plan estrategikoa 2022-2025 Aurrekariak

AURREKARIAK

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), 1980an sortua, euskal gizartearen unibertsitate publikoa da. Ikertzen duen unibertsitate bat da, ezagutza sortzearen aldeko apustua egiten duena, eta jakin badakiena ekarpen bat egiten diola gizarte desafioen konponbideari. Ezagutza sortzeko eta transmititzeko ingurune global batean, bateratu egiten du euskal gizartearekiko duen betebeharra zientzia irekiaren nazioartekotze prozesuarekin.

UPV/EHUren helburuak bere logotipoan sinbolizatuta daude, Eduardo Chillida artistak sortu zuena eta Iparragirreren “Gernikako Arbola”-ren bertso batez lagunduta irudikatzen dena: eman ta zabal zazu (munduan fruitua).

Zientziaren, teknologiaren eta kulturaren arloko aurrerabidea da egungo euskal gizartearen ezaugarri behinenetako bat, eta aurrerabide horren oinarria, hein handi batean, haren unibertsitate publikoaren jarduera da: UPV/EHU. Euskal komunitatearen garapena esplikatzen duen gakoetako bat da gure unibertsitatea.

UPV/EHU, halaber, ideia berriak sortzeko leku bat ere bada, baita eztabaidarako eta ideiak kontrastatzeko leku bat ere. Konpromiso etiko eta sozial sendo baten oinarriaren gainean, giza eskubideak, genero berdintasuna, kultur aniztasuna eta bizikidetza defendatzen ditu, gizartearen eta etorkizuneko belaunaldien mesedetan. UPV/EHUk modu erabakigarrian indartu du euskara, pentsamendurako eta ekoizpen zientifikorako hizkuntza gisa, eta bultzada handia eman dio euskal kulturari. 42 urteko ibilbidean, gure unibertsitatea sendotu egin da eta ospea irabazi du, bai gure artean bai atzerrian.

Izan ere, haren Estatutuetako lehenengo artikuluak honela dio: “UPV/EHU zuzenbide publikoko erakunde bat da, gizartearen zerbitzura dagoena. Erakunde autonomiaduna da, nortasun eta ahalmen juridikoak dauzkana, bai eta ondare propioa ere. Goi mailako irakaskuntza eskaintzen du, bere eskumenen eremuan, honako hauen bitartez: irakaskuntza, ikerketa, ikasketa, kultura eta unibertsitate hedakuntza, eta bere jardueren oinarri diren gestio prozesuak eta zerbitzuak. Bestalde, euskal gizartearen premiei erantzungo die, bai eta historiak eta aldaketa sozioekonomiko, politiko eta kulturalek ekarritakoei ere. Kultura eta zientzia unibertsalaren jakintza ere zabalduko du gizartean, eta euskara eta euskal kultura bultzatuko ditu bereziki. Era berean, ekonomia, gizarte eta ingurumenaren jasangarritasunerako irizpideei jarraiki eramango ditu aurrera eguneroko zereginak”.

UPV/EHUk beren Plan Estrategikoa berritzeari ekin dio 2021ean. Indarrean dagoen plana oinarritu zen Klaustroak 2017ko azaroaren 23an onartu zituen plangintza estrategikoaren gidalerroetan. Gobernu Kontseiluak 2018ko uztailaren 12an onartu zuen plan estrategiko hori, eta 2021a ezarri zuen plana amaitzeko eta berrikusteko data gisa.

UPV/EHUk berezkoa duen dinamismoa dela eta, beharrezkotzat du etengabe eguneratzea bere jarduera ildo nagusiak. UPV/EHU eragile garrantzitsuenetako bat izango da Euskal Herriaren etorkizun kulturalaren, sozialaren eta ekonomikoaren eraikuntzan. Ezinbestekoa da erakundearen errealitatearen analisi xehe bat eta epe ertain eta luzerako estrategien proiekzio egokia egitea, unibertsitatearen ekarpena aberatsa eta esanguratsua izan dadin.

