Convocatoria-movilidad-PAS-PDI-2019-2020

Irakaskuntza eta/edo prestakuntza helburua duen ERASMUS mugikortasun-programa (2019/2020 ikasturtea)

AZP eta IRI

Erabakia, 2019ko maiatzaren 6koa, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordearena, UPV/EHUko Administrazio eta Zerbitzuetako Langileek (AZP) eta Irakasle-Ikertzaileek (IRI) Erasmus+ mugikortasun programan parte hartzeko deialdiaren oinarriak onartzeko dena

Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzaren deialdi honek ezartzen du diru laguntzak esleitzeko prozedura eta irakaskuntza eta/edo prestakuntza xede duen mugikortasuna garatzeko ezarritako baldintzak, Erasmus+ programaren barruan, Europako Batzordeak ezarritako gidalerroei jarraituz, Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIEren) bidez.

Kreditua egon badagoela kontuan izanda, eman dizkidaten eskumenen babesean, hauxe

ERABAKI DUT:

Lehenengoa. UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako langileentzako Erasmus+ mugikortasun deialdiaren oinarriak onartzea eta argitaratzea.

Bigarrena. Plazen azken kopurua eskaintzeko, SEPIEk plaza horien azken onarpena egin beharko du.

OINARRIAK:

1. Deialdiaren xedea.

1.1. Irakaskuntzarako mugikortasuna (IIPrentzat)

Deialdi honen xedea da Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileei laguntza ekonomikoak ematea, 2019/20 ikasturtean zehar ‘Erasmus+’ programari atxikitako goi mailako hezkuntza erakundeetan irakaskuntza emateko.

Ekintza hau bat dator 1987. urtetik garatzen ari den irakasleen mugikortasun deialdiarekin, eta jarduera nagusia da aldebiko Erasmus akordio bat sinatu den Europako unibertsitate batean irakaskuntza ematea, nahiz eta, horretaz gain, bestelako jarduerak garatu daitezkeen.

Egonaldian zehar emandako irakaskuntzak harrerako erakundean graduko edo graduondoko titulu ofizial bat lortzeko ikasketa programa baten zati izan beharko du, eta bi erakundeen artean adostutako irakaskuntzarako mugikortasun akordio batean (Mobility Agreement) jaso beharko da. 

Helburu hauek ditu ekintza honek:

  • UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileei garapen profesional eta pertsonalerako aukerak eskaintzea.
  • Mugikortasun ekintzetan parte hartu ezin duten ikasleei beste herrialdeetako irakaskuntza onurak baliatzeko aukerak ematea.
  • Irakaskuntza metodologietako esperientziak trukatzea sustatzea.
  • Unibertsitateek eskaintzen dituzten ikastaroen nondik norakoa eta edukia zabaldu eta aberastu ditzatela sustatzea.

Halaber, elkar trukeko harreman batean, UPV/EHUk aukera du erakunde anfitrioiko irakasleak hartzeko, gure unibertsitatean irakaskuntza eman dezaten, ikasketa planak eta irakaskuntza metodoak gero eta gehiago harmonizatzeko, Europako Unibertsitate Eremua sortzeko lagungarri izango den Europako goi mailako hezkuntza erakundeen arteko interrelazio gero eta handiago baten bidez.

1.2. Prestakuntzarako mugikortasuna (AZPrentzat, salbuespen gisa IIPrentzat)

Langileen prestakuntzaren helburu zabalaren barruan dagoen deialdi honen xedearen jarduera nagusia da egonaldi labur bat erakunde kidean, izen desberdinak izan ditzakeena: zerbitzu eginkizun laburra, profesionalen behaketa, ikasketa bisitaldia, etab.

Halaber, Erasmus Gutuna duten unibertsitate europar batzuek nazioarteko asteak (Erasmus Staff Weeks) antolatzen dituzte Europako zenbait unibertsitatetako AZP esperientziak konpartitzeko topa dadin.

Bi mugikortasun mota hartzen ditu barnean: goi mailako beste hezkuntza erakunde baterako mugikortasuna eta enpresa baterako mugikortasuna. Kasu biotan, Erasmus bekaren onuradunak hautatzea jatorrizko goi mailako hezkuntza erakundeari dagokio. Ezingo da inola ere ulertu parte hartzaileek lan harremanik dutenik harrera erakundearekin.

