Eduki publikatzailea

Nanoteknologien araudia hobetzeko proposamen berriak

Nanoteknologien inguruko gobernantza-prozesu parte-hartzailea, zabala eta gardena proposatzen du UPV/EHUko ikertzaile batek

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/30

Irudia

Nanoteknologiek hazkuntza nabarmena izan dute azken hamarkadan. Hazkuntza hori bizkorra izaten ari bada ere, materialak nanoeskalan manipulatu eta diseinatzetik lortzen diren zenbait nanomaterialek osasunean eta ingurumenean eragin ditzaketen arrisku potentzialen ezagutza-mailak baxua eta ziurgabetasun zientifikoz betea izaten jarraitzen duela uste du Aratz Ramirez de la Piscina UPV/EHUko ikertzaileak. Horrenbestez, zuzenbidearen alorrari dagokionez, arrisku posible horien onargarritasunaren gainean erabakiak eta neurri juridikoak adostean, kontuan hartu beharreko zenbait elementuren proposamena eta horien gaineko hausnarketa egin du UPV/EHUko ikertzaileak.

Nanomaterialen  tipologia gero eta anitzagoa da eta sektore industrial gero eta gehiagotara hedatuz doaz (medikuntza, industria kimikoa, elikagaiak, ehungintza, energia, informazioren teknologiak eta abar). Nanoteknologia bide berri asko irekitzen dituen ikerketa-eremu bat da, iraultzailea. Zenbaiten ustetan, nanoteknologiak badu, ordea, beste aurpegi bat: ingurumen- eta osasun-arrisku berriak eragiteko izan lezakeen ahalmena. "Alderdi horren ezagutza-maila baxua eta ziurgabetasun zientifikoz betea dago, eta nanomaterial batzuek (ez guztiek) osasunean edo ingurumenean izan ditzaketen kalteen larritasunari buruzko zantzu zientifikoak gero eta ugariagoak dira" adierazi du Ramirez de la Piscinak.

Egoera horren aurrean, zuzenbidearekin ikuspegitik, nanomaterialen balizko arriskuen tratamendu juridikoak jokoan dauden ondasun juridiko, giza eskubide, balio eta interesak haztatu eta ziurtasun juridikoak eraiki behar dituela uste du UPV/EHUko ikertzaileak. "Europar Batasuneko Komisioak gidatutako estrategia normatiboa ez da planteatzen diren ingurumen eta osasun arazo horiei eraginkortasunez erantzuteko baliagarria. Izan ere, giza eskubide eta kezka etiko, sozial eta ekonomikoekin zerikusia duten erronkei ez heltzeaz gain, ez du bermatzen nanomaterialen ekoizpen, erabilera eta komertzializazio segurua" gehitu du.

Horrenbestez, balizko arriskuen ebaluaketan eta arrisku posible horiei buruzko erabaki politiko-juridikoak hartu eta neurri juridiko kontsekuenteak diseinatzean sortzen diren gabeziak identifikatu eta horiek gainditzeko aplikatu daitezkeen zenbait printzipio proposatu ditu Ramirez de la Piscinak. "Nanoteknologiek planteatzen dituzten arrisku posibleen onargarritasunari buruzko erabakiak hiru printzipio nagusitan oinarritu behar dira: printzipio demokratikoa, arreta printzipioa eta gardentasun printzipioa" esan du.

Hiru printzipio

Batetik, "nanoteknologien garapenak sorrarazi ditzakeen onura zein kalte potentzialek gizarte osoari —gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiei— eragin diezaieketen neurrian, nanoteknologien gobernantza herritarren eta alderdi interesdun desberdinen iritziak entzun eta kontuan edukiz eraiki behar da" dio Ramirez de la Piscinak. Bestalde, "arreta printzipioak osasun eta ingurumenaren babes-maila altua bermatzen duten sistema normatiboa egituratzea izan behar du helburu –dio ikertzaileak–, beste neurri batzuekin batera, nanomaterialen informazio transmisiorako mekanismo administratiboak aurreikusiz eta nanoteknologiaren industria nanomaterialen segurtasunaren alorra ikertzera bultzatuz". Azkenik, gardentasun printzipioak nanoteknologiei buruz dagoen informazio eta ezagutza-maila baxuari aurre egiteko bideratutako mekanismo administratiboen onarpena eskatzen duela iruditzen zaio.

Europar Batasunean nanoteknologiari aplikatutako segurtasun-neurri espezifikoak barne hartzen dituzten araudien artean esanguratsuenetarikoak produktu kosmetikoen, bioziden eta elikagaien gaineko araudiak direla aipatu du ikertzaileak. Araudi horietan, adibidez, nanomaterialen arrisku posibleen gaineko segurtasun neurri espezifikoak aurreikusten dira, osagaitzat nanomaterialak dituzten produktu guztien etiketatzea derrigortzen da eta abar. "Gainerako sektoreetan ez da inolako aldaketa normatiborik onartu eta Europar Batasuneko Komisioak gomendioak eta orientazio-gidak ematearen aldeko hautua egin du. Horiek ez betetzeak, ordea, ez du ondorio legalik eragiten" dio Ramirez de la Piscinak. Horrenbestez, "nanomaterialei aplikatzen zaien marko normatibo komunitarioa bere osotasunean kontuan hartuta, arreta printzipioaren, printzipio demokratikoaren eta gardentasun printzipioaren prismatik aztertuta gabezia garrantzitsuak erakusten ditu" adierazi du.

Zentzu horretan, "nanoteknologiaren industriaren interesen alde Eupar Batasuneko Komisioak aurrera eraman duen estrategia normatiboak norabide aldaketa bat eskatzen du zuzenbidearen alorrean" ondorioztatu du Ramirez de la Piscinak.

Informazio osagarria

Aratz Ramirez de la Piscina Arrillaga (Gasteiz, 1988) Zuzenbidean lizentziaduna da. Nanoteknologien arauketa juridiko komunitarioa / The European Union regulation of nanotechnologies nazioarteko doktore-tesia egin du UPV/EHUko Leioako Zuzenbide Fakultateko Administrazio Zuzenbidea, Konstituzio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Filosofia Sailean, Iñaki Lasagabaster Herrarte UPV/EHUko irakaslearen gidaritzapean. Tesia kotutoretza-hitzarmen baten menpean egin du Frantziako Université de Pau et des Pays de L`Adour unibertsitatearekin.

 

Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU. (Portada Campusa: (bonninturina/Dollar Photo Club).