UPV/EHU Shanghaiko rankingaren 400 unibertsitate onenen artean dago, puntako ikertalde finkatuekin jakintzaren arlo guztietan. Euskal gizartearen garapen kulturalean, sozialean eta ekonomikoan bereganatu duen garrantzia arreta handiz eta etenik gabe eginiko lanaren emaitza da. Horretarako, unibertsitatea eta lurraldea lotzen dituzten aliantza estrategikoak egin dira, palanka gisa balio dutenak bikaintasuna eta nazioarteko proiekzioa sustatzeko. Horren adibide dira DIPC eta Tecnaliarekiko aliantza, Euskampus fundazioaren esparruan garatutakoa, eta ENLIGHT partzuergoa, Europako beste 8 unibertsitaterekin batera osatzen duguna. Ezagutzaren komunikazioa eta dibulgazioa indartu ditugu, eta gizarte inpaktuko kontratuak eta proiektuak egiten ditugu agente ekonomiko, sozial eta kulturalekin elkarlanean. Gizarteak begi onez ikusten du gure unibertsitatea, eta erakunde baloratuena izan zen 2019ko Euskal Soziometroan.

Aurrekoa gorabehera, unibertsitateko kideen pertzepzioa beti ez dator bat gizarteak gutaz duen iritzi positiborekin. Besteak beste, lan egonkortze eta promozio geldoa etsigarria da erakundean diharduten langileentzat.

Gure unibertsitatearen ikuspegiak globala izan behar du, eta pertsona bakoitzak unibertsitate eraikuntzari eginiko ekarpenak proiektu kolektiboan integratuagoa egon behar du. Irakasle-ikertzaileen eta AZPko langileen ibilbide profesionalak zaindu eta planifikatu behar ditugu. Epe ertain eta luzera begiratu behar dugu, eta bi dira erakundean inplikazio handiagoa lortzeko faktoreak: lanpostu iraunkorrak proiekzioarekin, eta etorkizun argia.

Hamar urte igaro direnean Boloniako Plana deiturikoa martxan jarri zenez geroztik, birpentsatu egin behar dugu nola heldu unibertsitate bilakaerari. Ikasle bakoitzaren prestakuntza integrala indartu eta lagunduko duen unibertsitate bat nahi dugu, egoki erantzun diezaieten tokiko eta mundu mailako gizarte desafioei. Nazioarteko lankidetzak eta diziplinaz gaindikoak giltzarri dira urrats kualitatiboak egiteko prestakuntzan eta ikerketan. Horizon Europe 2021-2027 esparru programa berria oinarrizko elementu bat da lankidetza horiek errazteko.

Prestakuntza, ikerketa, transferentzia, ezagutzaren dibulgazioa, kulturaren, euskararen eta genero berdintasunaren sustapena, baita inklusio nahiz jasangarritasun politikak ere, gure unibertsitateari datxezkion eginkizunak dira, ez konpartimentu estankoak, ezta lehiakide estatikoak edo elkarrekiko bateraezinak ere, dinamikoak eta osagarriak baizik, eta elkar gurutzatu behar ditugu gure eguneroko jardunean. 2015ean Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) onartzeak berekin ekarri zuen erreferentzia esparru global bat finkatzea, unibertsitate jarduerak barne hartzen dituena. Izan ere, UPV/EHUk bere 2030 EHUagenda dauka. NBEk onartutako 17 GJHei beste bat gehitu zaie, euskarari eta euskal kulturari loturikoa.

Ziurgabetasuna nagusi den garai hauetan, ezinbestekoa da egokitzeko gaitasun handia edukitzea. COVID-19aren pandemiak erakutsi digu onartu eta ikasi egin behar dugula ziurgabetasuna kudeatzen etorkizunari heltzeko gure moduan. Unibertsitateak gai izan behar du egoera zailetan aurrera egiteko. Hori horrela, Europar Batasunaren Next Generation Funtsak (NGEU), Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren bidez, Euskadiko Berreskuratze eta Erresilientzia Plana 2021-2026 - EUSKADI NEXT, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana edo hurrengo Euskal Unibertsitate Sistemaren Plana funtsezko elementuak izango dira finantzaketa esparru berri bat ezartzeko, aukera emango duena UPV/EHUren premiei modu koherente batean erantzuteko, aintzat harturik gizarteari egiten dion ekarpena.

2017-2020 Agintaldiaren Balantzetik abiatuta, gogoeta prozesu bat egin nahi da, parte hartzailea eta unibertsitateko kide guztiei irekia, unibertsitatearen lehentasunak ezartzeko datozen lau urteei begira, aurrera egiteko modua emango duena UPV/EHU 2030 etorkizuneko ereduaren garapenean, eredu horren xedea izanik ekarpena egitea bikaintasunean oinarritutako irakaskuntzaren eta ikerketaren bidez bai gizarte desafioei bai Garapen Jasangarrirako Helburuei.