Ekintza honen helburu zehatzak hauek dira:

  • UPV/EHUko langileen lan bizitza osoko prestakuntza erraztea.
  • Unibertsitateko kideen kolektibo guztiak nazioartekotzea sustatzea Europako Unibertsitate Eremuaren esparruan.
  • Praktika egokien behaketa erraztea erakunde kideen lan egiteko moduei eta lan inguruneei dagokienez.
  • Onuradunaren lanpostuak behar dituen gaitasunak hobetzea.
  • Unibertsitate kideekin harremanak sendotzea.

Modalitate honek ez du barnean hartzen kongresuetara joatea.

2. Parte hartzeko eskakizunak.

2.1. AZPk eta IIPk bete beharreko eskakizunak

1. Eskatzaileak programan parte hartzen duen herrialdeko nazionalitatea izango du edo beste hirugarren herrialdeetakoa, eta horretarako, mugikortasuna egiteko aldian Espainian bizitzeko baliozko baimena duela ziurtatu beharko du.

2. Eskatzaileak zerbitzu harremana izan beharko du UPV/EHUrekin edo hari atxikitako ikastegi batekin, bai funtzionario, bai lan izaerakoa, eta jarduneko zerbitzuan egon beharko du, eskabidea egiteko unean zein mugikortasuna egitean.

3. Interesatuak kudeatu eta eskuratu beharko du era horretako kasuetan, oro har, eskatu ohi den lekualdatze lizentzia.

4. Jatorri eta harrera erakundeek onartu beharko dute interesdunak mugikortasuna hasi aurretik aurkeztutako lan plana edo irakaskuntza programa (Mobility Agreement, I. eranskina).

5. Irakaskuntzarako Erasmus+ irakasleen mugikortasunaren oinarri dira erakunde parte hartzaileen arteko aldebiko akordioak. Bi unibertsitateen arteko aldebiko akordiorik ez badago mugikortasuna egin BAINO LEHEN, ezinezkoa da mugikortasun hori egitea. Prestakuntzarako modalitateetan ez dabeharrezkoa akordiorik egotea.

6. Mugikortasun hitzarmeneko lan egitasmoa aurrera eraman behar den hizkuntza eskakizun ziurtagiria aurkeztu behar da (gutxienez B1).[1]

[1] Ofizialak ez diren hizkuntzen baliokidetzari buruzko Errektorearen, 2012ko martxoaren 8 ko ebazpenean jasotako ziurtagiriak onartuko dira: https://www.ehu.eus/es/web/nazioarteko-harremanak/hizkuntza-gaitasunaren-akreditazioa/

2.2. Helburuko erakundeak bete beharreko eskakizunak

Irakaskuntzarako mugikortasuna (IIP) Erasmus Unibertsitate Gutun baten titular den goi mailako hezkuntzako unibertsitate edo erakunde batera soilik egin daiteke, eta eskatzailearen UPV/EHUko ikastegiarekin IIPrentzat truke akordioa izan behar du, sinatua eta indarrean 2017/18 ikasturterako.

Prestakuntzarako mugikortasunak (AZP eta IIP) Erasmus Unibertsitate Gutun baten titular den goi mailako hezkuntzako unibertsitate edo erakunde batera edo enpresa hautagarri batera soilik egin daiteke.

Ezin izango dituzte deialdi honetan aurreikusitako diru laguntzak eskatu ondoko egoeretako batean dauden pertsonek:

  • Epai irmoz diru laguntza edo laguntza publikoak jasotzera kondenatuak izan badira.
  • Zorrak badituzte UPV/EHUk ematen dituen diru laguntzak itzultzeko dauden betebeharrak direla eta.
  • Ebazpen irmoz zigortu badituzte legearen arabera diru laguntzak lortzeko aukera galtzearekin.

Bi modalitateetan, dagokion eskaerarekin batera, zinpeko deklarazio bat aurkeztuko dute eskatzaileek, beraiek sinatuta, agertuz aurreko paragrafoan adierazitako ezein egoeratan ez daudela.

