Eduki publikatzailea

Euskal Herriko Unibertsitatearen adierazpena Arabako Campusean gertatu diren istiluak direla eta

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/17

Gaur goizean Arabako Campusean gertatu diren istilu larriak direla eta (zenbait fakultate eta eskoletako sarrerak indarrez ireki, ikastegi horietako materiala txikitu, eta jarduera akademikoak askatasunez egin ditzaten eragotzi), Euskal Herriko Unibertsitateak honako hau adierazi nahi du:

Argi eta garbi gaitzetsi nahi dugu campusean erabilitako bortxakeria. Pertsona guztiek eta talde guztiek dute bidezko eskubidea egoki jotzen dituzten aldarrikapenak jendaurrera zabaltzeko. Aitzitik, ezin da pertsonen aurkako larderia erabili, ezta ondasun publikoei kalteak eragin ere. Izan ere, ondasun horiek euskal gizarteak jarriak ditu unibertsitateko kideen eskura, ikerketa eta irakaskuntza garatu dadin.

Azken egunotan, mobilizazioak eta errebindikazio ekintzak egin dira, intzidente larririk gertatu gabe, eta horiek ezin dira inolaz ere nahastu gaurko gertaera onartezinekin.
Kritika eta desadostasuna unibertsitatean kontuan hartu beharreko balioak dira. Bortxazko jokabideak, berriz, ezin dira unibertsitatean onartu eta unibertsitatearen espirituaren kontrakoak dira. Aipatutako ekintzak berriro gaitzetsirik, pertsona horiei exijitu nahi diegu beren ondasun pribatuekin erabiltzen ez duten basakeriaz ohartu eta ondasun publikoekin ere herritar zintzo gisa joka dezaten.