Eduki publikatzailea

UPV/EHUren irudia zabaltzeagatik banatutako sariek diziplina arteko elkarlana nabarmendu dute

Gidatzean bizi-konstanteak neurtzen dituen sistemak, Ingeniaritza eta Medikuntzako ikasleek garatutakoak, lehen saria

Lehenengo argitaratze data: 2015/12/14

Irudia
UPV/EHUren Irudia ondoen Zabaltzen Lagundu duten Ikasle saridunak

Gidatzean pertsonaren segurtasuna hobetzeko, ingeniaritza eta medikuntza uztartzen dituen proiektuak jaso du UPV/EHUren Irudia ondoen Zabaltzen Lagundu duten Ikasleak Saritzeko VI. deialdiaren lehen saria. Hain zuen, Andoni Olozoagak, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko ikasleak, eta Idoia Ruisek, MIRreko ikasleak, sistema bat garatu dute automobilaren bolantearen bidez gidari baten bizi-konstanteak neurtzeko. Proiektuaren izena hau da: Bio Readings for the interaction between the driver; car with security and comfort purposes. Valeok, automozioaren arloko multinazionalak, bultzatu zuen ideia berritzaileen lehiaketako finalista izan zen. Epaimahaiak baloratu ditu proiektuaren nazioarteko komunikabideetan izandako inpaktua, originaltasuna eta, batez ere, ingeniaritza eta medikuntzaren jakintza-arloen arteko elkarlana. Epaimahaiko presidente eta UPV/EHUko Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreorde Maite Zelaiak 2.500 euroko lehen saria eman die.

Bigarren saria (1.500 €) Arte Ederretako Fakultateko ikasle Ruben Pinoarentzat izan da. Berak Parisko Canson Art School Awards lehiaketan Tragaperrak lanagatik aipamen berezia lortu zuen; bestalde, Bilboko Arteshop 2015 edizioan lehen saria jaso zuen, baita Bulgariako Sofiako Arteko Akademia Nazionalak antolatutako lehiaketan Nazioarteko Marrazketa Saria ere. Kasu horretan, epaimahaiak nabarmendu du lan onaren eta prestigioaren zantzua; eta, aldi berean, unibertsitateko ikasleek lortzen duten prestakuntza eta heziketa. Iker Martínek, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko presidenteak, saria banandu du.

Hirugarren saria (1.000 eurokoa) Asier Rufok buru duen taldeari eman dio, zeinek Ez naiz homofoboa baina… kanpaina proiektua martxan jarri duen. Taldea LGTB Liga ikasleen elkartekoa da, lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen eskubideak defendatu eta zabaltzen dituena. Aldi berean, kolektibo horrek UPV/EHUko balore hauek ere hedatzen laguntzen ditu: unibertsitate irekia, plurala eta gizarte-arduratsua. Fernando Etxegaraik, Ikasleen zuzendariak, eta Jose Antonio Oleagak, epaimahaikideak, hirugarren saria eman dute.

Era berean, banaketa ekitaldian, accesit-ekin (600€) proiektu hauek nabarmenduak izan dira:

  • HEBE. Eduardo Gonzalez buru duen taldea. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea. Arte eta Giza Zientzien arloan.
  • EMSOC Bilbao 2014. Iñigo Hernando. Medikuntza eta Odontologia Fakultatea. Osasun Zientzien arloan.
  • Bilbao Dynamics. Jose Luis Unibaso buru duen taldea. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa. Ingeniaritzaren eta Arkitekturaren arloan.
  • Genero indarkeria prebenitu eta erlazio afektibo sexual osasuntsuak sustatzeko proiektua. Andrea Correa buru duen taldea. Bilboko Irakasleen Eskola. Gizarte eta Lege Zientzien arloa.
  • Real Cost 20.39. Asier Morán. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea. Gizarte eta Lege Zientzien arloa.

Sari hauek UPV/EHU marka zabaldu duten ikasleak aitortzen dituzte, tokiko, estatuko nahiz nazioarteko proiektu edo jardueretan parte hartuz, 2014-2015 edo 2015-2016 ikasturteetan.