagea Emakumeak Medikuntzan foroaren Instagrameko orrialdera igoko da.

Jarduera honen bitartez, emakumeek ezagutza sortzeko egin duten ekarpena ezagutarazi eta agerian jarri nahi da, emakumeen jakintzari eta haien ekarpen sozial eta historikoari balioa emanez. Horrela, genero ikuspegia txertatu ahalko da belaunaldi berrien eguneroko bizimoduan, eta tratu eta aukera berdintasuna bermatu medikuntzaren eta osasunaren esparruan.

SUPERBAKTERIOAK

Superbakterioak antibiotikoekiko erresistenteak diren mikroorganismoak dira, urtean 2 milioi pertsona kutsatu eta 25.000 heriotza eragiten dituztenak Europar Batasunean. Euren jatorria antibiotikoen erabilera desegokian eta gehiegizkoan datza, eta batez ere ospitalean dauden gaixoei kalte egiten diete.

Stand honetan, panpinen bitartez, bakterioak antibiotikoekiko erresistente nola bilakatzen diren erakutsiko dizugu. Bakterio patogenoak eta eragiten dituzten gaixotasunak erlazionatzeko jolasean arituko zara. Etor zaitez superbakterioen photocall-ean argazki bat ateratzera!

"EMOZIOEKIN JOLASEAN" TAILERRA

Tailer honetan aukera egongo da emozioak bizitzeko, sentimenduak antzemateko eta horiek bizitzan eta osasunean zer eragin duten jakiteko. Poligrafoak elkarrekin lotzen ditu emozio erreakzioak eta parametro fisiko jakin batzuk. Halaber, aukera egongo da emozio desberdinak esperimentatzeko eta aldaketa fisiologikoak aztertzeko: EKG, bolumena eta arnas maiztasuna, bihotz maiztasuna, izerdia…

Horrez gain,probatu ahalko da erlaxazioak nola laguntzen duen emozioak kontrolatzen. Txikienek emozioen inguruko asmakizunekin jolas egingo dute: zer sentitzen duzu baldin eta…? Zer gertatzen zaio X-i? Zer nabaritzen dugu ikusten ditugun filmetan? Zer sentiarazten digute?