3. Aurreikusitako jarduerak.

Mugikortasuna 2019ko irailaren 1aren eta 2020ko ekainaren 30aren artean egingo da.

Oro har, egonaldiak bost (5) egun balioduneko iraupena izango du. Bi egun eta bi hil arteko eskaerak onartzen dira, baina finantzatutako gehieneko iraupena 5 eskola egun edo prestakuntza egun osokoa da. Bost egunetik beherako aldiak salbuespena izango dira.

Irakaskuntzarako mugikortasunean, astean gutxienez zortzi orduko irakaskuntza eman behar da (baita iraupena astebetetik beherakoa bada ere) harrera ikastegian titulu bat lortzera bideraturiko ikasketa programaren barruko irakasgaietan.

UPV/EHUko pertsonalak ahalik eta parte hartze handiena izan dezan, ekintza honetan interesatuek, gehienez, mugikortasun bat egin dezakete 2019/20 ikasturtean; eta lehentasuna izango dute mugikortasun hori lehen aldiz eskatzen dutenek.

4. Aurreikusitako finantzaketa.

4.1. Batasuneko funtsen bidezko finantzaketa

Langileek laguntza europar bat jasoko dute beren bidaia eta mantenu gastuetan laguntzeko beste herrialde batean egoteko aldian zehar, SEPIEk ezarritako irizpide hauei jarraituz: Laguntza hori bi motatakoa da:

  1. Bidaia laguntza, distantziaren arabera
  2. Mantenu laguntza, iraupenaren eta norako herrialdearen arabera

a) Bidaia laguntza zenbateko bakarra da, lantokiaren eta jarduera garatzen den tokiaren arteko distantziaren arabera kalkulatua, EACEAren erabiltzaileen esku jarritako tresna informatikoaren bidez.

Bidaia distantzia Kantitatea
10 y 99 km artean 20 €
100 y 499 km artean 180 €
500 y 1999 km artean 275 €
2000 y 2999 km artean 360 €
3000 y 3999 km artean 530 €
4000 y 7999 km artean 820 €
8000 y 19999 km artean 1500 €

 

b) Mantenu laguntza EBren banakako laguntza bat da helburuko herrialdearen eta gehienez bost eguneko egonaldi egiaztatuaren iraupenaren arabera:

Oharra: jardueren hasiera egunaren aurrekoa eta amaiera egunaren ondorengoa finantzatuko dira, betiere premia justifikatzen bada eta dokumentuak aurkezten badira: bidaia igandean izatea astelehen goizean lan egiten delako / bidaia larunbatean izatea ostiral arratsaldean lan egiten delako.

1. taldea Danimarka, Erresuma Batua, Finlandia, Irlanda, Islandia, Liechtenstein, Luxemburg, Norvegia eta Suedia

120 €

eguneko
2. taldea Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Espainia, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Malta, Portugal, Zipre

105 €

eguneko
3. taldea Bulgaria, Kroazia, Eslovakia, Estonia, Errumania, Hungaria, Letonia, Lituania, Mazedoniako lehengo Errepublika Jugoslaviarra, Polonia, Serbia, Txekiar Errepublika, Turkia

90 €

eguneko

 

SEPIEk prozedura bat ezarriko du langile minusbaliatuentzako laguntza osagarriak emateko, oro har ezarritakoak gaindi ditzaketenak.

4.2. Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzaren laguntza osagarria

UPV/EHUk laguntza osagarri bat eskainiko du, SEPIEk emandako laguntzaren zenbatekoa gainditu denean erabil daitekeena. Helburuko erakunderako joan- etorriko garraioa ordaintzeko laguntza baldin eta zenbatekoak, justifikatuko diren kausengatik, EBk emandako gehienekoa gainditzen badu. Horrelakoetan, nahitaezkoa izango da garraio publikoko gastua egiaztatzea, ostatutik unibertsitatera eta aireportura egindako joan-etorriena eta autobusez edo taxietan egindako beste gastu txiki batzuk ere, guztiak behar bezala justifikatuak. Bidaiak bat etorri beharko du proposamenean zehaztutako datekin, eta ez baldin badator bat, ez da diru laguntzarik emango. Kotxe partikular bat alokatzea ez da izango ibilgailuaren alokairu gastutzat hartuko.

