Eduki publikatzailea

Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa abian da

Lehenengo argitaratze data: 2017/01/27

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitatearen Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa inauguratzeko ekitaldia egin da, Zuzenbide Fakultatean, eta arlo akademiko, juridiko eta sozialaren berrogeita hamar ordezkari inguru elkartu dira bertan.

Proiektuak, 2016-2017 ikasturtean ezarri denak, Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren eredu bat du oinarrian, giza eskubideen alde eta bazterkeriaren aurka konprometituta dagoena, eta haren helburuak hauek dira: Zuzenbide Fakultateko ikasleei bidegabekeria egoera larriak bizi dituzten pertsonen eta taldeen auziak ezagutzera ematea; auzien analisirako eta juridikoki bideratzeko tresnak sortzea (eskubideen eta alderdi kriminologikoen ingeniaritza), ikasketetan jasotako ezagutzak eta ekimen sozialetan inplikatutako elkarteen eta erakundeen esperientziak bateratuta; erreformak planteatzea zuzenbideko irakaskuntzan eta kriminologiako ikasketetan, botere sistemei buruzko gogoetaren zeharkakotasuna ahalbidetzeko; eta, azkenik, botere publikoek justizia sozialaren arloko politiketan egiten duten lanean laguntzea, esku hartzeko edo hobetzeko arloak iradokita.

Maggy Barrèrek, UPV/EHUko irakasleak eta proiektuaren zuzendariak, zera adierazi du: "Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren abiapuntua inkonformismoa da, bai zuzenbideko irakaskuntzei dagokienez, bai horien arabera zuzenbide lanak egin behar dituztenei ematen zaien paperari dagokionez. Zentzu horretan, testuei lotuta eta gizarte bidegabekerietatik urrun dagoen legelariaren eredua sostengatzen duen formalismoaren aurrean, Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren jardueraren oinarrian dagoen legelari ereduaren baitan, legelariak badaki bidegabekeria ez zaiola arrotza zuzenbideari eta, horrez gain, jabetzen da lanbide juridikoetatik zuzenbide zuzenago baten alde lana egiteko aukeraz. Eredu horren ahalmenaren euskarri, Gizarte Sozialaren aldeko Klinika Juridikoak zuzenbidearen arloko profesionalen babes handia izango du; izan ere, haien ibilbide pertsonalagatik, elkarteen sareekiko izan duten loturagatik edo erakunde publiko jakinetan egindako lanagatik, eskarmentu handia dute guztiek bazterkeriari eta giza eskubideen defentsari lotutako auzietan. Hain zuzen, horrelako profesionalek emandako auziei buruzko lanei esker, Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa gune bat izan daiteke, non berrikuntza pedagogikoa eta metodologikoa eta ingurune hurbileko arazoei buruzko gogoeta teoriko eta kritikoa egin daitekeen ".

Proiektu eraldatzailea

Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren bidez, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko ikasleek curriculum nahiz borondatezko praktikak egin ahal izango dituzte, baita Gradu Amaierako Lana (Zuzenbidean edo Kriminologian) eta Master Amaierako Lana ere. Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa "proiektu eraldatzaile bat da; izan ere, bazterkeriaren aurkako estrategiak diseinatzeko aukera emango du, moldeak hausteko baliagarriak izango direnak, XXI. mendeko legelariek nolakoak izan beharko luketen erakusteari begira; legelari batzuk, justizia sozialaren ideiari lotuta egon behar dutenak. Eta proiektu berritzaile bat ere bada, gure ikasleek klinikan egiten duten lana haien ikaskuntza aberasten baitu komunitateari emandako zerbitzu baten bidez, eta, aldi berean, berritzailea da gizarte konpromisoaren arloan" azpimarratu du Juana Goizuetak, UPV/EHUren Zuzenbide Fakultateko dekanoak.

Gaur goizean UPV/EHUren Zuzenbide Fakultatean egin den inaugurazio ekitaldian egon dira: Idoia Fernández, UPV/EHUren Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea; Miren Azkarate Donostiako Udalaren Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkaria; Agustín Erkizia, Campuseko errektoreordea; Juana Goizueta, Zuzenbide Fakultateko dekanoa eta Klinika Juridikoaren zuzendari laguntzailea; Maggy Barrère, UPV/EHUren Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren zuzendaria; Amparo López Antelo, Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioko zuzendaria; Eva Cerón, magistratua; Miren Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria; Miren Elgarresta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasuneko zuzendaria; Maribel Vaquero, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen foru zuzendaria; María Luisa Aguirretxe, Arartekoaren aholkularia; eta Miren Azpiazu, Emakundeko Berdintasun-eskubideen arloko arduraduna. Era berean, bertan egon dira ere unibertsitateko hainbat kide, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Abokatuen Elkargoetako ordezkariak, eta, besteak beste, Unicef Euskadi, Caritas, Eraberean (SOS Arrazakeria, Biltzen, Gehitu) eta Harresiak Apurtuz elkarteetako ordezkariak.

Argazkiak: UPV/EHU.