Eduki publikatzailea

'Garbitzea' da garunaren 'konpontzeko' era

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/30

Mikroskopia irudi honetan neuronak (berdez) eta mikroglia eta bere adar luzeak (gorriz) ikus daitezke.
Mikroskopia irudi honetan neuronak (berdez) eta mikroglia eta bere adar luzeak (gorriz) ikus daitezke. Egilea: GerryShaw, 2005 https://it.wikipedia.org/wiki/File:Microglia_and_neurons.jpg

Achucarro Basque Center for Neuroscience, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta Ikerbasque Fundazioaren ikerketa batek neuroendekapenezko gaixotasunak garbitzeko garunak dituen mekanismoen funtzionamendua azaldu du.

Neuronak hiltzen direnean beren aztarnak aguro garbitu beharra dago, inguruko garun-ehuna behar bezala funtzionatzen jarrai dadin. Fagozitosi ("phagein", jatea, eta "kytos", zelula, grekeraz) izeneko prozesu horren arduraduna mikroglia izeneko zelula-mota oso espezializatu bat da. Zelula txiki horiek adar asko dituzte eta, etengabe mugitzen dituzte garunean zehar, adarrak osagai arrotz guztiak, hildako zelulak barne, detektatu eta suntsitzeko bereziki prestatuta baitaude. Edo hori uste zen orain arte behintzat.

Public Library of Science (PLoS) Biology aldizkariak argitaratu berri duen ikerketa honek gaixorik dagoen garun baten baitako neuronen heriotzaren eta mikroglien fagozitosiaren prozesua aztertu du lehenengoz. Horretarako, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko epilepsia duten gaixoen eta epilepsia duten arratoien garun laginak erabili dira.

Ezaguna da epilepsiari loturiko konbultsioetan neuronak hiltzen direla. Baina orain arte uste ez bezala mikroglia itsu dago patologia horretan, ez dauka neuronak aurkitu eta suntsitzeko gaitasunik. Bere portaera ezohikoa da. Eta suntsitu ez diren hildako neuronak pilatzen doaz, kalte handiagoa eraginaz inguruko neuronengan; horrenbestez garuna handitu egiten da, bere egoera are gehiago kaltetuz.

Aurkikuntza honi esker garunaren gaixotasunen efektuak arintzeko terapia berriak ikertzeko bide berri bat ireki da. Izan ere, lana sinatu duen ikertaldeak fagozitosi izeneko garbiketa prozesu hori abiarazteko sendagaiak nola garatu ikertzen ari da egun, epilepsia duten gaixoen tratamendua hobetu ahal izateko.
Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroko Glia-zelulen Biologia Laborategiko zuzendari Amanda Sierra doktoreak zuzendu du ikerketa eta lan esperimentala Oihane Abiega, Sol Beccari eta Irune Díaz Aparicio ikerlarien ardura izan da nagusiki. Achucarroko eta UPV/EHUko beste zenbait ikerlarik parte hartu dute ere: Juan Manuel Encinas, Jorge Valero, Víctor Sánchez-Zafra eta Iñaki París.

Nazioarteko ikerketa hau Euskaditik koordinatu da eta ondoko erakundetako ikertaldeak hartu ditu: CIC bioGUNE (Derio), Bordeleko Unibertsitatea (Frantzia), Southamptongo Unibertsitatea (Erresuma Batua), Lavalgo Unibertsitatea (Kanada) eta Baylor College of Medicine (AEB).