4.3. Bidaia eta ostatua kontratazioa

Diru laguntza ordaindu ahal izateko, onuradunek jatorrizko gastuaren egiaztagiria aurkeztu behar dute, eta onuradunaren izenean egon behar da (egiaztagiriak ez du balioko baldin eta beste pertsona batzuen izenean ere badago). Egiaztagiriarekin batera egindako jarduerari buruzko txostena aurkeztu behar da, azalduta deialdi honetan adierazitako helburuetan izan duen eragina. Hori guztia aurkezteko epea: mugikortasuna bukatu eta hurrengo 30 egunak.

Laguntza emateko baldintzak beteko ez balira, zenbatekoa itzuli beharko litzateke abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

Laguntza esleitu zaion pertsonaren batek mugikortasun ekintza egiterik ez balu, idazki bat aurkeztu beharko dio errektoreordetzari, laguntzari uko egiteko eta horren arrazoiak azaltzeko. Horrela, zenbateko hori banatu ahal izango da hautatuak izan ez diren eta interesekoak diren beste eskari batzuen artean.

5. Norakoak.

Deialdi honen 2. eranskinean agertzen dira UPV/EHUrekin irakaskuntzarako mugikortasun hitzarmena eta prestakuntzarako mugikortasun hitzarmena duten erakundeak, unibertsitateko zer ikastegirekin dagoen sinatuta eta plaza bakoitzean bete beharreko eskakizunak.

Suitzako unibertsitateak ez dira aipatzen deialdi honetan, Suitzak ez baitu parte hartzen Erasmus+ programako ekimen honetan. UPV/EHUk baditu hitzarmenak Suitzako unibertsitateekin baina ez du Erasmus+ diru- laguntzarik herrialde honetarako.

Irakaskuntzarako modalitatean, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek 2. eranskinean aurreikusi gabeko beste norako bat hautatzen badute, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak hitzarmen bat eskatuko du irakasleak edo AZPk bere ikastegiko koordinatzaileari aurkeztutako eskaeran oinarrituta, eta interesdunari zuzenean jakinaraziko dio haren mugikortasuna onartu den ala ez. Errektoreordetzak ez du bermatzen helburuko unibertsitateak hitzarmen hori onartuko duenik, ezta epe egokian erantzungo duenik ere.

Irakaskuntzarako modalitatean bi unibertsitateen arteko aldebiko akordiorik ez badago mugikortasuna egin BAINO LEHEN, ezinezkoa izango da mugikortasun hori egitea.

Prestakuntzarako mugikortasunerako, ez da beharrezkoa hitzarmen bat egotea.

Gainera, http://staffmobility.eu/ web orrian, Europako unibertsitateek administrazio eta zerbitzuetako langileentzat eskaintzen dituzten STAFF WEEKak (nazioarteko Erasmus asteak) argitaratzen dira.

6. Eskaera.

Eskaerak banakakoak izango dira. Gehienez eskaera bat entrega daiteke pertsonako.

Eskaria eredu arautuari jarraituz bete behar da. Honako web gunean daude eskuragarri:

IRI: http://www.ehu.eus/eu/web/nazioarteko-harremanak/deialdiak-irakasleak

AZP: http://www.ehu.eus/eu/web/nazioarteko-harremanak/deialdiak-azp

Osatu gabeko eskaerak ez dira aintzat hartuko.

Eskaerarekin batera, dokumentu hauek entregatu beharko dira:

  1. Helburuko erakundeak onartutako behin-behineko lan programa (Mobility Agreement), helburuko unibertsitateak mugikortasuna onartzen duela egiaztatzen du. Sinadura eskaneatuta duen dokumentua onartzen da.
    • Mobility Agreement for teaching
    • Mobility Agreement for training
  2. Interesdunak lan egiten duen sailaren zuzendariak (IIPk) edo zerbitzuburuak (AZPk) idatzitako aldeko txostena.
  3. Ikastegi bateko AZP eta IRIen kasuan: langilea den ikastegiko Nazioarteko Harremanetarako koordinatzaileak idatzitako aldeko txostena.
  4. Mugikortasuna akordioko lan plana gauzatuko den hizkuntzaren hizkuntz eskakizuna (B1 gutxienez).

