Eduki publikatzailea

Angel Rubio irakasleak Espainiako Fisikako Erret Elkartearen domina jaso du

Lehenengo argitaratze data: 2016/10/25

Irudia

Espainiako Fisikako Erret Elkarteak (RSEF) erakundearen domina eman dio Angel Rubiori. UPV/EHUko Materialen Fisika Saileko katedraduna da Rubio, baina baita Nano-bio Spectroscopy Group ikerketa taldeko arduraduna eta Hanburgoko Max Planck Institute for the Structure and Dynamics of Matter institutuko Teoria Saileko zuzendaria ere. Bigarren aldia da Espainiako Fisikako Erret Elkarteak Rubio irakaslearen lana aitortzen duena; 1991. urtean, Ikertzaile Berriaren Saria eman zioten.

RSEF domina Espainiako Fisikako Erret Elkarteak eta BBVA Fundazioak elkarrekin antolatzen duten Fisikako Sarien ekitaldian ematen da. Epaimahaiak, saria ematean, hitz hauek esan ditu irakasleari buruz: "Munduan erreferente da materialak simulatzen, eta hark sortutako kalkulu programa mundu osoko ehunka ikerketa taldek erabiltzen dute. Horri esker, ezagun egin da ikertzaile gisa, eta azken hamarkadan eragin handiena izan duten fisikarietako bat bihurtu da". Espainiako Fisikako Erret Elkarteak abenduaren 14an emango dio saria Ángel Rubio irakasleari, RSEF-FBBVA 2016 Fisikako Sarien ekitaldi solemnean.

"Ohore eta harrotasun handia da Espainiako Fisikako Erret Elkarteak urteotan egin dugun ikerketa lana aitortzea domina honen bitartez. Meritu hau nirekin lan egiten duten eta lan egin duten ikasle eta doktore guztiena da. Espainiako Fisikako Erret Elkarteak aitorpen handi hau egitea are pozgarriagoa da; izan ere, askotan zailagoa norbaiti merituak etxean aitortzea kanpoan baino", adierazi du Rubio irakasleak.

Ángel Rubio American Association for the Advancement of Science (AAAS) elkarteko kide osoa da, Amerikako Zientzia Akademia (NAS) ospetsuko kide atzerritarra, eta American Physical Society (APS) erakundeko kide ikertzailea. Halaber, hainbat zientzia sari irabazi ditu: besteak beste, Alexander von Humboldt Fundazioak ematen duen Friedrich Wilhelm Bessel saria eta Oinarrizko Zientziaren arloko Jaime I.a Erregea saria. Aurten, gainera, ondoz ondoko bigarren aldiz, ERC Advanced Grants beka prestigiotsuetako bat jaso du Europako Ikerkuntza Kontseiluaren eskutik. European Research Council erakundearen diru laguntza horiek, hain zuzen ere, zientzialari europar garrantzitsuenei eta proiektu abangoardistenei ematen zaizkie. Rubio irakaslea eta haren taldea, egin dituzten ikerketa teorikoen ondorioz, mundu osoko erreferente bilakatu dira sistemak eskala nanometrikoan modelizatzeko esparruan; haien azterlanen helburua da ulertzea edo aurreikustea materialek nola jokatzen duten estimulu jakin batzuekin (besteak beste, argiarekin). Halaber, simulazio teknika berriak diseinatu dituzte, nanoegiturek edo biomolekulek nola jokatzen duten jakiteko.

Argazkia: UPV/EHU