14ikerke

Mintzola Fundazioaren eta Mikel Laboa Katedraren deialdia (2019) euskarazko ahozko kultur sorkuntzari buruzko doktorego-tesia egiteko

 

 

Mintzola Fundazioaren eta Mikel Laboa Katedraren deialdia (2019) euskarazko ahozko kultur sorkuntzari buruzko doktorego-tesia egiteko

 

DEIALDIAREN XEDEA

 

Mintzola Fundazioaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetzari esker sorturiko ikerketa-kontratu honen helburu nagusia euskaraz egiten den ahozko kultur sorkuntzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzea da. Esan nahi baita, antzerkigintza, kantugintza, bertsolaritza, kontalaritza edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide baten ikerketa sustatzea. Euskal Herriko Unibertsitatearen parte-hartzea Mikel Laboa Katedraren eta Euskararen eta Ikerketaren Arloetako Errektoreordetzen bidez gauzatu da. 

 

UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak, bestalde, bere zereginen artean du artearen eta folklorearen adierazpenei buruzko zein euskal artisten obrari buruzko doktorego-tesiak sustatzea, eta bere egitasmoan zehazten du bertsolaritzari, musikari eta dantzari arreta berezia eskainiko zaiola.

 

Hori guztia kontuan izanik, deialdi honen xedea honako hau da: Mintzola Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinaturiko lankidetza-hitzarmenaren esparruan, deialdi publikoa argitaratzea euskarazko antzerkigintza, kantugintza, bertsolaritza, kontalaritza edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bati buruzko doktorego-tesia egitea helburu duten doktorego aurreko kontratu bat formalizatzeko UPV/EHUn. 2019ko deialdian, doktoregaiak hautatuko du zein ikuspegitatik aztertuko duen arestian aipatutako ahozko kultur sorkuntzak, baina epaimahaiak kontuan izango ditu Bertsolaritzaren Ikerketa Plan Estrategikoan lehenetsitako iker-lerroak.

 

PROZEDURA

2019an doktorego aurreko kontratu bat finantzatuko da.
Kontratatua izan daitekeen hautagaiak masterra edo horren baliokidea amaituta izan beharko du kontratua sinatzeko unean eta UPV/EHUko doktorego-programa batean matrikulatuta egon beharko du (2019an).
Aukeratutakoak doktorego aurreko urte beteko kontratu bat lortuko du, beste hiru urtez luzatzeko modukoa, Euskal Herriko Unibertsitateko sail edo institutu batean tesia egiteko, formazioan diren UPV/EHUko ikertzaileei dagokien arautegiaren arabera. Matrikulazio-gastuak aukeratutako doktoregaiak ordainduko ditu.
Doktorego aurreko kontratu hori UPV/EHUren bidez formalizatuko da.
Tesiaren defentsa kontratua amaitu baino lehen egingo balitz, kontratatuak Doktore-titulua eskuratzen duen hilaren azken egunean etengo da kontratua. Kontratatuaren obligazioa izango da tesiaren defentsa-data aurretiaz (gutxienez aste bete lehenago) jakinaraztea Mikel Laboa Katedraren eta Mintzolaren zuzendaritzei.
Doktoregaiak urtero aurkeztuko dio Mikel Laboa Katedraren eta Mintzola Fundazioko zuzendaritzei, maiatzaren 30a baino lehen, urtean egindakoaren txostena eta hurrengo urteko eginkizunen aurreikuspena. Txosten hori tesi-zuzendariak sinaturik entregatuko da. Txostenaren ebaluazioaren arabera berrituko da kontratua, betiere aurrekontu nahikoa izanez gero.
Deialdi honetan zehazten diren ikergaietako bost adituz osaturiko hautaketa-batzordeak  baloratuko ditu aurkezturiko curriculumak eta tesi-proiektuak. Baremoak zehaztu ondoren, puntu gehien duenetik gutxienekora doan zerrenda egingo du. Puntuazio altuena lortu eta kontratatua izatea merezi duen hautagaiaren izena proposatuko dio Mikel Laboa Katedraren eta Mintzola Fundazioaren zuzendaritzei, bai eta horren ordezkoen izenak, uko egiteak edo beste edozein gertaera konpontzeko. Aditu batzordeak gurako guztiei edo batzuei elkarrizketa pertsonalak egitera dei egin ahal izango die. Batzordeak laguntzak eskuratu nahi dituzten eskatzaileen soslaiei egoki iritziko ez balie, 2019an kontraturik egin gabe utz liteke.

 

ESKARIAK

Eskariak Mintzola Fundazioaren Zuzendaritzari bidaliko zaizkio, deialdi honekin batera doan eskari-orriarekin, Fundazioaren egoitzara (Mintzola Fundazioa. Subijana Etxea, Kale Nagusia, 70. 20150 Amasa-Villabona).

Eskariak aurkezteko epea: 2019ko maiatzaren 3 arte (maiatzaren 3aren ondoren postaratutakoak ez dira onartuko).
Eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) NANaren fotokopia.
b) Curriculum vitaea eta curriculumean aipaturiko merezimenduak egiaztatzen dituzten dokumentuen kopia. Egiaztatu gabeko merituak ez dira baloratuko.
c) Norberaren ikasketen espedientea (Doktoregoko ikasketetara edo Ikerkuntzako Master Ofizialera sarbidea ematen duen tituluaren ikasketen espedientea), non lortutako kalifikazio guztiak eta horien datak agertzen diren. Espedientean agertu behar du titulua eskuratzeko egin behar diren irakasgai edo kreditu guztiak egin direla.
d) Doktorego-tesiaren proiektuari dagokion txostena, tesiaren eta saileko/institutuko zuzendarien oniritziekin. Ikerketa-proiektua ondorengo e-postara ere bidali behar da PDF formatuan: pio.perez@ehu.eus.
e) Tesiaren zuzendariaren curriculum vitaea, erabili ohi diren formatuetakoren batean.
f) Merezimenduak barematzeko esanguratsutzat jo litekeen beste edozein dokumentu.
g) Aurkeztutako dokumentuen zerrenda (I Eranskina).

 

EBALUAZIO-IRIZPIDEAK

Proposamenak honako irizpide hauei jarraituz ebaluatuko dira:

Hautatutako ikergaiaren egokitasuna, tamaina eta koherentzia, deialdian proposatutako ikerketa-lerroen artean.
Proiektuaren ebaluazioa: doktorego-tesia egiteko proiektuaren eta metodologiaren helburuak eta interesa.
Doktoregaiaren espedientea: CVa eta espediente akademikoa.
Euskarazko tesiak bakarrik onartuko dira.

 

DATAK ETA INFORMAZIOA

Eskariak aurkezteko epea: 2019ko maiatzaren 3ra arte.
Hautatuaren izena eta ordezkoen zerrenda argitaratzeko eguna: 2019ko maiatzaren 30a
Kontratua sinatu eta tesia egiten hastea: 2019ko ekaina-uztailean.
Mintzola Fundazioaren atarian (http://www.mintzola.eus) eta Mikel Laboa Katedraren atarian (http://www.ehu.eus/laboakatedra) argitaratuko da deialdiari buruzko informazioa eta deialdiaren urratsen berri.
Deialdiaren inguruko gorabeherei buruzko galderak honako helbide elektroniko honetara zuzenduko dira: pio.perez@ehu.eus