7. Aurkezteko epea eta era.

Eskaerak aurkezteko epea deialdia hiru Campusetako iragarki taulan argitaratzen den egunean hasiko da eta 2019ko ekainaren 7an bukatuko da, egun hori barnean hartuta.

Eskaera eta dokumentazio osagarria Erregistro Nagusiko edozein bulegotan aurkeztuko da, urriaren 1eko 39/15 Legearen, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen 16.4 artikuluan adierazitako edozein bitartekoren eta eraren bidez. Hona zuzenduko da:

Erasmus+ mugikortasun deialdia AZP/IIP
Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetza
Ignacio María Barriola ikasgelategia
Elhuyar plaza 1
20018 Donostia-San Sebastián

Eskariak 39/2015 Legeko 66. artikuluak adierazten duen baldintza guztiak betetzen ez baditu, eta, hala dagokionean, 39/2015 Legeko 67. artikuluak adierazten dituenak, edo aplikatzekoak diren beste lege batzuek eskatutakoak, interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsak zuzentzeko edo falta diren nahitaezko dokumentuak bidaltzeko. Halaber, interesdunari jakinaraziko zaio hala egin ezean atzera botako zaiola eskaria; horretarako, lehenago ebazpen bat eman beharko da urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68. artikuluan ezartzen denaren arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

8. Balorazio Batzordea.

Jasotako eskaeren Balorazio Batzordea pertsona hauek osatuko dute: Nazioarteko Mugikortasuneko zuzendariak, Nazioarteko Harremanetako Zerbitzuko buruak eta batzordeko idazkari izango den teknikari batek, hitza bai baina botorik izango ez duenak.

9. Balorazio irizpideak.

Eskaera osatuak eta helburuan onartutako lan programa bat dutenak baino ez dira onartuko.

Plaza baino eskaera gehiago badago, balorazio irizpide hauek erabiliko dira:

  1. Lehenik, Erasmus+ edo aurreko Erasmus programetako irakaskuntza edo trebakuntza mugikortasun batean lehen aldiz parte hartzen duten pertsonen eskaerak kontuan hartuko dira. Irakaskuntza mugikortasunen kasuan, lehentasuna izango dute deialdi hau argitaratzen den datan hitzarmena duten unibertsitateetarako eskaerek.
  2. Jarraian, aurreko bost ikasturteetan[2], Erasmus+ edo Erasmus programetako Irakaskuntzarako edota Trebakuntzarako mugikortasun gutxien egin duten pertsonen eskaerek izango dute lehentasuna. Irakaskuntza mugikortasunen kasuan, lehentasuna izango dute deialdi hau argitaratzen den datan hitzarmena duten unibertsitateetarako eskaerek.
  3. Berdinketarik badago, lehentasuna izango mugikortasun hitzarmeneko lan egitasmoa aurrera eraman behar den hizkuntza konpetentzia altuagoa egiaztatzen duen eskaerak.
  4. Oraindik berdinketarik badago, UPV/EHUn egun gehien lan egin duenak lortuko du plaza.

[2] 2012/2013 ikasturtea ondoren

10.- Erabakia.

Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordeak, batzordeak egindako lehenespena ikusirik, berretsitako mugikortasunak eta erreserba zerrendan geratu direnak unibertsitateko iragarki taulan argitaratzea aginduko du.

Hala ere, banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei beren eskaeran adierazi duten posta elektronikoko helbidean, eta 10 egun balioduneko epea emango da mugikortasuna onartzeko edo hari uko egiteko.

11. Laguntzaren ordainketa.

Laguntza bi ordainketatan ordainduko da: laguntza europarraren % 70aren baliokide den lehen ordainketa bat, eta likidazioari dagokion bigarren ordainketa bat, jarduera egindakoan. Nahitaezko eskakizuna da bi ordainketak egiteko kudeaketa tramiteei ekiteko dokumentazio hau epearen barruan aurkeztea, hona zuzenduta:

AZP/IIP mugikortasuna ERASMUS+
Norentzat: Cristina Carcedo

Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetza
Liburutegiaren eraikuntza, 2. solairua,
Sarriena auzoa z/g
48940 Leioa (Bizkaia)

Hasierako ordainketa egiteko, joan aurretik gutxienez hamabost egun lehenago, hau entregatuko da:

  1. Langileen irakaskuntzarako edo prestakuntzarako mugikortasuna diruz laguntzeko hitzarmenaren bi ale (4. eranskineko dokumentua).
  2. Hegazkin edo aukeratutako garraioaren txartelaren eta bidaia aseguruaren kopia.

