Eduki publikatzailea

Ángel Rubio irakaslea Europaea Akademiako kide egin dute

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/21

Irudia

Ángel Rubio, UPV/EHUko Materialen Fisikako katedraduna, Nano-bio Spectroscopy Group ikertaldearen arduraduna eta Hanburgoko Max Planck Institute for the Structure and Dynamics of Matter institutuko Teoria Saileko zuzendaria, Europaea Zientzia Akademiako kide egin dute, zientziari egin dion ekarpen garrantzitsuagatik.

"Europaea Zientzia Akademiako kide izateak mundu osoan balioa ematen dio nik zuzentzen dudan ikertaldeak azken urteotan egin duen lanari, baita Espainiako materialen fisikaren arloari ere. Poz eta atsegin handiz sartuko naiz akademian; akuilu bat gehiago da are gogotsuago lan egiteko ikerketaren mundu zirraragarri honetan", adierazi du Rubio irakasleak.

Europaea Akademia, 1988an sortua, Giza Zientzien eta Zientzien alorreko ikertzaileak biltzen dituen Europako akademiarik entzutetsuenetako bat da. 3.000 kide baino gehiago ditu, denak ere liderrak euren esparruan. Gainera, erakunde horretako 50 kidetik gora Nobel saridunak izan dira.

Ángel Rubio American Association for the Advancement of Science (AAAS) elkarteko kide osoa da, Amerikako Zientzia Akademia (NAS) ospetsuko kide atzerritarra, eta American Physical Society (APS) erakundeko kide ikertzailea. Halaber, hainbat zientzia sari irabazi ditu: besteak beste, Alexander von Humboldt Fundazioak ematen duen Friedrich Wilhelm Bessel saria eta Oinarrizko Zientziaren arloko Jaime I.a Erregea saria. Aurten, gainera, ondoz ondoko bigarren aldiz, ERC Advanced Grants beka prestigiotsuetako bat jaso du Europako Ikerkuntza Kontseiluaren eskutik. European Research Council erakundearen diru laguntza horiek, hain zuzen ere, zientzialari europar garrantzitsuenei eta proiektu abangoardistenei ematen zaizkie.

Rubio irakaslea eta haren taldea, egin dituzten ikerketa teorikoen ondorioz, mundu osoko erreferente bilakatu dira sistemak eskala nanometrikoan modelizatzeko esparruan; haien azterlanen helburua da ulertzea edo aurreikustea materialek nola jokatzen duten estimulu jakin batzuekin (besteak beste, argiarekin). Halaber, simulazio teknika berriak diseinatu dituzte, nanoegiturek edo biomolekulek nola jokatzen duten jakiteko.

Argazkia: UPV/EHU