Eduki publikatzailea

UPV/EHUk hirugarren lauki bat sartuko du sexuari buruzko atalean inprimaki guztietan

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak Ingeniaritza Mekanikoa eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza Gradu Bikoitza eskainiko du datorren ikasturtean.

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/03

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak azaroaren 2an egin duen bileran onartu du beste aukera bat sartzea orain arte bi sexu bakarrik bereizi izan diren formatu idatzi guztietan. Beraz, ikasturte honetatik aurrera UPV/EHUk egingo dituen deialdi, eskari orri eta inkestetan "Bestelakoak" edo "Ez-binarioa" aukera agertuko da, gizona eta emakumea aukerez gain.

Hartu den erabakiak erakusten du UPV/EHU egiten ari den lana dibertsitatea eta aniztasuna onartu, sustatu, bultzatu eta babesteko, identitate ereduak gero eta ugariagoak diren gizartean. Izan ere, 2014. urtean onartu zen II. Berdintasun Planaren jasotako helburuetako bat da berdintasuna lortzea dibertsitate sexualaren askotariko adierazpenetarako, gizon/emakume dimorfismoa eta «arau heterosexuala» auzitan jartzen dituzten edo gainditzen dituzten adierazpenak barne; eta Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko Errektoreordetzaren helburuetako bat da diseinatu eta ezartzea unibertsitateko kideen arteko berdintasuna egiazki betetzea bermatuko duten politikak.

Ingeniaritza Mekanikoa eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza Gradu Bikoitza

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak azaroaren 2ko bileran onartutakoaren ildotik, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak gradu berri bat eskainiko du 2018/2019 ikasturtean. Ingeniaritza Mekanikoa eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza Gradu Bikoitza izango da. Gradu bikoitzeko irakasgaien programazioa dela eta, bost ikasturtetan egin daitezke bi graduetako ikasketa planetako irakasgaiak eta, ondorioz, graduko bi tituluak lortu.

Hau da UPV/EHUn egin ahal izango den hirugarren gradu bikoitza, eta Gipuzkoako Campusean eskainiko den lehenengoa. Beste biak dira Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko) irakasten den Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza, eta Zientzia eta Teknologia Fakultatean irakasten den Fisikako eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu Bikoitza. Lehenengo kasuan gutxieneko nota 11,055 izan da 2017/2018 ikasturtean, eta bigarrenean 12,882.

2018/2019 ikasturteko master berriak

Onartu egin dira, baita ere, UPV/EHUk datorren ikasturtean irakatsiko dituen masterren eskaintzako aldaketak. Horien artean unibertsitate master berri hauek daude: Fabrikazio Digitala/Master in Digital Manufacturing, Txandakako Ingeniaritzako Eskolan irakatsiko dena (UPV/EHUri atxikitako ikastegia); eta Energiaren Biltegiratze eta Konbertsiorako Materialak/Materials for Energy Storage And Conversion (Mesc), unibertsitate arteko eta nazioarteko masterra, zeinetan hartzen duten parte, UPV/EHUrekin batera, koordinatzailea den Université de Picardie Jules Verrne (Amiens, Frantzia), Warsaw Universitity or Technology (Varsovia, Polonia), Université Paul Sabatier (Tolosa, Frantzia), Aix Marselle Université (Marsella, Frantzia) eta Univerza v Ljubljani (Ljubljana, Eslovenia).