Likidazioa tramitatzeko, egonaldiaren ondoren hilabeteko epean hau aurkeztu beharko da:

  1. Egonaldiaren ziurtagiria (5. eranskina), UPV/EHUren formatuan, edo helburuko erakundearen beste batean, informazio bera jasotzen duena. Benetako jarduera egunak jasoko dira, kontuan izanik ziurtagiriaren datak egonaldia amaitzeko data berbera edo ondorengoa izan behar duela. Ziurtagiriak jatorrizkoa izan behar du, zirriborrorik eta zuzenketarik gabea, eta helburuko erakundearen harrera unitateko zuzendaritzak sinatu eta zigilatu beharko du.
  2. Behin betiko irakaskuntza edo prestakuntza programa (1. eranskina), mugikortasuna egin aurretik datatua.
  3. Bidaia gastuen likidazioa (6. eranskina), mugikortasuna egin izanaren ordainagiriekin batera (ontziratzeko txartelak, erabilitako garraiobideen jatorrizko txartelak, fakturak).
  4. EU GALDETEGIA (EU Survey) linean egingo da, gonbidapena jaso ondorengo 30 egun naturaletan zehar betetzeko. Bete ezean, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko Errektoreordetzak laguntza itzultzea eska dezake.
  5. UPV/EHU txostena, linean osatu behar dena.

12. Onuradunen betebeharrak.

1. Langileek eskainitako plaza onartu edo hari uko egin beharko diote 10 egun balioduneko epean, mugikortasuna eman dela jakinarazten denetik.

2. Langileek halakoetan orokorrean eskatu ohi den lekualdatzeko lizentzia kudeatu beharko dute.

3. Egindako edozein aldaketa, bereziki egonaldiaren daten edo programan egindako bajaren ingurukoak, posta elektronikoz jakinarazi beharko zaio Cristina Carcedori albait arinen (cristina.carcedo@ehu.eus).

Norakoen aldaketak aurrez Nazioarteko Harremanen Bulegoak onartu beharko ditu.

4. Mugikortasun horretako parte hartzaileak bidaiako laguntza aseguru bat izan beharko du, barnean hartuko dituena istripu estaldurak –gastu medikoak, lekualdatze medikoa eta aberriratzea–, eta gastu hautagarria izango da.

Deialdian adierazitako oinarri eta/edo epeak ez betetzea, datuak ezkutatzea, aldatzea edo manipulatzea emandako laguntza ezesteko, eteteko edo deuseztatzeko kausa izan daitezke, eta ordaindutako kantitateak itzuli egin behar dira nahitaez.

Nazioarteko Harremanen Bulegoak beharrezkotzat jotzen dituen nahi adina dokumentu eska diezazkieke onuradunei eta helburuko unibertsitateei, mugikortasuna deialdiaren xedearen espirituaren arabera egin dela egiaztatzeko.

13. Errekurtsoak.

Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta bide hauek erabil daitezke haren kontra, baina ez aldi berean inola ere:

a)  Lehenengo eta behin, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke erabakia eman duen organoari berari hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Administrazioarekiko errekurtso hori jarriz gero, eta errekurtsoa jarri eta hilabeteko epean erabaki adierazirik eman ezean, errekurtsoa ezetsitzat jo beharko da. Horrela gertatuz gero, auzibidera jotzeko aukera egongo da, b) letran azaltzen den legez. Presuntziozko ezespena gertatuz gero, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzeko epea sei hilabetekoa izango da, presuntziozko ezespena gertatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioarena, 46. artikulua).

b) Zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke administrazio auzietako epaitegietan. Horretarako, bi hilabeteko epea dago, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita (29/1998 Legea, uztailaren 13koa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioarena, 8.3 eta 46. artikuluak).

Leioa, 2019ko maiatzaren 6a

 

Marta Barandiaran Landin
Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea