Eduki publikatzailea

Eibar Ingeniaritza Eskolako bi ikaslek Felix Sopelana saria jaso dute

Lehenengo argitaratze data: 2015/07/20

Irudia

Gipuzkoako Peritu eta Ingeniari Tekniko Industrialen Elkargoak Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolek parte hartzen duten Felix Sopelana Saria antolatzen du urtero Gradu Amaierako Lan eta Ikerketa Teknikoak saritzeko. Sari hau irabazi du aurten ‘Solar Glider' (Eguzki Planeatzaile) izeneko Gradu Amaierako Lanak, zeina Euskal Herriko Unibertsitateko Eibarko Ingeniaritza Eskolako bi ikaslek garatu duten eguzki hegazkin berezi baten alderdi mekaniko eta elektronikoak diseinatuta. Zentzu honetan, Ander San Martin Lasuen (Injineru Mekanikoa) proiektuaren alderdi mekanikoa lantzeaz arduratu da eta Beñat Gallastegi Zelaia-Zugadi (Injineru Elektrikoa) izan da alderdi elektronikoaren arduraduna. Alain Ulazia Manterolak zuzendu du proiektua, Jariakinen Mekanika Saileko irakaslea, zeina ere saritua izan den zuzendari gisa.

Bi ikasleok, azken lau urteetan, Injinerutza Mekanikoa eta Automatika eta Elektronika Industrial Graduko ikasketak egin dituzte hurrenez hurren. Gainera, azken bi udetan, Aeronautikako kurtsoa burutu dute Galeseko Glyndwr Unibertsitatean. Lehen udan ideia anitz konpartitu zituzten Alain Ulazia irakaslearekin, eta erabat garbia eta jasangarria izango zen lurretik aireratuko den eta ohiko planeatzaile bat baino denbora gehiagoz hegan egingo duen motordun planeatzaile baten alderdi ezberdinak analizatzeko aukeraz hausnartu zuten.

Solar Glider, eguzki planeatzailea

Proiektuaren garapenari dagokionean, DG-100 planeatzailea ikertu da lehenbizi CFD progama batez (Fluidoen Dinamika Konputazionala). Planeatzaile hau bi plazatakoa da eta DG Flugzeugbau enpresa alemaniarrak egindakoa da. Hegoek 17,53 m2 daukate eta 750 kg eraman ditzake. Ura eraman ohi du lasta bezala behar denean esekidura indarra handitzeko ura askatuz. Lasta karga hau ordezkatu da ikasleen proiektuan 160 kg-ak panel fotovoltaikoentzat, baterientzat eta motor elektrikoentzat erabiltzeko. Panelak hegoetan, bateriak hegoen barnean ipini dira eta hego bakoitzak motor bat darama. 

CFD programaz lift eta drag koefiziente aerodinamikoak lortu dira eta honekin diseinatu da ondoren sistema elektrikoa merkatuak eskaintzen dituen soluzio optimoak erabiliz. Hego perfil ezberdinetan konprobatu dira emaitzak Airfoiltools kataloga erabilita eta perfilik onena aukeratu da planeatzailearentzat. Ondoren hego guztia aintzat hartuta egin da azterketa aerodinamikoa 3D geometrietan. Metodologia honen bidez motoren, panelen eta baterien inplementaziorako koefiziente adimentsional egokienak bereizi dira eta Matlab/Octave-ren bidez algoritmo diferenteak eraiki dira bateria mota eta kopuru optimoa kalkulatzeko. Halaxe diseinatu da azken sistema elektrikoa.  

 

Argazki-oina (ezk-esk): José Ignacio San Martín Díaz eskolako zuzendaria. Ander San Martín Lasuen. Alain Ulazia Manterola. Santiago Berasain Biurrarena Elkargoko dekanoa.